Posts Tagged ‘gerra hotza’

Ederra eta piztia, ezin burutik kendu Guillermo del Tororen lan berria ikustean. Venezian Urrezko Lehoia, jaialdiko garaikur garrantzitsuena eskuratu zuen The Shape of Water filmak eta Oscarretan ere hautagai nagusien artean da itxuraz amodio istorio bat iruditu baina sakonean hainbat geruza dituen pelikulak.

The Shape of Water1Gerra Hotzean girotu du istorioa zinegile mexikarrak, eta kontakizuna garatu segurtasun handiko laborategi batean lan egiten duen garbitzailearen begietatik. Bertan gizon anfibio bat topatzeak erabateko iraultza eragingo du bere bizitzan, sakoneko lotura sentituko baitute itxuraz ulertezin diren bi mundutatik datozen pertsonek. Erakarpen istorio hau kontatzeko, irudien dramatismoa modu gorenean landu du del Torok eta probetxu guztia atera dio Sally Hawkinsek maisutasunez antzezturiko protagonista mutuari. Bere pertsonaiak anfibioarekin komunean du ulertuak ez izatearen zama, ezin dizkiete euren sakoneko sentimendu eta pentsamenduak inguruan dituztenei nahi bezala adierazi. Gabezia horrek batzen ditu bi pertsonaiak eta hasiera batean ahultasun eta ezintasun dirudiena abantaila bilakatzen da gerora. Filmak desberdin izate hori edertasunez blaitu eta iradokitzen du ezberdinak direnen arteko lotura gehiengoaren esparru komunean komodo bizi direnek ulertu ezin duten harribitxia dela.

Norabide hori indartzeko, del Toroko eskura dituen elementu guztiak erabili ditu. Filmaren unibertsoa osatzen duten kokalekuak esaterako, identifikagarri bilakatzen dira ikusi eta berehala eta, horrenbestez, naturalki pertsonaia baten ingurunea dena beste batek hartzen duenean ikusezin diren lotura dramatikoak fintasunez haritzen ditu zinegile mexikarrak. Hori da, hain zuzen, filmaren bertute nagusietako bat, irudien bitartez istorioaren mamia kontatzea. Argazki lan eraginkorrak, muntaia adimentsuak eta sakontasun emozional handiko soinu bandak gidatzen dute pelikula eta hauei esker ikusleen begien aurrean igarotzen den istorioak osotasun handiagoa du, obra sendo eta koherente baten sentsazioa.

The Shape of Water2Filmaren ipuin kutsuak, gainera, balio du istorioa hainbat belaunaldirengan erakargarri bilakatzeko; etxeko gazteenak eta zinemazale beteranoenak elkartzeko indarra izan dezake, azken batean, kontatzen duen istorioa unibertsala delako. Ezberdin izan eta onarpen eza pairatzen dutenen artean sortu ohi den konexio berezia denek sentitu izan dugu gure bizitzan uneren batean, izan kolektiboki edota indibidualki eta hori pantailaratzeak posible egiten du ikusleak iraganeko bizipenak berriz sentitzea. Hau ezin interesgarriagoa bilakatzen da filma girotzeko erabilitako testuinguru historikoari erreparatuz gero. Aurtengo Oscarretako hautagaien artean dimentsio soziopolitikoa narratiboki mamitze lanetan gutxien tematu den zinegilea izan arren, del Torok pertsonaiei probetxu guztia atera die, garaiko gizarte estatubatuarraren sintomak islatzeko. Esaterako, argi azaleratzen du ezkutupeko zentroko buruak ezezaguna duen horren aurrean modu erasokor eta mesfidatian jokatzeko duen joera eta, azken batean, anfibioarekiko jarrera berbera aplika genezake garaian etsai errusiarrarekiko zuten joerara. Aldiz, ederra eta piztiaren arteko istorioaren bitartez, zinegile mexikarrak elkartasunaren aldeko mezu itxaropentsua luzatzen du, ezberdintasunen gainetik elkarren artean komunean ditugun ezaugarrietan azpimarra egin eta, funtsean, denok mundu berberaren parte garela gogorarazten digu.

Energia bizigarriz beteriko filma da The Shape of Water, adina ezberdinetako zinemazaleentzako gozokia eta itzalean, gizartearen onarpenetik urrun euren nortasun pertsonala loratu dutenen aldeko gorazarrea. Film Onenaren garaikurra irabazteko hautagai sendoa den arren, orain arteko sariketa denboraldiaren joerari erreparatuta espero genezake del Toro eta Hawkins izango direla, merezita gainera, hurrenez hurren, zuzendari eta emakumezko aktore onenaren sariak eskuratuko dituztenak, horiez gain iristen diren gainerako golardoak, zinemak magia eragiteko duen gaitasunaren aldeko onarpen izango dira.

Trailerra:

Steven Spielbergek film berri bat zuzenduko duela entzuteak zirrara eragin ohi du zinemazaleen artean, are gehiago gidoiaren osaketa Coen anaien esku baldin badago. Bridge of Spies, ordea, ez da koktel erakargarri honek sor zezakeen heineko filmaren mailara iristen. Kontaketa egokia eta istorioa mamitsua izan arren, ez du ikuslearengan nahikoa zirrararik eragiten, filmean planteaturiko dilema gehientsuenak azalean geratu eta ez dutelako nahi bezainbesteko sakontasunik hartzen. Kasu honetan testuinguruak figura indibidualaren esplorazio xeheak baino pisu gehiago hartzen duen arren, urtero Oscarretan egon ohi den biopic klasikoaren ordezkari da Spielbergen lan berria, oraingoan Tom Hanksek antzezturiko James Donovan abokatuak Gerra Hotzean sobietar espia baten askatasuna defendatzea amerikar batena lortzeko baliatu zuenekoa.

Etengabeko oztopoei aurre egin eta epaitua izango zen espia sobietarraren duintasuna eta bere propioa defendatzearen ondorioz hurbilketa jasaten dute James Donovan (Tom Hanks) eta Rudolf Ivanovich Abelek (Mark Rylance). Euren artean distantzia mantendu arren, erakarpen erlazioa naturala da, hasieran epaiketa prozesura mugatu behar zuen harremana geroz eta gertuagokoa bilakatzen baita, Abel konturatzen denean Donovan dela bera ulertu eta halako egoera zailean lagundu nahi dion bakarra. Halaber, filmak errealitate historikoaren erretratu fidela egiten du. Alemania zatikatuak sinbolizatzen duen garaiko munduaren frikzioak, egungo errealitate soziopolitikoan ere badu oihartzuna, AEB eta SESBen arteko tentsioak filmaren epizentro bihurtzen baitira. Oztopo burokratikoak, epaileen ustelkeria edota alderdikotasuna jardun judizialaren eguneroko ogia dira, justizia ahalik eta modu objektiboenean ematetik oso urrun, hedabideek indarturiko gizartearen zatiketan euren ekarpena egiten duena. Herrialde batean zein bestean, muturreko jarrerak dira nagusi, zuzenean detektatu ezin daitekeen gerrak iritzi publikoan sorturiko ezinegonaren ondorioz. Bi aldeetan berdina gertatzen zela eta alde bakoitzeko espiak egoera berdintsuetan biktima zirela ondo erretratatzen du Spielbergek epaiketa paraleloen bitartez.

Inoiz esplizitu bilakatzen ez den arren, elkarren artean eraikitako errespetua eta miresmen sentsazioak film amaieran, agur esaterako orduan, dimentsio emotibo handia hartzen du. James Donovan abokatua sakonki tristatzen du familiako kide baten antzera zaindu eta defendatu duen pertsona horri agur esan behar izateak, bere askatasunaren alde borrokatu duen arren, nahi bezainbeste kezkatuko ez den norbaiten eskuetan utziko duenaren erruduntasun sentsazioak itotzen du. Aldi berean, Abelek koadroa oparitzen dio, sentimenduz beteriko agur hori are ederragoa bihurtuz. Koadroak margotzearen ekintzak esanahi sakona du bi pertsonaien artean eraikitako erlazioan, bereziki Abel koadro marrazkilaria espia bat dela kontuan izanik. Rylancen pertsonaiak koadroen bitartez azalean ikusten den hori marrazten du, kanpoan geratzen dena, itxura. Espia baten nortasun hotza du, ez ditu sentimenduak azaleratzen. Baina, hain zuzen ere, koadroak bilakatzen dira bere sentimenduei ateak irekitzeko instrumentua, aske izateko ihesbidea. Espia bezala azaleratu ezin duena erretratatzen dituen horien aurpegietan islatzen saiatzen da. Horregatik filmaren amaieran Donovani koadroa oparitzea bere estimua agertzeko modua da, ez bakarrik lan judiziala eskertzeko, baita maila pertsonalean ezarri duten hurbiltasuna eskertzeko ere.

Horrez gain, pelikulak indar handiko eszena zehatzak ere baditu, esanguratsuena amaiera aldera espia protagonista AEBetan trenean bidaiatzen ari dela leihotik begiratu eta gazte batzuk ondoko etxebizitzara igarotzeko alanbrezko sarea bat igarotzen ikusten dituenekoa. Une horretan filmeko ikusle orok Hanksen pertsonaien begietatik Berlineko harresian bistaraturiko hilketa lazgarriak gogora ekartzea lortzen du Spielbergek. Hala eta guztiz ere, Bridge of Spiesek atsegina izaten jarraitzen du, erraza, konformista, ez du inolaz ere sakoneko sentsaziorik eragitea lortzen. Istorioa gordinagoa bilakatuĀ dezakeen une giltzarria edozein momentutanĀ iristea posible izatearen sentsazioa film osoan zehar mantendu baina ez da inoiz ailegatzenĀ eta, aldi berean, pertsonaien artean garatu zitezkeen hainbat dinamika ere erdibidean geratzen dira.

Modu batean, ordea, honek ez gintuzke harritu beharko; azken finean Spielbergek 70eko hamarkadan ezarri zituen egun Hollywood bilakatu denaren oinarriak. Ordutik hona Hollywoodek estandarizazioa eta komertzialtasunaren alde egin du eta norabide berean garatu da zuzendariaren filmografia, publiko guztientzat ikuserrazak diren lanak osatuz. Baina marko horretan ere, bere proposamenak interesgarria izaten jarraitzen du, Hollywoodeko espiral biziotsu horretatik bereizi eta ekarpen pertsonala plazaratzen duelako, txukuntasunez haritutako istorioen bitartez.

Entretenimendua lehenesten duten ikusleentzako egokia da Spielbergen azken lana. Film onenaren saria lortzeko aukera gutxi ditu, baina garai historikoaren kronika sentikorra, zuzendaritza lan txukuna eta aktoreen antzezpen sinesgarriak, Mark Rylancena bereziki, zinema aretora bertaratzeko nahikoa aitzakia dira.

Trailerra: