Archive for the ‘HANNIBAL’ Category

Joan den denboraldiko amaierako arnasa kentzeko moduko gertaeren ostean, “Antipasto” izeneko atalarekin estreinatu da Hannibalen emanaldi berria. Izenak berak dioen bezala, aurreko denboraldietako errealitatea alde batera utzi eta hemendik aurrera ikusleak dastatuko duen plater nagusiaren aperitiboa aurkeztu digu Bryan Fullerrek. Thrillerretik urrun, denbora saltoarekin abiatu da hirugarren denboraldia, mantso, baina dotore. Eszenatoki eta argumentuaren oinarri berriak jada mahai gainean ditugu.

hannibal-florenciaAldaketa markatzen duen atala da estreinakoa, non flashbacken erabilera izan den elementu aipagarrienetako bat. Zuri beltzeko eszenek iraganeko hainbat gertaeretan sakontzeko balio izan dute, Abel Gideon eta Hannibalen arteko afari makabroa esaterako, baina baita pertsonaien motibazioak osotasun handiagoz ulertzeko eta denboraldian zehar zinez garapen interesgarria izango duen Hannibal eta Bedeliaren arteko erlazioaren abiapuntua ezartzeko ere. Hannibalekin ihes egin arren, askatasunean inoiz baino presoago izatearen sentsazio handitzen doa bere barnean, senarraren garun manipulatzailearen menpe bizi delako. Bedeliak bere ekintzen kontrola duelakoan, giltzarria da ataleko unerik gogoangarrienean Hannibalek egiten dion galdera: “ikusle ala parte hartzailea zara?”. Gertaerak aurreikusi arren aldatzeko ezer egiten ez duenaren errua edo erantzukizuna giza erlazioetako egoera orora aplikagarria izanagatik, zirraragarria da telesailak denboraldia hausnarketa psikologiko mamitsuen ildotik abiatzea. Atalek aurrera egin ahala elkarren artean distantzia eraikitzen saiatu arren, batak bestearekiko sentitzen duen erakarpenak zein modutan jokatuko duen ikustea oso interesgarria izango da.

Lehenik Paris eta ondoren Florentzia. Denboraldi honetarako istorioaren kokalekua aldatu izana telesailaren hobekuntza handietako bat da, Ridley Scottek Anthony Hopkins protagonista zen filmean egin zuen bezala, bistakoa da Bryan Fullerren taldeak herrialde horietako arkitektura dotoreari probetxua aterako diola. Telesailak, ordea, filmetan garatu gabeko maisutasun estetikoa du oinarrian eta orain arte erakutsitako abilezia zenbaterainokoa izan den kontuan hartuta, eztabaidaezina da kokaleku berri hauek telesaila are gehiago goratuko dutela. Joan den denboraldian garaturiko abstrakzioa oso presente egon da atalean zehar, irudi onirikoen bitartez erruduntasuna, damua edo beldurra bezalako sentsazioak indartzen dituzten gorputz mugimenduak harrapatuz. Zentzu artistikoan, arkitekturarekin batera hasieratik argi utzi dute literaturak jokatuko duen papera esanguratsua izango dela, zehazki Danteren Divina Comediako esaldi baten bitartez: “beldurra heriotza bezain samingarria da”; Hannibal eta Bedeliaren arteko erlazioari erreferentzia zuzena.

hannibal-luciferOrain arte istorioaren erdigune izan diren Will Graham eta Jack Crawford bezalako pertsonaiek zein norabide izango duten ezagutzeke geratzen den arren, Hannibal eta Bedeliaren arteko dinamika hain da aberatsa atal osoa eurengan zentratzea zinez gozagarria dela. Zentzu honetan, telesailak bete-betean asmatu du hain puntu gorenean bukatu zen istorio zatiarekin moztu eta planteamendu fresko bat ematen, non pertsonaia eta egoera berriek tartea izango duten. Istorioa gehiegi esplotatu eta baliabiderik gabe geratzearen ondoriozko aldaketa behartua baino, puntu gorenera ailegatu ostean jarraipen berritzaile bat modu naturalean ematearen sentsazioa transmititzen du hirugarren denboraldiko abiapuntuak. Sariketa nagusietatik at geratu arren, sortzaileen lana txalotzekoa da, egun halakorik ez dagoelako telebistan; aurrez existitzen zen obra bat moldatu eta euren kutsu pertsonala eman diote, estetikoki eta filosofikoki istorio paregabea eratuz.

Orain arte nahieran jokatu duen Hannibalek, bere artearen ikusgarritasuna goratu nahi duen arren, aurrerantzean ezkutuan eta ihesean ibili beharko du. Bere askatasunaren amaieraren hasiera da: “The hunter becomes the hunted”.

Hurrengo atalaren aurrerapena: