Posts Tagged ‘okinawa’

Gerra hilketa odoltsuen lurralde izan ohi da, gizateriaren alde ilunena azaleratzen duen purgatorio malkartsua. Zentzu horretan, Mel Gibsonek ibilbide profesionalean zehar defendatu dituen begirada bakarreko obra abertzaleen damu keinu gisa ikus genezake Hacksaw Ridge, suntsipenaren aurrean jarrera eraikitzea bultzatzeko nahiaren inguruko filma. Ikuskizun bezala erabat murgilaraztea da aktore eta zuzendari estatubatuarraren lan berria, zinema aretoan barneratu eta ikusleari bi orduz egunerokotasuneko kezka oro albo batera uztea ahalbidetzen dion esperientzia, 70 urte atzera egin eta historia garaikideko gertaera giltzarrien inguruan hausnartzeko.

hacksaw-ridge1Gerra gordintasun osoz islatzen du Mel Gibsonek film osoan zehar eta bi eguneko fronteko jarduna nahikoa da ikuslea konturatu dadin egunero errealitate eta egoera berari aurre egitea zelako amesgaizto, tortura fisiko eta mental bilakatu zen garai horretan euren bizitza etorkizun hobeago baten alde arriskatu zuten soldaduentzat. Zuzendari estatubatuarrak asmatzen du militarren erreakzioak eta terrorea begien espresibotasunaren bitartez harrapatzean eta honek are oihartzun handiago du filmak II Mundu Gerrako azken astinduak besterik kontatzen ez dituela kontuan izanez gero; sei urtez egunero errealitate hori bera bizitzea lazgarria litzateke oso.

Dena den, pelikularen interesgune nagusietakoa idealismoaren aldeko borroka da. Desmond Doss mediku bakezalea idealista izan zen azken unera arte eta egitura militar zurruna desafiatu zuen ezarritako arauetatik haratago ere handitasuna lortzea posible zela transmititzeko, berak desafio hori uneoro bihotzetik egin zuen arren. Honek mami handia du, gerraz gain, bizitzako edozein alorretara aplikagarri delako balio pertsonalen alde indar osoz borrokatzearen ideia. Printzipio bat sendotasun osoz defendatzen duenak, sinesmen hori bere egiten duelako.

hacksaw-ridge2Ideia hau heroitasunarekin lotzen du Gibsonek, gerraren bortizkeria argi eta garbi erakutsi arren, gizateriaren garai ilunenean ere ontasunak lekua izan dezakeela defendatzeko. Eta puntu horretan egiten du bat filmak AEBen metanarratibarekin. Gu eta haiek, onak eta txarrak. Gutxi dira filmean zehar bata zein bestea deskribatu eta ezberdintzen dituzten konparaketa zuzenak, baina, oro har, AEBak beti kolokan dagoen bizitza aurrerakoi eta oparoaren defendatzaile gisa marrazten ditu Gibsonek, etengabeko sakontze moral eta emozionalaren bitartez. Japoniarrak bestalde, deabruaren pare irudikatzen ditu, euren buruaz beste egiteko prest dauden gizabanako errukigabe eta suntsitzaile antzera. Filmak ez dio inolako sakontasunik ematen etsaiaren perspektibari, ezta euren sufrimenduari ere. Hau arriskutsua da kontuan izanik sentimendurik gabeko etsai mehatxariaren beste muturrean balio kode bakezale eta gizatiarra oinarri duen protagonista dagoela, hein batean, AEBen ondare dena, bizimodu eta filosofia mendebaldarrak emandako fruitua.

Baina identitatea goratzea eta AEBen errelato abertzalea hedatzetik haratago, filmak balio du gogorarazteko zein gutxi dakigun gerraren inguruan, gure arbasoek frontean bertan borroka gupidagabean aurrez aurre bistaratu zuten terrorearen inguruan. Filmetan ikusten duguna bilakatzen da sarri gerraren inguruko gure ideia, gure garunean eta iruditeria kolektiboan barneratzen dena. Horregatik da Hacksaw Ridge estimatzekoa, ezjakintasunaren oroigarri gordin eta bizigarria delako, ohiko narratibatik gertu eta hain urrun aldi berean. Estatubatuar heroitasuna goratzen duen storio abertzalea izaki Film Onenaren Oscarra irabazteko aukerak dituen arren, baliteke gerra eszenen gordintasunak bozemale asko atzera botatzea, azken batean, gure joera orokorra izan ohi delako alaitasun eta energia bizigarriz betetzen gaituzten istorioen aldeko aldarria egitea.

Trailerra: