Posts Tagged ‘harrison ford’

Sekulakoa zen Denis Villeneuvek aurrez aurre zuen erronka. Urteen poderioz, 1982an Ridley Scottek zuzenduriko Blade Runner filma lehen mailako klasiko bihurtu da, zientzia fikziozko istorioen artean ez ezik, zinemagintzaren historian osotasunean. XX. mendean loraturiko kontakizun distopikoen artean etorkizun urrunera gehien begiratzen duena da Philip K. Dick idazle estatubatuarraren Do Androids Dream of Electric Sheep? eleberrian oinarrituriko filma. Bertan, gizakiak “erreplikante” izeneko robotekin batera bizi dira, baina robot hauen garapena hainbesterainokoa da, non gizakiak baino are gizakiago izaten amaitu dutela eta “blade runner” izeneko polizia agenteek erreplikanteak detektatu eta akabatzea dute helburu. Gizakiok bizitza sortzeko dugun gaitasuna eta gizatasuna beraren inguruko kontzeptu filosofiko sakonak landu zituen obra originalak eta kultuzko bilakatu zen, meritu osoz. Horregatik, Villeneuven erronka zen filmaren unibertsoari ohore egin eta duintasunez gauza berri bat proposatzea, nostalgiaren kateetan harrapaturik ez geratzea, bada esan liteke oro har esperientzia asebetegarria dela, askotariko erreferentziak egiten dizkiolako jatorrizko obrari, baina horrez gain aukera dramatiko eta narratiboak zabaldu eta planteamendu berriak mahaigaineratzen dituelako.

Blade Runner1

Blade Runner 2049k film originalarekiko etengabeko erreferentziak ditu oinarri eta hori txalotzeko modukoa da, pertsonaiak eta argumentuaren ildo nagusiak haritzeaz gain, xehetasunez beteriko loturak egiteko ere baliatzen duelako. Lehen paperezkoa eta orain egurrezkoa den jostailuzko zaldiarena da argiena, baina horrez gain, detektatze sistemen eskaner prozesuak, piano sinbolikoa edota oroitzapenekin lotura egiteko balio duten argazkiak, 1982ko filmetik zuzenean eratorritako audio eta irudiak… elementu horiek guztiek jatorrizko obrari erreferentzia egiteaz gain, lotura dramatikoak ezarri eta egungoa aberasteko balio dute, are gehiago, hainbat kasutan baita jatorrizkoa aberasteko ere. Zentzu horretan esan genezake, beraz, ikusleak Blade Runnerek proposatzen duen unibertsoaren ikuspegi integrala soilik izan dezakeela film originala fresko eta presente izanez gero. Film berriko eszena gogoangarrienen artean da, hain zuzen, Harrison Fordek haragituriko Deckart detektibeak berriz ere birsorturiko Rachael maitalea topatzen duenekoa, eszena honen bitartez filmak gogoeta egiten du norbere bizitzan hain garrantzitsu izan den hildako pertsonarekin berriz ere sentitu eta bizitzeko aukerak duen eraginaren inguruan. Villeneuvek ildo honek garapen dramatikoari ez dio aparteko garapenik ematen, baina azken batean Blade Runneren gai nagusiak daude bertan, istorioaren bihotzeko kontzeptuak. Honek, halaber, gogora ekartzen dio ikuslegoari Blade Runnerek zelako eragina izan duen ostera etorri diren hainbat lanetan, esaterako egun mundu mailako telesail goratuen artean dauden Westworld edota Black Mirror, zeinak zuzenean edaten duten hizpide dugun unibertsotik.

Bi filmak lotzen dituen elementu sinboliko nagusiak ere badu mamia. Egurrezko zalditxoak film originaleko paperezko zalditxoari ematen dio segida, eta horren bitartez Villeneuvek jarraipena Scottek defendaturiko narratibari. Urteetan zehar eztabaidagai izan da Harrison Fordek haragituriko Deckart errepiklantea den ala ez, eta Blade Runner originala zinema aretoetan proiektatu zeneko amaiera zoriontsutik urrun, Ridley Scottek 2007an kaleraturiko “The Final Cut” bertsioan baieztatu zuen Deckart gizakien esanetara zegoen Nexus 6 erreplikantea zela. Blade Runner 2049n, boterean dauden Nexus 8 erreplikante belaunaldi berriaren buruzagi den Wallacek (Jared Leto) Deckarti iradokitzen dio hain justu bera eta Rachael bizitza sortzeko diseinaturiko lehen errepiklanteak izan zirela, horretarako sortu zituztela espreski, bere erreplikante kondizioa berretsiz. Horrez gain, Villeneuvek egurrezko zalditxoa film osoan zehar baliatzen du Ryan Goslingen pertsonaiaren nortasunaren misterioa indartu eta argumentuak aurrera egin dezan. Baina elementu hori da, aldi berean, pelikulako ahulguneen erakusle nagusia.

Blade Runner2

Film originalean paperezko zalditxoa bitan eta modu misteriotsuan agertzen den bitartean, oraingo honetan elementua behin eta berriz ikusten dugu pantailan eta esanahia argitu ostean ere, Villeneuvek ezkutuko mezuak baztertu eta azalpen berriak gehitzen dizkio, norbaitek gaizki ulertuko ote duen beldur izango bailitzan. Esplizituegia izan eta gehiegizko azalpenak ematea da filmaren hanka sartze nagusia, zinegile kanadarrak eskutik lotuta eramaten gaitu pausoz pauso argumentuan zehar eta, flashbackek zein aurrez filmean entzundako elkarrizketen errepikatzeak misterio oro kentzen dio argumentuari. Ikusleak badu gaitasuna bere kabuz loturak eta interpretazioak egiteko, baina ezin ahaztu hau, azken batean, egun Hollywooden nagusi den estilo narratiboaren ondorio eta isla dela.

Horregatik, eta alderaketa ekidiezina denez, esan liteke Ridley Scotten Blade Runner, Denis Villeneuvena baino sendoagoa dela. Film originala amaitzean gailentzen den sentsazioa da, istorioan bi orduz erabat murgildu ostean, beste bi ordu ere unibertso berean igaroko genituela gustura. Esperientzia gozagarria luzatzearen nahia da jatorrizko filmaren gorentasunaren sintoma. Blade Runner 2049k, ordea, ez du sentsazio hori bera transmititzen. Ezin uka ikusgarritasuna eta faktura filmikoa nabarmen dela handiagoa, baina ezberdintasun nagusiak, biolentziaren dramatikotasunean datza. Akaso adibide adierazgarriena izan liteke bi filmek borroka eszena klimatikoen bitartez elkarren artean eraikitzen duten elkarrizketa: egungo filmak “gauza onen alde borrokatu” esaldiaren testuinguruan kokatzen du itsasertzeko norgehiagoka epikoa eta, horrenbestez, onak eta txarrak logika hutsalari egiten dio men. Film originalak ere badu amaiera aldera indarkeria eta suntsiketa nagusi diren eszena, baina kasu honetan borrokaren puntu gorena istorioaren mami narratibo nagusia biltzen duen eszena erabat dramatiko da; bertan filmeko erreplikante nagusiak Deckarti gizakien sortzeko eta sentitzeko ahalmenaren inguruko gogoeta helarazten dio, eta etengabe erortzen den euria probesten du Scottek filmaren gai nagusia esaldi poetiko batean biltzeko.

Azken batean, Blade Runner 2049 sekulako ikus-entzuneko esperientzia da, baina film originala dramatikoagoa da eta narratiba, alor formala, soinu banda… denak dauka bateratasun gehiago bertan, zentzu integral osatuagoa. Ezberdintasuna ilustratzeko esan liteke Ridley Scotten Blade Runner zinemaren historiara igaroko dela, are gehiago, zinemaren mito dela dagoeneko, eta Denis Villeneuven lanak, ordea, ez duela halakorik lortuko. Dena den, ez dezagun zinegile kanadarraren ekarpena gutxietsi, erronka ikaragarriari sekulako duintasunez egin diolako aurre eta bere horretan sendo mantentzen den filma osatu duelako. Originalaren itzala beti gainean izango duen arren, Blade Runner 2049 Hollywooden ohiko ikusgarritasunetik haratago doan esperientzia zirraragarria da, ikusleari gogoeta sakonak eta gozamen hutsa, biak aldi berean gauzatzeko aukera ematen dion pelikula.

Trailerra: