Archive for the ‘DOKUMENTALAK’ Category

Sarritan esaten diogu geure buruari, mundu zabaleko politikari, hedabide eta elkarteek zabaltzen dituzten mezuen ondorioz, kutsadura, gas fosilen erabilpena, ura eta oinarrizko beste baliabideen kontsumo arduragabea… direla etengabe hazten ari den berotegi efektuaren eta planetaren suntsiketaren arrazoi nagusiak. Gutxik erreparatzen diote ordea animalietan oinarrituriko nekazal industriari. Horixe da Cowspiracy dokumentalaren abiapuntua.

cowspiracy-water-consumptionHain aberatsa den lurrean barazkiak eta bestelako elikagai naturalak landatu ordez, landa eremu izugarri pila suntsitzen dira egunero; bertan animaliak ur eta bazka kantitate izugarriekin elikatzeko balioko duten lur berriak sortu eta animalia horiek gorpuzkera aproposa eratzen dutenean hiltegira bidaliz, atmosferara igortzen diren konposatu kimiko eta produktu artifizial kaltegarrien artean igaro ostean, sistemikoki akabatu eta gizakiok irentsi ditzagun. Honen aurrean, beren burua ekologistatzat izendatu baina funtsean negozioa lehenetsi eta kontrako eredua sustatzen duten instituzioen alde egiten duten elkarteen isiltasun kezkagarria islatzen du dokumentalak, benetako arazoari uko eginez itxurazko protesta besterik zabaltzen ez duena. Gizartearen desinformazioa handitzen dute eta, ondorioz, baita munduaren dekadentzia ere, ondo dakiten arren sakonean dagoen arazoa eta konponbidea bestelakoak direla.

Cowspiracyren helburua zinematografikoki zentzu artistiko gorena erdiestea baino gehiago, natura eta ekologiaren aldeko mezu gizatiar eta kontzientzia indartzaileak transmititzea izan arren, Kip Anderson sortzailea amildegiaren ertzean, lur hauskorrak zapaltzen egotearen sentsazioa eraginkortasunez transmititzea lortzen du, egiaren sakonera iritsi nahi duen pertsona arruntak erakunde izugarri boteretsuek osatzen duten sarearen aurka duen ahalmen eraldatzaile hutsala islatzean. Zentzu honetan, aipatzekoa da dokumentalak aurrera egin ahala hartzen duen forma geroz eta ilunagoa, beldurra eta kezkak nagusi diren egoera zailen kontakizunaz gain, irudia eta kolorearen trataera garratzago baten bitartez ere ilustratzen duela.

cowspiracy-in-the-darkSakonean tratatu ez arren, animaliak gure tripa eta ahosabaiak asetzeko besterik balio ez duten izakiak izatearen ideia espezista gizartean zenbateraino barneratua dagoen ere islatzea lortzen du, eurak gizakiak bizidun izatea posible egiten duen ingurunearen parte izan arren. Benetan suposatzen duena isiltzearen ondorioz hobetsia den elikatzeko modu honen bitartez planeta suntsitzen ari garela eztabaidaezina da; bide berean jarraituz gero, ur zein lurreko animalia espezie amaigabeez gain, ez dugu gaitasunik izango gizakiok sorturiko aberastasuna mantentzeko ere, biztanleria kopurua etengabe izugarrizko proportzioetan handituz doalako eta, ondorioz, baita elikatzeko beharra ere. Animalietan oinarrituriko dietari jarraipena ematea ez da zentzu batean ere bideragarria, planetaren baliabideak mugatuak direlako.

Honez gain, dokumentala aberatsa da ez delako arazoa identifikatzera mugatzen. Alternatibaren aldeko pertsonen ideiak ere jasotzen ditu, benetako ekologismoa eta beganismoaren aldeko eragileen testigantzen bitartez, baina baita animalien nekazal industriaren parte izandako pertsonak eta oraindik ere parte izanda guztiz kontziente direnak ere. Azken hauen hitzak eta etorkizuneko proposamenak entzutea zinez da aberasgarria. Errealitate lazgarriaren aurrean dokumentalak norbere esku dagoen aukerari eta erabakiak sor dezakeen ezberdintasun positiboari eusten dio, sistema hari zabaletan orkestraturik egon arren gure esku baitago pentsamoldea aldatu eta jarrera hori bera ingurukoen artean zabaltzea. Modu batean, arazoaren sakoneraino iritsi eta komodoa ez den errealitatea modu ulergarri eta kontzientziagarrian islatzea da Cowspiracyren lorpen handiena, hondamendiaren aurrean beste aldera begiratu edo ezjakintasunean oinarrituriko zoriontasunean bizitzea nahiago dutenen pizgailu izan daiteke. Mundu aske eta jasangarriago baten alde.

Trailerra:

Joan den urtean Donostiako Zinemaldian eta beste hainbat jaialditan estreinatu arren, 2015 hasiera izan da Ciutat Morta dokumentalak oihartzuna izan duen garaia. 2006ko otsailaren 4ean, Bartzelonako gazteek denbora luzez okupatua zuten eta festa jendetsuak antolatzen zituzten antzokiaren kanpoaldean, babesgabeko polizia bat ustezko loreontzi batekin buruan kolpatua izan eta egoera begetatiboan geratu zen.

Gertaeraren harira, polizia agenteek antzokiaren sarreran hiru gazte hegoamerikar atxilotu zituzten eta gerora, zerikusirik ez izan arren, baita euren itxurarengatik susmagarriak izan zitezkeen beste bi gazte ere.

IMAGEN  DEL  DOCUMENTAL PELICULA CIUTAT  MORTA TWITTERDokumentalak, turismoa eta liraintasuna irudikatzen dituen Bartzelona ederretik urrun, hiriburuaren alde ilunenean sakontzen du, tamalez egunerokotasuneko gai normala bilakatzen ari den ustelkerian. Baina ez gazteak epaiketaren esperoan giltzapean igaro zituzten bi urteetan zehar jasandako polizia torturatzaileen ustelkerian soilik, baizik eta sistema osoa inplikatzen duen ustelkerian. Itxuraz epaiketa pertsonalak izan arren, gazteak kolektibo moduan zigortu zituzten, gizarteko sistema kobentzionaletik at irteten den bizitza eta antolakuntza eredua sinbolizatzen zutelako.

Sententzia zehatz bat bilatzen duen epaiketa inpartzialaren prozesu ilunean, ebidentzia oro alde batera utzi, errealitatea manipulatu eta gazteen aurka testigantza eman zutenak eurak torturatu zituzten poliziak berak direla argitzen da. Testuinguru honetan, beldurgarria suertatzen da hedabideek biztanleriari gazte horiek terrorista edo kaleak “zikintzen” dituzten pertsona gisa erakustearekin batera, instituzioek erabiltzen duten indarkeria ezkutua, kaleko polizietatik epaile gorenetaraino, ustelkeria estrukturala da, maila guztietakoa. Kiratsa are nabariagoa da, epaiketak aurrera egin ahala, legea euren alde zutenen bertsioa hankaz gora nola geratzen den ikustean.

Atxilotuen kontakizunak gordinak eta lazgarriak dira; gizartearen zerbitzura daudela suposatzen den segurtasun indarren benetako papera zein den ezagutzean ikusleak ezin du hotzikara ekidin gorputz osoan zehar. Baina dokumentalaren une sentikorrenak, hain zuzen ere, atxilotuetako pertsona sentikorrena den Patricia Herasekin iristen dira. Atxiloketa egunetik Poeta Muerta blogean jaso zituen poemek gazteen testigantzen garapena edertasunez iruten dute, tragedia bilakatzen den edertasuna, tortura, kartzela eta epaiketa prozesu luzeak beregan utzitako marka gainditu ezinik, Patriciak bere buruaz beste egin zuelako 2011ean.

Mano dura contra los okupasAzaleko aurreiritzi eta judizioen kontzeptua dokumentalak jorratzen duen beste gai esanguratsuenetako bat da. Okupa edo sistemaren aurkako izaera dutenen bazterketa kasu konkretu bat izan arren, intolerantzia egun gizarte osoan zehar barneraino hedatuta dagoen gaitza da; arrazismoa, etorkinen mespretxua… baina baita gertuagoko zirkuluetan ere, pentsamolde sozial, kultural edo pertsonal ezberdinak espresatzen dituenaren aurkako jarrera iraingarria gizartearen arazorik handienetakoa da, zalantzarik gabe, zatiketa eta gorrotoa sustatzen dituelako.

Amaiera aldera, epaiketaren norabidea guztiz aldatzeko gai izan zitekeen pertsona anonimoaren informazioak dilema handi bat planteatzen du. Bere eta ekintzaren erantzulearen isiltasunaren ondorioz hainbat pertsona errugabek izugarri sufritu dute, baita bizitza galdu ere, baina testigantzak errudun bihurtuko al luke? Instituzioek kosta ala kosta gazteen aurka mendeku gosez, beste helbururik gabe, jardun dutela ikusita, pertsona horrek ere kondenatua izan behar al du? Azken finean, bera ere biktima bat da, intolerantziaren biktima.

Tristea da, dokumentalean aipatzen den bezala, Patriciaren heriotzagatik ez balitz ziurrenik gertaera honek ez zuela halako oihartzuna izango, ez zela dokumentalik egongo eta kasua beste hainbat injustiziaren artean galduko zela betiko, justiziaren artxibategiren batean. Euskal Herria dugu, tamalez, hurbileko adibidea, non urteetan zehar, ETA aitzakiatzat hartuta, zigor fisiko eta psikologiko sistematikoak jasan dituzten hainbat biztanlek euren iritzi politikoa plazaratze hutsagatik. Horregatik, Ciutat Morta bezalako obrak txalogarriak eta beharrezkoak dira, geroz eta anestesiatuago mantentzen gaituen gizartearen ankerkeriak azpimarratu, salatu, inoiz ez ahaztu eta, batez ere, herritarren antolakuntzan oinarrituriko ekintzak aldarrikatzeko.

Dokumentala osorik ikusgai:

2011ko udazkenean ETAk jarduera armatua betiko utzi zuenetik, gatazkaren alor ezberdinetan sakontzen duten hainbat obra argitaratu dira. Joan den urteko Asier ETA Biokek, ordea, badu gainontzekoengandik bereizten duen originaltasun puntua; dokumentalaren sortzailea istorioaren erdigunea da, bere lagun Asierrekin batera. Honen bitartez Euskal Herriko historian esanahi nabarmena izan duten gertaeren inguruko ikuspegi berritzaile bat lortu du, laguntasunean oinarritua eta pertsonak aurreiritzien bitartez bakarrik epaitzea gatazkaren akats nagusietako bat dela azpimarratzen duena.

AEB3Hasiera batean, dokumentalaren helburua da Madrilgo lagunei bere lagun mina ETAn sartzera zerk eraman duen azaltzea. Horretarako, hain serioa den gai bat umorearen bitartez azaltzea deigarria da. Behin baino gehiagotan baliatzen da honetaz, esaterako, Euskal Herriaren lurraldetasuna azaltzerakoan, bera Madrilen bizitzean bi errealitateren artean, erdibidean, dagoela banderen bitartez islatzen duenekoa edo poliziak indarrean etxera sartu eta atxilotu zituzteneko unea. Egun hedabideek halako gertaerei ematen dieten ikuspegi distortsionatua nabarmentzen du adibide hauen bitartez.

Dokumentalaren puntu indartsuenetako bat horixe da, bi munduen arteko lotura egin izana. Indarkeria defendatzen duen ETAko kidea eta halakoak terrorista gupidagabe bezala ikusten dituzten pertsonen arteko iritzi talkaren artean zubia eraikitzen du. Baina muturreko ikuspegiez gain bi pentsamoldeen artean kokatzen diren iritziak ere jasotzen ditu dokumentalak, urte zaharreko afarian Asierrek bere jokaera ulertu baina onartzen ez duen amarekin duen eztabaidan igartzen dena: “no veo a mi país libre con una gota de sangre”.

Iruñea alde zaharraKaleetan zehar filmaturiko pasarteen artean Aitor Merino beraren azalpenak tartekatzea dokumentalari jarraipena emateko modu eraginkorra da. Batzuetan hausnarketa sakonak plazaratzen ditu, beste batzuetan sinpletasuna bilatzen du azalpen laburren bitartez… isiltasun itogarria ere erabiltzen du une korapilatsuetan, bakoitzak bere hausnarketak egin ditzan.

Funtsean, bere lagun mina zenbateraino aldatu den adierazten du zuzendariak. Giro berdinean hezi eta erlazio estua izan zuten bi lagunen bideak bakoitzaren erabakien arabera zenbateraino bereizi daitezkeen azaltzen du, eta zein konplikatua den halako egoeran erlazio pertsonala ideien gainetik jarri eta lagunak izaten jarraitzea.

Dokumentalaren amaierara iristen garenerako, non hasierako eskolako eta mendiko eszenak errepikatzen diren, egoera berdinak Asier eta Aitorren inguruko informazio osatua jaso ostean zein ezberdin hauteman daitezkeen nabarmentzen da. Mendiko eszenetan dokumentaleko elkarrizketa delikatuenen entzule bihurtzen gara: Asier ETAko kide zela jakin ondorengo bi protagonisten aurrez aurrekoa. Zentzu honetan, dokumentala ikustea ez da hain erraza, ez duelako ildo honetako beste dokumentaletan ikusi dugun “Asier ere biktima bat da, estatuaren krudelkeriaren biktima” mezua nabarmentzen; arazoa bere gordintasunean azaltzen du eta, ontasunezko euskarririk gabe, ikuslea posizio konprometigarrian uzten du.

In loveAzkenean dokumentala Madrilgo lagunei erakusteko bideo bat baino askoz gehiago bihurtzen da. Gatazkarekin loturiko espainiar zein euskal politikak zalantzan jartzen ditu eta bi aldeen hausnarketarako beharra azpimarratzen du, sufritu duen pertsona ororen elkar ulertzea interes politikoen aurretik jarriko duen eredua sustatzeko beharra. Asier eta bere arteko laguntasuna ere gatazkaren ondorioz suntsituriko zerbait dela azpimarratzen du, eta indarkeriarik gabeko garai berria pertsonen arteko erlazioetan oinarritu behar dela, bestearekiko errespetuan.

Ildo honetan, azken hausnarketa gisa, deigarria da Euskal Herria Espainiaren osotasunean hain lur zati txikia izanik errealitate soziopolitikoan izan duen zeresana. Sekulako arazoa bihurtu da Espainiar gobernuarentzat, edo Espainiako gobernuak berak bihurtu du arazo, instrumentu politiko gisa erabili ahal izateko? Asier ETA Biok ikusteak merezi du, galdera hauek guztien inguruan beste ikuspuntu bat eskaintzen duelako.