Posts Tagged ‘goya’

Ez da ohikoena izaten estreinako zuzendaritza lanari esker film onenaren Goya saria irabaztea, baina horixe da Raúl Arévalok lortu duena. Aktore bezala ezagunago dugun gazte madrildarrak obra gordin eta konplexua osatu du kameraren atzean eginiko lehen saiakeran, indar dramatiko handikoa eta, bereziki, gizakion sen basatiaren erretratua islatzen ahalegindu dena.

Fotograma de Tarde para la ira  dirigida por Raul ArevaloKontakizun osoan zehar nabari da lehen aldiaren izpiritua, kamera eskuan, hainbat uneren tentsioa isilune itogarrien eta plano luzeen bitartez islatu du Arévalok. Egiturari dagokionez, thriller klasikotik zuzenean edaten duen istorioa osatu du zentzu narratiboan, baina forman eta alor estetikoan erreferente sonatu horiek alboratu ditu, ziurtasunezko estandarrei uko egin eta ur nahasiak esploratzearen aldeko apustua eginez. Ezin ahaztu Arévalo bera, zuzendari izateaz gain, gidoilari lanetan ere aritu dela David Pulido bidelagunarekin batera, hau da, istorioan bihotzeraino barneratu dela eta, ondorioz, estreinako film hau barren-barrenetik ateratako istorioa dela.

Filmaren oinarri nagusia adimenez harituriko pertsonaiak dira, bi gizon eta emakume bat, zehazki. Antonio de la Torre beldur eta segurtasun ezez beteriko José gizonetik, odol hotzeko hiltzaile kalkulatzaile izatera igarotzen den bitartean, lapurreta batean parte hartu izanagatik kartzela zigorra bete eta aske geratuzean zainetan daraman biolentzia ezkutatu ezin duen Curro gizon gartsua blokeaturik, zer egin jakin gabe geratzen da. Eta gizonezko pertsonaien artean ematen den inbertsiozko garapenaren erdian emakumezko figurak osatzen du protagonisten arteko koadro dramatikoa. Ezinbestean Josérekin halabeharrezko gerturapen emozionala izaten duen Anak bukatzen du hain zuzen gatibutasunean, bi gizonek atzean utzi nahi duten iraganeko kartzela horretan bertan. Iraganeko oroigarriz beteriko landa-inguruneko etxe bakartian uzten du Josék Ana eta filmak, pertsonaia ingurune fisiko berean mantendu arren, garapena ematen dio emakumearen dilema emozionalari, paraleloan bi gizonek parez pare gainditu beharreko egoeren erritmora.

tarde-para-la-ira2Istorio honi zilegitasuna eta sakontasun emozionala emateko aktore aukeraketa bikaina gauzatu du sortzaile taldeak, bereziki interpretaziorako fintasuna enegarrenez erakutsi duen Antonio de la Torreren aukeraketaren bitartez. Hitzen beharrik gabe, gorputz komunikazioaren bitartez eszena boteretsuenak azken xehetasuneraino zukutu ditu eta hori da, hain zuzen ere, filmaren indargune nagusietako bat, de la Torreren aurpegia begiratze hutsak ikuslearen irudimenean barren-barreneko sentimendu eta emozioak azaleratzeko eta imajinarazteko duen gaitasuna. Baina ezin ahaztu azken finean, istorioaren muina mendekuaren inguruko analisia dela. Zer da mendekua eta zertarako balio du? Galdu duguna berreskuratzeko gaitasunik ba ote du, ala zoriontasuna galarazi diguten horiei galtzeak zer suposatzen duen konturarazteko besterik ez? Izenburuaren hitz jokoa da, hain justu, mendekuaren eta filma beraren esanahia are gehiago aberastu eta konplexuago bilakatzen duen elementua. Tarde para la ira “suminerako arratsaldea” gisara itzuli genezakeelako, baina baita “suminerako beranduegi” bezala.

Azken batean, filma honek guztiak dakartzan kontraesan moral eta emozionalen inguruko esplorazioa da; ur nahasietan nabigatzen du Arévalok, baina urak baretzeko asmorik gabe. Ikuslearen esku geratzen da, beraz, kontakizunari erantzun bat edo beste ematea, nahieran interpretatzea. Filmaren azken eszenak ideia hori bera indartzen du, ate ireki askoren aurrean eta sugarrak inguruan dituela uzten baitu ikuslea. Misterio eta tentsiozko istorioen itxiera borobil eta poetikoetatik urrun, eztandaren alde egiten du zinegile madrildarrak, zauriak itxi ordez, are odoltsuago bihurtuz. Edozeren gainetik, film gordina da Tarde para la ira, gorputzean sentsazio hotz eta bortitza uzten duena eta, aldi berean, gordintasun hori bizitzea merezi duena. Funtsean gizaki ororen joera baita, ekintza ilunenen zergatien inguruan hausnartzea.

Trailerra: