Archive for the ‘HOMELAND’ Category

Urteetan zehar pertsonaiek jasandako higaduraren erretratua. Horixe egin du Homelandek Facebooken ikusgai dagoen itzulerako “Separation Anxiety” atalean. Bi urteko denbora jauziarekin hasi den denboraldi berriaren abiapuntua betiko modukoa izan da, terrorismoaren borrokako markotik ihes egin nahi duten pertsonaien ezinbesteko itzulera. Oraingoan, ordea, hainbat dira istorioa dinamiko eta mamitsuagoa bilakatzeko telesailak indartu dituen alorrak. Joan den denboraldian indarturiko salbatzaile eta gaizkileen arteko marraren lausotasunaren inguruko perspektibari hasieratik atera diote zukua, arazoen xehetasunei bizkarra eman eta arriskua etsai ankerraren figura soilera mugatzean gatazka ulertu ezin duten exekutibo estatubatuarren figuran adimenez islatua.

Homeland-season5Rolak trukatu egin dira. Zentzu horretan, Quinn, baina, bereziki, ongi gorenak itsututa hilketa sistematikoak agintzen dituen Saul terrorista gisa erakustea, norabide berean sakontzeko balioko duen erabaki dramatiko inspiratua da. Denboraldiaren planteamendua, ordea, askoz haratago doa, izugarrizko gaurkotasuna duten gaiak ukitzea proposatzen duelako hasieratik. ISIS, Syria, errefuxiatuak eta islama tratatzerako orduan Europak duen erantzukizuna eta sekula iritzi publikora iritsiko ez diren erlazio instituzionalen negoziaketak… Sortzaileek baieztatu zuten Putinek eta Charlie Hebdok ere emanaldi berri honetan tartea izango dutela; proposamen berri eta freskoa, istorioa kapa ezberdin askorekin aberastu dezakeena.

Instituzioen rola esanguratsua izan da emanaldi berriaren abiapuntua finkatzeko. Carrie edo Quinn bezalako agente adeitsu bezain apalen aurrean, Saul, Dar Adal edo Miranda Ottok interpretaturiko berlindar agentea, edo alemaniar goi exekutiboen pertsonaiek erantzukizun handiagoa dute, ordezkatzen dituzten erakundeak bere baitan eurak guztiak batera eduki dezaketen zeresana baino askoz esanguratsuagoak direla. Interes pertsonal eta instituzionalek talka egingo dute denboraldian zehar, bai pertsonaien artean, baina baita pertsonaien garunen barnean ere; gozagarria izango da hain maila altuko aktoreak aurrez aurre ikustea. Horrez gain, informazioa eta pribatutasunaren hauskortasunaren kontzeptua plazaratu dute hackerrak eta kazetariaren paperen bitartez, lehenek sistema ezegonkortu nahi duten bitartean, bigarrenak sistema hobeago bat bilatzen du, baina, bata zein bestea, informazioa eta boterearen lur labainkorretan jardungo dira atal berrietan zehar.

Quinn-SaulJoan den denboraldiak telesailarekiko fedea berreskuratzeko balio izan bazuen, bosgarrenak sendotze definitiboa ziurtatzeko balio beharko luke. Horregatik, pozgarria da estreinako atalak hasieratik bide berberari eusteko intentzioa eta osagaiak proposatu izana. Gainera, telesailaren ildo klasikora itzulera ere egin dute, suspense itogarriz beteriko azken eszena kateatzearen bitartez, telesailean zehar esanahi osatuago bat hartu duen Carrieren familia erlazioekin ixteraino. Hirugarren denboraldi gorabeheratsuaren ostean, badirudi Howard Gordon eta Alex Gansa sortzaileek iparra berreskuratu dutela. Ikusmin handiz jarraituko dugu emanaldi berria.

Hurrengo ataleko trailerra:

Eta orain zer? Hori zen hirugarren denboraldi amaieran, Brodyren heriotzarekin batera Homelandek bere argumentu nagusiari agur esan zionean, ikusleen artean hedaturiko zalantza, urriko itzulerako atal bikoitzaren ostean oraindik ere argitu ez zena.

Hamabi atalen ostean, ordea, argi esan dezakegu telesailak birsortu eta dinamika berri zein interesgarriak praktikan jartzeko abilezia erakutsi duela. Lehen denboralditik bereizgarri izandako thrillerra indartu dute, baina berritasun nagusia lehen aldiz amerikarrak etsaien maila moral berean jartzea izan da. Carrie eta CIAko gainontzeko kideak terroristen aurka borrokatzen zuten pertsonaia oldarkorrak izatetik muturreko ekintza lazgarrien erantzule izatera igaro dira, eta honek istorioa konplexuagoa bihurtu du zentzu guztietan.

Islamabadeko biztanle ezberdinen gizatasuna erakusten bete-betean asmatu dute, gatazkaren biktima hutsa den Aayan edo estrategia pakistandarrak gidatzen dituen Haqqani, biak ala biak familia eta sufrimenduzko egoeretan erakutsi dituzte, edozeren aurretik pertsonak direla azpimarratuz.

Haqqani kills AayanZentzu honetan, telesailak ere asmatu du amerikarrek ekialde hurbileko herrialdeetan gauzatutako inbasioen bitartez eragin duten kultura zein bizimodu suntsipenaren inguruan aritzean, baita egungo errealitatean zeresana izan duten gertaerak aipatzean ere, James Foley kazetariaren buru moztea, esaterako. Irailaren 11ko gertaerek, ordea, eztabaidaezinak izaten jarraitzen dute; kanpo politika estatubatuarraren pisuzko iritzi sortzailea izaten jarraitzen duen Homeland konspiraziozko ideiak iradokitzen hasteak sortuko lukeen zalaparta akaso gehiegizkoa litzateke Showtimentzat.

Istorioaren muinera itzuliz, denboraldi honetan garaturiko dinamika zinez adimentsua eta aldakorra izan da, linealtasunetik urrun, argumentuaren harian hainbat ezusteko eta shock une egon dira. Sortzaileek uneoro ikusleen aurretik jardun dute; Haqqaniren ustezko heriotza, Aayanen ondorengo hilketa harrigarria, Carriek kalean zehar drogaturik haluzinazioak dituenekoa… hauek eta beste hainbat une bikain borobildu dituzte, bai aktoreen maila altuko antzezpenei esker eta baita kamera zein soinu lan bikainari esker ere.

Brody haluzinazioaAparteko aipamena merezi du Carrieren drogen une kaotikoaren ostean, hainbat gizonek kale erdian hartu eta etxe batera eramatean gertatzen denak. Iparra galdu duen Carriek Brody aurkitzen du bertan, edo bere ilusio bat, une batez benetakoa izan litekeela sinestarazten digutena. Denboraldiko une indartsuenetakoa zalantzarik gabe, Brodyren mamua literalki eta modu ezinhobean gainditzeko balio duena gainera. Halako uneek Carrieren lana eta sentimenduen arteko muga zein hauskorra den azpimarratzeko eta, aldi berean, beti izan duen ezegonkortasunean sakontzeko balio dute, oraingoan inoiz baino modu sinesgarriagoan garatu dutena, amerikar enbaxadako Dennis izatean arazo hauetako hainbaten erantzulea.

Saul pakistandarrengandik ihes egiten saiatzen deneko “Halfway to a Donut” atala ere bikaina izan da, bereziki telesailean zehar buruzagi lanetan ibili den pertsona peoi gisa erakusten duelako. Bere sentimenduekin jokatzen dute eta horregatik tentsioz eta etsipenez beteriko ihes saiakeraren ostean hainbeste estimatzen duen Carriek ezinbestean gezurra esan eta berriz ere terroristengana entregatzen dueneko unea oso emozionala da, baita inguruan bere bila ari diren hainbeste pakistandar ikusita Saulek suizidatzea pentsatzen duenekoa ere.

AEBvsPakistanPreso trukean zentraturiko atala ere suspense gorenez beterikoa. “There’s Something Else Going On” izenburua gutxi balitz, gorputza lehergailuz jositako haurraren presentziak prozesu guztiaren arriskua are izugarriagoa bihurtzen du; Saulen jarrera etsigarria eta Carrieren salbatzeko eginahalak ere indar handiko uneak izan dira. Trukeak ere denboraldi osoan zehar sakonduriko beste aspektu bat nabarmentzen du, amerikar inteligentziako kideek, modu batean, euren ispilu diren Pakistango inteligentzia kideak aurrez aurre izatea. Interes ezberdinen alde izan arren, lan berdina egiten dute eta muga etikoak gainditzen dituzten botere zein dialektika borroka interesgarriak garatu dira pertsonaia hauen artean, hurrengo denboraldian jarraipena izatea espero dugunak.

Azken ataletara hurbildu ahala tentsioa nabarmen areagotu da eszena bakoitzean, Carrie eta Saulen kotxeak errepide erdian bortizki eztanda egin eta, Dennisen informazioari esker, Haqqani bere gizonekin batera amerikar enbaxadan barneratu eta kaosa eragiten dueneko uneak itogarriak izan dira, azken honek, zoritxarrez, denboraldi osoan zehar landuriko erruduntasunaren inguruko dilema indargabetu duen arren. Denboraldiko une erabakigarrienean amerikarrak dira sarraski nabarmena jasaten dutenak, ikusleak euren alde jartzea eraginez, pakistandarren sufrimendua nabarmen murriztu duten bitartean. Modu batean, ordea, ekintza hauek amerikarrek aurrez eragindako minaren ondorio direla iradokitzen du telesailak eta, behingoz, protagonistak galtzaile gisa irudikatzea erabaki ausarta izan da.

Atalen kalitatea, orokorrean, handia izan da. Enbaxadako hildakoen artean bi denboralditan zehar telesaileko pertsonaia iraunkorra izandako Fara egotea, Lockarten ontasun hutsala, Quinnen salbatzaile rola, pakistandar inteligentzia kideen ustelkeria… pertsonaiek muturreko egoeran harturiko erabakiak maisutasunez azaldu dituzte “13 Hours In Islamabad” atal bikainean. Sarraskiaren ostean, Carrie eta Saul enbaxadara itzultzean telesailak transmititzea lortzen duen etsipen sentsazioa zinez boteretsua da. Kale erdian hiltzear egon ostean, nola nahi duzu etsaia ez gorrotatzea? Halako ekintza krudelen erdian ozta-ozta salbatu ostean zein da bizimodu horretan jarraitzeko motibazioa? Mendeku gupidagabea? Pertsonaien gizatasunera eta sentimenduetara adimenez jotzen dute, beste behin ere.

Martha and Dennis

Denboraldiko une gogoangarrienetako bat, ordea, beste bi pertsonaien artean gertatzen da, atal horretan bertan. Dennis eta Martha Boyden arteko eszenan, gizonaren akatsek eragindako kaltearen pisua arnastea posible da. Isilune itogarria transmititzen duten plano luzeetan, bi aktoreek begiradekin nahikoa dute sakontasunez beteriko sentsazioak azaleratzeko. Baina unea are harrigarriagoa bihurtzen da Dennisek bere suizidatzeko nahiarekin emaztea eta ikusleak manipulatu ostean, AEBetara bueltan itzultzen dela ohartzen garenean. Izugarria.

Hainbeste tentsioz beteriko atalen ostean, amaieran erritmoa jaitsi izana arnasa hartzeko eskertu dugu baina, aldi berean, etsigarria suertatu da, batetik azken pasarte horietan Quinnek izandako zeresanaren ostean telesailak bere pertsonaia hil edo pisuzko gertaeraren baten parte izatearen itxaropen faltsua eskaini digulako eta, bestetik, azken atala osorik CIAko kideek Islamabanden bizi izandakoa asimilatzen duten moduaren ingurukoa izan delako.

Carrie funeralAlde batetik, ulergarria da pertsonaiak hain lazgarriak izan diren egoeretatik aldendu eta ingurune lasaigarrietan kokatzea, baina ingurune horietako batzuen aukeraketa ez da nahi bezain inspiratua izan. Carrieren aitaren zatia, esaterako, guztiz lekuz kanpo dago; urte hasieran hildako James Rebhorn aktorearen galera modu txukunean osatu zuten azken aurreko atalean, baina denboraldi itxieraren zati nagusia bere hutsuneak eragiten dizkion sentimenduen inguruan izatea akats larria da. Aitaren pertsonaia telesail osoan zehar zentzutasunezko figura puntuala izan da, noizean behin agertutakoa, baina sakontasunik gabe, inolaz ere ez azken atal honetan azalduriko garrantziarekin. Orain arte Carrieren bizitzan izan duten zeresana hain gutxi erakutsi ostean, bat-batean atal berean, aita eta amaren istorioetan sakontzea sinesgaitza suertatzen da. Atalak bere baitan koherentzia du, are gehiago “Coming Back” izenburuarekin, telesaileko pertsonaiak berriz ere euren jatorrizko bizilekuetara eta eguneroko ekintza arruntetara itzultzen erakutsi dituelako (Quinnen salbuespenarekin, denboraldia gerra girotik ihesean hasi eta berriz ere barreneraino sartzen amaitu duena), baina telesaila ikuspegi orokor batetik hartuz gero, lekuz kanpo dago.

Homelandek iraganarekiko hainbat lizentzia hartu ditu aurten, joan den denboraldian ia elkar jasan ezin zuten Lockart eta Carrieren arteko erlazioaren bat-bateko hobekuntza da beste adibide bat eta, beraz, ezohiko amaiera honetan planteaturiko egoera berriei datorren urtean jarraipena emango dietela imajina genezake, non erlazio pertsonalek sakontasun handiagoa hartuko duten. Haurra eta familiaren presentzia, Carrie eta Quinnen arteko erlazio sentimentala, Dar Adal eta Saulen arteko adiskidetze eraberritua, Pakistango inteligentzia kideak… garatzeko aukera eskaintzen duten hainbat fronte geratu dira airean zentzu honetan, baina telesailaz beste edozeren gainetik espero duguna da, elementu berriak gehitu arren, laugarren denboraldian sinesgarritasuna berreskuratzeko balio izan dion formulari ere jarraipena ematea.

Homelanden hirugarren denboraldiak Brodyren hutsunearen ondorioz beherakada nabarmena izan zuen arren, amaiera aldera istorioa berriz ere beregan zentratu eta itxiera duina ematea lortu zuten tentsiozko une landuen bitartez.

Kontakizunaren erdigunea izan zenaren heriotzak telesailaren amaiera ekar zezakeen, sortzaileek, ordea, ordura arteko dinamikarekin hautsi eta pertsonaien izaerak birmoldatzen dituen abiapuntu berri bat planteatu dute.

Carrie MathisonHonek egungo telesailetan nagusi den antiheroi figura eman dio Carrieri, salbatzaile izaeratik urrun, gupida gabeko agente nagusi bihurtu da eta bere erabaki bortitzek ikuslearentzat hain pertsonaia kuttuna ez izatea eragiten dute. Lana betetzea printzipio etikoen gainetik jarri ohi zuen Quinnen eraldaketa ere nabarmena da, bere betebeharren inguruan zalantzak ditu eta alde gizatiarragoa erakusten du.

Pertsonaien jarrerei begiratura, batek baino gehiagok pentsa lezake aurreko denboraldiekiko koherentzia galdu dutela, baina akatsik larriena hirugarren denboraldiaren planteamendua bera izan zen. Bertan, pertsonaia berrienek ez zuten sakontasunik izan eta hori izan da atal berri hauetan euren izaerak birplanteatzearen arrazoi nagusia.

Lehen bi ataletan Homelandek Brody gabe ere funtzionatzeko aukerak dituela erakutsi du, baina beregandik istorioan geratu den aztarna bakarra, umea, iraganak oraindik ere duen pisuaren erakusgarri izan liteke. Ikusteko dago argumentuaren garapenean honek izango duen garrantzia.

AayanPlanteamendu berriaren alderdi indartsuenetakoa da amerikarren etsaiak mehatxu terrorista gisa azaldu ordez, euren alde gizatiarrena azaleratzea. Honetarako erasoen biktima izandako Aayan gaztearen bizitzan sakontzen dute, amerikarrekiko jarrera erradikalik ez duena. Hainbat etxe bonbardatu ostean urtebetetze festa ospatzen duten CIAko kideak dira ekintza krudelenen erantzule. Gertakari hau lehen bi atalen erdigunea izan denez, denboraldian pisu nabarmena izango duela dirudi.

Carrieren Islamabadera itzultzeko gogoak, bere benetako “homeland” irudikatzen du, bizitza arriskuan jarri arren, hori izango delako munduan duen tokia. Lanaren aitzakiarekin bere bizitzan onartu nahi ez duen umea baztertzen du. Gaindituko ote du Carriek iraganaren mamua?

Hurrengo atalaren aurrerapena: