Archive for the ‘BLACK MIRROR’ Category

NETFLIXekin akordioa sinatzeak aukera infinituak ireki ditu Charlie Brooker sortzailearentzat: egun bakarrean sei atal ikusgai. Lotura dramatiko zuzenik ez duten istorio indibidualak jorratzen jarraitu du telesailak… uste baino gertuago egon daitekeen etorkizun distopikoa.

Sei atalak, banan-banan aztergai gurean.

black-mirror-3-denboraldia

Black Mirror itzuli da. Dramatikoa, tristea eta manipulatzailea izan den White Christmas atal berezian uste baino hurbilago dagoen etorkizuneko gure egunerokotasunean teknologiak izan dezakeen eragin suntsitzailea erakutsi nahi izan du Charlie Brooker sortzaileak. Etorkizun horretan denek gaur egungo Google Glassen tankerako Zed lentillak erabiltzen dituzte, pertsonak blokeatu eta eurekin komunikazioa etetea ahalbideratzen dutenak. Ondorioz, batak bestea ezin du ez ikusi ez entzun ere, gaur egun sare sozialen bitartez egin dezakegunaren antzeko zerbait. Mad Men edo Game of Thrones bezalako telesailetan ezagun egin diren aktoreen presentziaren bitartez, bakardadea eta indibidualismoa jorratu ditu oraingoan telesailak, nola teknologiaren erabilera okerrak gizabanakoa bere oskolean sartzea eragiten duten. Boteretsuek ez ezik, gizarteko biztanle arrunt orok aparailu elektronikoen bitartez ingurukoen bizitzak kontrolatzeko garaturiko beharrean ere sakontzen du, intimitate-eskubidea pentsaezina den mundu bat marraztuz.

Wizzard taldearen “I Wish It Could Be Christmas Every Day” abesti klasikoak gabon giroan barneraturiko etxolan kokatzen gaitu. Joe Potter (Rafe Spall) eguberri egunean esnatu eta sukaldera hurbiltzen da, non Matt Trent (Jon Hamm) aurkitzen duen bazkaria prestatzen. Etxe berean bizi arren, biek lehen elkarrizketa izaten dute bost urte hitz egin gabe igaro ostean.

Matt and Joe 2

Matt eta Joeren arteko elkarrizketatik abiatuta, atalaren argumentua adimenez banatzen da hiru zatitan: lehenik, Matten iragana ezagutzen dugu. Aurrerapen teknologikoek eguneroko jarduna erraztu duten munduan, Mattek lan berezia du: ordenagailu bidez beste pertsona bati ligatzeko gomendioak ematen dizkio, cookie-en bitartez. Greta (Oona Chaplin) protagonista den bigarren istorioan, cookie-ak pertsonen kopia gisa erabiltzen direla ezagutzen dugu, burmuineko zati bat kendu eta arrautza itxurako gailu batean sartuz. Kopiaren helburua jatorrizko pertsonaren egunerokoa erraztea da baina, aldi berean, dimentsio horretan denbora abiadura ezberdinean igarotzeak emakumearen bizitza suntsitzen du. Atalaren xehetasunei arretaz erreparatuz gero, nabarmenak dira istorioaren logika ulertzeko behin eta berriz eskaintzen dizkiguten pista eta paralelismoak.

Zentzu honetan, elkarrizketaren hasieran Mattek Joeri egiten dion galdera zinez esanguratsua da: “Why are you here? No one ends up here without things going to total shit for them back out there”. Biei zerbait txarra gertatu zaiela konturatzen gara, eta baita istorioak oraindik ezagutzen ez dugun dimentsio zabalago bat duela ere. Joe elkarrizketan zehar urduri ikusten dugu, Matt ordea ez. Bere istorioa kontatu ondoren garaturiko konfiantzaren ondorioz, Joe ere bere iragana azaltzen hasten da, ataleko zati emozionalena eta esanguratsuena dena.

Matt eta Joeren iraganaren artean hainbat paralelismo daude: bien emazteak banandu egin dira eta alaba beraiengandik urrundu dute, blokeoaren bitartez. Mattek, ordea, Joe instrumentu gisa erabiltzen du, bere pentsamenduak manipulatu eta konfesioa lortzeko. Honek ligatzeko istorioarekin antzekotasun nabarmena du; bietan Mattek beste pertsona bat limurtu behar du hitzen bitartez bere helburu partikularrak lortzeko.

aurrerapen-teknologikoak

Joek konfesioa osatzean ohartzen gara Mattek etxolatik haratago dagoen dimentsio batean poliziarekin elkarlanean landu duela hau guztia, cookie-en bitartez. Bukaeran, ordea, ezkutaturiko informazioaren ondorioz poliziak zigortu eta munduarengandik betiko blokeatzen du, inorekin komunikatu ezinik. Bi protagonistek etorkizun beltza dute aurretik: bata blokeatuta, inorekin harremanik izan gabe, eta bestea etxolan 1000 urterako harrapaturik. Biek ala biek, ez dute inoiz gehiago giza harremanik izango.

Teknologian oinarriturik eraikitzen ari garen munduarekiko hausnarketa honen bitartez gailuekiko dependentziak gure arteko harremanak zenbateraino deformatuko dituen erakutsi nahi izan du Brookerek. Bi pertsonaiek zigorturik amaitzean galdera sakona zein pesimista planteatzen du telesailak: zer da okerragoa, libre bizitzea baina gizartearekiko isolatuta, ala eternitate bat bakardadean giltzaperatuta?

Atalaren trailerra:

Atal honen aurretik telesailak biziki gomendatzen dizkizuegun beste bi denboraldi bikain ere izan ditu.

1. denboraldia:

2. denboraldia: