Archive for the ‘BETTER CALL SAUL’ Category

Breaking Badek ikusle, kritikari eta saritzaileak elkartu zituen azken denboraldi gogoangarrian merezitako onarpena jasotzeko. Walter White eta Jesse Pinkman erdigune zituen istorioak etengabeko hobekuntza izan zuen eta hainbeste gatazka jasandako pertsonaiak muturreraino eramaten lan bikaina osatu zuten sortzaileek. Telesail goratuenen antzera dimentsio ugarizko unibertsoa eraiki ez arren, kontakizunaren oinarrizko pertsonaiei izugarrizko zukua ateratzea lortu zuten, bakoitzaren inguruan telesail indibidual bat egitea posible izatearen ideia hedatzeraino. Horixe da, hain zuzen ere, urte eta erdi beranduago iritsitako Better Call Saulek landu duena. Hainbat dira Gus Fring bezalako kriminal batengan sakontzea interesgarriagoa izan zitekeela defendatzen dutenak, baina Bob Odenkirkek bikain antzezturiko Saul Goodmanen bizitza abiapuntutzat hartzeak ona eta txarraren arteko dilema horri dimentsio zabalago bat ematen dio, zintzotasunetik ankerkeriarako bilakaera, Heisenbergekin ikusi genuen bezala.

TucoVince Gilliganek gidaturiko sortzaile taldeak eskainiko zigun altxor berriarekiko ikusmina izugarria zen, baita mito bihurturiko Breaking Baden itzala ere, eta zentzu horretan esan liteke aurreikuspenak soberan bete dituztela. Bi telesailak ezberdinak izanik, oraingoan umorea dramaren aurretik gailendu da, baina bere baitan zabalagoa den unibertsoaren oinarrizko hainbat ezaugarri mantendu dituzte, Albuquerqueko zabalgune lehorrak kutxen barnetik grabaturiko planoekin nahasten dituen argazkigintza estilo bereizgarria, gaua eta eguna elkartzen dituzten sekuentziak, musikaren erabilera dramatiko eraginkorra eta ezagutzen ditugun kokaleku zein pertsonaien arteko loturak, esaterako. Lehen atalean bertan Mike eta Tuco bezalako bi pertsonaia esanguratsu agertzeak bizitasuna eskaintzen dio istorioari eta baita ikuslearengan zirrara eragin ere.

Enpresa propioa sortu aurretik, jatorrizko izena ere mantentzen duen Jimmy McGillen istorioa funtsean Walter Whitenaren antzekoa izan arren, abokatu bizkorra drogen negozioko buruzagitik ezberdintzen duena gizatasuna da. Walter, diruak itsututa, kriminal gupidagabea bihurtu zen bitartean, McGillen ekimena nabarmen umilagoa da. Diruaren inperioan aurrera jarraitzeko ahaleginetan gezurrez beteriko munduan nahastean, lankideei iruzur egin, legez kanpoko tratuak kudeatu eta jendaurrean bere irudia hobetzeko antzezpenak eraikitzen ditu, baita kriminalak lagundu ere, ustelkeria bere berezko izaeraren ezaugarri bilakatzeraino. Diruaren zehaztapena giltzarria da telesaila behar bezala ulertzeko, AEBtako pentsamolde kapitalista istorioaren muinean dagoelako. Estatus soziala diruaren bitartez ulertzen dute biztanle iparramerikarrek, beste inork baino gehiago, ataletan zehar hainbat adibideren bitartez ikus dezakeguna; “Nacho” amaieran basora billetez beteriko poltsarekin ihes egiten duen familia, “Hero” hasierako erloju trukea, “Alpine Sheperd Boy” atalean agureei emandako zerbitzuez aprobetxatu eta behin eta berriz eskudirutan kobratzeko eskaria… legea ezartzen dutenek kriminalekiko harturiko neurrien zentzugabekeria ere azpimarratu dute. Halako egoren bitartez sortzaileek lortu dutena da sistema horri barre egitea, umorea baliatu dute hainbeste pertsonentzat sakratua izaten jarraitzen duen eredu amerikarra kritikatzeko.

MikeTelesailaren lorpen nagusietakoa da ataletan zehar garapen dramatiko zehatzak lantzeko egoera bakoitzaren erritmoa eta iraupenaren inguruan izandako kontrola. Shock gertaeretara jotzeko beharrik gabe, atalak izugarrizko erraztasunez ikusi ahal izatea lortu dute, urteetan zehar bikainduriko 45 minutuko formularen erabateko ezagutza izatearen erakusle argia. Miken iraganean zentraturiko “Five-O” atalaren bitartez dinamika ezberdinak lantzearen aldeko apustua egin dutenean ere abilezia gorena erakutsi dute.  Jonathan Banks aktore beteranoaren talentua eztabaidaezina da eta denboraldiko atal sakon zein gozagarriena osatu du istorioaren zama bere besoen gainean hartu eta era askotariko emozioz beteriko antzezpen bikaina eskaintzean. Pertsonaien iragana, oraina eta etorkizuna konbinatzeko modu oso adimentsua erakutsi dute sortzaileek behin eta berriz.

Funtzionatzen duten kontakizun mekanismoetara mugatu ordez, istorioaren freskotasuna bermatzeko planteamenduak eraberritzea izan da telesailaren beste merituetako bat. “Bingo” atalean, esaterako, Mikek diru zorroa ezkutuan HHMko jabe den Kettleman senar-emaztearen etxera itzuli eta hauek euren semeei egoera azaltzen dieteneko sekuentziak musika du aurrera egiteko garraiobide bakarra. Elkarrizketen beharrik gabe egoerei jarraipena emateko maisutasuna frogatu dute, McGillen apartamentu berrian gustuko duen Kim lankideari bere bulegoa izan litekeena aurkezten dioneko unean bezala. Bakardadea eta desioa bezalako sentsazioak hitzen beharrik gabe, planoen bitartez bikaintasunez transmititzea lortu dute. Erabili dituztenean, ordea, elkarrizketak bikainak izan dira, bereziki Breaking Badekin lotura duten pertsonaien testuinguruak osatzeko eta legea, justizia edo kapitalaren inguruko hausnarketak plazaratzeko.

Saul Chuck (2)Telesailak adimenez landu duen beste alderdietako bat atal bakoitzaren sarreraren bitartez Jimmy McGillen iragana eraikitzearena izan da, orainaldiarekin alderatu eta McGillen jokaera nola aldatu den nabarmentzeko, baina bereziki bere izaeran sakondu eta lana zein familiarekin dituen loturak esploratzeko. “Rico” atalaren hasiera da bereziena, McGillek abokatu titulua eskuratu berritan inprimagailu batek isilduriko Howard nagusiaren sermoi nekeza ilustratzen duena. Beste hainbaten artean, McGillentzat eguna okerrerantz doanean autoarekin gainditu beharreko putzu sakona edo sentsazio berbera areagotzen duen zabor bidoiaren presentziaren bitartez Breaking Baden landuriko sinbologiei jarraipena eman diete, baina esanguratsuena abokatu protagonistak bere anaia den konpainiako presidente ohiarekin denboraldi osoan zehar garaturiko erlazioa da.

Gailu elektronikoekiko fobia duen Chucken pertsonaia eta bizi duen argirik gabeko etxea bera Saulen beldurren sinboloa da, sustraiak lurrean barreneraino sartuta dituen zuhaitzaren egongelako koadroa bezala. Denbora luzez ezintasuna bereizgarri nagusi izan duen anaiak bat-batean arazoak gainditu eta abokatu lanetan laguntzen hastea izan da argumentuaren ezusteko nagusietako bat, azken ataletan etengabean handitu den haustura nabarmentzeko balio izan duena. Hasieratik eraikitako gezurraren saminak anaien arteko zatiketari izugarrizko dramatismoa eman ez arren, anaia zaharrenak gaztea bere helburu pertsonalak lortzeko nola manipulatu duen erakusteak amerikar ereduaren kritika gazi berri bat egiteko balio izan du.

Ikuspuntuen arteko talka lantzeko beste modu interesgarri bat aldaketaren kontzeptua izan da. Anaien arteko desadostasuneko une gorenean, Chuckek Jimmyri jendea ez dela aldatzen esaten dio, etxe ilunetik mundu normalera itzuli arren aspalditik pentsaturiko estrategiaren bitartez bere izaeran nabarmentzen den ezaugarria. Anaia gazteari errieta egin eta bizitzako arazoei aurre egin ordez beti ihesean ibiliko dela aurpegiratzen dio, eta ikusleok Breaking Baden ondorioz etorkizunean Saul Goodmanen papera zein izango den neurri batean ezagutzen dugun arren, bere kontura lanean hasi ahala datorren denboraldian areagotuko diren dilema moralak esploratzea zinez interesgarria izango da.

saul erlojuaModu batean, azken atalek umorea alde batera utzi eta egoera dramatikoetan sakondu dute, Jimmyren frustrazioa azpimarratzen duen zaharren egoitzako bingoko hitzalditik aurrez umore klabean eskainitako eszenen errepikapen itogarriraino, non hainbestetan txantxa bezala erabilitako jokoak huts egiteak lagun kuttunaren heriotza dakarren. Denboraldian zehar garaturiko gertaerak eta pertsonaien arteko lotura dramatikoak borobiltzeko balio izan dute. Zentzu honetan, atal bakoitzeko kredituetan azaltzen diren irudiak ere esanguratsuak dira, istorioaren garapenaren sinbolo bezala funtzionatzen dutelako. Azken atalean, bi anaien arteko erlazioa bezala, lurrera erori eta hausten den edalontzia adierazgarriena.

Ezin ahaztu, ordea, denboraldi osoan zehar nagusitu den ikuspuntu bromazalea, Jimmy eta Mikek aparkalekuko txartelekin izandako lehiak, Tucok justizia pertsonala ezartzeko duen dilema, Jimmy lege paper batzuen bila edukiontzi batera erortzen deneko unea, Mikek droga elkartruke baten aurretik bere bi lankideak uxatzen dituenekoa, dirua eta iruzurraren inguruan eraikitako hainbat muntaia surrealista… Gilliganen taldeak hainbat une gogoangarri eskaini dizkigu.

Hau guztia amaieran borobildu dute, berriz ere aldaketaren kontzeptura itzuli eta datorren denboraldian garatuko den izaera transformazioari bidea irekiz, arazoa edozein dela ere aurrera jarraitzeko mezua zabaltzen duen Deep Purplen “Smoke on the Water” klasikoaren bitartez. Ikusteko dago Jimmy McGill zein norabidetan eraldatuko den zehazki, baina telesailak halako maila mantentzen badu, oso gustura jarraituko dugu bere ibilbidea Walter Whitekin elkartu arte.