otsaila, 2018 -en artxiboa

XX. mendeko bigarren erdiko zinegile handien artean da Steven Spielberg, egungo zinemagintzaren oinarriak finkatu zituen ‘Hollywood Berria’ren aitzindarien artean da, 50 urteko ibilbide profesionalean genero zein joera oso ezberdineko 34 film zuzendu ditu eta horietako hainbat zinemazaleen oroimenean geratu dira betiko iltzatuta. Plazaratu duen berriena da The Post, 70eko hamarkadan The New York Times eta The Washington Post egunkariek publikatzeko eskubidearen inguruan egin zuten defentsa biziaren garaiako kronika. New Yorkeko kazetak hasi eta Washingtonekoak osatu, Richard Nixon buru zuen AEBetako gobernuak, Vietnamgo gerraren inguruan ezkutatuan mantendu nahi zituen sekretuak azaleratu zituzten The Pentagon Papers bezala ezagun diren dokumentuen bitartez.

The Post11Narratiba zein zinemagintza estiloari erreparatuz gero, nabari da honakoa Spielbergek zuzenduriko filma dela. Uneoro abentura kutsua mantentzen duen istorioak amaiera garaile bezain gozagarria du eta, noski, gidoi zein eszenaratze neurtuei erabateko probetxua ateratzen die istorioaren dimentsio dramatikoa aberasteko. Istorioak funtsean kazetaritzaren jatorrizko espiritua eta funtzioa gogorarazten digu: boterearen zelatari izatea, eta zinegile estatubatuarrak adimen handiz islatu du historikoki gobernari eta berriemaileen artean izandako gertutasunak helburu hau erabat betetzea zenbateraino oztopatzen duen. Kontakizunaren dimentsio hau alor ekonomikoarekin lotzen du Spielbergek, Meryl Streepek haragiturako egunkari jabearen bitartez. Streepek aurre egin behar die gobernuan zein inguruko zirkulu boteretsuetan mugitzen diren indar korporatiboei informazioa argitaratu ala ez eta hori zein modutan egin erabakitzerako orduan. Baina, horrez gain, filmak Streepen pertsonaiak egoera horretan bizi duen drama pertsonala ere gehitzen du eta horren bitartez lantzen ditu bere zinemagintzan beti presente egon den giza drama, ondarea eta oinordekotza bezalako gai potoloen gogoetaren bitartez.

Dena den, kontuan izan beharrekoa da Spielberg gertaera hauek jazo zirenetik 40 urte igaro direnean kontatzen ari dela istorioa. Iraganeko mundu horren irudikapena egitean erabilitako elkarrizketek ezinbestean dute egungo egoera soziopolitikoaren kutsua eta horrek bidea ireki liezaiokeen arren belaunaldien arteko elkarrizketa interesgarria eraikitzeari, filma deformatu ere egin dezake.

The Post2Zentzu horretan ausartagoa izan zen Alan J. Pakula 1976an All the President’s Men filma argitaratzen, Nixonek Watergate eskandaluaren ondorioz dimisioa aurkeztu eta bi urtera osatu baitzuen filma. Hain zuzen, interesgarria da Watergaten garaiari erreparatzea, Spielbergen film berriko azken eszenak erreferentzia egiten baitio kasua ikertzeko lehen pizgarria izan zen Alderdi Demokrataren egoitzan eginiko lapurretaren bitartez. Baina beste hainbat paralelismo egitea ere posible da, azken batean, bi filmen erdigunean baitaude garai, egunkari eta administrazio berberaren inguruko ustelkeria istorioak. Hein batean, beraz, esan liteke elkar osatzen duten pelikulak direla, Pakulak informazio eskubidea eta egia azaleratzearen aurka estatuak hankak zenbateraino lokazten dituen fintasunez erakusten duen bitartean, Spielbergek kazetari ikerketatik harago begiratu eta halako ikerketa batek hedabide ororen egitura orokorrean dituen ondorioetan jartzen baitu fokua.

AEBetako egungo egoera politikoa kontuan izanez gero, The Post ez da kasualitatea. Prentsa askatasuna kolokan eta presidentearen impeachmenta hain gertu izan zituen garaiak badu antzekotasunik Donald Trump eta Errusiaren arteko harremanak eztabaida publikoaren erdigunea bereganatu duen egungoarekin eta, zentzu horretan, esan liteke Akademiak ez duela Spielbergen obra sarituko, egun pil-pilean dagoen aferari eutsi baino, nahiago izan duelako denboraren poderioz hoztu den istorioa lehenetsi. Filmak Oscarra irabazteko aukera izango luke, Eliza Katolikoan pedofiliak duen tartea azaleratzen Spotlight goratuak duela bi urte egin bezala, kazetarien balentria kontatzeaz gain, kontakizuna ikuslearen barrenak eta kontzientzia aztoratzeko baliatu izan balu.

Trailerra:

Azken hogei urteetako zinegile finenen artean da Paul Thomas Anderson. Zinemagintzaren lanketa ezin pertsonalagoari esker erdietsi du nazioarteko onarpena eta bere filmak Hollywooden sustraituta egon arren, europar festibalek harribitxitzat jo izan dituzte maiz; film onenaren Urrezko Hartza eskuratu zuen Berlinalen 2000 urtean Magnolia pelikularen eta zuzendari onenaren garaikurra zortzi urte beranduago There Will Be Bloodekin. XX. mendeko zuzendari handiak desagertu diren honetan, zinemaren gorentasuna mantendu duen sortzaile preziatuen artean dute askok zinegile kaliforniarra.

phantom-thread1Andersonen zortzigarren lan luzea da Phantom Thread, modaren mundua oinarri hartuta, boterea, desira eta bakardadea bezalako gaiak jorratzen dituen filma. Daniel Day-Lewisen azkena ere bada, aktore beteranoak zinema munduari betiko agur esatea erabaki baitu eta pantaila handian azkenengoz agertzeko hautaketa ezin aproposagoa egin du. Erregetza, zinema izarrak eta gerraosteko Londresko gainerako figura esanguratsuen jantziak sortzen dituen jostuna dugu protagonista. Perfekzioa beti helburu, lana eraginkortasunez gauzatzeko metodo zehatz eta ezin pertsonalagoak aplikatu ohi ditu Reynolds Woodcockek, baina azken xehetasuneraino zainduriko ordena hari fin baten gainean kolokan jarriko du Alma izeneko neska gaztearen agerpenak.

Ordenatik desorekara aldaketa xehetasun osoz landu du Andersonek alor formalean, eta bereziki nabari da argazki eta arropa zein dekoratuen hautaketan, azken hauetan koloreen hautaketak berebiziko garrantzia hartzeraino. Oraindik elkar ezagutu ez eta pertsonaia bakoitza bere segurtasun eremuan mugitzen da filmaren lehen blokean eta hori islatzeko Andersonek azpimarra egiten du plano egonkor zein pertsonaia bakoitzaren nortasuna islatzen duen kolore paleta zabalean. Protagonista maitaleek elkar ezagutu ahala, ordea, euren burua biluzten dute eta hori bera gertatzen da filmeko irudiekin ere, tonu zuri eta beltzak nagusitzen dira erdiko pasarte honetan. Amaieran filma abiapuntura itzultzen da alor estetikoan, baina ezberdintasun giltzarri batekin, bikote protagonistak konpartitzen dituen inguruneak hoztasunetik urrundu eta erosoago irudikatzen ditu Andersonek, harresi ikusezinak eraitsi eta batak bestea osotasunean onartu izanaren erakusle.

phantom-thread2Azken finean, filmeko izenburu metaforikoarekin zuzeneko lotura du honek. Janzkeren bitartez ezkutuan mantendu ohi dugu sarritan gure nortasuna, mozorrotu egiten gara gizarteari geure irudi zehatz bat helarazteko eta itxura horren azpian geratzen dena itzaleratzen dugu. Eta horixe da funtsean protagonistek filmean zehar izaten duten bilakaera, fintasunez diseinaturiko mozorroak kendu eta elkar biluzten dute, komuean duten hauskortasuna besarkatu eta batak bestearen bizitza hari ikusezinaren bitartez josteraino. Hori dena irudien bitartez islatzea da Andersonen bertute nagusia eta, erregistro aldaketa nabarmena egin duen honetan, baita bere autore zigilu pertsonalaren erakusle ere. Elkarrizketak garrantzitsuak dira filmean zehar, hainbat unetan narrazioaren garapenaren erantzule nagusi bilakatzeraino, baina zinegile kaliforniarrak irudien aldeko apustua egiten du nabarmen, Hitchcokek esan bezala, horixe baita funtsean film baten kalitatea neurtzeko aldagarri fidagarriena: soinua itzali eta irudiei soilik begiratuz gero, istorioa eta honen garapen dramatikoa kontatzeko gai den ala ez.

Oscarra irabazteko meritu guztiak dituen filma da Phantom Thread, ukaezina da zinemagintzaren maila goreneko lanketa eta, are gehiago, iraganean jorraturiko ibilbidea kontuan izanik, Andersonen ekarpen eta ibilbide artistikoa dira saritua izatea mereziko luketenak. Filmaren azaleko hoztasunak bihotzean dituen emozioak izoztea da akaso arrisku nagusia, eta aurtengo sariketa denboraldiak orain arte eman duenari jarraiki, oso litekeena da Akademiako boto-emaileek ere ez mozorrotik harago ez begiratzea.

Trailerra:

Jakina da Oscarrena sariketa estatubatuarra dela eta hautagai gehienek islatzen dituztela bizimodu edota gertaera historiko amerikarrka. Zentzu horretan, aurtengo edizioak salbuespen kutsua du, bederatzitik hiru film Europan girotuta baitaude, zinegile ingelesen gidaritzapean bi eta italiarraren eskutik bat, eta AEBekin lotura zuzenik ez duten istorioak lantzen dituzte. Bada kontakizun amerikarrenen artean da Lady Bird, aktore bezala ezagunago den Greta Gerwig estatubatuarraren zuzendari debuta.

Lady Bird1Lehen lanak esanguratsuak izan ohi dira zinegileen nortasuna eta sakoneko kezkak islatzeko balio izaten dutelako sarritan, eta Gerwigek nerabezarora itzultzeko baliatu du, iragana oroitzeko. Nostalgiaz beteriko filma da, horrenbestez, heldutasunera jauzia egitear dagoen neska gaztearengan zentratzen dena. Ezinbestean amerikarra den elementu  da, institutuk unibertsitatera jauzia egiterako garaian protagonistak aurre egin beharreko proba eta tramiteen zangotraba, baita ikasketetan eredu pribatuak eragiten duen lehia eta honek gizarte onarpenean duen pisua. Obrari osotasunean begiratuz gero, unibertsitatearen afera aitzakia besterik ez da Saoirse Ronanek naturaltasun osoz gorpuzturiko nerabearen bilakaera integralari eusteko, baina estatubatuarrak ez diren ikusleen arreta bereganatzen duen elementua ere bada, hein batean bertan bizi gabe ulertzea konplikatua izan eta istorioak erdietsi nahi duen unibertsaltasuna murrizten duena.

Bestelakoan, bizitzaren argi-ilunak egiazkotasunez islatzen dituzten elkarrizketa finez jositako istorioa da, Gerwigek berak alor horretan erreferente diren Noah Baumach edota Woody Allenekin aktore gisara lanean aritzean zuzenean ikasi eta findutako abilezia. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da ere aktore zuzendaritzan eginiko lan txukuna, Ronan protagonistaz gain, istorioa aberasten duten pertsonaiak adimenez aukeratu eta hezurmamitu baititu hauen interpretaziorako gaitasunari zuku guztia ateratzeraino. Modu horretan lortu du zuzendariak pertsonaiak filmeko egoera zehatzetan zein istorioaren arku orokorrean askotariko problematiken sinbolo izatea.

Lady Bird2Emozioa lehenetsi du uneoro Gerwigek eta baita ikusle bakoitza bere gaztaroa berriz oroitzera bultzatu ere, baina funtsean hamaika aldiz irentsi dugun istorioa da honakoa eta alor formalean konbentzionalena hautagai guztien artean. Zinemagintzan eginiko ekarpenari ez dario pertsonalitate handirik, zuzentasunera mugatu du bere burua Gerwigek eta alderdi estetikoari ausardia handiagoz eutsiz gero filmak eskuratu zezakeen gorentasuna xahutu du. Azken aldian joera orokorra izan ohi da estudio handien ekoizpenetatik urrun kokatzen diren obra independenteak goratzea, edukia sendo edo makalagoa izatetik harago, eta horixe da ziurrenik Gerwigen filmarekin zine kritikarien gehiengoak egin duen akatsa.

Lan txukuna osatu du Gerwigek AEBetatik mundu zabalera hedatu den arrakastaren kulturari kritika egin eta identitate pertsonala eraikitzerako orduan garai giltzarria den nerabezaroko ahots femeninoa azaleratzen (kontuan izateko modukoa da berea dela hautagai guztien artean emakumezko batek zuzendari film bakarra), baina istorioaren izpiritu gozoaren gainetik gailentzen da originaltasun falta, alor narratibo zein formalean. Lady Bird Film Onenaren Oscarra irabazteko aukera gutxien dituen pelikula da, bederatzi hautagaien artean xumeena, eta hala berretsiko du martxoaren 4ko sariketak, azken orduko ezustekorik izan ezean.

Trailerra:

GET OUT (Jordan Peele)

Posted: 25 otsaila, 2018 in OSCARS, SARIKETAK
Etiketak: , , ,

Beldurrezko filmak Oscarretan egotea ez da ohikoena izaten, bere garaian urteko pelikula okerrenen garaikurrak ematen dituzten Razzie sarietan hautagai izan zen Stanley Kubrick bera urteen poderioz kultuzko bilakatu den The Shining filmeko zuzendaritza lanaren ondorioz. Horrek argi erakusten du Hollywooden Akademiak genero honetako filmekiko duen jarrera: bazterrean egotea merezi dute, bigarren maila batean. Get Out, ordea, ez da ohiko beldurrezko istorioa.

Get Out 1Ezin interesgarriagoa da aktore lanetan ezaguna den Jordan Peele estatubatuarraren zuzendari debuta, beldurrezko generoa iraultzen duelako arraza problematikaren inguruko istorio aztoratzailea kontatzeko. Estiloko filmen ohiko kodeak eraginkortasun osoz erabiltzen ditu, esaterako, misteriotsu zaizkigun elementuen sekretuak azaleratu ahala hauek istorioan eta pertsonaiengan duten eragin argigarria. Dena den, ezinegona eta beldur sakonena eragiten dituena istorioak lantzen duen gatazka soziala da, arrazismoaren dimentsioak ematen dio kontakizunari mamia.

Kontuan izan beharko genuke Peelen estreinako obra Obamaren agintaldien osteko filma dela. Ideologia eraikitze bezala, zinema gizartearen termometro eta ispilu ere izan daiteke, eta filma azken batean 2016ko hauteskunde presidentzialetan Donald Trump gailendu izanaren sintoma eta emaitza da. Beltzekiko errespetu falta inoiz baino onargarriagoa bilakatu da hainbat komunitatetan, eta lehen itzalean zeuden muturreko joerak kalera atera eta harrotasunez erakutsi dituzte pertsona askok, establishmentak normaltzat hartzeraino. Askotariko luxuez gozatzen duen familia dirudunak beltzak bahitu eta gatibutza fisiko zein psikologikoan edukitzea ziurrenik ez da errealitatearen isla literala izango, baina oraindik ere arrazismoa sustraituta duten AEBen metafora eraginkorra da.

Get Out2Alor formalari dagokionez, soinu banda eta muntaia erritmo biziaren alde egin du Peelek  eta tentsioaren kudeaketari erabateko probetxua atera dio ikuslea filmean bete-betean murgilarazteko. Horren erantzule da hein handi batean ere alor artistikoan dualismoaren ideia indartzen duten irudi simetrikoen erabilera. Erabakiok are txalogarriagoak dira Peelek luzemetrai batean zuzendari ardura lehenengoz hartu duela kontuan izanez gero. Iraupenak ere filmaren alde jokatzen du, ez baita bi ordura ailegatzen eta horri esker eszena oro egokitasun osoz kokatua dago tentsio dramatikoaren garapenean eta istorioaren puzzle orokorrean.

Salbuespenak izan ohi dira Oscarretan eta batzuetan Akademiak inork espero ez zuen onarpenekin harritzen gaitu. Aurtengoan, ordea, sariketa errondak hartu duen bidea kontuan izanik, bistakoa da Get Out sari nagusietatik urrun geratuko den filma dela. Baina hautagaitza bera garaipena da Peele eta bere lantaldearentzat eta, hein batean, esan genezake erabakiaren bitartez Akademiak helarazi nahi duen mezua honakoa dela: aktualitateko eztabaidagai nagusien artean diren gizarte dilemekin blaituz gero, beldurrezko filmek tartea izan lezakete Hollywooden sariketa nagusian. Beldurrezkoa, ordea, bazterreko generoa baino askoz gehiago da, eta azaletik harago begiratzen duen ikuslea jakitun da hainbat hamarkadatan zehar landu dituztela zinegileek estilo honetan mami sozial handiko istorioak. Peelen lorpena, akaso, baliagarri izango da, etorriko direnek ateak irekiago topa ditzaten.

Trailerra:

 

Oscarrek ia urtero egin ohi diote tartea gizateriaren historian bere arrastoa utzi duen pertsona gogoangarri baten inguruko biopic film biografikoei. Aurtengoan Joe Wrighten Darkest Hour da estilo honetako pelikulen ordezkari, Winston Churchillen figura erdigune hartzen duen istorioaren bitartez. Zinegile ingelesaren zazpigarren lana da honakoa eta ez da harritzekoa Erresuma Batuko lehen ministro sonatuenaren inguruko erradiografia dramatikoa marraztearen ardura berak hartu izana, tonu eta erregistro oso ezberdinen bidez bada ere, bere filmografian zehar nagusi izan baitira Ingalaterran girotutako istorioak.

Darkest Hour1Filmak fokua jartzen du naziek Europa okupatu eta euren indarra etengabe areagotu ahala, aliatuek bizi izan zuten itogarritasun sentsazioan. Agintari politikoek, eta bereziki Churchillek bere sorbaldetan zuen erantzukizunaren pisuaren inguruko hausnarketa sakona plazaratzen du, erresistentzia mantendu bitartean milaka soldadu zirelako defentsarik gabe kontinente zaharrean barrena hiltzen ari zirenak. Baina, garaiko pertsonen bizitzak bakarrik ez, filmak gogorarazten du une horietan jokoan zegoela Mendebaldeko gizartearen eta balioen etorkizuna bera, eta hori da istorioari mami dramatiko gehien ematen diona. Zentzu honetan, Wrightek lan txukuna osatu du alor formalean, Westminsterreko parlamentuaren izpiritua islatzearekin batera, hitzek libratzen duten borroka irudien bitartez ere indartzen duelako konposaketa eta enkoadraketa neurtuak probestu eta pertsonaiak plano bakoitzean modu adimentsuan kokatuz.

Baina irudietatik haratago, oratorioaren eta diskurtsoen lanketaren aldeko omenaldia da filma. Dominazio armatuak herrialde oso bat izuaren kateen menpe daukan uneetan, hitzak dira pertsonaien arma nagusi. Zentzu honetan, azpimarratzekoa da Gary Oldmanen antzezpen gogoangarria, fisikoki zein psikologikoki Churchillen figuran bere burua erabat murgildu eta hezurmamitzea lortu baitu. Dena den, ezin uka Wrightena narratiboki egitura estandarreko filma dela, gerra garaiko onak eta txarrak irudikatzen ditu eta une konplikatuenean, dena aurka zutela, ausardia bereganatu eta arrakasta lortzen duten heriotasunezko gizonezkoak dira istorioaren protagonista. Une emozionalenak ere ohikotasun horren barnean kokatzen dira, esaterako, Churchilli idazmakinarekin hitzaldiak prestatzen laguntzen dion emakume gazteak Dunkirkeko hondartzan hildako bere anaiaren inguruan hitz egiten dionekoa, edota Churchill bera Westminsterrera bidean metroan murgildu eta gerraren harira hartu beharreko erabaki giltzarriaren inguruan herritarrei galdegiten dieneko unea. Hamaika aldiz irentsi ditugun egitura narratiboen gerizpean hartzen du babes filmak eta kontakizunak, oro har, eraginkortasunez funtzionatzen duen arren, istorioko gertaerak aurreikusten errazak dira funtsean, originaltasunetik oso urrun.

Darkest Hour2Pelikularen narratiba propioa baino interesgarriagoa da, hain justu, Film Onenaren Saria eskuratzeko beste hautagaiekin eraikitzen duen errelato komuna. Paralelismoak ezarri genitzake Darkest Hour eta Dunkirk filmen artean, batak zein besteak garai historiko berbera biltzen dutelako euren kontakizunean eta prisma ezberdinen bidez egiteak, elkarren osagarri bilakatzen ditu. Baina zein da honen sakoneko mezua? Film hauek oinarrian duten narrazio ideologikoa ulertzeko ezinbesteko suertatzen da Erresuma Batuak egun Brexitaren harira bizi duen egoerari erreparatzea. Europako proiektu komunaren parte izateari uko egin dio Britania Handiak eta, azalean Nolan eta Wrighten filmek oso bestelako garai historikoaren kronika egiten dutela dirudien arren, funtsean ideia hori bera da gatazka narratiboaren erantzule. Dunkirken harrapatuta zeuden soldaduek literalki egin zuten ihes Europatik, bien bitartean Winston Churchillek, nazien aurrean sekula errendituko ez zirela adierazi zuen hitzaldi historikoan, bidelagunik gabe bazen ere Erresuma Batuak aurrera jarraitu eta berezko zituen balioak defendatuko zituela aldarrikatzen zuen. Bi filmek, beraz, Britainiar irlen aparteko geografia, gerra garaiko heroitasuna eta britainiarren elkartasunerako gaitasuna goratuz, egungo egoera politikoa zeharka justifikatzeko balio dute.

Sariketa nagusiari begira, eta Winston Churchillen figuran ia osotasunean hartzen duen filma dela kontuan izanik, bistan da Darkest Hour ez dela martxoak 4eko galako garaile sonatua izango. Kristin Scott Thomasek gorpuzturiko Churchillen emaztearen pertsonaia da honen erakusle nagusia, halako ibilbidea eta kalitatea duen aktorea itzalean utzi dute gidoilariek Oldmanen distira erabatekoa izan dadin, eta, esaterako, Lincoln filmarekin alderatuz gero, ikuslegoa ohartuko liteke azken honek protagonistaren inguruko pertsonaiak eta elementuak lantzeko duen modu osatuagoa eta horretarako findutako zinemagintza gorena direla Wrighten filma maila bat beherako kokatzen dutenak. Orain arteko sariketen dinamikari jarraiki, Gary Oldmanek merezimendu osoz eskuratuko du gizonezko aktore onenaren garaikurra, baina filma berehala itzaliko da zinezaleen oroimenean.

Trailerra:

Ingelesez errodatu eta ekoizpena AEBekin elkarlanean egitea probestu du Luca Guadagninok Call Me By Your Name Hollywoodeko sari nagusien zirkuluan barneratzeko. Zinegile italiarraren bosgarren film luzea da honakoa eta lorpena da pelikula hautagaien artean egotea bera, formalki gainontzeko lehiakideek eskaintzen dutenaren oso bestelako proposamena luzatzen diolako ikuslegoari. Filosofia, musika, artea… testuinguru intelektualeko istorioaren erdigune da gurasoak unibertsitateko irakasle dituen mutil nerabea, eta udako oporraldian hauek ikastaro berezi baterako euren etxean hartzen duten gizon gaztearekiko mutila bera sentitzen hasten den erakarpena. Gizarte eta sexu konbentzioen haustura dago, beraz, filmeko istorioaren oinarrian.

Call Me By Your Name1Kontuan hartzekoa da pelikulak kontatzen duena bi gizonen arteko amodio harremana dela eta Guadagninok eszena adimentsuen bitartez gogorarazten dio ikusleari, egun geroz eta onarpen zabalagoa izan arren, oraindik ere gizarte homofobo batean bizi garela. Horregatik ikusten ditugu filmeko protagonistak hainbatetan bere burua justifikatu beharrean, baita ezkutua ekiten ere, jasoko duten gaitzespenaren beldurrez. Hori gutxi balitz, filma adina tarte handiak banatzen dituen bi gizonezkoren arteko amodio istorioa da, nerabea bere burua eta sexualitatea bera deskubritzen ari den bitartean, mutil gazteak esperientzia du, heldutasunera bideratu duten hainbat bizipen ditu jada bizkar gainean, eta filmak desberdintasun horietan azpimarra modu esplizituan jarri ez arren, nabari da egoera bakoitzari aurre egiterako orduan amoranteek jarrera kontrajarriak dituztela. Bada, hain zuzen, bi protagonisten nortasun ezberdinak dira euren erakarpen istorioa hainbeste magnetismo ematen diotenak. Bi aktore nagusien besoetan erortzen da filmeko dramaren pisu gehiena eta hauek baita ardura hori fintasunez eta sinesgarritasun osoz bete ere.

Alor formalari dagokionez, erritmo geldoak eta plano luzeek agerian uzten dute kontakizuna janzterako orduan Guadagninok zinemagintza europarretik edaten duela eta oraingoan ere horren alde egin duela hautua. Zinegile italiarrak abiada biziko muntaketari uko egin eta irudiak osotasunean probesten ditu, ikuslea pertsonaien garunean murgilaraziz. Hori baita azken batean filmaren funts nagusia, protagonistek sakonean dituzten sentimenduak azaleratu eta plano, enkoadraketa zein kamera angelu bakoitza unean uneko sentsazioak indartzeko probestea, izan desioa, zoriontasuna, inbidia, amorrua beldurra, segurtasun eza… zentzu horretan, pertsonaien barne sentimendu horiekin etengabeko komunikazioan dagoen argazki lan aparta osatu du Sayombhu Mukdeeprom argazki zuzendari tailandiarrak. Nabarmentzekoa da filmeko lantaldeak irudiak lantzerako orduan izandako ausardia, gorputz biluziak eta jarduera sexualak naturaltasun osoz islatu baititu, Hollywooden zentsura kodeetatik oso urrun.

Call Me By Your Name2Ezin eraginkorragoa da James Ivory beteranoak André Aciman idazle estatubatuarraren izen bereko nobelan oinarriturik osaturiko gidoia ere, bereziki protagonista nerabearen iniziaziozko bidaia eraikitzerako orduan fintasun handiz haritzen duelako narrazioaren garapena. Horren erakusle nagusi dira film amaierako hiru eztanda dramatiko nagusiak. Lehena, aitak semeari bera ere sakonean homosexuala dela aitortu eta gazte garaiko beldurrek eta babes zein nortasun sendo baten faltak nagusi zen familia eredua onartzera bultzatu zutela azaltzen dion unea (paradoxa bikaina, azken batean, amore emate horri zor diolako filmeko protagonistak bizitza bera). Bigarrena, maitale helduak protagonista gazteari ezkondu egingo dela jakinarazteko telefonoz deitzen dioneko unea (baina… gizon ala emakume batekin? Zuzendariak enigma hori argitu ez eta atea irekita uzten du, aurrez aitak kontatu dion ezintasunezko istorio hori errepikatu edo gailentzeari). Eta azkena, hau guztiaren jakitun, protagonista gazteak plano egonkor batean etxeko sutondoari begira negar egin eta udako maitalearen galera, bere nortasunaren onarpena eta heldutasunerako jauzia, erronka denak aldi berean onartzen dituenekoa.

Call Me By Your Name da, zalantzarik gabe, aurtengo Oscar hautagaien artean film ezberdinena, eta ausardia hori da, hain justu, garaikur nagusiaren lehiatik urruntzen duena. Jakina da Hollywoodeko Akademiaren joera kontserbadorea dela eta, azken urteetan elizako pedofilia edota pertsona beltzen aldeko istorioak saritu arren, ez duela Guadagninok proposatzen duen kontakizuna goratuko. Urrutiegi joatea litzateke Mendebaldeko gizarte kodeei entretenimenduaren bitartez forma ematen dien ideologia faktoriarentzat, eta hobe, noski, aurrerakoitasunaren aldeko urratsak pausoz pauso ematea. Alfonbra gorriko salaketa mediatikoetatik haratago, ikustekoa izango da aurtengo sariketek transmitituko duten mezu politikoa.

Trailerra: