Archive for the ‘AMERICAN HORROR STORY’ Category

Sei urte igaro dira ‘Murder House’ etxe sorginduaren istorioak mundu zabalean jarraitzaile andana erakarri zuenetik. Denboraldiak igaro ahala, ordea, telesailaren gainbehera nabarmena izan da istorio eta dinamikak errepikatu baititu.

Desafekzio horri aurre egiteko, erabateko aldaketa proposatu dute sortzaileek ‘Roanoke’ seigarren emanaldian.

american-horror-story-6-denboraldia

Bueltan da FXen beldurrezko antologia istorioa. Ryan Murphyren sorkuntza berria telesailaren lehen bi denboraldietako iluntasunarena itzuli da abiapuntu makabro bezain zirraragarriaren bitartez. Errealizazio ikusgarria tentsioa bilatzeko baliatu dute hasieratik eta estetikaren maisutasunezko lanketa erdietsi dute, arrain-begi efektudun objektiboen eta plano kontrapikatu bereizgarrien bitartez, eta baita arnasa kentzeko moduko plano txandakatze bizien bitartez ere.

HilketaBeldurrezko generoaren erreferentziak ere sumatu ditugu Hoteleko estreinako atalean; “The Shining” eta “Seven” obra mugarriak izan dira inspirazio iturri nagusiak. Cortez hotelaren izaera fantasmagorikoak eta labirinto-itxurako osaerak Kubricken obra oroitarazten digun bitartean, Fincherren lan giltzarria oso presente dago Wes Bentleyk antzezturiko detektibeak aztertzen duen lehen krimen eszena basatian; baita hiltzailea bere hurrengo krimena iragartzeko detektibearekin harremanetan jarri eta alaba inuzenteak etxean sarraskia topatzen dueneko eszena itogarrian ere.

Beti da plazera telesailean ohikoak diren aktoreek istorio berrian zein rol jokatuko duten ezagutu eta euren nortasuna eta itxura lehenengoz dastatzea. Murphyk zuku guztia ateratzen die berezko talentua duten antzezleei, eta oraingoan bete-betean lortu du elkarren arteko kateatze interesgarriak eraiki eta drama dinamikoa plazaratzea. Planteamendua are interesgarriagoa da oraindik denboraldiko hainbat pertsonaia azaldu ez direla kontuan hartuz gero; bigarren atalean izango dugu Evan Peters, Finn Wittrock eta Angela Bassetten berri. Horrez gain, Lady Gaga eta Matt Bomerren arteko bikotea eraginkortasunez aurkeztu dute, bereziki pop abeslariaren pertsonaia, istorioko izar gisa. Gehiegizko garrantzia eman diote akaso, baina rolean txukuntasunez aritu da eta bere ekarpena meritu dramatiko soilengatik epaitu beharko dugu denboraldi amaieran. Atalaren bigarren zatian telesailaren beste ezaugarri bereizgarrietako bat azpimarratu dute, iraganaren garrantzia. Istorioko hainbat pertsonaia iraganean egindako ekintzek elkartzen dituzte, eta konexio horiek ataletan zehar pixkanaka ezagutzen joango garen erlazioak dinamitatzeko balioko dute.

Paulson eta Bates (2)Hotelaren unibertsoan arrotz, kontakizunaren kontrapuntua sinbolizatzen duen Wes Bentleyren pertsonaia ere zinez interesgarria da, istorioaren aspektu berbera indartzen duelako. Iraganeko galeraren ondorioz, orainean iltzatuta bizi da detektibea, etorkizunari aurre egin ezinik. Inguruan duen familiarekin eraikitako harreman hauskorrak joko asko eman dezake, are gehiago bere semearen patuak ikertuko duen hotelarekin hain lotura estua duela jakinda. Patuek eta esanahi ezkutuek, ordea, dimentsio handiagoa hartzen dute ataleko xehetasunei erreparatuz gero. Murphyk gidaturiko sortzaile taldeak pista mamitsuak ematen dizkigu hotelean egotearen arrazoiaren inguruan Sarah Paulsonek eta Kathy Batesek duten elkarrizketa eta, hilketak gauzatzen dituzten bitartean, ziztu bizian atzeraka egiten duen erlojuaren bitartez. Sakonean hausnartuz gero denboraldiaren nondik norakoen ideia osatu bat eraikitzeko baliatu ditzakegu hauek.

Norabide berean jokatzen du atalaren amaiera musikatuak, eta The Eagles taldearen “Hotel California” abesti klasikoak modu ezin hobean borobiltzen du eraikuntzaren barnean nagusi den dekadentzia, laster istorioaren garapenean giltzarri izango diren dinamiken esanahi ezkutuak indartzearekin batera. Hotelek osagai guztiak ditu American Horror Storyren denboraldi sendoena izateko, orain osagai horiek adimenez konbinatu eta errezeta maisutasunez errealitate bihurtzeko gai den ikusi beharko dugu.

Hurrengo ataleko trailerra:

Gorputzean zehar dituzten deformazioen ondorioz freak deituriko pertsonek osaturiko zirku misteriotsua abiapuntutzat hartuta, American Horror Storyren laugarren denboraldiak inoiz baino dotorezia estetiko handiagoa erakutsi zuen urrian, estreinatu zenean. “Coven”ek alde batera utzitako beldur psikologikoaren lanketan berriz hutsik ez egitea, ordea, telesailaren mamuetako bat izan zen lehen ataletan.

CircusHorretarako istorioa inoiz baino gehiago pertsonaietan oinarritzea erabaki dute, euren kezka zein beldurrak ezagutu eta pantaila aurrean ditugunenganako enpatia handitzeko. Itxuragabetze fisikoen ondorioz gizartean umiliatuak diren zirkuko kideen istorio ezberdinetan sakontzea telesailak betidanik iraganarekiko erakutsi duen lehentasunaren adierazgarri da, oraingoan inoiz baino modu eraginkorragoan erabilia, flashback emozional eta lazgarrien bitartez.

Gerra garaian hankak brutalki galdu zituen Elsa Marsen konfesioa, aspalditik bere ondoan izan duen Ethel Darling emakume bizardunaren istorioa eta gorputz bakarrean bi buru diren Bette eta Dottekin eraikitako dinamikak zinez interesgarriak bilakatu dira, lehen mailako antezpenen bitartez goratuak. Zirkuko hainbat kidek benetako deformazioak izatea Freak Showren meritu nagusietakoa izan da, aktoreek bizitza errealean jasaten dituzten eragozpenetan oinarrituz, osatzen duten komunitate sentimendua plazaratzea bilatu dute, une guztietan lortu ez arren. Kontakizunekin, ordea, zehatzetik unibertsalera igarotzeko gai izan dira, egungo gizartean oraindik ere normaltasunaren mugetatik at geratzen direnek pairatzen duten sufrimenduan sakondu dutelako, ezberdina denarekiko intolerantzia eta bazterketan.

Edward-MordrakeIstorio horietako hainbat, telesailaren usadio bihurtu den Halloweeneko pertsonaia bereziaren bitartez heldu dira, edonor hildakoen erreinura eramateko ahalmena duen Edward Mordrakekin. Zirrara handia sortu duen pertsonaia da, XIX. mendeko noble ingeles baten istorioan oinarritua dagoelako. Garaiko idatziek kontatzen dute gizonak buru atzean beste aurpegi bat zuela, hitzik esan ez arren, barre eta negar egiten zuena eta gauetan ahopeka hitz egiten ziona. Denboraldi hasierako partaide beldurgarri eta dramatikoena eramaten du berarekin, behin umeak maitatzen zituen zorigaiztoko pailazoa. Zirkuko kideekin garatu zezakeen dinamikan sakondu gabe eta bertatik kanpo existitzen zen munduarekin erlazio estuena zuen pertsonaia izanda, bere istorioari behar bezain besteko probetxurik atera ez izanaren sentsazioa gailendu da.

Telesailak bete-betean asmatu du estetikaren lanketan, plano aldrebesetara gutxiago jo arren, kokaleku bakoitzaren bereizgarritasunak, janzkerek eta irudiaren zein koloreen tratamendu apartak, bisualki denboraldirik osatuena izatea eragin dute. Kolore gorriak zeresan bikoitza izan du, zirkuko txoko gehienetan protagonista izateaz gain, inoiz baino indarkeria esplizitu gehiago ikusi dugulako hilketen bitartez. Pertsonaia bakoitzaren trauma eta beldur ezkutuek biolentzia grafiko gorenaren bitartez egin dute eztanda, “Tupperware Party Massacre” atalean Dandyk eragindako sarraski odoltsua adibide ikusgarrienetako bat.

Cabinet of CuriositiesDenbora tarte ezberdinak flashbacketako irudien tonalitatearen bitartez bereiztea telesailak maisutasunez jorratu duen beste alderdi bat izan da, modu horretan dotorezia handitu dute, introko abestiaren moldaketarekin bezala. Denboraldiko animaziozko irudiei erritmoa jartzen dien musikari izaera magikoa eman diote eta zaleen artean goratua izan da. Istorioaren garapenerako musikaren erabilera, ordea, ez da hain eraginkorra izan. Ulergarria da ikuskizunen munduan zentratzen den zirku batean emanaldi musikalak egotea, baina une batzuetan errepikakorregiak bihurtzeaz gain, kronologian egindako akatsa barkaezina da. 50eko hamarkada girotzeko, garai horretan oraindik sortu ez ziren kantak erabili dituzte, David Bowieren “Life on Mars” eta Nirvanaren “Come As You Are” sonatuak, biak ala biak hainbat hamarkada beranduago publikatu zirenak.

Istorioa eta pertsonaiak muturreraino iritsi ahala, freakaren izaeraren esentzia zein den jorratu du telesailak. Azaleko deformazioetatik haratago, benetako munstroak besteen gabeziengandik probetxua atera eta oinazea eragiten gozatzen dutenak direla iradokitzen du. Hollywoodeko agente itxurapean zirkuko egonkortasuna deuseztatzen duen gizona eta, mota guztietako luxuak izan arren, zoriontasuna lortu ezin duen Dandy dira honen erakusle argienak. Ama hil eta bainuontzian odol artean gozatzen ikusten dugunetik aurrera, bere jarrerak ezinbestean Christian Balek American Psycho film goratuan azaltzen duena gogorarazten digu.

Dandy BloodbathBaina zirkuko pertsonaiak ere ez dira libratzen, Elsa Marsek muga guztiak gainditzen ditu Ethel Darling akabatu, Jimmyren bizitza suntsitu eta denen aurrean heriotzaren samina antzezten duenean. Ma Petiten hilketaren ondorioz penatuta, suizidio-ahaleginean huts egiten duen Strongmanen agonia eta Bette eta Dotten arteko barne gatazkak ere hainbat une emozional eskaini dituzte, bi buruen arteko desioen talkak zenbat joko eman dezakeen erakustearekin batera. Jessica Langen azken denboraldia izanagatik bere pertsonaiak gozatu duen protagonismoa ulergarria den arren, tamalez, akatsa ere bada, sakontasun handiagoz garatu zitezkeen beste batzuk erdibidean geratzea eragin duelako. Gainera, beste behin ere buruzagi papera ematean, Asylum eta Covenen ikusitako dinamikak errepikatu dira, originaltasunaren murrizketa nabarmena. Baina garapenerako tartea izan duten bigarren mailako hainbat pertsonaiaren potentziala nola xahutu duten ikustea ere negargarria izan da, Michael Chiklis eta Evan Peters, aita-seme mozkorren kasua eta istorioari ezer gehitu ez dion emakume lodia nabarmenenak.

freakshow-asylum“Orphans” izeneko hamargarren atal malenkoniatsuak, zirkuko dinamika mantsotu arren, iragana hobeto ezagutu eta pertsonaiei sakontasun emozional handiagoa emateko tartea eskaintzen du. Pepperren pertsonaiaren bitartez, hainbeste goratutako Asylumen unibertsoarekin konexioa egiteko parada izan dute, modu zehatz baina egokian, eroetxera iritsi ziren pertsonen erruduntasunaren zalantza azpimarratzeko. Bigarren denboraldiko eraikuntza ikuste hutsak bertako gertaeren oroimena indar handiz pizten du. Gerora gainera Hans Gruper mediku naziarekin lotura egitea interesgarria eta ausarta, telesailaren denboraldi indibidualek osotasunean esanahi zabalago bat izan dezaketen kontzeptuaren inguruan funzionatzen dutela iradokitzen duelako.

Neil Patrick HarrisFreak Showren beste puntu indartsuetako bat izan da, argumentuaren oinarrizko istorioak garatzearekin batera, uneoro pertsonaia eta egoera berriak aurkeztu dituela. Neil Patrick Harrisen pertsonaiak ekarritako dinamika izan da zentzu honetan gogoangarriena, zirkuko kideen artean nahikoa arazo zituztenean deabru handiena bere burua bera duen aztia. Panpina gizaki gisa maitatzeak Edward Mordrakekin azaletik besterik ezagutzeko aukera izan ez genuen izaera bikoitzaren dinamika modu ezinhobean garatu du, haluzinazioen bitartez eromen gorenenaino iritsi arte. Barneko mamuak trikimailu magikoa errealitate izugarri odoltsuan bilakatzea eragiten du, denboraldi osoko une harrigarrienetakoa, zalantzarik gabe. Bere pertsonaiean gehiago sakondu zezaketen arren, istorio koralaren garapena lehenetsi dute, bereziki amaierako ataletan, non pertsonaia nagusien istorioak muturreraino iritsi eta etengabeko garapena behar duten. Atal bakoitzean dinamika eta iraganeko sekretu berriak gehitzen joan dira, istorioaren helmuga zehatza argitu gabe, freskotasuna mantendu eta joan den denboraldiko hilezkortasuna bezalako zentzugabekerietan erori gabe.

Telesailari zerbait leporatu badiezaiokegu, irudien bitartezko zinemagintza nekez garatu izana da. Hainbeste egoeraren segidak ez du arnasa hartzeko tarterik ematen, baina ez zentzu dramatikoan bakarrik, baita artistikoan ere. Plano eta elkarrizketen bizkortasunak egoera bakoitza otordu lasterren antzera irenstea eragiten du; sentsazioak irudien bitartez transmititzeari ez zaio behar bezainbesteko garrantzia ematen eta dena hitzen bitartez xurgatzen dugu, hausnarketarako tarterik gabe. Elsa Mars hankak berregiten lagundu zion gizonarekin elkartzen den une poetikoa da, zentzu honetan, denboraldiko bakarrenetakoa.

freaksAmaierara iritsi ahala, geroz eta gehiago nabarmendu da zirkuko kideek gatazka egoeretan euren artean babesteko landutako dinamika. Zentzu honetan, 1932ko Ted Browningen Freaks filmean inspiratu direla nabari da, esan liteke denboraldi osoa pelikularen omenaldia dela, kontzeptua hamahiru ataletan zehar hedatu dutelako. Ildo berean garatu da Dandyren amaierako patua, denboraldi osoko une gogoangarrienetakoa bilakatu den tiroketa zikoitzean freak ia guztien bizitzarekin amaitu ostean, biziraun dutenen biktima gisa. Ikuskizunen munduan hain esanguratsua izandako Houdiniren kristalezko ur kutxaren bitartezko heriotza maisutasunez filmatu dute, Dandyren itogarritasun sentsazioa eta zirkuko kideen asebetetzea indartuz.

Aldi berean, istorioari kapa gehiago gehitu dizkiote, gerrarte garaiko iragan iluna alde batera utzi eta bidean euren gabezien bitartez enpatizatzea lortzen dugun pertsonaiak nola Hollywoodeko goreneraino iristen diren erakustean. Berriz ere, itxuran oinarrituriko judizioetatik aldendu eta pertsonak, izan duten iragana izan dutela, alde gizatiarra beti dutela eta, horretan oinarrituta, lorpen handiak izatera irits daitezkeela azpimarratzen du.

Dandy deathBaina hankak nola moztu zizkioten erakusten duen bideoaren kopia bat agertzearekin batera, Elsa Marsen iraganaren mamua berriz berpizten da. Hainbeste urteetan lortu nahi izandako ametsari eta bere benetako maitaleari uko egitera behartuta, azken emanaldia Halloween gauean ematea erabakitzen du. Telesailak bete-betean asmatzen du hemen, denboraldi hasieran izaki misteriotsu bezala aurkeztu zuten Edward Mordraken agerpenak istorioa guztiz biribiltzeko balio duelako. Suizidioaren bitartezko amaiera tragikoa da, baina baita oniriko eta espirituala ere aldi berean. Honen ostean, espero gabeko eszena bat gertatzen da, non denboraldian zehar hil ziren zirkuko kide guztiak berriz elkartzen diren. Amaiera hau Lost telesailaren amaierarekin konparatzea sahiestezina da, Losten protagonistak purgatorian elkartzen ziren bezala, kasu honetan freakak euren arimen munduan elkartzen dira. Elkarrekin momentu pila igaro izanagatik, hiltzean ere elkarren arteko beharra dutela somatzen da, denboraldian zehar erakutsi duten babes eta talde sentimendu hori indartuz.

freaks(2)Hitz gutxitan, Freak Showk lehen bi denboraldietako beldur psikologiko eta larritasun sentsazioa berreskuratu ditu, baina modu berritu batean. Pertsonaien izaera eta euren arteko harremanak izan dira oinarri nagusia eta euretako bakoitza zein muturreraino iristeko gai den. Justizia bilatu nahian mendeku eta ankerkeria egoeretan murgildu dira, ezusteko shock eszenetatik urrun, gizakiaren izaera maltzurrak zelako amaiera katastrofikoa eragin dezakeen erakusteraino. Maila altuko antzezpenek eta flashbacken erabilera inspiratuak eragin dute sentsazio hauek sinesgarritasunez transmititzea. Alde ahulenak pertsonaia batzuk denboraldiko zati gehienetan zehar noraezean ibili izana eta zirkuko kideen arteko anaitasun sentsazioa behar bezainbeste ez azpimarratu izana dira; baina estetika gorena eta muturreko indarkeriaren bitartez gizakiaren izaeran sakontzeagatik, zirkuko istorioak sentsazio ona utzi du amaieran. Badirudi inoiz iristen ez den denboraldi orekatuaren bila dabilela American Horror Story, aspektu guztiak osotasunez garatzeko ahalmena emango dion formula definitiboaren bila. Ikusle oro asebetetzea ezinezkoa den arren, bide onetik doaz, zalantzarik gabe.

Azken urteetan estreinaturiko telesail originalen artean merezimendu osoz arrakasta gehien izan duenetakoa da American Horror Story. Giza ankerkeria abiapuntu hartuta, denboraldi bakoitzean hasiera eta amaiera duten istorio indibidualak jorratzen ditu, beti ere aktoreak errepikatuz.

Sarah PaulsonHorixe izan ohi da urtero unerik berezienetakoa, aurrez hainbeste forma ezberdinetan ikusi ditugun aktoreek istorio berrian izango dituzten rolak ezagutzea. Zentzu horretan telesailak asmatu du, pertsonaia bakoitza ondo aurkeztu eta istorioa garatzen den uneko gertaerak azaltzeaz gain iraganarekin loturiko misterioak ere iradoki dituelako.

Estetika berria ere aparta da, denboraldiaren erdigune izango den zirku ikusgarria aurkeztu dute, euren deformazioen ondorioz munstro bezala ikusiak diren baina normaltasunez tratatuak izan nahiko luketen izakiek osaturikoa. Pailazo hiltzailea izan da beste elementu inspiratu bat, deigarria den arren eszena gehienak egunez igaro izana. Suposatzen dugu istorioak aurrera egin ahala egoerak itogarriagoak bihurtuko direla eta tonua nabarmen ilunduko dela. Kredituak aurkezteko sarrera gisa erabilitako animaziozko stop-motion irudiak eta musikaren moldaketa ere bikainak dira.

Ezin da ahaztu, ordea, joan den urteko “Coven”ek une batzuetan erakutsi zuen ahulezia, bai istorioa garatzerakoFreak Show orduan eta baita lehen bi denboraldietan sakondu zuten beldur psikologikoa alde batera uztean ere. Kezka horiek lehen atalean bertan sentitu ahal izan ditugu istorioaren zati batzuk gehiegi luzatu dituztelako, baina kontuan hartu behar da lehen atala abiapuntu bat besterik ez dela eta oraindik zeresana izango duten beste hainbat pertsonaia ere aurkeztu gabe daudela.

Flashbackak, plano arraroak, eszenak indartzeko musika eta beste hainbat soinuren erabilera, rock piezak… aurreko denboraldietan zehar telesailaren bereizgarri bihurtu diren elementuak mantendu dituzte, euren estilo propioa garatu izanaren erakusle. Orain estiloaren barnean hondoratu ordez behar bezala nabigatzea lortzen duten ikusi beharko dugu.

Hurrengo atalaren aurrerapena: