Archive for the ‘THE MISSING’ Category

Nahiz eta hala ez zirudien, The Missing joan den urteko telesail arrakastatsuenetakoa bihurtu zen. Jada telebistan Top of the Lake, The Killing edota Broadchurch telesailek haur desagertuei buruzko argumentuak garatu zituzten arren, telesail britainiarrak badu bereizgarria bilakatu duen estilo propioa. Pertsonaia indartsuez eta bi kronologiaz osatutako istorioa kontatzeko era desberdin bati esker, Harry eta Jack Williamsek The Missing pieza paregabea bihurtzea lortu dute, BAFTA eta Golden Globe sarietarako izendapenak lortzeraino. Zortzi atalez osatua, telesailaren abiapuntua Frantzia iparraldera gurasoekin batera oporretara bidaiatu duen bost urteko Oliver Hughesen desagerpena da.

p029hc8pTelesailaren puntu indartsuenetakoa korapiloaren kontaketa da. Abiapuntua 2014eko egunerokotasuna da, non Oliverren aita den Tony Hughes Frantzia iparraldera itzultzen den, bere semearen desagerpenaren inguruko pista berriak dituela konbentzituta. Aldi berean, flashbacken bidez Oliver desagertu zen garaiko, hau da, 2006ko irudiak, ikus ditzakegu. Narratiba honen bidez, ikuslea zortzi urtetan zehar pertsonai nagusiek izandako sentimendu eta aldaketa pertsonalen lekuko da, seme baten desagerpenak bikote baten egunerokoan duen inpaktu bortitza azpimarratuz. Zentzu honetan, James Nesbitt (Tony Hughes) eta Frances O’Connor (Emily Hughes) aktoreek gurasoen rolean sekulako lana egin dute, egoera honetan bikoteak jasan behar dituen edozein motatako egoera eta sentimenduak era ezin hobean islatzeko gai izan dira. Horien artean, ikerketa aurrera joan ahala aztarna berriekiko dituzten erreakzioak, baina batez ere telesaileko momentu gogoangarriena, azken ataleko ospitaleko eszena, emozio handiz betea, ikuslea bete-betean harrapatzea lortzen duena. Haiekin batera, detektibe rolean izan den Tchéky Karyo (Julien Baptiste) aktoreak lehen mailako interpretazioak borobildu ditu, are gehiago kontuan izanda zortzi ataletan zehar aktore askok bi hizkuntza menperatu eta erabili dituztela hainbat eszenatan, ingelesa eta frantsesa.

Sentimendu askoz betetako telesaila da The Missing, non guztien gainean itxaropena gailentzen den. Izan ere, Oliver desagertu da, eta oraindik bizirik dagoenaren itxaropena da bere aitaren aingura bakarra. Zortzi urtez itxaropen horrek bere bizia eta emaztearekin zuen harremana suntsitu dituen arren, semea bizirik dagoenaren esperantzak ez dio bere bilaketa eteteari utziko. Poliziaren aurrerapauso eskasen ondorioz 2006an hasitako bilaketak bere benetako izaera erakusteko balio izan du, besteen aurrean baina, batez ere, maite ditugunen aurrean haiei minik ez egiteko eramaten dugun maskararen seinale. Hainbeste maite duen semea bilatzeko bere benetako izaera azaleratu eta edozer gauza egiteko gai dela erakusten du Tony Hughesek.

uktv-the-missing-episode-7Beste puntu indartsuenetakoa bigarren mailako istorioak dira, eta haiekin batera, bigarren mailako pertsonaiak. Oliverren desagerpenaren istorioa osatuz, galtze horrekin maila batean edo bestean zerikusia duten hainbat argumentu ikus ditzakegu telesailean. Tragediaz baliatzen den freelance kazetari bat, Britainiako prentsa sentsazionalista, polizia frantses eta britainiarraren harremana, herrian obra bat prestatzen ari den enpresaburu bat, pedofilo bat… Pertsonai guzti hauek kasuarekin zerikusia izango dute, izan ere, telesailak jakin izan duelako desagerpen batek inguruko pertsonaiengan izan duen eragina zehazten, nahiz eta pertsonai gehienek Oliver ez ezagutu. Desagerpenak orain arte baketsua zen Chalon du Bois herriaren egunerokoa goitik behera aldatuko du, eta pertsonaia askorentzat inflexio-puntu bihurtuko da etorkizunari nola aurre egin erabakitzerakoan. Oliverren desagerpenak herritar askoren istorio ezkutuak azaleratuko ditu. Zentzu honetan, Emily Hughesek bere bizia berreraiki eta etorkizunerantz joatea erabakitzen duen bitartean, Tony Hughesek ez du kasua ahaztea lortzen eta aita desesperatu gisa behin eta berriz iraganarekiko lotura mantendu nahi du.

Telesailaren amaierak zaleak banandu dituen arren, azken atalak era egokienean ixten du istorioa. Bukaera tristea eta deprimigarria izateaz gain, telesailaren mailaren moduko itxiera lortu du gidoilariak, emozioz eta zortzi ataletan zehar falta izan ez den itxaropenez betea.

Telesailaren arrakastaren harira, aurten bigarren denboraldia estreinatuko da, argumentu eta pertsonaia berriekin. Harry eta Jack Williams denboraldi berriaren osaketaz arduratu dira, eta protagonisten artean Julien Baptiste detektibea jada baieztatua izan da. Zalantzarik gabe, aurtengo estreinaldien artean gogotsuen itxarongo dugun itzuleretako bat izango da.

Bigarren denboraldiaren trailerra: