Posts Tagged ‘utopia’

Duela gutxi Channel 4 kate britainiarrak mundu mailako konspirazioen inguruko Utopia telesaila bertan behera uztea erabaki zuen. Dennis Kellyk sorturiko istorioak beherakada nabarmena izan zuen joan den udaran estreinaturiko bigarren denboraldiko audientzietan, baina planteaturiko gaiek eta estetika zein musika bereizgarriek beti bezain originalak izaten jarraitu zuten.

Ezeztapena are deigarriagoa bihurtu zen azken aldian guztion ahotan egon den ebola gaixotasuna aipatu zutelako hainbat ataletan. Telesailean Erresuma Batuko zientzialari batzuek gaixotasunak munduan zehar hedatzea zuten helburu, biztanleriaren zati bat akabatu, bizirauten zutenen artean pandemiatik babesteko txertoak merkaturatu eta negozio handi bat egiteko.

Utopia-Ebola2

Fikzioa izan arren, baliteke errealitatetik hain urrun ez egotea. Kasualitatea ote da, bestela, Espainiako kasuaren bitartez ebola mundu osoan zehar ezagun egin zen astean bertan, telesaila bertan behera geratu izana? Izurritea munduko biztanleriaren kopurua murrizteko sortu ote dute? Eta txertoa industria farmazeutikoak sekulako negozioa egiteko? Zer, ordea, The Network bezalako antolakuntza ezkutu batek kontrolatzen badu hau guztia? Gogora dezagun, esaterako, gerra garaian arerioa gainditzearren edozer egiteko prest, Sobietar Batasunak garatu zuen arma biologikoa, ebolarekin lotura estua zuena, edo 80ko hamarkadan, apartheid garaian, Wouter Basson estatubatuarrak hegoafrikar biztanleak antzutu eta hiltzeko diseinatu zuen ildo bereko plana.

Utopia-Ebola

Deigarria da istorio eta estetika bikaina izateaz gain halako hausnarketak plazaratzen dituen telesaila bertan behera utzi izana eta, aldi berean, Gran Hermano bezalako “telezaborra” estiloko programak mantentzea, ikusleak ergeltzeko besterik balio ez dutenak.

Telebistaren bitartez ere gobernariek askatasuna mugatu nahi duten arren, hamabi atalek besterik osatzen ez duten Utopiaren lehen bi denboraldiak betiko geratuko dira gure oroimenean. Era berean, ikustekoa izango da ezeztapenak are polemikoagoa bihurtu duen telesailaren inguruan David Fincherrek datorren urtean egingo duen moldaketa estatubatuarra.

Segidan lehen bi denboraldien trailerrak: