Archive for the ‘HELL ON WHEELS’ Category

AMC kateko telesail ezkutu gisa izendatu genezakeen Hell on Wheelsek egin du udarako itzulera, bosgarrena eta azkena izango den denboraldiaren estreinako atalaren bitartez. Aurreko emanaldi amaierako gertaeraren ildotik eta kokaleku berean abiatu da Cullen Bohannonengan zentraturiko istorioa. Trenbide-gizonak Cheyennen bizitza eta itxaropen oro galdu eta Railroad Pacificera egin zuen ihes, bizitza berri baten eta galdutako familiaren bila. Zentzu horretan, esanguratsua da ataleko lehen eszenak Bohannon etorkizun itxaropentsua sinbolizatzen duten emakume eta semearekin kostako etxe baketsuan itsasoari begira erakustea. Hurrengo ataletan ikusiko dugun gertaera bat ote, ala Bohannonen irudipena besterik ez? Modu batean edo bestean, erabaki inspiratua izan da sortzaileen aldetik, istorioa borobiltzeko balio beharko lukeen azken denboraldiak telesailaren abiapuntu originala ezarri zuen gertaera berari egin diolako erreferentzia, familiaren galera.

railroadAmetsezko une zoriontsua, ordea, modu bortitzean eteten da trenbide berriko lur izoztu eta errealitate gordinera itzultzeko. Trenbidearen eraikuntza izan da telesailaren beste euskarri nagusia; denbora luzez Thomas Duranten gidaritza gorabeheratsuaren menpe eta azken denboraldian bidea eraikitzen lehiatu nahi duen Railroad Pacificeko ingurune hotzetan, biek trenbidea dute oinarri ostera eraikuntzaren parte diren pertsonaien gatazketan sakontzeko. Aurrerapena sinbolizatzen du trenak, baina bizitzako bidea bera ere irudikatu dezake, ankerkeria eta miseria gailendu diren gerraosteko munduan aurrerabidea topatzen duena, ibilbidearen amaieran salbazioa eta bakea erdietsiko dutela sinetsi nahi duten pertsonaiei esker, onbera bezain maltzurrak diren pertsonaiak.

Dramatikoki lehen atalak ondo funtzionatu du, plano bereizgarri eta elkarrizketa inspiratuen bitartez aurreko denboraldietako gertaerei erreferentzia egiteaz gain, istorio berriaren oinarriak ezarri dituelako. Telesail osoan zehar transformazio izugarria jasan arren pertsona gupidagabe eta beldurgarriena izaten jarraitzen duen Thor Gundersenen agerpena bikaina izan da, Bohannonen etxeko atera bertaratzean izugarrizko tentsio eta itogarritasun sentsazioa sortzearekin batera telesaileko protagonista kuttunari deabrua bere barnean dagoela esaten diolako; honek istorioari existentzialismoarekin loturiko dimentsio berri bat eman diezaioke, zirraragarria elkarren artean libratuko duten azken lehian sakontzeko.

Bestalde, trenbidea eraikitzen duten langile txinatarren Mr. Chang buruzagi ustela ere ezagutarazi du “Chinatown” atalak. Bohannonekin talka hasieratik markatu dute eta bien arteko dinamikak aukera dramatikoak eta paralelismoak asko zabalduko ditu, biak ala biak egoera lazgarrietatik igaro direlako. Txinatar buruzagia behin ere esklabo izan zela  iradokitzen duten bizkarreko orbainak erakustearen bitartez nabari da sortzaileek egungo telesailak konplexutasun eta interes maila handiago batera goratu dituzten kontzeptuari eutsi diotela: ez dago heroi eta gaizkilerik, ongia eta gaizkia pertsona ororen barnean daude. Iragan gatazkatsuak gailendu eta esklabotza eta lanaren kontzepzio kontrajarrien bitartez aurrera egin duten nortasun indartsuko bi pertsonaien arteko talkaren eboluzioa gozagarria izango da.

mr changDurantek zuzenduriko Union Pacificen istorioa nekez dastatu dugu atal honetan, baina Railroad Pacificeko infiltratuaren bitartez mezuak telegrafoz jasotzen dituela ikustea nahikoa izan da aldi berean helmugara bideratzen diren bi trenbideen arteko talkaz gozatzeko aukera izango dugula jakiteko. Argumentua nabarmen aberasten du honek, antzekoak diren bi munduren arteko paralelismoak egiteko balioko duelako baina, bereziki, lehen aldiz istorioa bi trenbidetara hedatu duelako. Errealitateko gertaeretan txinatar etorkinek trenbidearen sorkuntzan izan zuten protagonismoa aldarrikatzeko balio du erabaki honek eta baita denbora luzez ezagutu ditugun Durant, Eva, Mickey eta abarren istorioak inoiz baino dinamikoagoa den plano bikoitzean batzeko.

Ezaugarri bereizgarriak mantendu eta planteamendu berri zein freskoak eskainiz, abiapuntu sendoa izan du Hell on Wheelsen azken denboraldiak, telesailaren anbizio handienekoa ziurrenik. Eskertzekoa da AMCk berak, berandu izanda ere, obraren alde apustu ausartago bat egin izana, aurrez Breaking BadMad Men edo The Walking Dead bezalako saio izarrekin egin bezala, zazpi ataleko bi txandako formatura eramanaz, western telesaila 2016raino luzatzeko balioko duena. Espero dugu sortzaileek urteetan zehar garatu duten maila narratibo zein artistiko bikaina mantendu eta istorioari merezi duen amaiera ematea.

Bosgarren denboraldiaren trailerra:

Breaking Bad, The Walking Dead eta Mad Men telesailek mundu mailako arrakasta lortu duten garaian, western estiloa jorratzen duen AMCko Hell on Wheels itzalean gelditu da. Galdutako familia mendekatzeko asmoz Cullen Bohannonek abiaturiko istorioa nabarmen garatu da eta laugarren denboraldian murgildurik, telesaila inoiz baino sendoago aritu dela esan liteke.

Gunderson vs BohannonMaila gorena eskaini baina hainbat gertaera airean utzi zituen hirugarren denboraldi laburraren ostean, Gundersenek apaiz itxura eginez bertako guztiak engainatu zituen mormoi herrixkan abiatu zuen denboraldi berria Bohannonek. Aldi berean, haurraren jaiotza dela eta ezinbestean aurrera eraman beharreko familiak ate berriak ireki ditu istorioan, Bohannonek emakumezkoekin zuen erlazioan sakontzeko aukera.

Cheyenne aldean boterea eskuratzeko borroka inoiz baino nabarmenagoa Campbell vs Durantizan da. Durantek herriaren kontrola bereganatzeko asmoz etorritako John Campbell izan du arerio nagusi, baina Sallooneko jabe den Mickey eta gertaera guztiak kontatzen dituen kazetaria ere izan dira botere lehia horren parte. Pertsonaiak denbora luzez ezagutzen ditugu eta izan duten bilakaerari esker euren arteko elkarrizketak sakonagoak bihurtu dira. Deigarria da Duranten papera zenbateraino aldatu den denboraldi honetan, buruzagi nagusia izatetik, trenbidea salbatzeko asmoz behin zigortu zituenekin elkarlanean aritzera igaro delako.

Western estiloarekiko fideltasuna mantendu dute sortzaileek plano eta musika bereizgarriaren bitartez; aurrez aurreko tiroketa edo tentsiozko uneetan gehien indartu direnak. Gertaera berrien ondorioz istorioa geroz eta zabalagoa bilakatu arren, ondo konbinatu dituzte pertsonaia ezberdinen zatiak, bakoitzari garapenerako beharrezkoa duen tartea eskainiz.

EvaEmakumezkoen garrantzia nabarmen indartu da denboraldi honetan. Evaren izaera eta iraganean gehiago sakondu dute Elamen hutsunearen ondorioz, Bohannonen emazte berri den Naomi ere antzeko dinamikan ikusi dugu eta elizako arduraduna den Ruthek inoiz baino protagonismo handiagoa izan du, denboraldiko gertaera esanguratsuenen parte bilakatzeraino.

Elamen patua zen, ordea, istorioaren zalantza nagusietakoa, beregan zentraturiko bi atalen ostean argitu zena. Hartzaren erasoaren ondorioz iparra galdu eta animali basati baten antzera jarduten duen pertsonan bihurtu da. Indiar indigenekin lotura egiten duen denboraldiko atal bakarrean, tribuko musika, ohitura eta erritoak, haluzinazio eta plano bikainen bitartez islatzea pasarte sendo eta originalenetakoa dela esan liteke.

Elam aluzinazioaElam Cheyennera egoera horretan itzultzeak, duela gutxira arte bizilagun izan dituen pertsonen aurrean munstro baten antzera azaltzea eragiten du, Psalmsekin hitz egin eta bere izaera normala berreskuratzen dueneko uneak are gehiago indartzen duena. Bohannonek behin bere lagun onena izandakoa salbatzeko ahal duen guztia egin baina ezinbestean hil behar dueneko unea tristea eta zirraragarria da aldi berean. Pena da Common aktoreak musika munduan dituen konpromisoengatik telesail osoan zehar hainbesteko garrantzia izan duen istorio bat bat-batean moztu izana, baina amaiera duina eman zioten behintzat. Evaren izu aurpegia eta, bereziki, atal amaierako azken eszena, non Bohannonek negarrez Elam lurperatzen duen, telesail osoko unerik gogoangarrienetakoa izango da, zalantzarik gabe.

Denboraldiko pasarte indartsuenak, ordea, pertsonaia berrien bitartez iritsi dira. Campbell buruzagiaren ostean, Cheyennen ordura arte izandako ordena hankaz gora jarri duen Sydney Snowren agerpena izan da istorioaren garapenerako elementu giltzarria. Hainbat herritar preso hartu ostean trenen bagoiak zatitu eta trenbide erdian izandako tiroketa denboraldiko une ikusgarrienetakoa izan da, western estiloaren esentzia aldarrikatzen duen horietakoa.

Eliza sutanIkusleen oroimenean geratuko den beste uneetako bat Sydney Snowk elizari su ematen dionekoa da. Elizaren suntsipena oso esanguratsua da, herriaren itxaropenaren suntsipenaren sinbolo delako aldi berean. Egoera are lazgarriagoa bilakatzen da Ezra gaztea eliza barnean sutan hil zela ohartzen direnean.

Une horretatik aurrera Ruthen garrantzia nabarmen handituko da, hain barnean zeramatzan elizaren baloreak suarekin batera desagertu eta mendeku gupidagabea bilatuko du. Hutsune eta frustrazio sentsazioak nabarmentzeko planoen erabilera bikaina da beste behin ere, baita atal amaieran Cullen eta Sydney aurrez aurre daudenean inork espero ez zuena gertatzen denekoa ere. Doluzko jantzi beltza soinean duela, Ruthek amorru biziz denen aurrean tirokatzen du, mendekua bere esku hartuz.

Ruth shooterEmakumeen garaiko menpeko estatusa nabarmentzeko, Ruth gizon bat akabatu izanaren ondorioz epaitu egiten dute. Une horretan bere aitarekin lotzen duten flashbacken agerpena ideia bikaina da, erlijiozko lezio moralen bitartez lehen denboraldietan zehar istorioaren zati garrantzitsua izan zen gizon zitala oroitzeko balio digulako. Bohannonekin zeldan igarotzen dituen uneetan sakontasun emozionala ere lantzen da, Elam eta Evaren amodio garaietatik telesailean ikusten ez genuena, baina istorioaren zati hau hainbeste indartu izanak, Campbell, Mickey, Durant eta gainontzekoekin garatu zitezkeen gatazkak erdibidean geratzea ere eragin du.

Ruthen heriotza oso emozionala da bere pertsonaiak telesail osoan zehar izan duen zeresanarengatik, are gehiago errudun bilakatu zuen Sydney Snowk denboraldian lehenago urkari ihes egin ziola oroituz gero. Urkara bidean jendartean oinez doaneko plano subjektiboak eta, poltsa buruan duelarik, itotzen ari deneko uneak inpaktu emozional handikoak dira.

Hainbeste zoritxarrek Bohannonen bakardadea areagotu dute eta, ondorioz, Cheyennetik alde egitea erabakitzen du azken atalean. Emaztearen bila mormoien herrixkara itzuli eta topatzen duen sarraski harrigarria hurrengo denboraldirako airean geratzen den galdera nagusietako bat da.

MountainsModu batean, denboraldi amaiera antiklimatikoa izan da, gertaera edo konfrontazio handi batean zentratu ordez, ataletan zehar emandako zorigaitzen ondorioz eginiko ihesa hartzen duelako puntu nagusi gisa. Hilabete baten ostean Salt Lake Cityra iritsi eta Gundersenen istorioarekin konektatzen duen gizona aurkitu izanak interesa gehitzen dio istorioari, baina hori ere argitu gabe geratu da, sakontasunik gabe, Gundersen beraren istorioa bezala. Espero dugu bera baino are ustelagoa den apaiz-gizon boteretsuaren eskutik Cheyennera itzuliko dela, bi denboraldietan zehar gainontzeko pertsonaiekin hain gutxi elkartu ostean bere indarra murrizten ari delako.

Mr. GundersenLaugarren denboraldiak sendotasuna erakutsi du eta baita istorioa bideratzeko kapa askotan sakontzeko gaitasuna ere: westerneko elementu klasikoei erreferentziak, aurrez aurreko une indartsuak, iraganeko istorio eta gertaeretan oinarritutako une emozional indartsuak eta baita boterearen borroka berritua ere, maila altuko dekorazio, musika eta planoen bitartez borobildua.

Hurrengo urteko bosgarren denboraldia telesailaren azkena izango dela iragarri zuen AMCk, eta, beraz, ikustekoa izango da hainbeste pertsonaia nagusik Cheyennetik alde egin ostean trenbidearekin lotura nola egingo duten istorioari amaiera duina emateko.