Posts Tagged ‘eden’

62 festival

Beste urtebetez, iraila amaierarekin batera, Donostiako Zinemaldiaz gozatzeko aukera izan genuen. Gazteriaren Epaimahaieko parte izanagatik kronika Zuzendari Berriak eta Horizontes Latinos sailetan zentratzen den arren, Perlak eta Sail Ofizialeko hainbat film ere nabarmendu ditugu. Segidan jaialdiko bederatzi egunek emandakoa.

Ostirala, 19

– THE EQUALIZER

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Antoine Fuqua

Herrialdea: AEB

Puntuazioa: 6

The EqualizerAurtengo lehen Donostia Saria jaso zuen Denzel Washingtonek ezinbestean prostituzioaren munduan murgilduriko neska gazte bat errusiar mafiarengandik defendatu beharko du. Etsai dituenen indarkeriazko metodo berberak erabiliko ditu, baina helburu ezberdinekin, babesa behar duten pertsonak laguntzea. 80ko hamarkadan kaleraturiko izen bereko telesailaren moldaketa zinematografikoa, produkzio handi bat izanik, filmaren muntaia txukuna da eta hasierako akzio eszenak ere bai.

Pelikularen bigarren zatia, ordea, luzeegia izateaz gain, eduki eskasekoa da. Akzioa beste edozerri gailentzen zaio eta hasierako elkarrizketa mamitsuek proposaturiko bizitzaren inguruko hausnarketak ezerezean geratzen dira. Honez gain, jazarpen eta tiroketen entretenimendu hutsaren atzean dagoen mezua deigarria da, CIAko agente ohia den Washingtonek filmaren amaieran Vladimir Pushkin deituriko errusiar liderraren etxeraino joan eta bertan akabatuko duelako. Politika lezioak AEBtako filmeen bitartez.

Trailerra:


– CATCH ME DADDY

Saila: PERLAK

Zuzendaria: Daniel Wolfe

Herrialdea: Erresuma Batua

Puntuazioa: 8

Mutilagunarekin txabola batean ezkutuan bizi den Lailaren bizitza betiko aldatuko da bere anaia hiltzaile banda batekin bertaratzen denean. Ordutik aurrera, filma familiako sekretuak argitzen joango den biolentziaz beteriko thriller bizian bilakatuko da, giza emozioen sakoneraino jotzen duena.Catch Me Daddy

Pelikulako ia gertaera guztiak gauez izateak eta hainbat pasarte kamera eskuan edukita grabatu izanak istorioa are sinesgarri eta itogarriagoa bihurtzen dute, ikusleak errealitatea pertsonaiek bezala sentitzea lortzen duelako. Hala ere, unerik lazgarriena gizakia noraino iritsi daitekeen islatzen duen amaierako eszena gordina da. Hausnartzeko modukoa.

Trailerra:


– ZARAUTZEN EROSI ZUEN

Saila: ZABALTEGI

Zuzendaria: Aitor Arregi

Herrialdea: Euskal Herria

Zarautzen Erosi ZuenFilmeen etengabeko lasterketan jarraitu aurretik, euskal labur bat ikusteko garaia. Aitor Arregik zuzenduriko “Zarautzen Erosi Zuen” sinpletasunean oinarrituriko istorio eraginkorra da, egunerokotasunean aurre egin behar diegun frustrazio eta arazo unibertsalen adierazgarri. Aktoreak euskal zinemagintzako proiektu ezberdinetan maíz azaldutakoak dira, baina interesgarria da identifikatzen ditugun pertsonaietatik urrun, rol ezberdinetan zein ondo moldatzen diren ikustea.

Trailerra:


– NO TODO ES VIGILIA

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Hermes Paralluelo

Herrialdea: Espainia/Kolonbia

Puntuazioa: 7

No Todo Es VigiliaGazteriaren Epaimahaikide gisa ikusi beharreko lehena, zahartzaroan murgildutako bikote baten bizitza islatzen duen proposamen ausarta. Pelikularen planteamendua zehaztasunez zaindua dago, plano eta isilune luzeetatik hasita euren artean dituzten elkarrizketa hutsaletaraino, zahartzaroaren linealtasuna eta bakardadea modu ezinhobean islatzen du. Kanpoaldean grabaturiko irudiak gutxi izanda ere ederrak dira, negu hotzeko elurrez beteriko belazearena esaterako, bizitzaren amaieraren metafora bikaina.

Antinarratiboa da guztiz, bizitza errealean zuzendariak bere aiton-amona dituen pertsonaiek ez dute garapenik jasaten eta filma baino gehiago dokumental baten aurrean gaude, are gehiago, omenaldi baten aurrean gaudela ere esan genezake bere lehen luzemetraia dela kontuan hartuz gero. Linealtasun hori da ordea, azken finean, pelikula konplikatzen duena. Amaiera aldera bereziki, egoerak behin eta berriz errepikatzen dira eta ikusleari zail egiten zaio atentzioa guztiz mantentzea.

Trailerra:


– DIFRET

Saila: PERLAK

Zuzendaria: Zeresenay Mehari

Herrialdea: Etiopia

Puntuazioa: 6

Difret14 urteko Hirut eskolatik ateratzean bahitu eta bortxatu egingo du herriko bidelapur taldeak. Neska gazteak, bere burua defendatu nahian, bahitzaileetako bat tiroz hilko du eta hauek segidan bere heriotz zigorra exijituko dute. Ordutik aurrera Afrikako hainbat lurraldeetan duela gutxira arte indarrean jarraitzen zuten tradizio sexisten eta hiriko lege aurrerakoien arteko talka azalduko du emakumeen eskubideak aldarrikatzea helburu duen pelikulak.

Zinemagintza aldetik arruntagoa izan arren, errealitateko gertaeretan oinarrituriko istorioa ondo gidatua dago, are gehiago joan den urtean antzeko gai bat jorratzen zuen Zuzendari Berriak saileko “De Menor” film eskasarekin alderatuz gero.

Trailerra:


– MOMMY

Saila: PERLAK

Zuzendaria: Xavier Dolan

Herrialdea: Kanada/Frantzia

Puntuazioa: 8

MommySteve gazte hiperaktiboa zaintza zentrotik irten eta alargundutako bere amaren etxera itzuliko da bizitzera. Nortasun indartsua dute biek ala biek eta euren arteko erlazioa ez da edonolakoa izango, tentsio handiko hainbat unerekin, baina baita poz gorenekoekin ere.

Konplikazioz beteriko bizitzan ama eta semearen arteko elkarlaguntzak duen garrantzia azpimarratzen du pelikulak, pertsonaiak etengabean egoera oso ezberdinetan jarriz, emozioen karrusel batean. Istorioak une zehatzetan sinesgarritasuna galdu arren, antzezpenak bikainak dira, bizitasun handiko sentimenduak azaleratzen dituzte aktoreek eta pantailaren formatuak ezkutatzen duen metaforak ere badu bere edertasun partikularra.

Trailerra:


Larunbata, 20

– UNA NOCHE SIN LUNA

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Germán Tejeira

Herrialdea: Uruguay/Argentina

Puntuazioa: 5

Una Noche Sin LunaLarunbata urte zaharreko gauean zehar errepide bat komunean duten hiru istorio ezberdin elkartzen dituen filmarekin hasi genuen. Egunerokotasunaren sinpletasuna eta ustekabeko erlazioen harira izandako sentsazioak esploratzen ditu, bakardadea, amodioa edo zoria, esaterako.

Egoera bakoitza samurtasunez planteatzerako orduan asmatzen du, baita une ezberdinetarako musika egokiarekin ere, baina pertsonaien arteko loturetan oso azalean geratzen da eta ez du ikuslearengan emoziorik eragiten.

Trailerra:


– UNE NOUVELLE AMIE

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: François Ozon

Herrialdea: Frantzia

Puntuazioa: 9

Une Nouvelle Amie2012an “Dans La Maison”ekin Urrezko Maskorra irabazi eta joan den urtean “Jeune et Jolie” ere Donostian estreinatu ostean, François Ozonen lan berria jaialdi osoko deigarrienetakoa zen zalantzarik gabe. Ia sarrera guztiak agortuta, azken emanaldira arte itxaron behar izan genuen Kursaalera sartu eta filmaz gozatzeko.

Hasieratik nabari da zuzendari frantsesa heldutasunera ailegatu dela, ikuslea istorioan kokatzeko erabilitako muntaia bikaina erakusle. Hortik aurrera, gai delikatua izan arren, elkarrizketa inspiratuek goraturiko umorea eta samurtasuna uztartzen ditu pelikulak, beti ere argazkigintza eta musika apartaren bitartez garapen dramatikoa ezinhobe mantenduz. Gizarteko zati handi batek onartzen ez dituen konbentzio sexualetan sakondu eta publikoa pertsonaien azalean jartzea lortzen du, meritu nabarmena.

Film borobila osatu du Ozonek, eta publikoak gozatu zuela argi geratu zen proiekzio amaierako txalo zarrapadaren bitartez.

Trailerra:


– BLACK COAL, THIN ICE

Saila: PERLAK

Zuzendaria: Diao Yinan

Herrialdea: Txina

Puntuazioa: 6

Black Coal Thin IceBerlinanen film onenaren saria jaso izanagatik ere aurreikuspen handiak eragin zituen film honek, baina batzuetan pelikula batean hainbeste itxaropen jarri ondoren gustatu ezean dezepzioa handiagoa izatea eragin dezake, eta horixe gertatu zitzaion Donostiako ikusle askori. Deigarria da 4,4ko puntuazioarekin publikoak bozkaturiko filmeen artean notarik baxuenekoa izan zela.

Filma indarrez hasten da, hilketa batzuen inguruko misterioa eraikiz estetika landu eta indarkeria zein isiltasun lazgarriko hainbat eszena bortitzen bitartez. Sekuentzia ezberdinak kateatzeko erabilitako irudiak ere boteretsuak dira, eskuekin elkarturiko hasierakoa esaterako. Istorioak, ordea, suspensean sakondu ordez garapen nahiko planoa mantentzen du eta hain goiz hasitako egunean bat baino gehiagok filmaren haria galdu zuen nekearen erruz.

Trailerra:


Igandea, 21

– LOS TONTOS Y LOS ESTÚPIDOS

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Roberto Castón

Herrialdea: Espainia

Puntuazioa: 7

Los Tontos y Los EstupidosHasiera batean benetako eszenatoki eta inguruneetan grabatzea pentsatzen zuen arren, diru laguntza eskasiaren erruz filmaren dimentsioa nabarmen txikitu behar izan zuen Roberto Castón zuzendari galiziarrak. Emaitza, ordea, freskotasun eta originaltasunez beteriko elkarrizketetan oinarrituriko obra inspiratua da.

Egunerokotasunean edonork jasan ditzakeen egoera ezberdinetan azaltzen dira istorioko pertsoniak eta ikusleak kokalekuak ikusi ez arren oso biziak dira, bakoitzak bere modura imajinatzea eragiten du. Emozio indartsuetan oinarrituriko antzezpenek pisu handia dute pelikularen garapenean zehar, antezten ari diren fikziotik kanpo, errealitatea dirudien baina fikzioa izaten jarraitzen duen beste egoera batean murgiltzen direlako.

Trailerra:


– VINCENT

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Thomas Salvador

Herrialdea: Frantzia

Puntuazioa: 6

VincentVincent, bizitzan motibazio berezirik ez duen gizona da, uraren bitartez botereak lortzeko gaitasuna duela ohartuko da. Superheroi klasikoaren figuratik urrun, filmak naturaz kanpoko botereek gizaki arrunt batengan nola eragin dezaketen erakustea du helburu.

Baditu eraginkortasunez gauzaturiko umorezko hainbat une eta bere sekretua neska batekin konpartitzean harekin eraikitzen duen erlazioa istorioaren puntu indartsuena da. Vincentek urarekin sentitu beharko lukeen konexio zirraragarri horretan, ordea, ez du behar bezain beste sakontzen.

– CIENCIAS NATURALES

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: Matías Lucchesi

Herrialdea: Argentina

Puntuazioa: 5

Ciencias NaturalesAitaren desagerpenak sorturiko hutsunearen ondorioz triste bizi den haurra, bere bila abiatuko da eskolako irakaslearen laguntzaz. Bien arteko dinamikak baditu potentzia handiko une batzuk, bereziki han eta hemen bila ari direla gizon baten etxera iritsi eta hainbeste denboraz bere aita dela pentsatzen egon ostean errealitatean beste pertsona bat dela konturatzen denekoa.

Istorioa sinplea da, ondo gidatua eta 72 minutuko luzapenarekin asmatzen du, gehiago hedatuz gero jasangaitza bihurtuko litzateke. Zoritxarrez, joan den urteko “Raíz” filmarekin konparaketa saihestezina izan zen, biak ala biak gai berbera lantzen duten produkzio hegoamerikarrak izanik. Bigarren aldiz pelikula berbera ikusten egotearen deja vu sentsazioak aspergarri bihurtu zuen.

 Trailerra:


– SILENT HEART

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Bille August

Herrialdea: Danimarka

Puntuazioa: 9

EMAKUMEZKO AKTORE ONENA: Paprika Steen

Silent HeartZahartzaroan sarturiko endekapenezko gaixotasuna duen emakume baten hiltzeko nahiaren inguruko filma. Aukera duen bitartean, beste inor arriskuan jarri gabe, heriotza bere kabuz gauzatzeko duen desioak berarekin denbora gutxiegi igaro duela sentitzen duen alabaren tristurarekin talka egingo du agur modura familia osoa bere etxean elkartzen den gauean.

Pelikulak trataturiko gaia zinez konplikatua izanda ere, ikuspegi oso gizatiarretik kontatzen du, familiako kide bakoitzaren sentimenduetan sakonduz. Istorioaren garapena oso eraginkorra da, hainbat pertsonaiek transformazio handiak jasaten dituzte eta umorearen bitartez harnasa hartzeko tartea ere ematen digu, berez hain itogarria den egoera batean. Musika egokiak eta argazkigintza apartak borobiltzen dute jaialdi osoko pelikularik onenetakoa izan dena.

 Trailerra:


Astelehena, 22

– CHRIEG

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Simon Jaquemet

Herrialdea: Suitza

Puntuazioa: 8

ChriegHiru egunen ostean, astelehen goizean iritsi zen Zuzendari Berriak saileko proposamen deigarrienetako bat. Suitza hotzean, 16 urteko Matteo mendiko barnetegi batera bidaltzen dute gurasoek, bere portaera zuzentzeko asmoz. Bertan aurkituko duena, ordea, etxola batean bizi den umezurtz talde sendoa da, laster bere benetako familia bihurtuko dena.

Indarkeriazko bizitzara ohitu eta muturreraino eramango du, bere aita jipoituz. Biolentziak segurtasuna emango dio, zerbaiten parte sentitzen delako, baina komunitate txiki horren hauskortasuna nabarmena izango da elkarren artean sorturiko amodio, desadostasun eta traiziozko erlazioen bitartez. Istorio gordina baina adimenez gauzatua.

– NAME ME

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Nigina Sayfullaeva

Herrialdea: Errusia

Puntuazioa: 7

Name MeLagun handi diren bi neska lirainetako batek aspalditik daki bere aita non bizi den, baina inoiz ez du berarekin erlaziorik izan eta nolakoa den ezagutzeari beldurra dio. Ondorioz, elkarren artean izenak trukatu eta bere etxera hurbilduko dira. Bata ausarta eta bestea lotsatia, filmean zehar aldatzen joango diren bi izaera oso ezberdin irudikatzen dituzte neskek.

Familian hutsuneak sor dezakeen desegonkortasunean sakontzen duen istorioak garapen eraginkorra du, bikote protagonistak oso ondo funzionatzen du, frustrazio eta desioekin loturiko sentsazioak azaleratuz. Planteatzen duen arazoa unibertsala da, munduko edozein tokitara estrapolatu liteke eta istorio bat gertuko sentitzeak beti izan ohi du garrantzia berezia.

 Trailerra:


– HAEMOO

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Shim Sung-bo

Herrialdea: Hego Korea

Puntuazioa: 8

HaemooAspalditik akatsez beteriko untziko kideei legez kanpoko etorkinak ezkutuan garraitzeko eskaintza egingo diete, untzia konpontzeko behar duten diruaren truke. Tamalez, egoeraren kontrola laster galduko dute eta tripulazio osoaren gainbehera nabarmena izango da. Produkzio handiko filma da, musika eta irudi ikusgarriekin, baita eszena gogoangarri batzuk ere; ezkutaturiko etorkinak gasak itota aurkitu ondoren euren gorputzak behe laino astunean zatikatu eta uretara botatzen dituztenekoa, esaterako.

Ordutik aurrera istorioa are depresiboagoa bihurtuko da, halako gertaera traumatikoak tripulazioko kideen emozioetan nabarmen eragingo du eta elkarren arteko batasun sentipena betiko galduko dute. Pelikularen meritu nagusia da hondamendi naturalen istorio klasikotik aldendu eta untziaren suntsipena gizakien arteko erlazioen porrotari egoztea, sinesgarriagoa egiten du.

Trailerra:


Asteartea, 23

– IN HER PLACE

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Albert Shin

Herrialdea: Hego Korea/Kanada

Puntuazioa: 8

In Her PlaceBaserrian bizi diren amak eta haurdun dagoen alabak hiritik iritsitako emakume bat hartuko dute etxean. Haurdunaldia aurrera doan einean hiruren iragana eta izaerak argitzen joango dira pertsonaia bakoitzaren jokamoldea adimen handiz eraikita dagoen istorio honetan. Euren arteko elkarrizketen bitartez, filmaren muinean kokaturiko hainbat ideia azaltzen dira, gertaerek aurrera egin ahala are esanguratsuagoak bihurtzen direnak.

Pelikularen izenburua zinez inspiratua da, bereziki ezintasuna eta tristurarekin loturiko sentsazioetan sakontzen duen kontakizunaren bigarren zatiari erreparatuz gero.  Oinarri soziopolitiko sakona ere badu, Hego Korean indarrean jarraitzen duen haurren negozioaren basakeria zuzenean erakusten duelako. Amaiera gordina izan arren, potentzia handiko mezua izanagatik ikuslea asebetetzen duen filma.

Trailerra:


– HISTORIA DEL MIEDO

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: Benjamin Naishtat

Herrialdea: Argentina

Puntuazioa: 4

Historia del MiedoEguneko bigarren filma askoz makalagoa izan zen. Joan den urteko Zinema Eraikitzen sailetik bultzatua, kaleetan nagusi den indarkeriaren ondorioz beldurrez bizi diren pertsonen istorioa da. Bakoitzaren kezkak ezagutzeko aukera ematen du pelikulak, baina oso azalean geratzen da eta ez du ikusleak kontakizunarekiko enpatiarik sentitzea lortzen.

Zuzendariaren helburua zein den igartzen da, baina erdi bidean geratzen da istorioaren zein pertsonaien sakontasun faltarengatik, amaiera aldera aspergarri bihurtzeraino.

Trailerra:


– LIMBO

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Anna Sofie Hartmann

Herrialdea: Alemania

Puntuazioa: 3

LimboLimbok, ordea, ez zuen zuzendariaren arrakastarik gabeko helburua ikusleek ulertzea ere lortu. Pelikula loturarik gabeko ideia deformatuek osatzen dute, elkarrizketak hutsalak dira eta istorioaren plano orokorrean noraezean dabiltza.

Eskolako eszenetan trataturiko gaiak mamitsuak dira, gizaki orok dituen kezka eta hausnarketen inguruan solasean aritzen direlako, baina horiek zeresan eskasa dute istorioaren osotasunean. Jaialdiko filmerik okerrena, zalantzarik gabe.

– LA ISLA MÍNIMA

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Alberto Rodríguez

Herrialdea: Espainia

Puntuazioa: 8

GIZONEZKO AKTORE ONENA: Javier Gutierrez

ARGAZKILARITZA ONENA: Álex Catalán

Isla Minima Una pelicula de Alberto Rodriguez Produccion AtipicaHorrelako beherakadaren ostean, eguna amaitzeko sentsazio hobeak sor litzakeen filmeren bat ikustea ezinbestekoa zen eta kontsolamendua baino askoz gehiago lortu genuen Alberto Rodríguezen berriarekin. Neska batzuen desagerpenaren ikerketa da frankismo ostean giroturiko polizia-thrillerraren abiapuntua.

Argazkilaritza zoragarria da, kokaleku bakoitzeko sentsazio ezberdinak ezinhobe transimitzea lortzen du, musikaren bitartez tentsioaren neurketa ere zuzena… zentzu guztietan ondo gidaturiko istorioa da, amaiera barne. Maisutasun gorenera iristeko akaso bikote protagonistaren arteko erlazioa karismatikoagoa izan zitekeen, baina euren antzezpenak ere ez dira makalak. True Detective telesailaz oroitzea sahiestezina suertatzen da une batzuetan, eta hori guztiz positiboa da, filmaren maila altua islatzen duelako.

Trailerra:


– PASOLINI

Saila: PERLAK

Zuzendaria: Abel Ferrara

Herrialdea: Italia

Puntuazioa: 8

PasoliniArtista italiar mitikoaren bizitzako azken egunak dokumentazio zehatzarekin baina era berean hipotesiekin jokatuz azaltzen duen filma. 40 urteren ostean, oraindik ere, bere heriotzak misterio bat izaten jarraitzen du eta pelikulak bere bizitza ulertzeko modua eta gizartean boterea zuten pertsona edo elkarteekin mantentzen zuen erlazioan sakontzen du.

Pertsonaia batzuk arazo baten aurrean jarri eta egoera dramatikoak garatzen dituen kontakizuna espero duen zinezalearentzat akaso etsigarria izango da, baina gizartea gobernatzen duten arauen inguruan azalduriko ideiek ikusle oro hausnarketa sakonetan murgiltzen dutela eztabaidaezina da. Gainera, egoera bakoitzean azalduriko sentsazio ezberdinak indartzeko italiar musikako obra klasikoen erabilera aparta da.

Trailerra:

 

Asteazkena, 24

– CAIN´S CHILDREN

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Marcell Gerö

Herrialdea: Hungaria

Puntuazioa: 8

Cain's ChildrenJaialdian ikusitako lehen dokumentala, gazteak zirela hilketak gauzatu izanaren ondorioz euren bizitza betiko aldatu zen gizon hungariar batzuen istorioa. Iraganeko grabaketak egungo testigantza garratzekin txandatzen dira lehen begiratuan kriminalak diruditen baina errealitatean gizatasun osoz joka dezaketen gizonen bizitzak ezagutzeko.

Dokumentalak horixe azpimarratzen du, gizarteak arazoan sakondu gabe kriminalizatzen dituen gizonek indarkeria erabili izana bizitza ereduaren akatsen ondorioa dela, sistemak era batean edo bestean itotzen zituelako iritsi zirela puntu horretara eta ez, besterik gabe, jendea hiltzeko gogoa zutelako. Hau indartzeko euren familia erlazioak agertzen dira eta baita gaztarotik markatu dituen ekintza batenpean egoteagatik gizarteak nola seinalatu eta tratatu dituen. “Gizartearen gehiengoarentzat dauzkazun gauzek dute garrantzia bizitza honetan, ondasun materialek. Zure izaerak, ordea, benetan nor zaren jakiteak, ezer gutxi inporta du” zioen protagonistetako batek.

Zati batzuk laburtuz transmititu nahi duen mezua are eraginkorragoa izango litzatekeen arren, txalotzekoa da pertsona hauek betiko markatu dituzten esperientzien inguruan hitz egiteko zenbateraino ireki dioten bihotza munduari.

Trailerra:


– EDEN

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Mia Hansen-Love

Herrialdea: Frantzia

Puntuazioa: 6

EdenDisco musikaren barneko Garage estiloan Parisen DJ modura hasten diren bi lagunen arrakasta igoera, AEBetara bidaia eta ostera infernura jasandako jaitsiera azaltzen dituen istorioa. Musikaren industrian arrakasta, dirua eta drogak nahastearen ondorioz pasio bezala hasitakoa zenbateraino deformatzen den erakusten du pelikulak eta baita musika elektronikoak urteetan zehar izandako garapena ere.

Musika estilo gustuko ez izateak eragina izan dezake pelikula epaitzerako orduan, baina musika mugimenduak aztertzen dituzten filmeek, estilo bat edo beste izan, musikarien bizitza eta sentsazioetan sakontzea izan ohi dute bereizgarri. Pelikula frantsesak protagonistaren bizitza azaltzen du, baina artistaz gain gizaki bezala dituen kezka eta arazoekiko lotura afektiboa eraikitzea zail egiten da. Produkzioa txukuna izan arren, gehiegizko luzapenak ere ez dio mesederik egiten; hainbat izan ziren filma noiz bukatuko ote erlojura begira amaitu zutenak.

Trailerra:


– GÜEROS

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: Alonso Ruizpalacios

Herrialdea: Mexiko

Puntuazioa: 9

HORIZONTES LATINOS SARIA

GAZTERIAREN SARIA

GüerosIkuslearen fokoa istorioan are gehiago zentrarazten duen zuri beltzean grabatua, freskotasun izugarria izan zuen asteazkenean ikusi genuen azken filmak. “Güeros” mexikarrak soinu ezberdinen bitartez bikain antolaturiko sentsazio-amalgama ekarri zuen, etxeko eskaileretan barrena korrika doazen une itogarritik, abesti leunetan oinarrituriko umore edo amodiozko eszenetara, esaterako.

Pelikularen gidari gisa istorio nagusi bat egon arren, pertsonaiek egoera ezberdin mordoari egin beharko diete aurre, elkarrizketen bitartez euren arteko dinamikak magia berezia lortzen du, ikusleak atentzioa une batean ere ez galtzea eragiten duen gidoi zirraragarriari esker. Grabaketaren erdian eten eta antzezpenetik kanpo kamerari hitz egiten ari direnaren plantak ere egiten dituzte, hori ere funtsean filmaren parte den arren. Horrez gain, herrialdeko garaiko gatazka soziopolitikoak bultzatutako gazteriaren egoera ere islatzen asmatzen du.

Proiekzioa amaitzean aretoan bertan zeuden zuzendari eta aktoreek publikoaren aldetik jaso zuten txalo zaparrada Gazteriaren Saria irabaziko zutenaren erakusle argi izan zen. Sari banaketa ofizialean, gainera, Horizontes Saria ere eskuratu zuten, biak ala biak merezimendu osoz.

Trailerra:


Osteguna, 25

– TOTO AND HIS SISTERS

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Alexander Nanau

Herrialdea: Errumania

Puntuazioa: 7

Toto And His SistersOsteguna drogek suntsitutako familia txiro batean zentratzen den dokumental batekin hasi genuen. Umearen ilusio eta inozentziarekin talka egiten du haurra zaindu eta hezi behar dutenen bizimoduak. Totoren arrebak 15 urte besterik ez dituen arren, amaren hutsunea bete eta emakume heldu bat izango balitz bezala egin beharko die aurre horrelako egoera konplikatuei. Tamalez, irakurtzen ere ez daki, zorigaitzez beteriko bizitzaren beste erakusle bat.

Istorioko protagonisten sentsazio pertsonalak diren bezala, artifiziorik gabe, islatu izana da dokumentalak hoberen egiten duena. Bideoak errealitatea epaitu gabe erakusten du, pantaila aurrean duena ikusleak nahi bezala interpreta dezan. Drogazaletasunaren amildegian eroritakoek kartzelan, jana eta sendagarriak dituztenez, kaleko miserian baino hobe bizi direla esaten duten unea deigarria da, eta Toto helduago bihurtzean zulo berera eroriko ez ote den pentsaratzen digu. Ostera zuzendariarekin izandako solasaldian, zorionez, Toto eta bere arreba egun iluntasunetik urrun bizi direla kontatu zuen.

Trailerra:

 

– LA SALADA

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: Juan Martín Hsu

Herrialdea: Argentina/Espainia

Puntuazioa: 5

La SaladaZinema Eraikitzen sailak bultzatutako bigarren filma, Kursaal kanpoan kartel erraldoia eta jaialdiko egunkariko azala ere izan zuen. Jakina da Zinemaldiak lan horiei bultzada berezia eman behar diela, baina hainbeste iragarpenen ostean zerbait hobea espero genuen.

Pelikulak hainbat pertsonen egunerokotasun monotonoa azaltzen du, elkarrizketa eta egoeren garapen interesgarriaren bitartez. Istorioen arteko lotura, ordea, nahiko ahula da eta amaieran ikuslea filma hasi baino lehen bezala geratzea eragiten du, sentsazio edo emoziorik barneratu gabe.

Trailerra:


– THE LESSON

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Kristina Grozeva, Petar Valchanov

Herrialdea: Bulgaria

Puntuazioa: 7

KUTXA ZUZENDARI BERRIAK SARIA

The LessonEskola bateko irakasleak lapurretarik egin behar ez dela erakusten die haurrei, baina filmean zehar emakumearen istorioa ezagutzen joan ahala berari ere irakatsi nahi duen hori betetzea zail egingo zaiola ikusiko dugu.

Krisi ekonomikoan oinarritua, emakumearen frustrazio eta beldurretan sakontzen du pelikulak, eszenak garatu ahala geroz eta itogarriagoa bihurtzen diren eszena eraginkorren bitartez. Deigarria da egoerak gidatzeko musika eta soinurik ia erabili gabe ikusleari muturreko sentsazioak transmititzeko duen abilezia. Gertaera batzuen segida sinistea zaila den arren, orokorrean gaur egun edozein herrialdeetan gerta litekeen ideia bat azalduz indar handiko istorioa osatzea lortzen du.

Trailerra:


– LOREAK

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Jon Garaño, Jose Mari Goenaga

Herrialdea: Euskal Herria

Puntuazioa: 8

LoreakSail Ofizialean bi pelikula izanik, aurtengoa garrantzi handiko edizioa zen euskal zinemarentzat, zalantzarik gabe. Zinemaldiaren istorian urrezko maskorraren lehian euskarazko lehen filma izandako “Loreak”ek ikusmin handia sortu zuen eta baita soberan frogatu ere bertan merezimendu osoz zegoela.

Loreen bitartez elkarturiko pertsonen istorioak edonorentzat identifikagarri izan daitezkeen familia, desioak, beldurrak eta oroitzapenak bezalako gaietan sakontzen du maisutasunez gidaturiko erritmoan. Garaño eta Goenaga buru dituen lan taldeak aspalditik darama elkarlanean eta heldutasuna nabaritzen zaie ideiak gauzatzerako orduan. Estetika ederra da, elkarrizketak zainduak, bereziki istorioaren une giltzarrietan, eta pertsonaiek, gizatasun handiko sentimenduak espresatuz, bilakaera esanguratsuak jasaten dituzte kontakizunean zehar.

Saririk eskuratu ez arren, harrera beroa izan zuen eta nazioarteko jaialdien zirkuituetan ondo funzionatzeko ez luke arazorik izan beharko.

Trailerra:


Ostirala, 26

– MODRIS

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Juris Kursietis

Herrialdea: Letonia

Puntuazioa: 4

ModrisGazteriaren Epaimahaikide bezala pelikulak ikusi beharreko azken eguna ez zen espero bezala hasi. Familiako arazoen ondorioz baldintzapeko askatasunpean bizi den gazte baten inguruko istorioak intentzio ona zuen, bere izaera garatu beharreko bizitzaren aroan jasaten duen errepresioa hurbiletik sentitzea bilatzen du kameraren erabilerarekin, errealitatea bere begien bitartez ikusiko bagenu bezala.

Kontakizuna sinesgarriagoa bihurtzeko asmoz zuzendariak aktore ez profesionalen alde eginiko apostua da, ordea, ideia suntsitzen duena. Aktore protagonistaren karisma falta izugarria da, egoera guztietan espresio berbera adierazten du eta, ondorioz, potentzia handia izan zezaketen hainbat eszena ezerezean gelditzen dira.

Trailerra:


– CASA GRANDE

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: Fellipe Gamarano Barbosa

Herrialdea: Brasil

Puntuazioa: 7

Casa GrandeRio de Janeiroko familia aberatseko nerabe baten ikuspegitik, bizitzan esperientzia berriak izaten hastean ezaguturiko sentsazioak azaltzen ditu, familiaren gatazka ekonomikoarekin batera. Konplexutasun handirik gabe, amodioa, festak, ikasketak, lana eta etorkizuna bezalako bizitzako esperientzia unibertsalei egiten die erreferentzia, egoerak sinesgarri egiten dituzten elkarrizketa zein antzezpen freskoen bitartez.

Gai ezberdin asko ukitzen ditu eta pertsonaien erreakzio naturalei esker istorioa errealitatera are gehiago hurbiltzen da. Kasu honetan, aktore asko ere profesionalak ez izan arren, euren arteko dinamikek oso ondo funzionatzen dute. Era berean, drama nagusi izanda ere, une zehatzetan umorea erabiltzeak are entretenigarriagoa egiten du.

Trailerra:


– GENTE DE BIEN

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: Franco de Lolli

Herrialdea: Kolonbia

Puntuazioa: 5

Gente de BienArratsaldeko pelikulak ere, zoritxarrez, makalak izan ziren. Bat batean ia ezagutzen ez duen aitarekin bizitzen hasten den hamar urteko haurra eta lagundu nahi duen familia aberats baten arteko dinamika azaltzen du. Umeak hain gazte izanik gurasoen babesik ez edukitzearen zorigaitza adieraziko du eta familia diruduneko emakumeak bere burua kontsolarazteko umearekiko sortzen duen nahigabe sentimena.

Filmak klaseen arteko ezberdintasunak markatzen ditu uneoro, gizartearen maila ezberdinetan diruaren esklabu diren pertsonen bitartez. Une xarmagarri batzuk ere baditu, afaltzen ari direla mahai inguruan duten solasaldia esaterako eta haur bat istorioaren erdigune izateak ere meritu handia du. Hala ere, lotura emozionalak eraikitzierako orduan porrot egiten du, transmititu nahi duen mezua indartu gabe geratzen da. Ideia ona da baina errealizazioa okerra.

Trailerra:


– LA MADRE DEL CORDERO

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Enrique Farias, Rosario Espinosa

Herrialdea: Txile

Puntuazioa: 6

La Madre del CorderoHainbeste pelikula ikustearen ondorioz nekeak eta amaitzeko gogoak markatu zuen eguneko laugarren filma. Amona zaharren elkarrizketa aspergarrietan oinarrituriko hasierako planteamendu astuna ez zen batere lagungarria izan, ezta asko hobetu zitezkeen irudi zein soinua ere.

Nabarmen iluntzen den istorioaren bigarren zatiak indar gehiago du, frustrazio sexualetan sakondu eta txalotzeko antzezpenak ere baditu, ama eta alabarenak bereziki. Animalien ipuinen bitartez familia eta elkartasunaren inguruko metaforen erabilera ere interesgarria izan zen, baina nahaste orokorrak xehetasun horiek baino gehiago une ahulak nabarmentzea eragin zuen.

Trailerra:

 

– LASA ETA ZABALA

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Pablo Malo

Herrialdea: Euskal Herria

Puntuazioa: 8

Lasa eta ZabalaSail ofizialeko bigarren euskal filma, kasu honetan lehiaketatik kanpo planteatzen duen errealitate soziopolitikoaren polemikaren ondorioz. Bi gazteek jasan zuten injustizia azpimarratu eta euren memoria omentzea da filmaren jomuga nagusia. Kontakizuna gogorra da, torturazko hainbat eszena espliziturekin, baina halaxe behar zuen errealitateko ekintzen gordintasunera ahalik eta gehien hurbildu ahal izateko.

Dokumentazio sakonean oinarritzen da pelikula, kronologia zehatz baten bitartez gatazka eta ostera ikerketa nola garatu zen erakusten duena. Euskara zein gazteleraz grabatua dago, pertsonaiak ahalik eta sinesgarrien egiteko asmoz eta antzezpenak ere txukunak dira, aktoreek sentimendu sakonak azaleratzea lortzen dute. Musikaren erabilpena ere egokia da, egoera bakoitzaren dramatismoa areagotzeko balio duelako. Era berean, hasierako kredituen animaziozko irudiek eta tentsiozko soinuek ezinhobe girotzen dute istorioa.

Errudunak seinatu arren, torturak jasan ezin dituen guardia zibilaren figura edo euskal abokatuak ustelkerian erortzeko duen tentaldiak kontakizuna are gehiago osatzen dute, ona eta txarraren arteko tartea hain handia ez dela azpimarratuz.

Trailerra:


Larunbata, 27

– SAMBA

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Olivier Nakache, Eric Toledano

Herrialdea: Frantzia

Puntuazioa: 9

SambaJaialdiko azken eguna Oliver Nakache eta Eric Toledanoren lan berriarekin hasi zen. 2011ko “Intouchable”k izandako arrakasta errepikatzea zaila izango den arren, “Samba”ren bitartez frantziarrek berriz ere euren helburua lortu dute.

Istorioak sakontasun dramatikoagoa du, egun gizartean eztabaidagai nagusietakoa den etorkinen afera konplexuan zentratzen da, baina egoera gogorrak komediarekin maisutasunez nahasi eta proposamen freskoa zein dibertigarria lortzen dute. Omar Sy eta Charlotte Gainsbourgen arteko konexioa zoragarria da eta eszena bakoitzaren zeresana handitzen duen musikaren erabilera ere bai.

Istorioak arazoaren alde gizatiarra azpimarratzen asmatzen du, egoera horretan dauden pertsonen emozioak ulertu eta are sinesgarriago egiten duelako. Emozioz beteriko amaieran, une batez, badirudi komedia alde batera utzi dutela, baina azken eszenak pelikulak funtsean transmititu nahi duen alaitasuna berretsi eta ikuslea aretotik irribarretsu ateratzea eragiten du.

Trailerra:


– ESCOBAR: PARADISE LOST

Saila: PERLAK

Zuzendaria: Andrea Di Stefano

Herrialdea: Frantzia/Espainia/Belgika

Puntuazioa: 7

Escobar - Paradise LostBigarren Donostia Saria Benicio del Toro aktore puertorricarrak jaso zuen, thriller bizi hau gauzatzeko Kolonbiaren historiako narkotrafikatzaile sonatuenaren azalean jarri zena. Istorioa, ordea, “The Hunger Games” sagari esker ezagun egindako Josh Hutchersonek antzezturiko Nick surfzalearen ikuspuntutik garatzen da, bertako itsasoaz gozatzera iritsi baina Escobarren iloba, Maria, ezagutzean bizitza betiko aldatuko zaion gazte kanadarra.

Errealizazioa landua da eta indarkeriazko ekintzak hasten diren unetik maila handiko irudi lazgarriak eta akzioz beteriko eszenak ageri dira, baina kontakizunak baditu hainbat puntu ahul. Istorioa osatzen duten pertsonaien bizitzan ez da behar bezainbeste sakontzen, Escobarren familia gizon ohoretsu eta mafioso gupidagabearen arteko izaera bikoitzean, Maria eta Nickek dituzten zalantza eta kezketan, azken honek bere anaiarekin duen erlazioan… hasieratik lotura emozional esturik ez sortzeak, gerora pertsonaia horiek muturreko egoeretan daudenean ikuslearen harridura hain handia ez izatea eragiten du. Nick eta hil behar duen haurraren arteko sekuentzia da alde gizatiarragoa erakustearen ondorioz filmean inpaktu emozional handiena duena.

Pertsonaien gizatasunean sakontzea falta izan zaio pelikulari, mafiako istorio arrunt bat kontatzetik bere dizdira propia duen filma izatera igarotzeko.

Trailerra:


– THE TALE OF THE PRINCESS KAGUYA

Saila: PERLAK

Zuzendaria: Isao Takahata

Herrialdea: Japonia

Puntuazioa: 8

The Tale of the Princess Kaguya“La Tumba de las Luciérnagas” filma edo “Heidi” eta “Marco” bezalako animaziozko telesail sonatuen sortzailearen azken lana banbuzko zuhaitz batetik jaiotako neskaren istorioa da. Bikote heldu batek aurkitu eta zainduko du, baina laster ohartuko dira ez dela besteak bezalakoa, ziztu bizian hazi eta ezhoiko botereak dituela. Ondorioz, basotik hirira mugituko dira, printzesa bilakatu eta luxuzko bizitza izateko asmoz.

Pelikula gizartearen funtzionamendua irudikatzen duten metafora eta sinbologiaz beterik dago; natura eta hiriaren arteko talka, emakumeen menpekotasuna, lurra eta ilargiaren arteko paralelismoa… Hori guztia edertasunez beteriko irudi zirraragarrien bitartez garatzen da, printzesaren sentsazioak bikain islatzen dituena, hiritik ihes egin nahian saminduta belar artean korrika doanetik, naturarekin bat, alaitasunez beterik sentitzen den unera arte.

Printzesarekin ezkontzea helburu duten bost printze aberatsen pasarteak laburragoa izan beharko luke, baina filmaren mamia laburtzen duen abesti goxoa eta printzesak espaziotik lurrari azken begirada ematen dioneko amaiera poetikoak ikuslea asebetetzea lortzen du.

Trailerra:

Egun gizartean bizi ditugun gatazka sozial ezberdinen inguruko filmeek markaturiko edizioa amaitzeko modu ezinhobea. Datorren urtera arte!