Archive for the ‘BROADCHURCH’ Category

2013ko estreinaldi bikainaren ostean, Broadchurch telesail britainiarraren itzulerak ikusmin handia sortu zuen. Zein bide hartuko ote zuen lehen denboraldi borobila eskaintzeaz gain pertsonaien garapenerako hainbat aukera zabaldu zituen istorioak?

Lehen atalean bertan hainbat ezusteko jazo ziren, Joe Millerren erruduntasun ukapena nabarmenena, ustelkeria eta sekretuen dinamika berrien oinarri nagusia, baina baita Sandbrookeko kasuaren indartzea ere.

joe millerEpaiketa prozesuak, modu batean, telesailaren estiloa eraldatu du. Sekretu eta tentsioak herriko kaleetatik aldendu eta epaitegian nagusitu dira, errealitatea nahi bezala manipulatu duten abokatuen aurrez aurrekoaren bitartez. Prozesuan zehar hainbat une lazgarri izan dira, bereziki testigantzak denen aurrean egin behar izanagatik Latimer familiaren intimitatea betiko suntsitzea eragin dutenak. Honek ikusleen artean Joe Miller eta, bereziki, Sharon Bishop abokatuarekiko gorroto sentimendu sakona areagotzea eragin du, Latimertarrek pairatzen duten minarekin konexioa oso indartsua delako. Aldi berean, telesailak ikusleen itxaropenekin maisutasunez jokatzeko gaitasuna erakutsi du, astero errealitatean ikuspuntu zein interpretazio ezberdinak eta iraganeko gertaeren irudi zatikatuak azaltzean, uneoro gertaerak itxuraldatu eta bertsio bat ere egiazkoa bezala ez sinestea eragin du.

Hau bereziki Sandbookeko hilketen istorioan nabarmendu da, non Lee Ashworth susmagarri nagusia izatetik egoeraren biktima posible izatera igaro den, ebidentziak itsuturiko Hardyk hasieratik bere ondoan izan duen Clairekin gertatu den gauza berbera, baina kontrako norabidean. Zentzu honetan, Sandbrookeko istorioak balio izan du Broadchurcheko gertaerekin etengabeko paralelismoak egiteko, prentsa zein herritar arrunten kontakizunen bitartez sortzen diren aurreiritzien inguruan, baina bereziki bi kasuen arteko antzekotasunak erakutsi eta, elkarrizketen beharrik gabe, irudien bitartez, erlazio estua zuten bi familien arteko harremana zenbateraino deformatu den iradokitzean.

lee claire asworthTelesailaren akats nagusia joan den denboraldian zeresana izan eta Broadchurchen unibertsoa zabaltzea posible egin zuten pertsonaiak alde batera utzi izana da. Beste batzuen artean, apaiza, kazetariak edo Carter familiaren bizipenak eta epaiketa prozesuarekiko euren pertzepzioak hain azaletik tratatzean, istorioaren alderdi gizatiarrean are gehiago sakondu zezaketen egoerei ez diete behar bezainbesteko probetxurik atera. Zentzu honetan, harrigarria da telesaila ematen duen ITV kateak hainbat eszena gehigarri Youtubera igo izana; ulergaitza da pare bat minutu luzatu ordez halako eszenak ataletatik at utzi izana, batzuk esanguratsuak zirelako bigarren mailako pertsonaien garapena sakondu eta osatzeko.

Pertsonaia nagusien artean ere aukera guztiei etekina atera ez izanaren sentsazioa gailendu da, bereziki Ellie Millerren kasuan. Senarra Danny Latimerren hilketaren ondorioz kartzelaratu ostean, bere inguruan komunitate txikiko biztanleek pentsatzen zutena Latimer familiara mugatu dute, “eta hasieratik senarra laguntzen egon balitz?” bezalako pentsamenduak biztanleen artean hedatu izan balira bere egunerokoa nabarmen itogarriago eta samingarriagoa bilakatu zezaketen egoerak baztertzearekin batera. Deigarriena, ordea, Joe Miller ia denboraldi osoan zehar isilpean mantendu izana da; zinez interesgarria izan zitekeen, erruduna izanda ere, prozesu luzean zehar bere kezkak eta sufrimendua esploratzea.

mark and beth latimerAipatutako gabeziek denboraldiaren erdialdeko atalak makalagoak izatearen sentsazioa hedatu duten arren, amaiera iritsi ahala lehen denboraldiko gorentasuna berreskuratzea lortu dute. Tom Millerrek bere aitaren alde gezurretan oinarrituriko konfesioa eman eta, aldi berean, Mark Latimerrek bere erlazio sentimentalaren egia mingarria azaleratzeak denboraldi osoko une emozional gogorrenak eta antzezpen lazgarrienak sorrarazi ditu, aktoreek barren-barrenetik ateratako sentimenduen bitartez ikusleak hunkitzea lortu dute. Atzera begiratuz gero, interesgarria da Latimertarren sufrimendua Danny hil zenetik zenbateraino areagotu den erreparatzea. Beraiek dira benetako biktimak, galdutako semea baino gehiago, infernu konstante batean bizi direlako. Pertsonaiak muturreraino iritsi ahala, telesailak emozioen indarra berreskuratu du; Broadchurcheko epaiketaren zailtasunak, Sandbrookeko egiaren bilaketa eta bi abokatuen samina, Jocelyn ezinbesteko zahartzaroari aurre egiten eta Sharon hainbeste maite duen semea kartzelatik atera ezinik, seigarren atalaren amaierako muntaia musikatuan konbinatzea denboraldiko une gogoangarrienetakoa izan da, zalantzarik gabe.

Epaiketa prozesuaren bitartez landutako alderdi interesgarriena justiziaren anbiguotasuna da. Zer da justizia? Zeinek ezartzen du eta zeren arabera? Pertsonen konfesioak nahikoa al dira beste pertsona baten bizitzaren patua erabakitzeko? Objektiboa izatea bilatzen duen praktikaren funtsean erabakiak hartzearen ekintza subjektiboa egoteak justiziaren injustizia azpimarratzen du. Azken finean, esan liteke telesailak oraingoan nabarmendu nahi izan duena instituzioen bitartezko justiziaren baliogabetasunarena izan dela.

dead to usDenboraldiko azken atala betiko oroituko dugun altxor horietakoa da. Lehen minutuan epaiketako zinpekoen erabakia argitu ostean, hainbat egoera eraginkortasunez garatu dituzte. Latimertarren sufrimenduak eta euren kabuz justizia lortzeko beharrak Mark muturreraino bultzatzen du, elizako eszenan behin bere lagun izandako Joe hiltzeko erabakitasuna erakusteraino. Baina une zirraragarriena Danny ito zuen etxolan bertan, berriz ere, bi familiak elkartzen direnekoa da. Bethek, saminez beterik, Joe Miller akabatu ordez euren bizitzan tokirik ez duela eta benetako infernua izango duen bakardadera kondenatzen duen unea izugarri boteretsua da, Joe etxolatik irten eta behin gertuko ezagunak izandako guztiei erreparatzean begirada hotzak besterik jasotzen ez dituen unea bezala. Beste behin ere, eszenen hunkiberatasuna bikoizten duen Ólafur Arnaldsen musika malenkoniatsua eta irudien lanketa poetikoaren bitartez amaiera txukuna eman diote istorioari.

Sandbrookeko auziak ere bukaera garratz baina duina izan du, flashback gordinen bitartez osaturiko testigantzei esker Hardyk hainbeste denboran zehar bere gainean izan duen zama gainditu arren, egiaren ondorio bakarra zoritxarra dela ohartzen delako, ez du kasua argitzearen bitartez zoriontasunik lortzen. Bere bizitza betiko suntsituta dagoela uste du eta, zentzu honetan, ederra izan da telesaileko pertsona bakartienak bilakatu diren Hardy eta Miller elkartu eta honek bakarrik ez daudela esaten dionekoa. Atal hauetan zehar nahi bezain beste garatu ez den euren arteko erlazioak datorren denboraldian izan dezakeen garrantzia nabarmendu dute sortzaileek modu horretan.

abokatuak (2)Hardy Sandbrookeko gertaerak ikertzera mugatu eta aurreko denboraldian hain gertutik jarraitu zuen Latimertarren kasuan ikusle hutsa bihurtu izana da telesaila bi istorioen artean erdibidean geratzearen erakusle argiena, bietako bat ere osotasunean sakondu gabe geratu izanaren sentsazioa gailendu da. Baina, aldi berean, zuzena izan da kasua arlo judizialera igarotzean detektibe arrunta gainontzeko biztanleek bezain ezgai erakustea. Bi istorioak paraleloan jorratzeak Broadchurch eta Sandbrookeko gertaeren arteko antzekotasunak adimenez nabarmentzeko aukera eskaini du, eta baita istoriora pertsonaia berriak gehitzeko ere. Euren izaerak azaletik ezagutu ditugun epaileen arteko bateratzea hirugarren denboraldiko puntu esanguratsuetako bat izango da, bereziki kameraren aurrean Charlotte Rampling eta Marianne Jean-Baptistek transmititzen duten dotoreziagatik; telesailarentzat onuragarria eta ikusleentzat gozagarria.

Azkenekoa izango den hirugarren denboraldirako argumentua zein norabidetan garatuko den lehen denboraldiaren amaieran bezain argi sumatzen ez den arren, espero dugu orain arteko landuriko abilezia eta gabezietatik ikasi eta telesailari behin betiko amaiera borobila ematea.

2013ko estreinaldi bikainaren ostean, Broadchurch telesail britainiarraren itzulerak ikusmin handia sortu du. Zein bide hartuko ote zuen lehen denboraldi borobila eskaintzeaz gain pertsonaien garapenerako hainbat aukera zabaldu zituen istorioak?

Latimer familyLehen ezustekoa Ellie Miller detektibearen gizonak bere erruduntasuna ukatzea izan da. Bera kartzelara joatean ingurukoek detektibearekin izango zuten erlazioetan garatzeak interesgarria zirudien, baina bere gizona orain azpijokoan hasteak telesaila are zirraragarriagoa bilakatu du, ustelkeria eta sekretuen munduan sakontzeko balioko duelako. Espero dugun bakarra da epaiketa denboraldi osoan zehar luzatu arren telesailaren ildo nagusia ez bihurtzea, epaiketa inguratzen duten pertsonengan sakonduz nabarmen interesgarriago eta originalagoak diren dinamikak garatu daitezkeelako. Lehen denboraldian Danny Latimerren heriotza komunitate txikiko herritarren jokamolde eta sekretuetan sakontzeko abiapuntua izan zen bezala, oraingoan Joe Millerren erruduntasun ukapena da etorriko diren dilema berrien oinarria, pertsonaiak gehiago ezagutzean aurrez ikusitako egoerekin konparaketa eta paralelismoak egitea ahalbideratzen digutenak.

Zentzu honetan, zinez interesgarria da Mark Latimerrek behin bere semearen lagun onena izandako Tom Miller gaztearekin bideojokoetan jolastu eta elkarrekin egoteko ezkutuan geratzen hastea, non eta hondartza ondoan bizi zen emakume misteriotsuaren etxean. Manipulazioaren muturreraino iritsiko al da Latimer jauna?

Apaiza eta hoteleko emakumearen arteko erlazio berriak ere joko asko emango du ziur, baita kazetarien figurak ere, komunitate txikiko biztanleen iritzi eta ikuspegietan eragin nabarmena dutenak; eta, nola ez, Latimer familiaren garapena esanguratsua izango da, telesailak fokua eurengan mantentzeko beharrik gabe hainbat istorio garatzeko gaitasuna erakutsi duen arren orain, epaiketaren ondorioz, inoiz baino zelatatuago egongo direlako. Ikusgarria izango da seme maitearen hutsunea gainditu eta beste haur bat mundura ekartzeko ahalegina egiten ari den Beth emaztearen garapen emozionala.

SandbrookIrakasle eta ikasle izandako epaileen arteko talkak istorioari elementu berriak gehitu dizkio, hedabideen paperak betetzen zuenaren antzekoa baina oraingoan ustelkeria are muturrerago eramango dutela diruditenak. Zati deigarriena, ordea, Alec Hardy detektibearen iragana berpiztu duena izan da, atalean zehar oraindik ere beregan zama nabarmena duten Sandbrookeko gertaerekin loturiko pertsonaia berriak eta flashbackak izan ditugu, baita ustezko hiltzailearen agerpena ere. Broadchurcheko gertaeren paraleloan Hardyrengan halako eragina izan, baina ia ezagutzen ez dugun istorio bat garatzeak atal berriak intrigaz beteko ditu. Honek, aldi berean, bi detektibeen arteko inoiz baino delikatuagoa den erlazioa are aberasgarriagoa bihurtuko du.

Telesailaren estilo bereizgarriari jarraipen bikaina eman diote, bai estetikoki, edertasunez beteriko irudi eta planoen bitartez, eta baita egoera dramatikoenak modu ezinhobean indartzen dituen musika apartaren bitartez ere. Telebista britainiarrean merezitako onarpena eskuratu duten aktore bikainen antzezpenek emozioz beteriko hainbat une eskaini dizkigute beste behin ere; Ellie Miller, bizitzen jarraitzeko euskarri baten bila, bere sentimenduak konfesatzera psikologora joaten denekoa eta, bereziki, atal amaierako tentsioz beteriko une lazgarria, non Latimertarrek eztanda egiten duten, Ellie euren zorigaitzen errudun bezala seinalatuz.

Azken urteetako telesailen artean sinesgarri, emozional eta ederrenetakoa, Broadchurchen bigarren denboraldia lehena bezain ona izatea espero dugu. Itzulerako atala ikusi ostean, behintzat, ez genuke horretaz kezkatu beharko.

Bigarren denboraldiaren trailerra: