Archive for the ‘THE WALKING DEAD’ Category

Komiki istorioa abiapuntu hartuta apokalipsi zonbia egungo pop telesail bilakatu du THE WALKING DEADek eta pertsona askorengan iritzia emateko behar ekidiezina sorrarazi du. Zazpigarren emanaldiak urteetan zehar landuriko pertsonaien arteko harremanen sakontasun emozionala areagotu du, baina azken denboraldietan finduriko ildo dramatikoa alboratzea ere eragin du, telesailaren irregulartasunaren erakusle.

THE WALKING DEAD #7. DENBORALDIA

Modu ikusgarrian itzuli da apokalipsi zombiaren inguruko fikzio entzutetsuena. Joan den denboraldi amaiera zirraragarriaren ildo berbera jarraitu du seigarren emanaldiaren estreinako atalak, Rick buru duen taldearen eta Alexandriako biztanleen arteko talka. Egunerokotasuneko arazoei prisma eta erritmo ezberdinen bitartez aurre egiten dioten bi taldeen arteko ezberdintasuna nabarmen islatu da; luzaroan ezagutu ditugun pertsonaiek geroz eta kezkagarriagoa bilakatzen ari den zombie mehatxua eteteko erakutsitako erabakitasunaren aldean, zalantza eta beldurrez beterik agertu dira Alexandriako biztanleak.

batzarraHorren aurrean, Rickek duen zeresana izugarria da. Ate joka dituzten hildako andanari aurre egiteko ahulegia den komunitatea trebatzeko lan nekagarria bultzatu eta, aldi berean, oraindik ere errealitatea aurrez aurre begiratu nahi ez dutenen kritika eta mehatxuei egin behar die aurre, gizatasunaren muga lausotu eta sarritan alboratu nahi izan duen munstrotasuna azaleratzeraino. Zinez interesgarria da ontasun zabalago bat babesteko asmoarekin istorioko pertsonaiek ekintza ankerren aurrean gauzatzen dituzten hausnarketei erreparatzea. Telesailak indar handiz transmititzen du, bizitzari gogor heldu arren, heriotzaren hurbiltasunak pertsonaiengan sortzen duen bertigoa, une bakarrean erlaxatuz gero betiko bizitza galtzearen samin itogarria.

Ezin ahaztu protagonista taldeari babesa eskaini zionetik senarra eta semea galdu dituen Deanna. Esanguratsua da ataleko eszena guztietan Ricken proposamenak onartu eta komunitatearen gain zuen autoritatea ezerezean geratu izana; ikustekoa izango da gertaera makurragoak jazo ahala bere ikuspuntua zein norabidetan garatuko den. Bere horretan jarraitzen duena, ordea, bizi duten errealitatearen zorigaitzeko izaera da. Alexandria funtsean aspaldian betiko joan eta inoiz itzuliko ez den munduaren ilusioa besterik ez da, oasia basamortuan. Honek guztiak, telesailaren amaierak ezinbestean izango duen izaera tragikoa azpimarratzen du, heriotzak bizitza gainditzen duen munduan itxaropenik ez egotearen sentsazio etsigarria.

zombie mordoaHala ere, ataleko dinamika mamitsuena Rick eta Morganen artean garaturikoa izan da. Luzaroan esperotako bateratzeak bizi duten mundu lazgarriak ezinbestean eraldatu dituen pertsonen arteko erlazioaren erretratua osatzeko balio izan du, baina baita telesailaren jatorriraino itzultzeko ere, batak zein besteak gizatasuna eta itxaropena bere osotasunean mantentzen zituen garai horretara. Moralitatearen inguruan hausnartu eta ekintza bakoitzaren sakonean dauden dilemak esploratzeko balioko du elkarren arteko erlazioak. Atalak “First Time Again” izenaren bitartez adimenez harrapatzen duen hasiera berri honetan, ikustekoa izango da bi pertsonaiek inguruan duten iluntasunean argia topatzeko duten gaitasuna. Morganek eman dezakeen joko dramatikoa, ordea, haratago doa. Ikusleek berari buruzko informazio hain gutxi izatea sortzaileentzat abantaila izugarria da, pertsonaiari askotariko rolak emateko aukera dutelako. Esaterako, Carolekin izandako elkarrizketaren ildoa jarraitu eta luzaroan ezagutu ditugun pertsonaien nortasunaren esentzia ulertzeko gaitasuna duen guru modura jokatu dezake.

Ordubeteko luzapena trebetasunez aprobetxatu dute, arku dramatiko nagusien oinarriak ezartzeaz gain, pertsonaia bakoitzaren nortasuna aberasten duten xehetasunak gehitzeko. Pertsonaiek egungo puntura iritsi arte igaro duten bide malkartsua oroitzeko balio izan duten elkarrizketa aberasgarriez gain, aparteko aipamena merezi du atalaren errealizazioak. Zuri beltzezko flashforward teknika inspiratuak joan den denboraldiko gertaera erabakigarrien inpaktua mantendu eta istorioari jarraipen organikoa emateko balio izan duen bitartean, emanaldi berrian berebiziko garrantzia izango duen Wolves taldearen sendotasuna iradokitzen duen atal hasierako zombie andanaren eszena ere txalotzeko modukoa izan da.

Bosgarren denboraldiko bigarren zatian lorturiko orekari jarraipena emateko bidean lan txukuna erdietsi du The Walking Deadek. Itzulerako atalak mahai gainean jarri dituen aukera dramatiko guztiei zukua ateraz gero, telesailaren emanaldi berriak orain arteko onena izateko aukera asko ditu.

Hurrengo ataleko trailerra:

Irregularra. Halakoa zen orain arte The Walking Deadek izandako ibilbidea. Rick Grimesen taldeak, bizirauteko ahaleginetan, bidean topaturiko etsai zikoitzen aurkako lehia zuen oinarri istorioak, denboraldi hasieran zein amaieran atal indartsuak eskainiz, baina baita ezerezean geratzen ziren hainbat pasarte etsigarri ere. Dinamika honen aldaketa hasieratik nabarmendu da emanaldi berri honetan. Estreinako atal itogarrian aurkezturiko Terminuseko biztanle kanibalek hiru atal besterik ez dituzte iraun eta segidan erdigune bilakatu ziren Grady Memorial ospitaleko pertsonaiak ere denboraldiaren zati txiki bat besterik ez dira bilakatu.

Terminus elizaEpe luzeko etsaiak eraiki ordez igarokorrak sortzean, inoiz baino gehiago lortu dute istorioaren fokua protagonisten taldean jarri eta euren jokamoldeetan sakontzea. Lehenik pertsonaiak zatikatu zituzten; Glenn, Maggie, Eugene, Carol, Beth… egoera ezberdinetan aurkeztu zituzten euren iraganeko zein orainaldiko kezkei dimentsio zabalago bat emateko. Carolengan zentraturiko “Consumed” atala izan da, zentzu honetan, indartsuena, telesail osoan zehar bilakaera nabarmenena izan duen emakumeak Karen eta Daviden hilketa, kartzelaren sutea edo Terminuseko sarraskia bezalako iraganeko egoera giltzarriak bizi izan zituen moduaren ikuspegi osatuago bat eskaintzen duelako.

Giza harremanei erreparatuz gero, denboraldiko azken zortzi atalak indartsuagoak izan dira, baina Terminus eta Grady Memorialeko pertsonak ia ezagutu ere egin gabe eurekin garatu zitzaketen erlazioei amaiera eman izanak azpimarratzen du Ricken taldeak elkarlanean eraikitako oskol sendoaren ondorioz ezezagunekin erlazionatzeko duen zailtasuna. Bethen heriotzak zeresan handia du puntu honetan, ospitalearen bitartez bere izaeran sakondu eta dinamikak eraiki izanagatik baina, bereziki, agur honek etengabe handituz doan itxaropen ororen galera sinbolizatzen duelako. Norabide argirik gabe, bizirautera kondenatuta dagoen taldearen dekadentzia.

TyresseNoraezean ibiltzearen sentsazio hori otsaileko itzulerako “What Happened and What’s Going On” atalaren bitartez maisutasunez indartu dute. The Walking Deaden inguruan hitz egitean inoiz aipatuko ez genuela zirudien arren, estetikoki miresgarria eta elkarrizketetan izugarri metaforikoa den atala eratu dute. Tyresse hilzorian dagoen bitartean telesailean zehar berarekin erlazio esanguratsuak izandako hildakoen haluzinazioek Gobernaria, Lizzie eta Mika neska gazteak, Bob edo Beth bezalako hurbileko pertsonaiak berpizteko eta egoeraren sakontasuna handitzeko balio izan dute, baita irratia eta errepidearen arteko metaforak ere, bizitzea merezi ez duen hondamendi gorenera bideraturiko munduarekin paralelismoa eraikitzen duena. Zentzu teknikoan ere denboraldiko une gogoangarrienak eskaini ditu atal honek, Tyressek aurrez aurre zombia kosk egiteko prest duenean eta gerora lurrean odolusten ari deneko unearen izua ezinhobe islatu dute plano subjektiboen erabileraren bitartez.

Protagonista taldea zonbiak hiltzeko beldurra eta antolakuntza falta izatetik, mundu suntsitzaile batean bizitzearen zentzua geroz eta gehiago zalantzan jartzera igaro da eta, bizi berri bat eraikitzea posible izango duen babeslekua aurkitu ezinik, eguneroko jarrera basatien bitartez aurrera jarraitzea du aukera bakarra. Zentzu honetan, zinez inspiratua izan da Tyressek flashbacken bitartez bere taldekideak eliza barnean Terminuseko buruzagiak akabatzen zituzteneko unea oroitzea eta, aldi berean, ondorengo ataletan Maggie eta Sasha bezalako pertsonaien saminean sakontzea alaitasuna, hutsunea eta egunerokotasunaren monotonia bezalako sentsazioak zehaztasunez harrapatzen dituzten planoen bitartez.

Alexandriako komunitatearen izenean aurkezturiko gizona preso hartzen dutenean talde barnean garaturiko erlazioak ere aberasgarriak dira; bakoitzaren iraganari, izaera pertsonalari eta etorkizuneko nahiei tartea zabaldu diete, inoiz baino gehiago. Ordura arte bizi izandakoaren ondorioz ezezaguna onartzearen beldurra eta nolabaiteko azpijokoren baten mehatxua konstantea bihurtu da une horretatik aurrera.

Rick videoBasakeriak betiko aldatu duen taldea denbora guzti honetan zehar normaltasuna mantendu duen komunitatearekin parekatzea erabaki berritzaile zein inspiratua da sortzaileen aldetik eta bi ereduen arteko talka ahalik eta gehien nabarmentzea bilatu dute hasieratik, harrerako bideo konfesioen bitartez. Muturreko egoeretan ikusi ditugun pertsonaiak bizitza arrunteko ekintzetara ohitzen ahalegintzen diren bitartean, hainbatek, euren sendotasuna mantentzeko asmoz, komunitatetik kanpo zuhurtziazko segurtasun neurriak hartzen jarraitzeak azken atalen tentsioa areagotu du.

Zombien mehatxu konstanteak indarrean jarraitu du, telesailean inoiz ikusitako eraso ikaragarrienak ikusteraino (“Spend” ataleko bi heriotzak nazkagarrienak), baina telesailaren meritu nagusia nabarmen arriskutsuagoak diren gizakien bizirauteko draman bilakatu izana da. Beti egongo dira egunerokotasuneko ekintza arruntek erritmoa gehiegi mantsotzen dutela argudiatuko duten ikusleak, baina oraingoan, inoiz baino gehiago, sortzaileek asmatu dute pertsonaien sentimenduetara jotzean. Modu batean, kartzela eta Gobernariaren mamua gainditzean abiatu zuten bide sakonagoari osotasun bat ematearen sentsazioa transmititu dute azken atalek, lehen denboraldien gabezia nabarmenetako bat gainditzearen sentsazioa.

gabrielHalaber, bosgarren denboraldiaren lorpen nagusietako bat 16 atalei esanahi zabalago bat eman izana da. Hasieratik Terminuseko pertsonaien bitartez “either you’re the butcher or the cattle” eta “you could be one of us”, bezalako ideiak plazaratzean komunitate orok ezezagunen aurka babesteko erabiltzen duen instintu basatia azpimarratu dute, Ricken taldearen jokamoldean nabarmen islatu dena, baina baita Darwinen hautespen naturalaren ideia jarraitzen duten Grady Memorialeko kideengan eta Alexandriako herritarrengan ere. Norbere segurtasuna edozein modutan arriskuan ikusten duenak egoeraren kontrola bereganatzeko berehalako instintua nabari du erraietan. Bidean ezagutzen edo akabatzen duten ororen egoera berean egon zitezkeela oroitzeak mantendu du, zentzu honetan, Ricken taldearen gizatasuna. Talde berriekin eginiko etengabeko konparaketak iraganean protagonistek borrokatu behar izan dituzten aurkarien oroigarri ere badira, euren izaeren transformazioaren inguruan hausnartzea eragiten dietenak.

The Walking Dead AEBetako telebistako saio ospetsuenetakoa izan eta munduko beste hainbat herrialdeetako milioika biztanlek ere ikusten dutela kontuan hartuz gero, hausnartzea merezi du zenbateraino fikziozko ideia hauek ez diren egungo gizartearen isla, non menperatzaile eta menperatuak argi eta garbi ezberdindu ditzakegun. Zentzu honetan, zinez esanguratsua da entretenimendu hutsagatik ikusten duten zaleengan telesaileko pertsonaien jokaerek zein egoeren planteamenduek izan dezakeen eragin sozial eta ideologikoa.

Rick odolezArgumentura itzuliz, aipatzekoa da denboraldi amaiera telesailak inoiz izan duen sendoena dela, bereziki, gertaera deigarri batean oinarritu ordez, pixkanaka hazten joan den tentsioaren eztanda suposatu duelako. Ildo horretan, atalen izenburuen bitartez eraikitako esanahi kodetuen jokoa argumentuaren garapenarekin adimenez konbinatu dute. Pertsonaiak muturreraino iritsi ahala, Ricken ontasuna iraganeko ankerkeriarekin nahasi da eta komunitateko kideak lehia gordina libratu dute hain subjektiboa den justiziari loturiko neurriak ezartzeko. Pertsonaien kezka eta ezintasunak esploratzeko balio izan du honek beste behin ere, eta horregatik euren artean eraikitako erlazioak zein gatazkak inoiz baino sinesgarriagoak bilakatu dira. Elkarrizketek beti izan dute pisu handia telesailean, are gehiago euren benetako nortasuna behar bezala ezagutzen ez duen komunitatea elkarbizitzaren alde konbentzitzerako orduan, baina oraingoan beldur eta frustrazio pertsonal sakonak espresio eta gorputz keinuen bitartez transmititzea ere lortu dute.

Zentzu honetan, hurrengo denboraldiari begira bi indar giltzarri ezberdindu ditzakegu. Alde batetik, Deannak komunitatea gobernatzeko orduan izango duen autoritatea, Ricken hilketa eredua onartzean betiko eraldatu litekeena, eta bestetik Morganen itzulera, telesail hasieratik Ricken oinarri morala izan dena; bien arteko erlazioa etorkizuneko interesgarriena bilakatu liteke. Michonnen azken eszena ere esanguratsua da, beste modu batera bizitzeko itxaropenez alde batera utzi zuen katana berreskuratzen duelako, etorriko diren mehatxu eta gatazkak borrokatzeko. Misterio eta sinbolismo esanguratsua duen Wolves taldea ere seigarren denboraldiaren oinarri nagusietakoa izango da; Alexandriako ardiek otsoen munduan bizitzen ikasi beharko dute.

Do itLaburbilduz, esan liteke The Walking Deadek orain arteko denboraldirik sendoena osatu duela shock gertaerak alboratu eta pertsonaiei sakontasuna ematean. Basakeria monotonia bilakatu ahala, protagonistek etorkizuna eta patuaren inguruko kezkak azaleratu dituzte, euren iraganeko borroken etengabeko erreferentzien bitartez borobildu dutena. Sortzaileek ausardia erakutsi dute orain arte telesailean ezohikoak ziren muntaia eta egoera dramatikoak lantzean, aurreko denboraldian abiaturiko bidea gorpuztuz. Noiz arte luzatuko den oraindik jakin ez arren, ezinbestean amaierara bideratzen den telesailari bukaera duina ematea eskertzekoa izango litzateke eta horretarako dilema moraletan sakontzea erabaki inspiratua bilakatu daiteke.

Telesailak aspalditik izan duen gabezia nagusia, ordea, irregulartasuna da. Atalak zuzentzeko estiloan hainbatetan nabaritu da eta honek ez luke ezaugarri negatiboa izan beharko, are gehiago, emozionalki guztiz ezberdinak diren egoerak islatzeko kamera lana inoiz baino zehatzagoa izan da; oinarrizko erronkak kontakizunaren konstantzia dramatikoa lortzea izaten jarraitzen du. Denboraldiko lehen zatiak hainbat gorabehera jasan zituen arren, Alexandriako istorioak alderdi hau bikaintasunez garatu du. Urteen poderioz hobetzen joan den telesaila izanik, espero dugu etorkizunean The Walking Dead azken zortzi atal hauek bezain beste gozatzea.

Laugarren denboraldiko suspensez beteriko amaieraren ostean, The Walking Deaden itzulera inoiz baino gogo gehiagorekin bizi izan dute telesail zaleek eta estraineko “No Sanctuary” atalean bizitasun horri segida ematen bete betean asmatu dute sortzaileek.

ButcherLehen eszenatik tentsio psikologikoa nagusi da, Rick, Daryl eta Glenn preso zeuden tren bagoitik atera eta giza gorputzak mozten dituzten gelara eramatean are gehiago nabarmentzen den sentsazioa. Ikuslea istorioan guztiz barneratzea lortzen dute hainbat plano subjektiboren bitartez eta buruak banan-banan moztu ahala odolak ontzia nola betetzen duen ikusteak egoera are itogarriagoa bihurtzen du.

Kinka larritik salbatzen dituena, ordea, Carol da, Tyreese etxola batean utzi eta Terminusera zuzentzen dena gasezko bidoia lehertu, zombien artean kamuflatu eta kaosa eraginez. Txalotzekoa da telesailak pertsonaia honi eman dion garapena, alaba galdu zuen hasierako ama ahuletik taldearen onurarako erabaki arriskutsuak hartzeko gai den emakume ausarta bihurtu delako.

Carol shooterEtxolan preso harturiko gizonak Tyreesei egiten dizkion galderek pertsonaiek ordura arte gainditu behar izan dituzten arazoak oroitzeko balio izan dute, baina barne gatazketatik urrun, akzioa izan da itzulerako atalaren erdigunea. Euren bizitzak salbatzeko inguruan zuten arerio oro ezinbestean akabatzera beharturik, Rick eta gainontzekoek indarkeria bortitza erabili behar izan dute santutegi kanibaletik ihes egin ahal izateko.

Flashbackek egungo Terminusen muturreko egoera iraganeko gatazken ondorio izan dela iradoki dute, baina ezer zehatzik argitu gabe. Horregatik, imajina dezakegu bertako hainbat pertsonaiak berriz ere agertu eta denboraldiaren garapenean zeresana izango dutela.

Taldearen bateratzea hunkigarria izan da, bereziki kontuan hartuz gero Rickek Carol baztertu zuela eta orain bera izan dela heriotzatik salbatu duena. Kartzelaren hondamendian galduriko Judith alaba berriz topatu izanak, gainera, taldearen batasuna are gehiago sendotuko du, barealdiak denbora luzez iraungo ez duela ongi dakigun arren.

Happy endingKredituen amaierara arte itxaronez gero ezagutzen dugun sorpresa ere deigarria da. Telesailaren hasieran Rick salbatu eta ostera hirugarren denboraldian agertu zen gizona zaleek maiz aipatu dute eta, ezusteko honen ostean, akaso pertsonaia giltzarria izan liteke.

Deigarria da aurreko denboraldiaren erdia Terminus bilatzen igaro ostean lekua lehen atalean suntsitu izana, beharbada istorioak hartuko duen dinamika berriaren iragarle, ezegonkortasunean oinarriturik, etxe edo kartzela batean finkatu eta bertan denboraldi osoa igaro ordez. Espero dugu iragan gorabeheratsutik ikasi eta bosgarrena telesailaren denboraldirik borobilena izatea.

Hurrengo atalaren aurrerapena: