Archive for the ‘ALTXORRAK’ Category

Paolo Sorrentino zuzendari italiarrak nazioarteko onarpena erdietsi zuen 2014an ‘La Grande Bellezza’ filmarekin Atzerriko Hizkuntzako Film Onenaren Oscarra irabazi ostean. Pelikula hori bera, handik bi urtera plazaratu zuen ‘Youth’ eta ‘The Young Pope’ telesail berria izan ditugu hizpide, zinegilearen nortasun artistikoan sakontzeko.

paolo-sorrentino-la-grande-belleza-youth

19 urte baino ez zituen Xavier Dolanek lehen luzemetraia aurkeztu eta arrakasta lortu zuenean. Zuzendari kanadarra 2009an estreinatu zen J’ai Tué Ma Mère filmarekin eta mundu mailan bere talentua aitortu zuten hainbat jaialdik, horien artean Cannesekoa, non Quinzaine des réalisateurs saileko hiru sari lortu zituen. Oscar sarietarako Kanadaren ordezkari gisa ere hautatua izan zen filma urte berean. Dolanek gidoia idatzi, filma zuzendu, ekoitzi eta protagonista nagusia interpretatzen du film autobiografiko honetan. Ama eta semearen arteko harremana jorratzen dituen lehena da, gerora bere beste lanetan errepikatu eta sakondu duen gaia.

J'ai Tué Ma Mère 3

Dolanek 16 urteko Hubert nerabearen egunerokoaren kontakizuna bere amarekin duen harremanean oinarritzen du; ama eta semea bakarrik bizi dira protagonista jaio eta berehala aitak euren ondotik alde egin zuelako. Hubertek ezin du ama jasan, filmeko lehen bost minutuetan argi geratzen den bezalaa autoko eztabaidaren bitartez. Aldi berean, mutil gazteak laguntza eskaintzen dion irakasle batekin harreman berria sortzen du.

Huberten dilema nagusia da ea nola den posible ama hainbeste gorrotatzea baina, aldi berean, norbaitek amari min egingo balio, defendatzeko gai izatea, hau da, maitasuna ere sentitzea. Ama gorrotatzen du eta egiten duen guztia zentzugabea iruditzen zaio. Filmeko eszena askorekin edozein nerabe identifikatua sentitu daiteke, izan ere, denok izan dugu gure bizian zehar gurasoekin eztabaidaren bat. Kasu honetan amak ez du bere sufrimendua azaleratzen, eta isilpean gordetzen du; semearen ikuspuntua askoz gehiago garatzen da.

J'ai Tué Ma Mère 2

Kamerarekin zuri beltzez gelan grabatutako eszenek istorioari indartu eta kontakizunak bere baitan duen sentsazio autobiografikoa nabarmentzen dute. Irudiek eta planoek garrantzia handia dute istorioa kontatzerakoan, pertsonaiak beti bata bestearengandik oso hurbil daude. Nahiz eta Hubert jasanezina izan, ikusleak nerabearen egoerarekin konektatzea lortzen du zuzendari kanadarrak.

Xavier Dolanen estreinako filma sinplea izan arren, oso deigarria da. Edozein neraberen egunerokotasuneko arazoak irudikatzen jakin zuen Dolanek: maitasuna, sexua, erabakiak hartzeko gaitasuna… Aurrekontu murritzarekin zuzendari eta aktore kanadarrak emaitza handia lortu eta zuzendari gazte deigarrienen artean kokatzea lortu zuen.

Guy de Maupassant: “On aime sa mère presque sans le savoir, et on ne prend conscience de tout la profondeur des racines de cet amour qu’au moment de la séparation dernière”.

Trailerra:

Aurrez The Element of Crime eta Europa bezalako film sendoak kaleratu arren, 1996ko Breaking the Waves da Lars von Trierren filmografiako lan bereizgarriena, zalantzarik gabe. Obra bikaina izateaz gain, gerora etorriko zen Dogma 95 mugimenduaren oinarriak ezarri zituen eta zuzendari daniarraren estiloa ere betiko markatu zuen, azken urteetan Antichrist edo Nymphomaniac bezalako lanetan nabarmen indartu dena.

Filma kaleraturiko garaian aktore ezezaguna zen Emily Watsonek antzezturiko Bess da istorioaren erdigunea, erlijioa eta sinesmenen ziurtasunezko mundua alde batera uztean alkohola eta sexuarekin lehen esperientziak izaten hasten den emakume ezkonberria. Giro berri honetan, ordea, emakumearen fobia eta beldurrek bere mundua eta ingurukoena hankaz gora jartzen dute, pertsonaien arteko dinamikak imajina ezinezko muturreraino iristeraino.

wavesIstorioaren garapena markatzeko bere filmografian bereizgarri bihurtu den pasartekako kontakizunaz baliatzen da von Trier, filma atal ezberdinetan zatitzen du, bakoitzari dagozkion izenburu, ilustrazio eta abesti poetikoen bitartez. Era berean, aipatzekoa da kamera eskuan izanik zuzendariak garatutako estilo pertsonala, efektu bereziak eta edizio garatua alde batera utzi eta pertsonaien joerak eta istorioaren naturaltasunaren alde eginez. Jarraitasun honi eszena batzuetan hainbat eten dituzten planoak gehitzearen teknika, garaiko bere filmetan eta Riget telesail paregabean findu zuen estiloaren erakusle dira, aurrez aipaturiko Dogma 95 mugimenduaren aurrekari nabarmenak.

Sexuarekin batera manipulazioaren kontzeptua da pelikularen beste giltzarrietako bat, pertsona bat bestearen oinarrizko senaz zenbateraino baliatu daitekeen nahi duena lortzeko. Zuzendari daniarraren lanetan aktore kutuna bihurtu den Stellan Skarsgarden rola da honen adibide argiena, paraplegiko gelditu ostean biktima hutsa izatetik haratago joan eta Bessekin nahi bezala jokatzen duena.

Zentzu honetan, gizonezko eta emakumezkoen arteko bereizketa zinez esanguratsua da filma osotasunean ulertzeko. Itsasora lanera joaten direnetatik hasita herriko apaizeraino, Bess gizonezkoak nagusi diren mundu batean bizi da, bai sexualki eta baita moralki ere. Modu batean edo bestean, ingurune horretan parte hartzen saiatzen den bakoitzean, bere sufrimendua areagotzen duen min sakona jasaten du. Bizitzaren ikuspegi tradizionalaren isla.

Breaking the Waves good and evilAipamen berezia merezi du erlijioak istorio osoan zehar duen paperak. Ongia eta gaizkiaren artean eraikitako metafora da filmari osotasuna eta zentzua ematen dion elementua, gure ekintzak epaitu eta barkatzeko ahalmena eduki baina bizitzako une esanguratsuetan laguntzeko ageri ez den figura jainkotiarraren hutsuneak indartua. Bessen ekintza guztiak Jainkoarekin dituen elkarrizketen araberakoak dira eta horregatik da joera etiko eta moralak inposatzen dituen izakiaren eta kezka zein desio gizatiarrak dituen emakumearen arteko talka hain lazgarria. Film amaierako kanpai zerutiarren hotsa, kanpairik ez zuen elizaren kontrapuntu ederra da.

Hitz gutxitan, esan liteke Lars von Trierrek drama estandarraren mugak irauli eta sakontasun emozional izugarria duen istorio asaldatzailea kontatzeko ahalmena izan zuela Breaking the Wavesen bitartez, teknikoki, estetikoki eta baita kontakizuna jorratzeko estiloan ere ekarpen berritzailea eskaini zuena. Honek, gainera, filma ikusten dugun bakoitzean xehetasun eta ikuspuntu gehiagoz ohartzea eragiten du, istorioaren dimentsioa ikuslearen baitan geroz eta handiagoa bihurtzea. Zine zale orok ezinbestean ikusi beharrekoa.

Trailerra: