Archive for the ‘SONS OF ANARCHY’ Category

Zazpi urteren ostean, Charmingeko Sons of Anarchy motorzale klubaren istorioa amaierara iritsi da aurten. Tararen heriotzak azken denboraldia markatuko zuela argi utzi zuten hasieratik, Wendy, Nero eta Unserren bitartez, Gemma eta Juicek ezkutatu beharreko sekretuak azaleratu eta pertsonaia gehienek izango zuten amaiera tragikoa nabarmenduz.

Gemma and JaxTelesailaren estiloa nabarmen aldatu da Clayren gidaritzapean herria babesten zuten garaietatik eta, azken ataletarako, tentsio psikologikoa nagusi den draman sakondu dute isilune luzeen bitartez. Lehen atalek denboraldi osoaren tonu astun eta iluna markatzen dute, Gemma Tararekin bakar hizketan edo Jax Tara hilik aurkitu zuen sukaldeko txokoari begira dagoeneko uneek indarturikoa. Beranduago aipatuko dugun “Suits of Woe” atalaren hasiera da honen adibide argiena, non ohizko muntaia musikatuaren ordez pertsonaiak isilune itogarriz beteriko egoeretan ikusten ditugun. Sentsazio sakonak hitzik esan gabe, plano eraginkor eta begirada zein keinuen bitartez iradokitzea maisutasunez landu dute azken denboraldian.

Jax and JuryTararen hutsunearen ondorioz, Jaxek inoiz baino bortizkeria handiagoz jokatzen du, baina baita galduago ere; ez ditu erabakiak behar bezala pentsatzen eta instintuen arabera ekiten du, mendekuak itsututa. Zentzu honetan Jaxek denboraldietan zehar jasandako transformazioa deigarria da, iraganean gogor kritikaturiko Clay baino askoz buruzagi odoltsu eta zikoitzean bilakatu delako, arazo pertsonalen ondorioz klubaren osotasuna ere mantendu ezinik. Denboraldiko une giltzarrietako bat Juryren hilketa izan da, non bete betean asmatu duten Jax klubeko kide bat lehen aldiz akabatzen erakustean, Clayk hirugarren denboraldian Irlandako McGee amildegian behera bota zueneko unearekin aldera dezakeguna. Telesail hasieratik erabakiak egia osorik jakin gabe hartzearen aurkako Jaxen jarrera irmoa ezerezean geratu da denboraldi honetan. Ildo berean, Juryren konfesioa esanguratsua izan da, Jaxek bere aitaren inguruan inoiz izan ez zuen perspektiba bat eskaintzen diolako, gerora guztiz erabakigarria bilakatuko dena.

Egoera depresiboen ondorioz inoiz baino murritzagoa izan arren, telesail osoan zehar bereizgarri izandako umorea ere mantendu dute. Hainbeste zorigaitzen artean ikusleari arnasa hartzeko tartea ematen diete egoera komikoen bitartez; lehen ataleko gurpil-aulkiduna, Tigg eta Venusen arteko erlazioa, Reedwoodyko grabaketak eta Taddariusen klubera sartzeko onarpena izan dira une barregarrienak.

Juice and JaxAntzezpenei dagokienez, azken denboraldiak telesail osoko onenak eskaini dizkigu. Katey Sagalen Gemma klubaren erregina izatetik istorioko pertsonaia gorrotatuena izatera igaro da. Tararen hilketa saihesteak imajinatu ezineko muturrera eraman duen gezurraren menpe bizitzea eragin du, uneoro egia ezkutatzera beharturik, samina, sufrimendua eta, amaierako patu saihestezinaren onarpena ere modu ezinhobean transmititu ditu. Bere aitarekin izandako agurreko uneak, Gemma ederrago bat erakusten du, gizatasunez betea. Baina ez da bakarra, Charlie Hunnam eta Theo Rossiren arteko kartzela eszena ez dugu inoiz ahaztuko, Jaxek Tararen heriotzaren inguruko egia ezagutzen duenekoa denboraldiko une onenetakoa izateaz gain, telesail osokoa ere bihurtu da, emozio sakonak sinesgarritasun osoz azaleratzea lortu dute biek. Jimmy Smits Neroren paperean ere maisutasunez aritu da, Gemmaren maitale gozoa izan baina, aldi berean, errealitate lazgarria ezagutzean samin sakona sentituz, keinuen bitartez sentimenduak transmititzen izugarrizko abilezia erakutsi du. Jaxek telefonoz Tararen inguruan hitz egin eta ikusleok, esaten diona entzun ez arren, Neroren erreakzioa ikusten dugunekoa ere azken denboraldiko une onenen artean geratuko Jax Abelda. Jaxek Abeli Wendy bere ama dela kontatzen dionekoa ere zirraragarria izan da. Bi pertsonaia hauek telesail hasieratik izandako dinamika kontuan hartuz gero, Abel mundura zelako zailtasunekin iritsi zen eta Tararen zoritxarraren ostean Jaxek, itxaropena ematearren, bere alde gizatiarrena erakutsi eta semeari esaten dizkion hitzak emozioz beterik daude. Estimatzen dituen inguruko pertsonak ahalik eta zoriontsuen izan daitezen iragana onartu eta etorkizuna ikuspegi positibo baten bitartez begiratzen du. Oso poetikoa eta hunkigarria.

Abelek berak denboraldi honetan zehar izan duen garrantzia ere deigarria da. Hainbatek kritikatu dute bost urteko haurraren aktore gisa adierazteko duen gabezia, baina Tararen heriotzaren ostean ondorioak nabarmentzeko eta, bereziki, Gemmaren sekretu handiaren azaleratzea bultzatzeko adimenez erabili dute bere pertsonaia. Abelek konfesioa entzun ostean bere burua kaltetu eta Gemma errudun gisa seinalatzea erraietan daraman jarreraren adierazlea da.

Zentzu honetan Kurt Sutterren lana txalotzekoa da, pertsonaien arteko erlazioen bitartez istorioaren hasierara hainbat erreferentzia mamitsu egitea lortu duelako. Minbiziak jota hainbeste urtetan zehar kluba lagundu duen Unserrek Gemmarekiko sentimenduen ondorioz nola amaitu duen adibide onenetakoa da, Gemma eta Tararen artean eraikitako erlazioa bezala. Denbora luzez telesailetik urrundutako Wendyren papera indartzea ere oso erabaki inspiratua izan da, istorioa hasi bezala amaitzeko, Wendy eta Jaxen artean.

Argumentuaren garapena elkarrizketetan inoiz baino oinarrituagoa egon izana, atal bakoitzaren sarrerako “previously on Sons of Anarchy”k islatu du argien, non denak elkarrizketa luze eta sakonak izan diren, telesail gehienek erabiltzen dituzten motz eta harriduraz beterikoen ordez.

Distira egiteko inoiz baino tarte gehiago izan dute klubeko beteranoek, Tommy Flanagan (Chibs) eta Kim Coatsen (Tigg) lana aipagarriena, inoiz baino antzezpen hobea, sakona eta sinesgarriagoa osatu dute. Zentzu honetan, bikoteen arteko erlazioetan edertasunez sakondu dute, bereziki, “Faith and Despondancy” hamargarren atalean, non pertsonaia bakoitzak antzeko egoeretan izandako hausnarketa eta dilemak nabarmentzen diren elkarrizketa sakon eta sentimentalen bitartez.

Special guests

Honez gain, azken denboraldirako luxuzko hainbat aktore izateko aukera ere izan dute, Marilyn Manson, Annabeth Gish, Courtney Love… baita Michael Chiklis berbera ere, Sutterren aurreko The Shieldi omenaldi nabarmena. Batzuk beste batzuek baino zeresan handiagoa izan dute istorioaren garapenean, baina denek ikusgarritasun puntua gehitu diete telesailaren azken atalei.

Zentzu honetan akats barkaezina da klubeko kide batzuek izan duten zeresan hutsala, Quinn eta Montez ez ditugu ezagutzen ere. Garrantzia nagusia Jaxen inguruko istorioak izan arren, lehen mailako serie bikainen artean kokatzeko hori falta izan zaio Sons of Anarchyri, pertsonaia-zerrenda zabaleko gizabanako ororen istorioan sakontzea, batez ere, pertsonaia berriak izanez gero.

BobbyBeste ahulezietako bat da zortzi eta bederatzigarren ataletako istorioa gehiegi luzatu izana. Bobbyren heriotza “Greensleves” atalaren amaieran, begia kendu ziotenean bertan, gauzatu ez izana okerreko erabakia izan zen, eta gehiegi luzatutako torturek bere agurraren harridura maila nabarmen murriztu zuten. Hau are larriagoa da Marksen aurkako aurrez-aurrekoa SAMCROko kideek lehen atalean bertan nahasturik hil zituzten elizgizonen ondorioa dela kontuan hartuz gero. Klubaren egoitza berriko eztanda eta Diosa Norteko sarraskiaren bitartez Gemmak eragindako kaltea nabarmentzea bilatu dute, baina honek sekretua gehiegi luzatzea ere eragin du, denboraldiaren erdialdeko zati batzuk astunegiak bihurtu eta Unser, Nero edo Juicen artean sor zitezkeen erlazioek indarra galduz. Bobby galdu ostean Jaxek oraindik Tararen heriotzaren inguruko susmorik txikiena ere ez izatea…

Hala ere, egia da hainbat urtetan jarraituriko pertsonaiak guztizko dekadentzian ikustea samingarria bilakatu dela. Ikuslea pertsonaia horiengatik kezkatu da zazpi denboraldietan zehar eta, modu batean, mingarria suertatzen da maldan behera hain nabarmen ikustea.

Gemma Nero 2Azken atalak, bereziki Abelek Jaxi Tararen inguruan galdetzen dion unetik aurrera, telebistan inoiz sorturiko drama indartsuenen artean geratuko dira betiko, zalantzarik gabe. Jaxek iraganean bezala egia irmotasunez bilatu ostean, aurrez ere salatari izandako Juice bihurtzen da konfesio handiaren erantzule; baina telesailaren puntu gorena egia ezagutzeak eragindako sentsazio lazgarrien islaren eskutik etorri da, Jax eta Nerok errealitatea ezagutu ostean aita eta seme antzera izandako emozioz beteriko eszena da honen erakusle argiena.

Jimmy Smits telesailera batu izanak istorioari bultzada nabarmena eman dio, Charlie Hunnamekin dinamika aparta eta hainbat eszena gogoangarri ere eraiki ditu. “Red Rose” atal poetikoan zuzenean esan gabe, espresioen bitartez, Jaxek Nerori bere umeak zaintzeko pertsona egokiena dela iradokitzen dionekoa edertasunez beteriko beste une bat izan da.

Zentzu honetan, telesailaren bereizgarri nagusi bilakatu diren atalen hasiera eta amaieretan erabilitako muntaia musikatuek bikain indartu dituzte pertsonaien sentsazioak. Hainbat pieza epiko entzuteko aukera izan dugu: “Bohemian Rhapsody”, “Baby Please Don’t Go”, “Greensleeves”, “Make It Rain”, “Adam Raised a Cain” eta “Come Join the Murder”, zein baino zein gogoangarriagoa.

Gemma diesDenok genekien denboraldiko une gorena Jaxek Tararen heriotzaren inguruko egia jakitean hartuko zituen erabakien eskutik etorriko zela eta atal berean Juice, Unser eta Gemma hil izana ikusle oro asebetetzeko modukoa izan da, zalantzarik gabe. Ondo zekien Nerok ama akabatuz gero Jaxek bere burua ere zulo beltzera amilduko zuela eta telesailaren azken atalak ildo horri eutsi dio hasieratik.

Jainkoturiko aitaren pausoak jarraituz, noizbait Abel eta Thomasek ere Jaxen ondarea ezagutu zezaten idatzitako gutunak sutara botatzen ikusten dugun unean bertan argi geratzen da horixe izango dela SAMCROko buruzagiaren bizitzako azken eguna, klubaren egoitza eta Opie eta Tararen hilobiei eginiko bisiten bitartez are gehiago nabarmentzen dena.

Aurreko ataletan atzera bueltarik ez duten Jaxen ekintzak indartuz, telesaila istorio gehiago kontatzeko beharrik gabe iristen da azken atalera, osotasunean Jaxen agurrean zentratzeko. Bere izaera onartuz Nero eta haurrei betiko agur esaten dieneko unea Opieren heriotzarekin batera telesail osoko unerik emozionalenetakoa da, Chibsek Jaxen heriotza eskaria klubaren bozketa mahaira eramaten duenekoa bezala.

Homeless womanTelesaileko une esanguratsuenetan agerturiko etxerik gabeko emakume misteriotsuaren papera giltzarria da amaiera ulertzeko. Erreferentzia kristau nabarmena diren ogi eta ardo botila ondoan dituela topatzen du Jaxek, Abel Irlandatik bueltan ekartzean, Gemmak Tara hiltzeko erabilitako tresnak Juicek zaborrara botatzen dituenean eta azken aurreko atalean bertan ere, Gemma aita bisitatzera joan aurretik agertzen den emakumea. Nor den galdetzean Donna hil ostean hilerrian eskaini zion manta berbera eskaintzen dio berriz ere, “It’s time” esan eta desagertzearekin batera. Emakumea halako une esanguratsuetan agertu izanak heriotza irudikatzen duen figura jainkotiarra dela pentsarazten digu, Jaxek Marks hil baino lehen manta soinean duela azaltzen duen heriotzaren irudi klasikoak indarturikoa.

Jax sonsJaxek klubari Opieren azken hitzak errepikatuz John Tellerren motorrean agur esan ostean, aita hil zen tokira itzultzen da, non azkenik bere nahia zein zen ulertu duela konfesatzen dion. Johnek ez zuen Jaxek indarkeriazko bizitza ezagutzea nahi izan, baina Gemma eta Clayren eskutan utzi zuen, zeinak bizimodu horretan are gehiago barneratu eta bere aitaren ondarea gorestea eragin zuten. Zorigaitzek markaturiko bizitzari amaiera emanez lortzen du Jaxek ingurukoei itxaropena eskaintzea, baina baita bake pertsonala ere, erreferentzia bibliko nabarmenak dituen sakrifizio gorena. Abelek eskuan Gemmak agur esatean emandako klubaren eraztuna da, iraganarekin izango duen lotura zuzena eta, aldi berean, arbasoen akatsetan inoiz gehiago ez erortzeko oroigarria.

Jaxen azken uneak askatasuna sinbolizatzen duen motorra gidatzen izatea ere oso poetikoa. Eszena ezinhobe ilustratzen dute “Come Join the Murder” abestiaren melodia eta letra epikoek, Kurt Sutter berak konposatua eta The White Buffalok maisutasunez abestua. Polizia jazarpen ikusgarriaren ostean Jaxek heriotzara eta bakera gidatuko duen kamioia irribarrez besarkatzen dueneko irudia telesailari amaiera emateko forma bikaina da, baina Sutterrek perla bat gordea zuen, noski, telesailaren historiako lehen planoa osatu zuten beleen irudia, ogia jaten ari direnak Jaxen odola lurrean zabaltzen den bitartean. Zinez ederra eta poetikoa.

CrowsTelesaila normalean sariketa nagusietatik at geratu den arren, Kurt Sutterrek XXI. mendeko Hamleten moldaketan muturreko indarkeria, traizio eta mendekuak, anaitasuna eta emozio sakonekin maisutasunez uztartzea lortu du. Istorioko protagonistak kriminalak izan arren, pertsonaiak sortzerakoan benetako testigantzetan oinarritzean, ikusleak eurekiko kezkatu eta enpatia sakona sentitzea lortu du Sutterrek, maila goreneko telesailen esku besterik ez dagoen zerbait. Zazpi denboraldietan zehar garrantzia nabarmena izan duten iraganeko istorioen inguruko telesailaren negoziaketa prozesua habian dela esan du sortzaileak berak, SAMCRO sortu zuten lehen bederatzi kideengan zentratuko dena. Interesgarria izango da John, Clay eta Gemmaren iragana sakontasunez ezagutzea. Oraingoz, ordea, Sons of Anarchyk betiko gure oroimenean utzi dituen uneekin gozatzen jarraituko dugu.

Agur eta ohore.

Denboraldiko esaldi gogoangarrienak

Gemma: “I’m not afraid of monsters, monsters are my friend”

Jury: “You became the poison”

Abel: “So is that why grandma killed my other mommy, so my first mommy could be here with me?”

Juice: “Gemma knows every truth, behind every lie, inside every secret”

Jax: “I need my children to grow up hating the thought of me”

Jax: “I got this”