Posts Tagged ‘ridley scott’

Sekulakoa zen Denis Villeneuvek aurrez aurre zuen erronka. Urteen poderioz, 1982an Ridley Scottek zuzenduriko Blade Runner filma lehen mailako klasiko bihurtu da, zientzia fikziozko istorioen artean ez ezik, zinemagintzaren historian osotasunean. XX. mendean loraturiko kontakizun distopikoen artean etorkizun urrunera gehien begiratzen duena da Philip K. Dick idazle estatubatuarraren Do Androids Dream of Electric Sheep? eleberrian oinarrituriko filma. Bertan, gizakiak “erreplikante” izeneko robotekin batera bizi dira, baina robot hauen garapena hainbesterainokoa da, non gizakiak baino are gizakiago izaten amaitu dutela eta “blade runner” izeneko polizia agenteek erreplikanteak detektatu eta akabatzea dute helburu. Gizakiok bizitza sortzeko dugun gaitasuna eta gizatasuna beraren inguruko kontzeptu filosofiko sakonak landu zituen obra originalak eta kultuzko bilakatu zen, meritu osoz. Horregatik, Villeneuven erronka zen filmaren unibertsoari ohore egin eta duintasunez gauza berri bat proposatzea, nostalgiaren kateetan harrapaturik ez geratzea, bada esan liteke oro har esperientzia asebetegarria dela, askotariko erreferentziak egiten dizkiolako jatorrizko obrari, baina horrez gain aukera dramatiko eta narratiboak zabaldu eta planteamendu berriak mahaigaineratzen dituelako.

Blade Runner1

Blade Runner 2049k film originalarekiko etengabeko erreferentziak ditu oinarri eta hori txalotzeko modukoa da, pertsonaiak eta argumentuaren ildo nagusiak haritzeaz gain, xehetasunez beteriko loturak egiteko ere baliatzen duelako. Lehen paperezkoa eta orain egurrezkoa den jostailuzko zaldiarena da argiena, baina horrez gain, detektatze sistemen eskaner prozesuak, piano sinbolikoa edota oroitzapenekin lotura egiteko balio duten argazkiak, 1982ko filmetik zuzenean eratorritako audio eta irudiak… elementu horiek guztiek jatorrizko obrari erreferentzia egiteaz gain, lotura dramatikoak ezarri eta egungoa aberasteko balio dute, are gehiago, hainbat kasutan baita jatorrizkoa aberasteko ere. Zentzu horretan esan genezake, beraz, ikusleak Blade Runnerek proposatzen duen unibertsoaren ikuspegi integrala soilik izan dezakeela film originala fresko eta presente izanez gero. Film berriko eszena gogoangarrienen artean da, hain zuzen, Harrison Fordek haragituriko Deckart detektibeak berriz ere birsorturiko Rachael maitalea topatzen duenekoa, eszena honen bitartez filmak gogoeta egiten du norbere bizitzan hain garrantzitsu izan den hildako pertsonarekin berriz ere sentitu eta bizitzeko aukerak duen eraginaren inguruan. Villeneuvek ildo honek garapen dramatikoari ez dio aparteko garapenik ematen, baina azken batean Blade Runneren gai nagusiak daude bertan, istorioaren bihotzeko kontzeptuak. Honek, halaber, gogora ekartzen dio ikuslegoari Blade Runnerek zelako eragina izan duen ostera etorri diren hainbat lanetan, esaterako egun mundu mailako telesail goratuen artean dauden Westworld edota Black Mirror, zeinak zuzenean edaten duten hizpide dugun unibertsotik.

Bi filmak lotzen dituen elementu sinboliko nagusiak ere badu mamia. Egurrezko zalditxoak film originaleko paperezko zalditxoari ematen dio segida, eta horren bitartez Villeneuvek jarraipena Scottek defendaturiko narratibari. Urteetan zehar eztabaidagai izan da Harrison Fordek haragituriko Deckart errepiklantea den ala ez, eta Blade Runner originala zinema aretoetan proiektatu zeneko amaiera zoriontsutik urrun, Ridley Scottek 2007an kaleraturiko “The Final Cut” bertsioan baieztatu zuen Deckart gizakien esanetara zegoen Nexus 6 erreplikantea zela. Blade Runner 2049n, boterean dauden Nexus 8 erreplikante belaunaldi berriaren buruzagi den Wallacek (Jared Leto) Deckarti iradokitzen dio hain justu bera eta Rachael bizitza sortzeko diseinaturiko lehen errepiklanteak izan zirela, horretarako sortu zituztela espreski, bere erreplikante kondizioa berretsiz. Horrez gain, Villeneuvek egurrezko zalditxoa film osoan zehar baliatzen du Ryan Goslingen pertsonaiaren nortasunaren misterioa indartu eta argumentuak aurrera egin dezan. Baina elementu hori da, aldi berean, pelikulako ahulguneen erakusle nagusia.

Blade Runner2

Film originalean paperezko zalditxoa bitan eta modu misteriotsuan agertzen den bitartean, oraingo honetan elementua behin eta berriz ikusten dugu pantailan eta esanahia argitu ostean ere, Villeneuvek ezkutuko mezuak baztertu eta azalpen berriak gehitzen dizkio, norbaitek gaizki ulertuko ote duen beldur izango bailitzan. Esplizituegia izan eta gehiegizko azalpenak ematea da filmaren hanka sartze nagusia, zinegile kanadarrak eskutik lotuta eramaten gaitu pausoz pauso argumentuan zehar eta, flashbackek zein aurrez filmean entzundako elkarrizketen errepikatzeak misterio oro kentzen dio argumentuari. Ikusleak badu gaitasuna bere kabuz loturak eta interpretazioak egiteko, baina ezin ahaztu hau, azken batean, egun Hollywooden nagusi den estilo narratiboaren ondorio eta isla dela.

Horregatik, eta alderaketa ekidiezina denez, esan liteke Ridley Scotten Blade Runner, Denis Villeneuvena baino sendoagoa dela. Film originala amaitzean gailentzen den sentsazioa da, istorioan bi orduz erabat murgildu ostean, beste bi ordu ere unibertso berean igaroko genituela gustura. Esperientzia gozagarria luzatzearen nahia da jatorrizko filmaren gorentasunaren sintoma. Blade Runner 2049k, ordea, ez du sentsazio hori bera transmititzen. Ezin uka ikusgarritasuna eta faktura filmikoa nabarmen dela handiagoa, baina ezberdintasun nagusiak, biolentziaren dramatikotasunean datza. Akaso adibide adierazgarriena izan liteke bi filmek borroka eszena klimatikoen bitartez elkarren artean eraikitzen duten elkarrizketa: egungo filmak “gauza onen alde borrokatu” esaldiaren testuinguruan kokatzen du itsasertzeko norgehiagoka epikoa eta, horrenbestez, onak eta txarrak logika hutsalari egiten dio men. Film originalak ere badu amaiera aldera indarkeria eta suntsiketa nagusi diren eszena, baina kasu honetan borrokaren puntu gorena istorioaren mami narratibo nagusia biltzen duen eszena erabat dramatiko da; bertan filmeko erreplikante nagusiak Deckarti gizakien sortzeko eta sentitzeko ahalmenaren inguruko gogoeta helarazten dio, eta etengabe erortzen den euria probesten du Scottek filmaren gai nagusia esaldi poetiko batean biltzeko.

Azken batean, Blade Runner 2049 sekulako ikus-entzuneko esperientzia da, baina film originala dramatikoagoa da eta narratiba, alor formala, soinu banda… denak dauka bateratasun gehiago bertan, zentzu integral osatuagoa. Ezberdintasuna ilustratzeko esan liteke Ridley Scotten Blade Runner zinemaren historiara igaroko dela, are gehiago, zinemaren mito dela dagoeneko, eta Denis Villeneuven lanak, ordea, ez duela halakorik lortuko. Dena den, ez dezagun zinegile kanadarraren ekarpena gutxietsi, erronka ikaragarriari sekulako duintasunez egin diolako aurre eta bere horretan sendo mantentzen den filma osatu duelako. Originalaren itzala beti gainean izango duen arren, Blade Runner 2049 Hollywooden ohiko ikusgarritasunetik haratago doan esperientzia zirraragarria da, ikusleari gogoeta sakonak eta gozamen hutsa, biak aldi berean gauzatzeko aukera ematen dion pelikula.

Trailerra:

Kasualitateak kasualitate, The Martian filma AEBn estreinatu zen NASAk Marten ura aurkitu zuela ezagutarazi zuen aste berean. Oscar sarietan hain ohikoa bihurtu den biziraupenaren inguruko obra estandarra da Ridley Scotten berriena, Matt Damon protagonista duena. Hilik dagoela pentsatuta, astronauta talde batek Mark Watney kidea planeta gorrian uzten du, Lurretik hainbat kilometrotara eta komunikatzeko modu eraginkorrik gabe, erabat isolaturik. Azken urteotan NASAk Marte planetan egindako hainbat ikerketa eta aurkikuntzen harira, planeta gorria denon ahotan egon da. The Martianek olatu hori harrapatu nahiz izan du, planeta gorria pantaila handira irudi eta sekuentzia ederren bitartez eramateko.

TheMartian1Pelikula, ordea, ez doa puntu horretatik askoz haratago. Argumentuak egoera dramatiko larri andana sortzeko aukera eman arren, zuzendari ingelesaren filma Watneyk nabe barruan landatzen dituen patatak bezala geratzen da, oxigenorik gabe erdibidean. Deigarria da protagonistak bizi duen errealitatea hain lazgarria izanda, bere biziraupena kolokan jar dezaketen oztopoei hain pisu gutxi ematea, erronka gehienak Damonen pertsonaiak segituan konpondu ditzakeen arazoak besterik ez dira. Hain da optimista filma, ikusleak une batean ere amaiera zoriontsua zalantzan ez jartzea eragiten duela. Zentzu horretan, astronauta Marten dagoen bitartean, NASAk Damon salbatzeko egiten dituen ahaleginek ez diote ez suspense ez zirrararik gehitzen argumentuari. Biziraun eta bertatik ihes egiteko beharrezko dituen janari eta bestelako hornidurak mantentzeko ahalegina eta bertan abandonatu zuten astronauta-taldearen patuaren artean sor zitezkeen dinamikak azalean geratzen dira. Argazkigintza ikusgarriak planetaren desertu izaera eta protagonistaren isolamendua adimenez islatu, eta umorea gag puntualen bitartez ere freskotasunez baliatzen duen arren, optimismo hori bera da azken finean filmaren ahulezietako bat; egoera horretan esploratu zitezkeen dinamika dramatikoak alboratzea eragiten duelako.

Jessica Chastain, Chiwetel Ejiofor, Jeff Daniels, Kate Mara, Sean Benn The Martianek aktore zerrenda izugarria du, egun Hollywoodeko aurpegi ezagunenen artean daudenak, baina euren presentziak filmaren hari dramatikoaren ahuldadea ezkutatzeko besterik ez dute balio. Ulergarria da kontakizuna protagonistan zentratzea, baina faltan botatzen da Marte utzi ondorengo astronauta kideen jarduna eta Lurreko biztanleek gertaeraren aurrean izandako erreakzioak gertuagotik ezagutzea. Hau islatzeak istorioari hainbat geruza gehitu eta aberastasuna emango lioke. Hala eta guztiz ere, Matt Damonek lan txukuna egiten du istorioaren zama erabat bere sorbalden gainean hartu eta aurrera ateratzean, ikusleak bere egoerarekiko hurbiltasuna sentitzea lortzen du modu eraginkorrean.

TheMartian2Kolonizazioa, planeta ezezagun bat konkistatzea, planeta horren jabetza… egun pil-pilean jarraitzen duten eztabaidagaiak protagonistaren ahotan jartzea da filmaren indarguneetako bat, AEBek azken hamarkadetan abian jarritako kanpo politikaren inguruan hausnartzeko bidea irekitzen duelako. Gai hauek lantzeko modua, ordea, Scotten lehen filmetako estilotik oso urrun geratzen da. Lan berria Blade Runner eta Alien klasikoekin alderatzeak krudela eman dezake, edukian zein forman bestelako asmoak dituzten filmak direlako, hasierako hondar erauntsi bortitzaren estetikarekin azken honen unibertsoko elementu paretsuak esploratzeko itxaropena piztu arren. Kasu honetan, nabari da zientzia fikzioaren sakonean dauden giza gatazkei heltzeko modua askoz anbizio gutxiagokoa dela.

Urteen poderioz esan liteke Hollywooden blockbusterren dinamikak Ridley Scotten nortasuna mugatu eta bere sormena usurpatu duela. Azken lanen aldean The Martian alor guztietan txukunagoa den arren, estandar dramatikoei men egiten dien ohiko film bat besterik ez da, entretenimendutik haratago joateko asmorik ez duena; izan zitekeenaren itzala. Blade Runner berrituaren gidari Denis Villeneuve izendatu ostean, Scott Alien sagaren hurrengo emanaldia prestatzen ari da 2017ra begira, Hollywoodek hainbeste maite dituen remake, reboot eta abarren dinamikan erabat murgilduta. Zuzendariaren talentu aski ezaguna kontuan izanik, espero dugu datozen lanetan bere nortasuna arlo estetikoan erakusteaz gain dramatikoan ere bereiztea.

Trailerra: