THREE BILLBOARDS OUTSIDE EBBING, MISSOURI (Martin McDonagh)

Posted: 2 martxoa, 2018 in OSCARS, SARIKETAK
Etiketak: , , , ,

Urrezko Globoak, BAFTAk, Kritikarien Sariketa… aurrez ematen diren beste hainbat sariketek gidatu ohi dute film batek Oscarretara egiten duen bidea eta, noski, denbora horretan zehar hautagai bakoitzeko ekoizleek zein filmaren gainerako lantaldeak botoa emateko eskumena duten Akademiako sektore ezberdinekin eraikitzen dituzten loturek. Martin McDonaghen Three Billboards Outside Ebbing, Missouri filmak indartsu hasi zuen lasterketa uda partean, aipaturiko sariketa horiek guztietan eskuratu du Film Onenaren garaikurra (Donostia Zinemaldian ere Ikusleen Saria jaso zuen, Perlak saileko filmen artean lehian) eta, horrenbestez, Oscarra irabazteko faborito nagusia da egun.

Three Billboares Outside Ebbing, Missouri1.jpgBaina faborito izaera horren oinarrian badira arrazoi sakonak. Lehenik eta behin, filmaren bizkarrezurra sostengatzen duen gidoi bikaina. Filmografia laburra osatzen duten aurreko bi lanetan bezala, McDonaghek berak idatzia, istorioa kontatzerako garaian estilo fresko eta originala lantzeko duen gaitasunaren erakusle da, batez ere lotura narratiboak eraikitzerako orduan. Istorioa haritzen duten pertsonaiak fintasunez marraztu ditu eta garapen dramatiko oso adimentsuak dituzte; horri esker, Londresko zinegileak istorioa ikusleak espero ez duen bideetatik eramaten du, tentsioa une zehatzetan indartu eta ezusteko gertaerei zuku guztia ateraz. Zentzu horretan, estimatzekoa da pertsonaiek muturreko egoeren aurrean dituzten kontraesanak esploratzeari tarte zabala eskaini izana. Dilema moralak izatera bultzatzen dituzten gertaeren aurrean harturiko jarrerak eremu grisetan garatzen ditu McDnoaghek, ezer ez da zuri ala beltza euren jokabidean eta horrek sakontasun handia ematen dio istorioari.

Halaber, gai konplexu askoren inguruko gogoetak plazaratzen ditu filmak: alaba gaztearen heriotzak sortzen duen hutsuneari nola aurre egin, zenbateraino ote den mendekua tresna eraginkorrena bake pertsonala lortzeko edota botere gehiegikeria eta ekintza ankerrak zenbateraino ote diren soilik instituzionalki edo kulturalki nagusitasuna dutenen jokaera. Kontakizunak aurrera egin ahala, gainera, hainbat pertsonaiaren dilemak beste pertsonaia batzuetan islatzen dira, eta horren bidez gai komunen arteko paralelismo mamitsuak eraikitzen ditu zinegile ingelesak. Horrez gain, filmean presente daude gogoetarako beste hainbat gai ere, istorio nagusirako hain esanguratsu izan ez arren, kontakizunaren testuingurua  eta dilema politiko zein moralak are gehiago aberasten dituztenak. Horien artean da Irakeko gerra, zeinak balio duen gizonezko estatubatuar hegemonikoak emakumeekiko duen jarrera aberrian zein atzerrian berbera dela islatzeko.

THREE BILLBOARDS OUTSIDE OF EBBING, MISSOURIBarne gatazka horiek islatzeko, dramatikoki indar handia duten eszenen aldeko hautua egin du McDonaghek. Gogoangarrienen artean topa ditzakegu emakume protagonista gizatasun osoz gorpuztu duen Frances McDormandek iragarki kartelak sutan topatzen dituenekoa (plano subjektiboen bitartez bere ezintasun eta amorrua ikusleak bete-betean senti ditzake) eta, bestetik, polizia burugogor eta erretxinduak ospitalean erabat kaltetuta ohetik ere altxa ezin duenean, aurrez berak jipoitu duen publizista topatzen duenekoa. Hau guztia indartzeko, alor formalaren lanketa eraginkorra baliatu du filmeko lantaldeak, alderdi artistikoa izugarri goratu gabe, kokaleku berberak erabili ditu kontakizunak aurrera egin ahala pertsonaien barreneko eraldaketa ilustratzeko. Hau guztia irisgarri egiteko, aurreko filmetan baino metodo konbentzionalagoa erabiltzeaz gain, McDonaghek aktore zerrenda aukeraketa erakargarria osatu du, eta euretako bakoitza antzezpen gogoangarrietara bultzatu. Sinesgarritasuna transmititzen dute pertsonaiek, nagusietatik itzalean geratzen direnetaraino, eta horri esker lortu du ikuslea istorioan erabat murgiltzea. Ezin ahaztu Carter Burwellen soinu banda ezin pertsonalagoa ere, ohi bezala, maisutasunez eraikitzen baitu musikaren bitartez lotura pertsonaia bakoitzaren barne sentimenduen eta ikusleak jasotzen dituen emozioen artean.

Three Bilboards Outside Ebbing, Missouri da Film Onenaren Oscarra eskuratzeko aukera gehien dituena, kontuan izanik, Harvey Weinsteinen afera abiapuntu hartuta, berriki Hollywooden hautsak harrotu dituztela luzaroan emakumeei eginiko gehiegikeria kasuek. Halakoak gaitzesteko mugimendu sendoa sortu da zinema industria estatubatuarrean eta filmen mundu mailako sariketa nagusiak ezinbestean mami eta mezu politikoa izan ohi dituenez, ez litzateke harritzekoa izango aurtengoan indarkeriaz eraildako alaba galdu duen amaren mendekua abiapuntu duen McDonaghen filmak onarpen zabala izatea.

Trailerra:

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s