Posts Tagged ‘kathryn bigelow’

Katalunian ez ezik, mundu zabalean ere indarkeria poliziala hain presente dugun honetan, ezin aproposagoa da Kathryn Bigelow zinegile estatubatuarraren lan berriari erreparatzea. Detroit arrazakeriak eragindako gizarte tentsioen erdigune izan zen 1967an “12th Street Riot” izenez ezagun bilakaturiko gatazkan eta zuzendariak fokua jarri du torturatuak izan ostean akabatuak izan ziren hiru pertsona afrikar amerikarren kasuan.

Detroit1

Film Onenaren Oscarra eta historian lehenengoz emakume batek eskuraturiko Zuzendari Onenarena irabazi zituen Bigelowk 2008an Irakeko gerraren inguruko The Hurt Locker filmarekin eta Bin Ladenen harrapaketaren berri eman zuen AEBek gerrareriko duten moralitatea konplexuago landuz Zero Dark Thirty pelikulan. Oraingoan, ordea, azpimarra terrorismoa borrokatzen duten segurtasun indarrengan jarri ordez, terroristen pareko tratua pairatu zuten eta jazarpen konstantearen biktima izan ziren pertsona beltzen sufrimendua izan du ardatz. Zer pentsatu ematen du beltzen zapalkuntzaren inguruko filma osatzen kameraren atzean aritu den lantalde guztia zuria izateak, baina estereotipo eta pribilegiozko prismatik jaurtitako mezu moralizatzaileetatik urrun, sortzaileek errealitate gordinean lokaztu dituzte hankak. Filmeko lehen blokean nabari dezakegu bereziki Bigelowk zuzendaritzarako duen trebetasuna, kamera uneoro irudien tentsio dramatikoa nabarmen areagotzen duten esparruetara bideratzen du eta kaleko istilu kaotikoak, zein pertsonaien barne desio intimoenak, eraginkortasun osoz erretratatu eta konbinatzen ditu, minutu gutxitan istorio osoa sostengatzen duen gatazka narratiboaren abiapuntua indarrez finkatuz.

Jostailuzko pistola batekin poliziei tiro egin ostean azken hauek hotelean sarekada ezarri eta, tiratzailea nor izan zein pistola non dagoen argitu nahian, bertan zeuden pertsonen aurka tortura psikologiko zein fisikoa eragiten hasten dira. Bigarren bloke honek hartzen du filmaren metrajeko zati nagusia eta, horrenbestez, Bigelok alor formala gehien zaintzen duen pasartea ere bada. Algiers motelaren barnean harrapaturik, polizia zein pertsona beltzak gatibu bilakatzen dira ingurune itxian eta hori adimenez islatzen du minutuek aurrera egin ahala bertako denentzat geroz eta klaustrofobikoagoa bilakatzen diren egoeren bitartez. Muntaketa lana da honen erantzule nagusietako bat, plano azkarrak kateatzen ditu Bigelowk normalean, baina segida horri zentzutasuna emateko eginiko aukeraketa zehaztasun osoz planeaturikoa da, tentsio dramatikoa areagotzeaz gain, pertsonai bakoitzaren garunean zer gertatzen ari den ere ilustratzeko. Etengabe okerrera egiten duen egoeraren testiguek gorputz komunikazioaren bitartez adierazten dute hobekien unean uneko gertaeren aurrean izandako erreakzioak. Espresio horiek gainera ez dira, filmean zehar kateaturiko benetako irudien antzera, zuri edo beltz, tentsiozko momentu horietan pertsonaia bakoitzaren garunetik hainbat dilema igarotzen dira eta Bigelowk barne gatazka hori bera islatzea lortu du. Akaso erdiguneko pasarte honi leporatu geniezaiokeena da gehiegi luzatzen dela eta, horren ondorioz, filmareran itxiera antzutu egiten duela zentzu emozionalean.

Detroit2

Gertaeren osteko polizia galdeketa eta epaiketa biltzen ditu filmaren azken blokeak, baina bertan dena da azkarra eta laburra, kontakizunak ordura arte harturiko patxada albo batera utzi eta istorioaren amaiera presaka osatu nahi izango balu bezala. Amaierako kredituen aurretik irakur dezakegu filmak biltzen dituen gertaerak ez zirela inoiz argitu eta, ondorioz, pelikulako hainbat pasarte erabat oso ez diren testigantza eta dokumentuetan oinarritzen dela. Horrek justifika lezake filmak amaierako tarte horretan marraturiko bidea, baina nekez, erdiguneko pasarteak harturiko luzetasuna. John Boyegak hezurmaturiko polizia agente beltzaren pertsonaiaren  garapena, esaterako, aberats eta esanguratsuagoa izan ziteekeen hiru blokeen banaketa orekatuagoa izan balitz.

Baina narratiba eta estetikatik haratago, Detroit gizarte gaiei bete-betean eusten dien istorioa da, baita, tamalez, 50 urte beranduago apenas aldatu diren hainbat botere logikaren isla ere. AEBetan bertan poliziek eginiko hilketen estatistikei begiratuz gero, pertsona beltzak topa ditzakegu zerrendaren lehen postuan urtez urte. Arrazaren aferara mugatu ez eta prisma zabalago baten bidez begiratuz gero, indarkeria polizialak egungo gizartean erabat sustraituta jarraitzen duela ere gogorarazten digun pelikula da Bigelowren azkena, eta horregatik da halako istorioen kontakizuna hain garrantzitsu oraindik ere egun. Autoritate politikoen esanetara, orden publikoa eta biztanleriaren segurtasuna ziurtatzeaz arduratzen dena da polizia RAEren esanetan; filmak zein egungo beste hainbat kasuk islatzen dutenaren harira, ordea, ez litzateke atrebentzia izango esatea polizia biztanleriaren segurtasuna baino, autoritate politikoena ziurtatzeaz arduratzen dela, ezberdina dena isildu eta zapaldu, euren agintarien esanetara. Poliziei aginduak ematen dizkieten autoritate politikoaren ordezkariak dira hain zuzen Detroiten ausente nagusiak; gogora dezagun, filmak erakusten ez baina iradokitzen duena ere istorioaren parte giltzarri dela sarri.

Trailerra: