Posts Tagged ‘sorkuntza’

Alien, Star Wars, Indiana Jones, Spiderman, Final Destination, Pirates of the Caribbean, The Avengers… sorkuntza berri eta originalak lurperatzen dituzten enegarrenezko birmoldaketen zerrenda amaigabea da. Deigarria da, ordea, industrian aurrera egiteko arazorik ez duten zuzendari eta aktore sonatu zein beteranoak izatea maiz halako proiektu errepikakorren alde egiten dutenak. Fama eta glamourraren lorratza jarraitzen dute zinemaren hedabide generalistek, ikusleen gehiengoari estandar horien bazka hedatuz. Hollywoodeko fokuetatik urrun, jaialdiak aukera aparta izan ohi dira zinemaren esentzia dastatzeko; sorkuntza originalaren alde egiten dute eta baita zirkulu komertzialetatik at geratzen diren hainbat obra interesgarri ikusteko aukera eskaini ere. Gurean Donostiakoa dugu, baina astebetez besterik ez. Non gertatzen da zinema hori urtean zehar?

Blockbusters

Telebistaren urrezko aroa izendatzen dugun hau ere iraganaren ilusioa besterik ez da. 1950eko hamarkadan sorkuntza eta programazioaren oinarriak ezarri zituen korrontea urruna da, baina jada badira hamar urte HBOren The Sopranos, The Wire, Six Feet Under eta Oz bezalako telesail izarrak amaitu zirenetik. Breaking Bad, Mad Men, Treme, Carnivàle eta Deadwood bezalakoek jarraipena eman zioten inspirazioari, eta egun ere maila altuko obrez gozatzen jarraitzen dugu.

Baina harrigarriena da esanguratsuenak birmoldaketak izatea. The Walking Dead, Game of Thrones, Fargo, Hannibal, Better Call Saul… kalitate goreneko telesailak dira, eta batzuek, beste batzuek baino gehiago, euren sorkuntza propioak eraiki dituzte oinarrizko obrak abiapuntutzat hartuta, gozagarria den Hannibalen kasua nabarmenena. Tamalez, ordea, aurrez sorturiko film, nobela, komiki edo telesailen birmoldaketak dira funtsean. Hutsetik abiatu eta ideia originaletan oinarrituriko istorioen gabezia kezkagarria da.

Askotan gaitz hauek sortzaileei egozten dizkiegu, baita etekina artearen gainetik jartzen duen ikus-entzunezko industriari ere, baina ikusleak ere bagara, zentzu handi batean, egoera honen erantzule. Gustuko dugu iraganean arrakasta izandako obrak behin eta berriz ikustea eta horien jarraipena zein moldaketak kontsumitzea, kalitatea makala izanda ere. Nahiago dugu ezagutzen dugunari heldu gure segurtasunezko egoera zalantzan jarri dezaketen horizonte eta ideia berritzaileak esploratu baino. Jarrera guztiz kontserbadorea da askorena. Hau ikusleen kontsumoan zuzenean eragiten duen industriaren erabakietan nabari da, baina baita ikusleen ohituretan ere, zeinak, modu alienatu batean, gehiengoak ikusten dituen Ocho Apellidos Vascos edo 50 Shades of Grey bezalako obra konbentzionalak kontsumitzera mugatzen den, gizartearen korronteak behartuko balu bezala.

50 shades of grey ocho apellidos vascos

Zinemak entretenimendu hutsa izaten jarraitzen du askorentzat, egunerokotasunaren monotonia ahazteko ihesbidea, eta zentzu horretan ulergarria da obra estandarrak kontsumitzeko ohitura eta bulkada soziala, baina ahaztu ezin duguna da ikus-entzunezko kontakizunek sinpletasun horren atzean helburu eta ahalmen hezitzaile izugarri boteretsua dutela. Produkzio handiko filmek gizartearen ikuspegien oinarria ezartzen dute istorioetako pertsonaien kultura, arraza eta sexua modu zehatzetan tratatzean eta hori inoiz ahaztu ezin dugun zerbait da, pantailatik jasotzen dugunak iritzia inposatu ordez gure propioa eraikitzeko balio dezan.