Posts Tagged ‘michael keaton’

Eliza katolikoak bizitzan jarraitu beharreko bidea irakatsi dio mendebaldeko gizarteari mendeetan zehar; sakrifizioa, laguntasuna, ongia… balore gizatiarren arabera ekitearen garrantzia. Baina zer gertatzen da erakunde horretako partaideak oinarrizko diskurtso horri bizkarra eman eta ekintza basatienak gauzatzen dituztenean? Boston Globe egunkariko kazetari talde batek eliza-pedofilia kasuekin topo egin eta progresiboki geroz eta handiagoa bilakatzen den arazo ezkutua aurkezten du Tom McCarthyk Spotlight filmean. Zuzendariak istorioa 2003an Pulitzer saria jaso zuen izen bereko lantaldearen ikerketa jardunean oinarritu eta AEBetako pedofilia kasuetatik abiatu arren, mundu zabala mehatxatzen duen jardun higuingarria esploratzen du azkenerako.

Spotlight1Bortizkeria esplizitua alboratu eta kazetaritza jardunean xehetasunez emandako pausuetan jartzen du fokua filmak. Ikerketaren lehen fasean euren esperientziak konta diezazkiekeen pertsonekin elkartzen da protagonista taldea. Testigantzen segida dinamismo handia du, bereziki, sentimenduz beteriko diskurtso izugarri bisualek ikuslea gertaera horiek irudimenean marraztera bultzatzen dutelako, plano bakoitza intentzio dramatiko hori indartzen duen elementuz betetzerakoan. Parkean biktima homosexualak bere bizipenak kontatzen dituen bitartean emakume bat haurra paseatzen edota bikote heterosexuala lasaitasunez belarrean eserita barre egiten erakusteak ildo berbera indartzen du, gizartearen estandarren arabera bizi direnen erraztasunen eta kontrakorrontean doazenek bizi duten sufrikarioaren arteko pitzadura. Hasierako sekuentzia hau zinez interesgarria da, filmean zehar garaturiko egoeretan behin eta berriz oihartzuna izatea lortzen duten esaldiak mahaigaineratzen dituelako. Esanguratsuena kazetari taldeari kasua aurkezten dien gizon etsituarena da, zeinak kontatzen dien nola apaizek jainkotasuna eta izpiritualtasuna aitzakiatzat hartuta, gazteen arima eta bizi gogoa zurrupatzen dituzten euren interes gaixoen alde, gehiegikeriak egiterako orduan biktimek onartzea beste aukerarik izan ez dezaten.

Bestalde, filmak botere mekanismoen ustelkeria sistemikoa ere lantzen du. Ildo honetan interesgarriena da eliteetako botere ekonomiko eta politikoetara zuzenean jo ordez erantzukizunaren diagnosi eskalonatua egitea, hau da, gizarteko maila ezberdinetan arazo hau jakina zela eta denek onartzen zutela proportzio handiago edo txikiagoan, eta bazirela sare izugarri koordinatua eraldatu edo iraultzea ezinezkoa zenez, bertatik etekin pertsonala lortzea ere bilatzen zutenak. Ikerketak aurrera egin eta ustelkeria eta zorigaitz zantzuak areagotu ahala kazetari taldeak sentitzen duen ezintasun eta bertigo sentsazioa indar handiz harrapatzen ditu filmak, hondar gainean eraikitako dorreak desegingo balira bezala da. Zentzu honetan, esanguratsua da Rachel McAdamsek antzezturiko Sacha Pfeiffer ustezko bortxatzaile Father Paquin apaiz erretiratuaren etxera hurbildu eta zuzen-zuzenean ekintzaren inguruan galdetzen dioneko unea, apaizaren ahotik bortxaketen onarpena normaltasun osoz entzuteaz gain espero gabekoa konfesioa jasotzean sare ustel eta koordinatuaren indarra zenbaterainokoa den ohartu eta zulo beltzera bideratzen duen espirala are sakonagoa bilakatzen delako.

Spotlighten meritu nagusietako bat hain sonatua izandako pedofilia kasua salatzetik haratago joan eta gizartearen oinarrian dauden printzipio moralak zalantzan jartzeko duen gaitasuna da. Hau argien islatzen da Mark Ruffalok haurtzaroan eliza utzi baina gerora itzultzeko itxaropena zuela esaten duen eszenan. Eliza eta sinismena, gizarte osoaren euskarri morala izan dira mendeetan zehar eta askorentzat paper hori jokatzen du oraindik ere; oso errotuta dago garai ilunetan itxaropen bila elizara jotzea. Zoritxarrez, kanpora begira halako balore gizatiarrak defendatu baina praktikan sustraietaraino ankerrak izan eta gizartearen usteltzea hobesten duten jokaerak babesten dituen instituzioa zer den ezagutzean, euskarri moral hori hankaz gora geratzen da., erlijioarekiko itxaropena galtzeak bizitzen jarraitzeko hutsunea areagotzen baitu. Hipokresia eta gordintasun horrek dimentsio berri bat hartzen du Irailak 11ko erasoen ostean Eliza Katolikoko aurpegi boteretsuenak giza baloreen alde jendaurrean hizketan azaltzen direnean.

Spotlight2Protagonistek egia bilatu nahian kasuan sakondu ahala, terrorea areagotu egiten da, eurek izan ezik beste inork arazo sistemikoari aurre egiteko benetako asmorik ez duela ohartzen direlako. Establishmentaren botere makinaren aurrean kazetari talde txiki baten gaitasuna zein murritza den adimenez islatzen du McCarthyk, elizaren presio espektralaz gain, erredakzio barnean ere istorioa plazaratzeko saiakeran hainbat oztopo topatzen dituztelako. Horregatik zinez interesgarria da pelikulak amaiera aldera Michael Keatonen Robby Robinson pertsonaiaren bitartez erantzukizun kolektiboaren argumentua berreskuratzea. Modu batean, filmean azaltzen diren pertsonaiek bezala, ikusleok ere luzaroan jakin dugulako halako kasuak ematen direla, eta uneotan bertan gertatzen egon litezkeela, baina horren aurrean nahiago dugu bestaldera begiratu.

Hainbesteko gaurkotasuna duten gaiak esploratzean Spotlightek bertigo sentsazioa eragiten du, zinema aretotik irtetean irauten duen inpaktua. Pedofilia, ordea, ez da Bostonera mugatzen, mundu osoan zabaldu den birusa da. Hollywoodeko Akademiak Tom McCarthyren filma saritzea esanguratsua izango litzateke, karga soziopolitiko handia duelako, normalean koroatu ohi diren biopic edota injustizia historikoak lantzen dituzten istorio errazen oso bestelakoa.

Trailerra:

Aurrez sorturiko obren moldaketa zinematografikoak nagusi diren garaian, berrikuntza eta originaltasuna estimatzekoak dira. Horixe jorratu du maisutasunez Alejandro González Iñárrituk bere lan berrian. Orain arte Guillermo Arriagarekin batera pisu dramatiko handia zuten istorioetan landuriko gidoi zehatz baina zurrunak alde batera uztean, bere inspirazioa oztopatzen zuten kateak hautsi eta mugarik gabeko sormena besarkatu du.

keaton-vs-nortonHondoa jo duen Riggan Thomson aktoreak bere ibilbide profesionala suspertzeko Broadwayrako antzerki baten prestaketa abiapuntu gisa hartzen duen Birdman ideien karrusel bizia da, etengabe taupadaka ari den bihotz baten antzekoa. Joan den urtean Gravityren bitartez mundu mailako onarpena lortu zuen Emmanuel Lubezkiren kamera lan apartari esker filma itxurazko plano-sekuentzia bakarrean garatzeak antzokiko txoko bakoitzean zerbait gertatzen ari denaren sentsazioa handitzen du. Modu honetan grabatu izanak aktoreen antzezpenak are gehiago nabarmentzeko balio du, euren espresibitatea goreneraino eraman eta sentitzen dituzten beldur eta kezkak sinesgarritasun osoz transmititzea lortzen dute. Michael Keaton, Edward Norton, Emma Stone, Naomi Watts… bakoitzaren ekarpen indibiduala eta euren artean eraikitako dinamikek lortzen duten bizitasuna txalotzekoak dira. Hainbat pertsonaia antzezten dituzten aktoreen errealitateko izaeraren metafora direla esan liteke, Keatonen kasua aipagarriena, behin arrakasta lortu zuen pertsonaia fantastiko hegalariaren mamuak beldurtuta, noraezean dabilena, bere bizitzari zentzu bat eman ezinik. Halako karakterizazioa izanik, saihestezina da 80ko hamarkadaren amaieran famatu bilakatu zuen Tim Burtonen Batman eta gerora izan duen beherakadarekin konparaketa egitea.

Baina bereziki txalotzekoa dena da filma komedia huts batetik askoz haratago joan eta gizaki orok barne-barnean dituen sentsazioak azaleratu izana. Besteek gutaz esango dutenaz kezkatuta jendaurrean eman nahi dugun itxura, bakoitzaren barneko beldurrak, benetan zer garen eta zer izan nahi dugun, norberak bere burua estimatzen jakitea, iragana eta etorkizunaren arteko borrokan oraina bizitzeko ezintasuna… bezalako gai unibertsaletara jotzean bete-betean asmatzen du filmak. Aktore izatearen inguruan egiten duen introspekzioa ere bikaina da, oholtza gainean interpretaturiko obraren bitartez benetako bizitzan lortu ezin dutena eskuratzearen saiakera eta bizimodu honek dakarren errealitate bikoitzean nabigatzeko aktoreek egiten duten ahalegina gizatasun handiz islatzen du pelikulak.

Lan horren atzean dagoen borroka konstantea erakustearekin batera, Hollywoodek azken urteetan nabarmen indartu duen superheroien zinemari kritika garratza ere egiten dio Iñárrituk. Zinema industriak tiroak, odola eta eztandak nagusi diren mamirik gabeko filmen alde eginiko apustua ironikoki kritikatzen du zuzendari mexikarrak, hain azalean geratzen diren obra horiek direlako gizartearen metafora bera, hausnarketa sakonak egiteko tarterik gabe, giza sentimenduei erreparatzen ez dien gizartea.

emma stoneHasiera batean Keaton superheroia izango balitz bezala New Yorkeko zeruan zehar hegan doaneko pasartea soberan dagoela dirudien arren, askok fantastikotzat jo duten filmaren amaiera ulertzeko une giltzarria da. Pelikula osoan zehar bere pertsonaiak naturaz gaindiko abileziak erakusten ditu, behin antzeztu zuen Birdmanekin komunikatzeko ahalmena edo objektuak ukitu gabe suntsitzekoa, besteak beste. Honen ondorioz, interpretatu daiteke Riggan Thomson eskizofrenikoa dela eta, gaixotasuna jaraunspenezkoa izanik, baita bere alaba ere; batak zein besteak errealitatea gainontzekoek ez bezala ikusten dute. Ondorioz, film amaieran, Thomson bere buruaz beste egiten saiatzen denean, benetan hiltzen dela eta gerora ikusten dugun guztia alabaren irudimenean gertatzen dela interpretatu daiteke. Hipotesi hau are gehiago indartzen du plano sekuentzia une horretan amaitzeak eta ospitaleko eszenara igaro aurretik ikusten ditugun irudi onirikoek, zerutik hegan, zoramena aitaren burutik alabarenera garraiatzen duen argi izpiaren metafora hauen artean aipagarriena. Ospitaleko eszenaren izaera fantastikoa are gehiago indartzen du aita eta alabaren arteko pake sentsazioak; film osoan zehar lortu ezin izandakoa, orain alabak imajinazioaren bitartez lortzen du. Thomsonen agenteak telebista piztean ikusten ditugun irudiak ere honen adierazgarri dira, aktorearen jarraitzaileak ospitale parean azaltzen direlako, azken agur bezala ilara batean kandelak eta loreak jartzen. Filmaren amaierak beste hainbat interpretazio izan ditzakeen arren, honek dirudi fantasiaren barnean koherente eta errealistena.

Trailerra: