Posts Tagged ‘el abrazo de la serpiente’

Natura eta zibilizazioa, arrazionaltasuna eta espiritualtasuna, aurrerapena eta tradizioa. Talka egiten duten bi mundu kontrajarriren erretratua osatu du Ciro Guerrak El Abrazo de la Serpiente azken lanean. Amazonaseko oihanean murgildu eta duela hainbat mende gure arbasoek eraiki zuten bizi ereduarekin egungo zibilizazioak dituen elkargune eta dilemak esploratzen ditu zuzendari kolonbiarrak bere hirugarren obran.

El Abrazo de la Serpiente1Paraleloan kontaturiko bi istorioetan banandurik, errealitatea hauteman eta bizitzeko modu kontrajarriak hasieratik nabarmentzen dira filmeko pertsonaien jarreren bitartez. Esploratzaile iparramerikarrek oihan zabalean bizitakoa harrapatu eta zibilizazio modernora transmititu nahi dute, ezagutzaren bitartez ondarea eraiki; tribu indigenetako kideek berriz, Mendebaldearekin loturiko tresna edota pentsamolde oro baztertzen dute, gizatasunaren suntsipena suposatzen baitute eurentzat. Naturan bizi dira eta bestelako kodeak dituzte. “Tenemos que convencer a los blancos o nuestra vida se acabará”, esaten dio indigena batek besteari, pelikularen prisma zabalaren erakusle. Jakina da Hollywoodek eta, oro har pentsamolde europarra barneratua duten zinegileek naturan modu primitiboan bizi den giza talde ororen erretratu kontserbadorea eraikitzen duela, Mendebaldeko aurrerakuntza eta oparotasunaren beharra duten izaki basatiak izango balira bezala; zeharka kolonizazioa justifikatuz. Horregatik da esaldi hau hain mamitsua, kontrako diskurtsoa indartzen duelako: oparotasun horrek ez du zertan Mendebaldetik inportatua izan behar, tribu amazoniarrek euren bizimodu propioa dute, naturarekiko konexioa estuan oinarritua eta dimentsio espiritual zabalagoa hartzen duena. Filmak zapalkuntza hauen aurkako mezu inplizitua izan arren, bere funtsa salatzailea baino aldarrikapenezkoa da, tribuen bizitza ospatzearen aldekoa.

Filma bera Mendebaldeko komunikazio kodeen bitartez eraiki eta transmitituriko obra artistikoa bada ere, indigenen bizimoduaren mistikotasuna eta zirrara indar handiz transmititzea lortzen du. Perspektiben jokoari zuku guztia ateratzen dio Guerrak pertsonaiak lantzerako orduan. Mendebaldeko gizonek pragmatikotasunak itsututa, ez dute euren zentzumenetatik haratago ikusten, musika entzuten dute baina ez arima, musikaren esentzia, eta horrek bideratzen ditu, azken batean, bertakoen bizimodua ulertzeko ezintasunera. Beste eszena esanguratsuetako batean, Theo esploratzaileak, jabetza indibidualean oinarrituriko pentsamoldearen menpe, tribu indigenei bere iparrorratza itzultzeko eskatu baina erantzun gisa ezezkoa jasotzen du. Theok eurak izar eta haizeen bitartez gidatzeko gai direla esaten dio, eta Karamakate indigenak ezagutza denena dela, kolektiboa. Honek dimentsio bikoitza du; alde batetik, iparrorratzaren erabilerak indigenengan ekarri dezakeen aberastasuna harrapatzen du, esploratzailearena bakarrik izan beharko ez lukeena eta Mendebaldeko ondarea oihanean zehar zabaltzeko aukera posible egiten duena. Elkarrizketa horrek, aldi berean, esploratzaileak berak haize eta izarren zeinuekin gidatzeko gaitasuna ere baduela mahaigaineratzen du, ezagutza denona delako.

El Abrazo de la Serpiente2Zuri beltzaren aukeraketa ez da kasualitatea, inguruko paraje koloretsuen ikusgarritasunari erreparatu ordez, zuzendariak nahiago du ikuslea dilema diskurtsibo eta existentzial horietara bideratu. Errealitatea hautemateko pertsonaien modu kontrajarria ere zuri eta beltzaren zentzutasunaren erakusle bat gehiago da. Estimatzekoa da konfrontazio horren aurrean Guerrak epaile papera ez jokatzea, kolonizatzaileak eta biktimak, “onak eta txarrak” diskurtso errazean erori ordez, xehetasunen alde egitea, zuria eta beltzaren artean geratzen diren tonu grisen alde. Horren erakusle da indigenetako bat Amazonaseko suntsiketaren markoan kokatzea, ondarea babestu ez izanaren zama garraiatu eta azkenerako ondare hori Mendebaldeko gizonari helarazita bakea topatzen duena. Hala eta guztiz ere, badira bi figura argi Mendebaldearen naturarekiko urruntzea, botere eraikuntza eta zapalkuntza sinbolizatzen dutenak. Alde batetik, haur gazteak esklabo antzera oinazetzen dituen apaiza, bestetik, botere estatusa eskuratzeko espiritualtasunaz aprobetxatzen den mesiasa. Biak ala biak kristautasunarekin lotuak.

Alor dramatikoan, istorioa elkar topo egiten duten bi plano paralelotan landu izana erabaki adimentsua izan da sortzaile taldearen partetik. Indigena eta esploratzaile ezberdinen jarduna parekatzeaz gain, sarritan amaierarik ez duen odisean barneratzearen sentsazioa transmititzen du istorioa kontatzeko modu honek. Hainbat dira helburu hau indartzeko erabilitako sinbolismoak, bere kumeak jaten dituen sugea, urertz infinituak izan ditzakeen ibaia… pelikularen mistizismo dimentsioa are gehiago areagotzen da amaierara hurbildu ahala. Akaso filmaren hasieran ageri den esaldiak berak laburbiltzen du hoberen istorioaren funtsa: zure jatorria utzi eta mundu ezezagun batean murgiltzean nortasun propioa galdu edo desitxuratzearen ingurukoa.

Bi orduko kontakizuna mugatua izan arren eratorritako hausnarketak mugagabeak dira, zine aretotik kanpora hegan egiteko gaitasuna dutenak. Amazonaseko landa-gune zabalean barneratu ahala gure izatearen inguruko hausnarketa sakonetan murgiltzen gaituen filma da El Abrazo de la Serpiente, iragana, oraina eta etorkizunaren inguruko galdera handiak mahaigaineratzeko balio duen bidaia espirituala.

Trailerra: