Posts Tagged ‘AEB’

XX. mendeko bigarren erdiko zinegile handien artean da Steven Spielberg, egungo zinemagintzaren oinarriak finkatu zituen ‘Hollywood Berria’ren aitzindarien artean da, 50 urteko ibilbide profesionalean genero zein joera oso ezberdineko 34 film zuzendu ditu eta horietako hainbat zinemazaleen oroimenean geratu dira betiko iltzatuta. Plazaratu duen berriena da The Post, 70eko hamarkadan The New York Times eta The Washington Post egunkariek publikatzeko eskubidearen inguruan egin zuten defentsa biziaren garaiako kronika. New Yorkeko kazetak hasi eta Washingtonekoak osatu, Richard Nixon buru zuen AEBetako gobernuak, Vietnamgo gerraren inguruan ezkutatuan mantendu nahi zituen sekretuak azaleratu zituzten The Pentagon Papers bezala ezagun diren dokumentuen bitartez.

The Post11Narratiba zein zinemagintza estiloari erreparatuz gero, nabari da honakoa Spielbergek zuzenduriko filma dela. Uneoro abentura kutsua mantentzen duen istorioak amaiera garaile bezain gozagarria du eta, noski, gidoi zein eszenaratze neurtuei erabateko probetxua ateratzen die istorioaren dimentsio dramatikoa aberasteko. Istorioak funtsean kazetaritzaren jatorrizko espiritua eta funtzioa gogorarazten digu: boterearen zelatari izatea, eta zinegile estatubatuarrak adimen handiz islatu du historikoki gobernari eta berriemaileen artean izandako gertutasunak helburu hau erabat betetzea zenbateraino oztopatzen duen. Kontakizunaren dimentsio hau alor ekonomikoarekin lotzen du Spielbergek, Meryl Streepek haragiturako egunkari jabearen bitartez. Streepek aurre egin behar die gobernuan zein inguruko zirkulu boteretsuetan mugitzen diren indar korporatiboei informazioa argitaratu ala ez eta hori zein modutan egin erabakitzerako orduan. Baina, horrez gain, filmak Streepen pertsonaiak egoera horretan bizi duen drama pertsonala ere gehitzen du eta horren bitartez lantzen ditu bere zinemagintzan beti presente egon den giza drama, ondarea eta oinordekotza bezalako gai potoloen gogoetaren bitartez.

Dena den, kontuan izan beharrekoa da Spielberg gertaera hauek jazo zirenetik 40 urte igaro direnean kontatzen ari dela istorioa. Iraganeko mundu horren irudikapena egitean erabilitako elkarrizketek ezinbestean dute egungo egoera soziopolitikoaren kutsua eta horrek bidea ireki liezaiokeen arren belaunaldien arteko elkarrizketa interesgarria eraikitzeari, filma deformatu ere egin dezake.

The Post2Zentzu horretan ausartagoa izan zen Alan J. Pakula 1976an All the President’s Men filma argitaratzen, Nixonek Watergate eskandaluaren ondorioz dimisioa aurkeztu eta bi urtera osatu baitzuen filma. Hain zuzen, interesgarria da Watergaten garaiari erreparatzea, Spielbergen film berriko azken eszenak erreferentzia egiten baitio kasua ikertzeko lehen pizgarria izan zen Alderdi Demokrataren egoitzan eginiko lapurretaren bitartez. Baina beste hainbat paralelismo egitea ere posible da, azken batean, bi filmen erdigunean baitaude garai, egunkari eta administrazio berberaren inguruko ustelkeria istorioak. Hein batean, beraz, esan liteke elkar osatzen duten pelikulak direla, Pakulak informazio eskubidea eta egia azaleratzearen aurka estatuak hankak zenbateraino lokazten dituen fintasunez erakusten duen bitartean, Spielbergek kazetari ikerketatik harago begiratu eta halako ikerketa batek hedabide ororen egitura orokorrean dituen ondorioetan jartzen baitu fokua.

AEBetako egungo egoera politikoa kontuan izanez gero, The Post ez da kasualitatea. Prentsa askatasuna kolokan eta presidentearen impeachmenta hain gertu izan zituen garaiak badu antzekotasunik Donald Trump eta Errusiaren arteko harremanak eztabaida publikoaren erdigunea bereganatu duen egungoarekin eta, zentzu horretan, esan liteke Akademiak ez duela Spielbergen obra sarituko, egun pil-pilean dagoen aferari eutsi baino, nahiago izan duelako denboraren poderioz hoztu den istorioa lehenetsi. Filmak Oscarra irabazteko aukera izango luke, Eliza Katolikoan pedofiliak duen tartea azaleratzen Spotlight goratuak duela bi urte egin bezala, kazetarien balentria kontatzeaz gain, kontakizuna ikuslearen barrenak eta kontzientzia aztoratzeko baliatu izan balu.

Trailerra:

GET OUT (Jordan Peele)

Posted: 25 otsaila, 2018 in OSCARS, SARIKETAK
Etiketak: , , ,

Beldurrezko filmak Oscarretan egotea ez da ohikoena izaten, bere garaian urteko pelikula okerrenen garaikurrak ematen dituzten Razzie sarietan hautagai izan zen Stanley Kubrick bera urteen poderioz kultuzko bilakatu den The Shining filmeko zuzendaritza lanaren ondorioz. Horrek argi erakusten du Hollywooden Akademiak genero honetako filmekiko duen jarrera: bazterrean egotea merezi dute, bigarren maila batean. Get Out, ordea, ez da ohiko beldurrezko istorioa.

Get Out 1Ezin interesgarriagoa da aktore lanetan ezaguna den Jordan Peele estatubatuarraren zuzendari debuta, beldurrezko generoa iraultzen duelako arraza problematikaren inguruko istorio aztoratzailea kontatzeko. Estiloko filmen ohiko kodeak eraginkortasun osoz erabiltzen ditu, esaterako, misteriotsu zaizkigun elementuen sekretuak azaleratu ahala hauek istorioan eta pertsonaiengan duten eragin argigarria. Dena den, ezinegona eta beldur sakonena eragiten dituena istorioak lantzen duen gatazka soziala da, arrazismoaren dimentsioak ematen dio kontakizunari mamia.

Kontuan izan beharko genuke Peelen estreinako obra Obamaren agintaldien osteko filma dela. Ideologia eraikitze bezala, zinema gizartearen termometro eta ispilu ere izan daiteke, eta filma azken batean 2016ko hauteskunde presidentzialetan Donald Trump gailendu izanaren sintoma eta emaitza da. Beltzekiko errespetu falta inoiz baino onargarriagoa bilakatu da hainbat komunitatetan, eta lehen itzalean zeuden muturreko joerak kalera atera eta harrotasunez erakutsi dituzte pertsona askok, establishmentak normaltzat hartzeraino. Askotariko luxuez gozatzen duen familia dirudunak beltzak bahitu eta gatibutza fisiko zein psikologikoan edukitzea ziurrenik ez da errealitatearen isla literala izango, baina oraindik ere arrazismoa sustraituta duten AEBen metafora eraginkorra da.

Get Out2Alor formalari dagokionez, soinu banda eta muntaia erritmo biziaren alde egin du Peelek  eta tentsioaren kudeaketari erabateko probetxua atera dio ikuslea filmean bete-betean murgilarazteko. Horren erantzule da hein handi batean ere alor artistikoan dualismoaren ideia indartzen duten irudi simetrikoen erabilera. Erabakiok are txalogarriagoak dira Peelek luzemetrai batean zuzendari ardura lehenengoz hartu duela kontuan izanez gero. Iraupenak ere filmaren alde jokatzen du, ez baita bi ordura ailegatzen eta horri esker eszena oro egokitasun osoz kokatua dago tentsio dramatikoaren garapenean eta istorioaren puzzle orokorrean.

Salbuespenak izan ohi dira Oscarretan eta batzuetan Akademiak inork espero ez zuen onarpenekin harritzen gaitu. Aurtengoan, ordea, sariketa errondak hartu duen bidea kontuan izanik, bistakoa da Get Out sari nagusietatik urrun geratuko den filma dela. Baina hautagaitza bera garaipena da Peele eta bere lantaldearentzat eta, hein batean, esan genezake erabakiaren bitartez Akademiak helarazi nahi duen mezua honakoa dela: aktualitateko eztabaidagai nagusien artean diren gizarte dilemekin blaituz gero, beldurrezko filmek tartea izan lezakete Hollywooden sariketa nagusian. Beldurrezkoa, ordea, bazterreko generoa baino askoz gehiago da, eta azaletik harago begiratzen duen ikuslea jakitun da hainbat hamarkadatan zehar landu dituztela zinegileek estilo honetan mami sozial handiko istorioak. Peelen lorpena, akaso, baliagarri izango da, etorriko direnek ateak irekiago topa ditzaten.

Trailerra:

 

Katalunian ez ezik, mundu zabalean ere indarkeria poliziala hain presente dugun honetan, ezin aproposagoa da Kathryn Bigelow zinegile estatubatuarraren lan berriari erreparatzea. Detroit arrazakeriak eragindako gizarte tentsioen erdigune izan zen 1967an “12th Street Riot” izenez ezagun bilakaturiko gatazkan eta zuzendariak fokua jarri du torturatuak izan ostean akabatuak izan ziren hiru pertsona afrikar amerikarren kasuan.

Detroit1

Film Onenaren Oscarra eta historian lehenengoz emakume batek eskuraturiko Zuzendari Onenarena irabazi zituen Bigelowk 2008an Irakeko gerraren inguruko The Hurt Locker filmarekin eta Bin Ladenen harrapaketaren berri eman zuen AEBek gerrareriko duten moralitatea konplexuago landuz Zero Dark Thirty pelikulan. Oraingoan, ordea, azpimarra terrorismoa borrokatzen duten segurtasun indarrengan jarri ordez, terroristen pareko tratua pairatu zuten eta jazarpen konstantearen biktima izan ziren pertsona beltzen sufrimendua izan du ardatz. Zer pentsatu ematen du beltzen zapalkuntzaren inguruko filma osatzen kameraren atzean aritu den lantalde guztia zuria izateak, baina estereotipo eta pribilegiozko prismatik jaurtitako mezu moralizatzaileetatik urrun, sortzaileek errealitate gordinean lokaztu dituzte hankak. Filmeko lehen blokean nabari dezakegu bereziki Bigelowk zuzendaritzarako duen trebetasuna, kamera uneoro irudien tentsio dramatikoa nabarmen areagotzen duten esparruetara bideratzen du eta kaleko istilu kaotikoak, zein pertsonaien barne desio intimoenak, eraginkortasun osoz erretratatu eta konbinatzen ditu, minutu gutxitan istorio osoa sostengatzen duen gatazka narratiboaren abiapuntua indarrez finkatuz.

Jostailuzko pistola batekin poliziei tiro egin ostean azken hauek hotelean sarekada ezarri eta, tiratzailea nor izan zein pistola non dagoen argitu nahian, bertan zeuden pertsonen aurka tortura psikologiko zein fisikoa eragiten hasten dira. Bigarren bloke honek hartzen du filmaren metrajeko zati nagusia eta, horrenbestez, Bigelok alor formala gehien zaintzen duen pasartea ere bada. Algiers motelaren barnean harrapaturik, polizia zein pertsona beltzak gatibu bilakatzen dira ingurune itxian eta hori adimenez islatzen du minutuek aurrera egin ahala bertako denentzat geroz eta klaustrofobikoagoa bilakatzen diren egoeren bitartez. Muntaketa lana da honen erantzule nagusietako bat, plano azkarrak kateatzen ditu Bigelowk normalean, baina segida horri zentzutasuna emateko eginiko aukeraketa zehaztasun osoz planeaturikoa da, tentsio dramatikoa areagotzeaz gain, pertsonai bakoitzaren garunean zer gertatzen ari den ere ilustratzeko. Etengabe okerrera egiten duen egoeraren testiguek gorputz komunikazioaren bitartez adierazten dute hobekien unean uneko gertaeren aurrean izandako erreakzioak. Espresio horiek gainera ez dira, filmean zehar kateaturiko benetako irudien antzera, zuri edo beltz, tentsiozko momentu horietan pertsonaia bakoitzaren garunetik hainbat dilema igarotzen dira eta Bigelowk barne gatazka hori bera islatzea lortu du. Akaso erdiguneko pasarte honi leporatu geniezaiokeena da gehiegi luzatzen dela eta, horren ondorioz, filmareran itxiera antzutu egiten duela zentzu emozionalean.

Detroit2

Gertaeren osteko polizia galdeketa eta epaiketa biltzen ditu filmaren azken blokeak, baina bertan dena da azkarra eta laburra, kontakizunak ordura arte harturiko patxada albo batera utzi eta istorioaren amaiera presaka osatu nahi izango balu bezala. Amaierako kredituen aurretik irakur dezakegu filmak biltzen dituen gertaerak ez zirela inoiz argitu eta, ondorioz, pelikulako hainbat pasarte erabat oso ez diren testigantza eta dokumentuetan oinarritzen dela. Horrek justifika lezake filmak amaierako tarte horretan marraturiko bidea, baina nekez, erdiguneko pasarteak harturiko luzetasuna. John Boyegak hezurmaturiko polizia agente beltzaren pertsonaiaren  garapena, esaterako, aberats eta esanguratsuagoa izan ziteekeen hiru blokeen banaketa orekatuagoa izan balitz.

Baina narratiba eta estetikatik haratago, Detroit gizarte gaiei bete-betean eusten dien istorioa da, baita, tamalez, 50 urte beranduago apenas aldatu diren hainbat botere logikaren isla ere. AEBetan bertan poliziek eginiko hilketen estatistikei begiratuz gero, pertsona beltzak topa ditzakegu zerrendaren lehen postuan urtez urte. Arrazaren aferara mugatu ez eta prisma zabalago baten bidez begiratuz gero, indarkeria polizialak egungo gizartean erabat sustraituta jarraitzen duela ere gogorarazten digun pelikula da Bigelowren azkena, eta horregatik da halako istorioen kontakizuna hain garrantzitsu oraindik ere egun. Autoritate politikoen esanetara, orden publikoa eta biztanleriaren segurtasuna ziurtatzeaz arduratzen dena da polizia RAEren esanetan; filmak zein egungo beste hainbat kasuk islatzen dutenaren harira, ordea, ez litzateke atrebentzia izango esatea polizia biztanleriaren segurtasuna baino, autoritate politikoena ziurtatzeaz arduratzen dela, ezberdina dena isildu eta zapaldu, euren agintarien esanetara. Poliziei aginduak ematen dizkieten autoritate politikoaren ordezkariak dira hain zuzen Detroiten ausente nagusiak; gogora dezagun, filmak erakusten ez baina iradokitzen duena ere istorioaren parte giltzarri dela sarri.

Trailerra:

70 urte igaro dira Canneseko nazioarteko film jaialdi gorena abiatu zenetik, baina bi besterik ez dira bertan zuzendari onenaren saria irabazi duten emakumezkoak. Sofia Coppolak aurtengoan eskuratu du garaikur preziatua, The Beguiled fimean eginiko lanaren onarpen gisara. 1966an ‘A Painted Devil’ izenpean argitaratu zuen jatorrizko nobela Thomas P. Cullinan idazleak eta 1971ean Don Siegel zinegileak pantaila handira eraman zuen istorioa, emakumeak ardatz dituen istorioa, baina gizonezkoek kontatua bi kasuetan. Horixe izan da Coppolaren ekarpen azpimarragarrietako bat, kontakizuna prisma femeninoaren bitartez aberastea.

The Beguiled

Moldaketa den heinean, nabarmentzekoa da Coppolak Siegelen pelikulako hainbat pasarte oso modu paretsuan irudikatu dituela aspektu formalari dagokionez. Zenbait planoren konposaketa, eszena zehatzak garatzeko kokalekuen aukeraketa eta gertaera zehatzen bitartez argumentu nagusian tentsioa eraikitzeko erabilitako irudi eta soinu baliabideak badute antza 71ko filmarekin. Dena den, Coppola pauso bat haratago eman nahi izan du alor narratiboan. Filmeko lorpen nagusien artean da emakume bakoitzaren nortasuna gizonezkoarekin eraikitzen duen harremanaren bitartez azaleratu eta loratzea, ikusleak etxeko neska bakoitzaren izaera, kezkak eta jokatzeko moduaren inguruko xehetasun ezkutuak Colin Farrelek antzezturiko gerra soldaduarekin hartu emanak izateko duten moduaren bitartez ezagutzen ditu, eta honek istorioa konplexuago bilakatzen du, pertsonaien arteko hari dramatikoek indar handiagoz uztartzen baititu, ostera iritsiko den interes gatazkaren eztandaren dimentsioa ere areagotuz.

Zentzu honetan, istorioari indar handia ematen dio kokalekuak berak, eta bereziki etxea filma garatzen den gune bakarra izatea. Kokaleku berberek esanahi ezberdina hartzen dute istorioak aurrera egin ahala, ingurune fisikoa bere horretan mantendu arren, pertsonaien egoera emozionalak oihartzuna duelako bizileku duten presondegi ikusezinean. Azken batean, etxea kartzela modukoa da bertan bizi diren emakumeentzat, eta hori trebeziaz lantzen du ez bakarrik Coppolarekin estreinakoz elkarlanean aritu den Phillipe le Sourd frantziarrak argazki zuzendaritza apartaren bidez, baita muntaia lanetan arituriko arduradunek ere, eszenak berak garatzeko aukeraturiko kokalekuen bitartez istorioaren dramatismoa mamitsuago bilakatzea lortu dute. Kokaleku ezberdinen arteko segidaz osaturiko muntaiak pertsonaia bakoitzak egoera zehatzetan bizi dituen barne sentimenduei egiten die erreferentzia eta, horregatik erabaki du ardura handiz Coppolak eszena bakoitza lorategian, egongelan, logeletan edota jantokian garatzea. Lanketa formala, beraz, bikaina da, azalean sinplea eta lineala dirudien kontakizuna xehetasun konplexu eta ezkutuz betetzen duelako modu horretan.

The Beguiled2

Emakume eta gizonezkoen arteko talkaren inguruko istorioa izatearen itxura eman dezake azalean The Beguiledek, baina haratago joanez gero ohartuko gara gai konplexuagoak mahaigaineratzen dituen kontakizuna dela. Modu batean, gatibutasun konpartituan bizi dira emakumeak eta gizonezkoaren agerpenak euren bizitza hautsi eta eraldatzen du erabat, baina emakumeek ere efektu berbera eragiten dute gizonezkoarengan. Eraldaketa prozesuaren eta giza nortasunaren sakonean ezkutatzen den horren inguruan egiten du gogoeta filmak, gerrako beste hainbat kontakizun bezala, isilpean geratzen diren istorio ezkutu horiez. Azkenerako, emakumeek euren komunitatea eraiki dute etxe horretan, frontean borrokatzen duten gizonezko dominatzaileetatik urrun, eta garaiko gizartearen kodeen arabera euren gizarte rola menpekoa den arren, ideia hori desafiatu eta kolokan jartzen dute, eurentzat erabat askea ez den dinamika baten bitartez. Emakumezkoen artean ere bistakoa da hierarkia, adinak baldintzaturikoa kasu honetan, eta horrek eraginda eraikitzen du euretako bakoitzak nortasun propioa. Zentzu honetan, ezin ahaztu adina ezberdinetako aktorez osaturiko lantaldeak erdietsi duen lan koral txukuna.

Laburbilduz, istorio originala izan ez arren, Sofia Coppolak estilo estetikoa findu du nazioartean koroatu duen lanarekin. Zinegile eta zinezale belaunaldi oso batentzat erreferente izan den aitaren babeslekua aspaldi utzi zuen eta bi hamarkadako ibilbidean demostratu du zuzendari lanetan fintasunez aritzeko duen gaitasuna, bereziki, giza harremanen inguruko esplorazio intimoa besarkatzen duten istorioen bitartez. Ikusteke dago arrakastaren ostean sormen alorrean zein bideri emango dion jarraipena, baina kritika, publiko eta industria esperoan izango ditu, izan ere, meritu propioen bitartez bereganatu du hauek guztien arreta.

Trailerra:

Sei hamarkada kameraren aurrean, lau atzean. Aktore eta zuzendari lanetan esperientzia zabaleko gizona da Clint Eastwood; sorkuntza eta industria alorretan zinemagintzaren etapa ezberdin ugari bizitzeaz gain, gizarte eraldaketa sakonen  testigu ere izan da askotariko garai historikoetan zehar. Honek bere ibilbide profesionalean ezinbesteko eragina izan du eta, horrenbestez, interesgarri izan ohi da zuzendari estatubatuarrak bere filmetan gizartearen eta giza harremanen inguruan osatzen duen erretratuari erreparatzea.

Sully lan berrian heroitasuna izan du berriz ere hizpide nagusi. Filmak baina, ez dio amerikar nazionalismoari gorazarre egiten, pertsona arrunt ororen barnean egon daitekeen ausardiari baizik. Kritikariek eta ikusleek sarri egotzi diote Eastwoodi istorio abertzale kontserbadoreak egitea, American Sniper aurreko lana besteak beste, baina oraingoan, Bradley Cooperrek antzezturiko frankotiratzaile hilgarriaren istorioan bezala, amerikar amets idilikotik oso urrun marraztu ditu pertsonaiak. Gogortasunean sustraitutako istorioetatik gizatiarragoak diren horietara igaro da zinegilea, eta horren erakusle da, modu batean, behin westernen errege izan zenak egun istorio delikatuak lantzearen alde indarturiko joera.

Chesley Sullenberg hegazkin gidariaren balentrian jartzen du fokua Eastwoodek, gizakien esku geratzen ez diren gertaeren ondorioz, hegazkina modu okerrean aireratu eta New Yorkeko Hudson ibaian lurreratu behar izan zuen pilotua. Filmaren hasieran halako gertaerek irismen mediatikoa eskuratzean erdiesten duten plano ezberdinak erakusten ditu, alde batetik pilotuek eta bidaiariek ezjakintasunezko une horretan bizitakoa, gertaeraren berri eman eta ondorioz iritzi sortzaile diren hedabideena bestetik, eta ikuslego postutik ikuspuntu propioa sortu eta epaitzeko joera duten biztanleena azkenik. Filmak, ordea, ez du gizakion epaile izateko inertzia horretan sakontzen, eta horren ordez fokua protagonistaren barne zalantzetan eta ikerketa prozesuak eragindako presioetan jartzen du.

sully1Segurtasun krisi hori nabarmenena den eszenan esaten dio pilotu laguntzaileak Sullyri gogoan izateko urteetan New Yorken hegazkinekin loturiko gertaera pozgarriena dela eurena. Etengabekoak dira pelikulan zehar 2001eko irailak 11ri eginiko erreferentziak eta esan genezake, modu batean, etxe orratzen aurkako hegazkin talkekin loturiko protagonistaren amesgaiztoak AEB osoarenak direla, oraindik bizirik dirauen trauma kolektiboaren erakusle. Dena den, Eastwoodek oroimen hau ez du identitate abertzalea indartzeko baliatzen, sarritan itzalean geratzen diren heroi txiki horien balioa goraipatzeko baizik.

Ikusle batzuen begitan filma hanka motz gera liteke, akaso istorioak ez duelako bere baitan halako kontakizunetan ikusi ohi dugun dramatismorik, baina horrek ere filmaren helburua sendotzen du, ohiko eszenetara jotzea ekiditeaz gain, istorio txikia denari zukua atera eta handiago bilakatzen duelako. Azken batean, Clint Eastwood errealitatea eta fikzioaren artean jokatzen duen zinegile bilakatu da, benetako gertaerak pantailaratu eta imajinario kolektiboan mezu horiek filmen bidez ideiak eraikitzeko duten indarraren jabe. Horregatik da estimatzekoa, zinismotik aldendu eta bizitzaren ikuspegi positibora hurbilduz eginiko ekarpena.

Trailerra:

Sorkuntza krisian hondoratu dela nabarmendu dute askok, telesaila kemen eta inspiraziorik gabeko lana dela… baina Woody Allenek inoiz egin duen politikoenetakoa ere bada, eta susmoa dugu, ez ote den horixe izan gaitzespena jaso izanaren arrazoi nagusia, gure bizimoduaren inguruko hausnarketak mahaigaineratu izana bera.

crisis-in-six-scenes-woody-allen

Urteroko legez, britainiar irletako film batek tartea izan ohi du Oscarretan. Aurtengoan, Carolen bazterketa deigarria medio, bi izan dira eta horietako bat da John Crowley zuzendari irlandarraren Brooklyn melodrama gozoa, zeinak emigratzera beharturik, jatorrizko bizilekua utzi eta AEBn bizi berri bat bilatzen duen emakume irlandar gaztearen barne esplorazioa ikertzen duen.

Brooklyn1Identitatearen bilaketa, aberria eta etxearen arteko marra lausoa edota amodioaren irmotasuna dira filmaren gai nagusiak. Saoirse Ronan aktoreak sinesgarritasunez beteriko interpretazioa eskaintzen du, baina filmaren estandarrek mugatua; amalgama espresibo aberatsago baten inguruan jarduteko aukera izango luke zuzendariak proposamen ausartago bat mahaigaineratu izan balu. Pertsonaia protagonistaren eboluzioa interesgarria da hala ere, ingurunearekin batera eraldatu eta berriz ere Irlandara itzultzen denerako bertakoek inertzia berean jarraitzen duten arren, bera betiko transforma eta bere bizitzaren jabe bihurtu delako. Honek argitasuna eta koloreen lanketaren bitartez adimenez harrapaturiko dinamika dramatiko aberatsei atea irekitzeko balio du.

Istorioa bere osotasunean ere ondo harituta dago, eszena kateatze adimentsuak kontakizunaren bilakaera modu organikoan garatzea laguntzen du eta xehetasun artistikoak ere oso zainduta daude, garaiko janzkera eta kokalekuak girotzetik pertsonaien barne sentimenduak ilustratzen dituzten irudi sinbokikoetaraino, esanguratsuena gerora hilzorian gaixo zegoen arreba bizitza heriotzetik eta aldi berean Irlanda AEBtik banantzen duen ozeanoa sinbolizatzen duen errekari begiratzen dioeneko eszena. “Home is home” esatea erraza da, baina gure benetako etxea zein den zehaztea da erabakirik zailena. Brooklynek, ordea, formula segurura jotzen du. Eilis Lacey jaioterrira itzuli eta bertako gizonekin erlazionatzen hastean, Atlantikoaren beste aldera adosturiko amodioa kolokan geratzen da, zalantzan, baina modu partzialean soilik. Ziurrenik, Crowleyk esparru dramatiko honetan sakondu eta benetan nahi duena erabakitzeko ezintasun eta zalantza horien ondorioz pertsonaiak bizi duen barne krisian ilustratu izan balu istorioak beste dimentsio bat hartuko luke, are gehiago ahizpa hilberria kontuan izanik. Une giltzarri horiek indartzerako orduan egiten du huts pelikulak eta, zentzu horretan, elkarrizketak murriztu eta lanketa bisuala lehenestea aukera eraginkorretako bat izan zitekeen.

2K3A6505.jpgFilmaren amaiera erabat konplazientea eta idilikoa da, aberria eta jatorrizko familia pitzatuta baina guztiz lur jota utzi gabe, hau da, bigarren agur horren lazgarritasunean behar bezainbeste sakondu gabe, protagonista Brooklynera itzuli eta betiko zoriontsu delako. Honek gerraosteko irlandarren samina eta AEBn zabaltzen diren bizi aukera berrien garaiko erretratua egiteko balio duen arren, zeharkako mezu atsegingarri bat ere badu, zoriontasuna eta askatasuna bilatzeko AEB baino lurralde aproposagorik ez dagoela iradokitzen duena: “the land of opportunity”. Hau esanguratsua da Oscar sarien markoan kokatzen badugu, azken finean, kontuan hartzekoa da film irabazleetatik haratago Akademiak nominatzen dituen filmen oinarrian dagoen diskurtsoa, ikuspuntu horiek, modu subkontzientean izanda ere, planeta osora hedatzen baitira.

Emakume protagonistak Irlanda itzuli eta AEBn eraiki duen bizitzarekin haustura suposatzen duen denbora tarte horretan senargai amerikarrak zintzotasunez, printze zuri baten antzera itxaroteak istorioa ahultzen du. Eilis Lacey istorioaren erdigune izan arren, bikotea berriz ere elkartu arteko bitarte horretan gizonak izandako bestelako harremank eraikitzeko aukeraren aurrean harturiko jokaera esploratzea askoz aberasgarriagoa izan zitekeen, amaiera aldera biek bat egitean elkar onartu arren eraldatu den erlazio bat erakustea posible izango zelako. Etorkinen afera hain gordina bihurtu den garaian Brooklyn goxotasunez kontatu eta irudikaturiko film itxaropentsua izan arren, ez da ikusleen oroimenean aparteko inpakturik eragiten duen istorioa eta, ondorioz, ez du Film Onenaren Oscarra irabazteko inolako aukerarik.

Trailerra:

Steven Spielbergek film berri bat zuzenduko duela entzuteak zirrara eragin ohi du zinemazaleen artean, are gehiago gidoiaren osaketa Coen anaien esku baldin badago. Bridge of Spies, ordea, ez da koktel erakargarri honek sor zezakeen heineko filmaren mailara iristen. Kontaketa egokia eta istorioa mamitsua izan arren, ez du ikuslearengan nahikoa zirrararik eragiten, filmean planteaturiko dilema gehientsuenak azalean geratu eta ez dutelako nahi bezainbesteko sakontasunik hartzen. Kasu honetan testuinguruak figura indibidualaren esplorazio xeheak baino pisu gehiago hartzen duen arren, urtero Oscarretan egon ohi den biopic klasikoaren ordezkari da Spielbergen lan berria, oraingoan Tom Hanksek antzezturiko James Donovan abokatuak Gerra Hotzean sobietar espia baten askatasuna defendatzea amerikar batena lortzeko baliatu zuenekoa.

Etengabeko oztopoei aurre egin eta epaitua izango zen espia sobietarraren duintasuna eta bere propioa defendatzearen ondorioz hurbilketa jasaten dute James Donovan (Tom Hanks) eta Rudolf Ivanovich Abelek (Mark Rylance). Euren artean distantzia mantendu arren, erakarpen erlazioa naturala da, hasieran epaiketa prozesura mugatu behar zuen harremana geroz eta gertuagokoa bilakatzen baita, Abel konturatzen denean Donovan dela bera ulertu eta halako egoera zailean lagundu nahi dion bakarra. Halaber, filmak errealitate historikoaren erretratu fidela egiten du. Alemania zatikatuak sinbolizatzen duen garaiko munduaren frikzioak, egungo errealitate soziopolitikoan ere badu oihartzuna, AEB eta SESBen arteko tentsioak filmaren epizentro bihurtzen baitira. Oztopo burokratikoak, epaileen ustelkeria edota alderdikotasuna jardun judizialaren eguneroko ogia dira, justizia ahalik eta modu objektiboenean ematetik oso urrun, hedabideek indarturiko gizartearen zatiketan euren ekarpena egiten duena. Herrialde batean zein bestean, muturreko jarrerak dira nagusi, zuzenean detektatu ezin daitekeen gerrak iritzi publikoan sorturiko ezinegonaren ondorioz. Bi aldeetan berdina gertatzen zela eta alde bakoitzeko espiak egoera berdintsuetan biktima zirela ondo erretratatzen du Spielbergek epaiketa paraleloen bitartez.

Inoiz esplizitu bilakatzen ez den arren, elkarren artean eraikitako errespetua eta miresmen sentsazioak film amaieran, agur esaterako orduan, dimentsio emotibo handia hartzen du. James Donovan abokatua sakonki tristatzen du familiako kide baten antzera zaindu eta defendatu duen pertsona horri agur esan behar izateak, bere askatasunaren alde borrokatu duen arren, nahi bezainbeste kezkatuko ez den norbaiten eskuetan utziko duenaren erruduntasun sentsazioak itotzen du. Aldi berean, Abelek koadroa oparitzen dio, sentimenduz beteriko agur hori are ederragoa bihurtuz. Koadroak margotzearen ekintzak esanahi sakona du bi pertsonaien artean eraikitako erlazioan, bereziki Abel koadro marrazkilaria espia bat dela kontuan izanik. Rylancen pertsonaiak koadroen bitartez azalean ikusten den hori marrazten du, kanpoan geratzen dena, itxura. Espia baten nortasun hotza du, ez ditu sentimenduak azaleratzen. Baina, hain zuzen ere, koadroak bilakatzen dira bere sentimenduei ateak irekitzeko instrumentua, aske izateko ihesbidea. Espia bezala azaleratu ezin duena erretratatzen dituen horien aurpegietan islatzen saiatzen da. Horregatik filmaren amaieran Donovani koadroa oparitzea bere estimua agertzeko modua da, ez bakarrik lan judiziala eskertzeko, baita maila pertsonalean ezarri duten hurbiltasuna eskertzeko ere.

Horrez gain, pelikulak indar handiko eszena zehatzak ere baditu, esanguratsuena amaiera aldera espia protagonista AEBetan trenean bidaiatzen ari dela leihotik begiratu eta gazte batzuk ondoko etxebizitzara igarotzeko alanbrezko sarea bat igarotzen ikusten dituenekoa. Une horretan filmeko ikusle orok Hanksen pertsonaien begietatik Berlineko harresian bistaraturiko hilketa lazgarriak gogora ekartzea lortzen du Spielbergek. Hala eta guztiz ere, Bridge of Spiesek atsegina izaten jarraitzen du, erraza, konformista, ez du inolaz ere sakoneko sentsaziorik eragitea lortzen. Istorioa gordinagoa bilakatu dezakeen une giltzarria edozein momentutan iristea posible izatearen sentsazioa film osoan zehar mantendu baina ez da inoiz ailegatzen eta, aldi berean, pertsonaien artean garatu zitezkeen hainbat dinamika ere erdibidean geratzen dira.

Modu batean, ordea, honek ez gintuzke harritu beharko; azken finean Spielbergek 70eko hamarkadan ezarri zituen egun Hollywood bilakatu denaren oinarriak. Ordutik hona Hollywoodek estandarizazioa eta komertzialtasunaren alde egin du eta norabide berean garatu da zuzendariaren filmografia, publiko guztientzat ikuserrazak diren lanak osatuz. Baina marko horretan ere, bere proposamenak interesgarria izaten jarraitzen du, Hollywoodeko espiral biziotsu horretatik bereizi eta ekarpen pertsonala plazaratzen duelako, txukuntasunez haritutako istorioen bitartez.

Entretenimendua lehenesten duten ikusleentzako egokia da Spielbergen azken lana. Film onenaren saria lortzeko aukera gutxi ditu, baina garai historikoaren kronika sentikorra, zuzendaritza lan txukuna eta aktoreen antzezpen sinesgarriak, Mark Rylancena bereziki, zinema aretora bertaratzeko nahikoa aitzakia dira.

Trailerra: