urria, 2017 -en artxiboa

Entzungai dagoeneko jaialdiaren hirugarren eguneko podcasta.
Hizpide izan ditugun filmak:

> The Crucifixion (Xavier Gens – Film Luzeak)
> American Mary (Jen & Sylvia Soska – Emakume Zinegileen Erasoa)
> Before We Vanish (Kiyoshi Kurosawa – Film Luzeak)

Ir a descargar

_MGL0670.CR2

Entzungai dagoeneko jaialdiaren bigarren eguneko podcasta.
Hizpide izan ditugun filmak:

> The Love Witch (Anne Biller – Emakume Zinegileen Erasoa)
> Pet Sematary (Mary Lambert – Emakume Zinegileen Erasoa)

Ir a descargar

elaine_knife

Entzungai dagoeneko jaialdiaren lehen eguneko podcasta.
Hizpide izan ditugun filmak:

> Buffy, the Vampire Slayer (Fran Rubel Kuzui – Emakume Zinegileen Erasoa)
> Errementari (Paul Urkijo – Film Luzeak)

Ir a descargar

Errementari

Donostia Zinemaldiarekin lotura estua du Sebastian Lelio zinegile txiletarrak, 2012an Gloria filma jaialdiak osatze bidean dauden ekoizpenei bultzada emateko probesten duen Zinema Eraikitzen ekimenean saritua izan zen eta gerora Perlak sailean izan zuen proiekziorako tartea; nazioarteko hainbat jaialditan berriz, askotariko sariak jaso zituen. Una Mujer Fantástica lan berria ere iragan berri den Donostia Zinemaldian izan da, Horizontes Latinos sailari irekiera emanez, baina festibalaren ohiko film karga medio, zine aretoetara iritsi den honetan egin diogu tarte berezitua.

Una Mujer Fantástica1

Abeslari izan nahi lukeen zerbitzaria da Marina eta bera baino hogei urte zaharragoa den Orlando du maitale. Transexuala ere bada. Elkarrekin igarotako gau batean, azken hau ondoezik sentitu eta hil egiten da bat-batean. Gertaera hori hartzen du filmak abiapuntu, Marinak gizartearen epaiari eta bere barne onarpenari zein modutan aurre egiten dion esploratzeko. Lelioren lan berriaren bertute nagusietako bat da kontatu nahi duena argi eta garbi planteatu eta eszena guztiak istorioaren bihotzean dagoen gatazka dramatikoa indartzeko erabiltzen dituela, zentzu horretan, zuzendariak ez du filmeko une bakar bat ere xahutzen eta eszena bakoitza dago pertsonaiaren gatazka emozionala ilustratzen duten elementu formalez josita. Azpimarratzekoa da gainera, Marinaren egoera emozionala eta maitalearen heriotzarekiko zein jasaten dituen irainekiko onarpen gradua aldatu ahala, alor formala ere eraldatu egiten dela. Istorioaren muinean gai nagusi bat egon arren, eszena bakoitzak xehetasun berriz aberasten du kontakizuna, bereziki gogoangarriak bi eszena: mediku azterketa egiteko Marinak bi pertsona arrotzen aurrean biluztu behar duenekoa eta hildako maitalearen sekretu bat ezagutzeko generoaren arabera banaturiko saunetan barneratu behar duenekoa. Gizartea, familia, morala, heriotza eta dolua, duintasun pertsonala… azken batean, esparru eta gai boteretsuak uztartzen ditu Leliok istorio bakarrean.

Gloria filmean bezala, aktore protagonistarengan oinarritzen du zinegile txiletarrak pelikularen pisu dramatiko guztia eta azpimarratzekoa da Daniela Vega aktorearen aparteko lana. Pertsonaia baten larruazalean barneratu eta interpretatu baino konplexuagoa den zerbait egin du, fikziotik haratago, transexuala baita bera errealitatean ere eta, hasiera batean aukeraketa arriskutsua suerta litekeen arren, guztiz eraginkorra da, bere joera sexuala kontakizunaren erdigunean egotera igarotzen baita. Honen bidez filmak lortzen duena da jardun zinematografikotik haratago joan eta ikuslearengan oihartzun sozial handiko gogoetak eragitea, halako egoerek errealitatean duten islaren inguruan pentsarazten dutenak eta egoera horien aurrean ikuslea beraren erreakzioak ere zeintzuk izango liratekeen birpentsatzera bultzatzen dutenak.

Una Mujer Fantástica2

Hausnarketarako modukoa da ere Daniela Vegak berak, funtsean hautu pertsonalera mugatu behar lukeen joera sexualaren ondorioz, zelako zailtasunak izan ote dituen entretenimenduaren industrian, fikzioan edota zinemagintzan oro har, aktore lanetan aritzeko. Aurrez beste film batean bakarrik aritu da oraingoz aktore lanetan, eta bertan ere pertsonaia transexual bat antzeztu du. Honek hainbat galdera sorrarazten dizkigu, transexualek transexualen paperak bakarrik jorra al ditzakete fikzioan? Zein izan beharko litzateke euren rol nagusia, errealitate horri ahotsa eman eta halako pertsonek bizi dituzten egoeren bozgorailu izatea ala fikziozko beste edozein pertsonaiaren larruazalean ere barneratzeko eskubidea aldarrikatu beharko lukete? Heterosexualek film andana egin izan dituzte pertsonaia transexualak gorpuztuz eta, horrenbestez, bistakoa da gai horren inguruko eztabaida luze eta zabal landu litekeela; are gehiago, ziurrenik, eztabaida hori beharrezkoa luke zinemaren industriak, errealitate horiei ere ahotsa errespetuz eman nahi badie.

Baina sexualitate kontuetatik haratago, nabarmentzekoa da zinemagintza txiletarrak azken urteetan bizi duen loraldia, Una Mujer Fantástica eta Sebastián Lelioren obra, oro har, jada hasiberri ez den zuzendari belaunaldi baten parte da, urteen poderioz estilo narratiboak findu eta nazioarteko jaialdietan onarpen zabala eskuratu dutenak. Orlando Lübbert, Sebastián Silva eta AndRÉS Wood zinegileek irekitako bideari jarraitu diote, besteak beste, aurtengo Horizontes Saria irabazi duen Marcela Saidek edota estatubatuar industriara jauzia egin berri duen Pablo Larraínek, azken hau gainera, Lelioren film berriko ekoizle ere izan da. Euren istorioak dimentsio sozial sakonekoak izateaz gain, drama intimo txukun ere badira; bide horri segituko dion sorkuntzaz gozatzen jarraitzea espero dugu datozen urteetan ere.

Trailerra:

Sekulakoa zen Denis Villeneuvek aurrez aurre zuen erronka. Urteen poderioz, 1982an Ridley Scottek zuzenduriko Blade Runner filma lehen mailako klasiko bihurtu da, zientzia fikziozko istorioen artean ez ezik, zinemagintzaren historian osotasunean. XX. mendean loraturiko kontakizun distopikoen artean etorkizun urrunera gehien begiratzen duena da Philip K. Dick idazle estatubatuarraren Do Androids Dream of Electric Sheep? eleberrian oinarrituriko filma. Bertan, gizakiak “erreplikante” izeneko robotekin batera bizi dira, baina robot hauen garapena hainbesterainokoa da, non gizakiak baino are gizakiago izaten amaitu dutela eta “blade runner” izeneko polizia agenteek erreplikanteak detektatu eta akabatzea dute helburu. Gizakiok bizitza sortzeko dugun gaitasuna eta gizatasuna beraren inguruko kontzeptu filosofiko sakonak landu zituen obra originalak eta kultuzko bilakatu zen, meritu osoz. Horregatik, Villeneuven erronka zen filmaren unibertsoari ohore egin eta duintasunez gauza berri bat proposatzea, nostalgiaren kateetan harrapaturik ez geratzea, bada esan liteke oro har esperientzia asebetegarria dela, askotariko erreferentziak egiten dizkiolako jatorrizko obrari, baina horrez gain aukera dramatiko eta narratiboak zabaldu eta planteamendu berriak mahaigaineratzen dituelako.

Blade Runner1

Blade Runner 2049k film originalarekiko etengabeko erreferentziak ditu oinarri eta hori txalotzeko modukoa da, pertsonaiak eta argumentuaren ildo nagusiak haritzeaz gain, xehetasunez beteriko loturak egiteko ere baliatzen duelako. Lehen paperezkoa eta orain egurrezkoa den jostailuzko zaldiarena da argiena, baina horrez gain, detektatze sistemen eskaner prozesuak, piano sinbolikoa edota oroitzapenekin lotura egiteko balio duten argazkiak, 1982ko filmetik zuzenean eratorritako audio eta irudiak… elementu horiek guztiek jatorrizko obrari erreferentzia egiteaz gain, lotura dramatikoak ezarri eta egungoa aberasteko balio dute, are gehiago, hainbat kasutan baita jatorrizkoa aberasteko ere. Zentzu horretan esan genezake, beraz, ikusleak Blade Runnerek proposatzen duen unibertsoaren ikuspegi integrala soilik izan dezakeela film originala fresko eta presente izanez gero. Film berriko eszena gogoangarrienen artean da, hain zuzen, Harrison Fordek haragituriko Deckart detektibeak berriz ere birsorturiko Rachael maitalea topatzen duenekoa, eszena honen bitartez filmak gogoeta egiten du norbere bizitzan hain garrantzitsu izan den hildako pertsonarekin berriz ere sentitu eta bizitzeko aukerak duen eraginaren inguruan. Villeneuvek ildo honek garapen dramatikoari ez dio aparteko garapenik ematen, baina azken batean Blade Runneren gai nagusiak daude bertan, istorioaren bihotzeko kontzeptuak. Honek, halaber, gogora ekartzen dio ikuslegoari Blade Runnerek zelako eragina izan duen ostera etorri diren hainbat lanetan, esaterako egun mundu mailako telesail goratuen artean dauden Westworld edota Black Mirror, zeinak zuzenean edaten duten hizpide dugun unibertsotik.

Bi filmak lotzen dituen elementu sinboliko nagusiak ere badu mamia. Egurrezko zalditxoak film originaleko paperezko zalditxoari ematen dio segida, eta horren bitartez Villeneuvek jarraipena Scottek defendaturiko narratibari. Urteetan zehar eztabaidagai izan da Harrison Fordek haragituriko Deckart errepiklantea den ala ez, eta Blade Runner originala zinema aretoetan proiektatu zeneko amaiera zoriontsutik urrun, Ridley Scottek 2007an kaleraturiko “The Final Cut” bertsioan baieztatu zuen Deckart gizakien esanetara zegoen Nexus 6 erreplikantea zela. Blade Runner 2049n, boterean dauden Nexus 8 erreplikante belaunaldi berriaren buruzagi den Wallacek (Jared Leto) Deckarti iradokitzen dio hain justu bera eta Rachael bizitza sortzeko diseinaturiko lehen errepiklanteak izan zirela, horretarako sortu zituztela espreski, bere erreplikante kondizioa berretsiz. Horrez gain, Villeneuvek egurrezko zalditxoa film osoan zehar baliatzen du Ryan Goslingen pertsonaiaren nortasunaren misterioa indartu eta argumentuak aurrera egin dezan. Baina elementu hori da, aldi berean, pelikulako ahulguneen erakusle nagusia.

Blade Runner2

Film originalean paperezko zalditxoa bitan eta modu misteriotsuan agertzen den bitartean, oraingo honetan elementua behin eta berriz ikusten dugu pantailan eta esanahia argitu ostean ere, Villeneuvek ezkutuko mezuak baztertu eta azalpen berriak gehitzen dizkio, norbaitek gaizki ulertuko ote duen beldur izango bailitzan. Esplizituegia izan eta gehiegizko azalpenak ematea da filmaren hanka sartze nagusia, zinegile kanadarrak eskutik lotuta eramaten gaitu pausoz pauso argumentuan zehar eta, flashbackek zein aurrez filmean entzundako elkarrizketen errepikatzeak misterio oro kentzen dio argumentuari. Ikusleak badu gaitasuna bere kabuz loturak eta interpretazioak egiteko, baina ezin ahaztu hau, azken batean, egun Hollywooden nagusi den estilo narratiboaren ondorio eta isla dela.

Horregatik, eta alderaketa ekidiezina denez, esan liteke Ridley Scotten Blade Runner, Denis Villeneuvena baino sendoagoa dela. Film originala amaitzean gailentzen den sentsazioa da, istorioan bi orduz erabat murgildu ostean, beste bi ordu ere unibertso berean igaroko genituela gustura. Esperientzia gozagarria luzatzearen nahia da jatorrizko filmaren gorentasunaren sintoma. Blade Runner 2049k, ordea, ez du sentsazio hori bera transmititzen. Ezin uka ikusgarritasuna eta faktura filmikoa nabarmen dela handiagoa, baina ezberdintasun nagusiak, biolentziaren dramatikotasunean datza. Akaso adibide adierazgarriena izan liteke bi filmek borroka eszena klimatikoen bitartez elkarren artean eraikitzen duten elkarrizketa: egungo filmak “gauza onen alde borrokatu” esaldiaren testuinguruan kokatzen du itsasertzeko norgehiagoka epikoa eta, horrenbestez, onak eta txarrak logika hutsalari egiten dio men. Film originalak ere badu amaiera aldera indarkeria eta suntsiketa nagusi diren eszena, baina kasu honetan borrokaren puntu gorena istorioaren mami narratibo nagusia biltzen duen eszena erabat dramatiko da; bertan filmeko erreplikante nagusiak Deckarti gizakien sortzeko eta sentitzeko ahalmenaren inguruko gogoeta helarazten dio, eta etengabe erortzen den euria probesten du Scottek filmaren gai nagusia esaldi poetiko batean biltzeko.

Azken batean, Blade Runner 2049 sekulako ikus-entzuneko esperientzia da, baina film originala dramatikoagoa da eta narratiba, alor formala, soinu banda… denak dauka bateratasun gehiago bertan, zentzu integral osatuagoa. Ezberdintasuna ilustratzeko esan liteke Ridley Scotten Blade Runner zinemaren historiara igaroko dela, are gehiago, zinemaren mito dela dagoeneko, eta Denis Villeneuven lanak, ordea, ez duela halakorik lortuko. Dena den, ez dezagun zinegile kanadarraren ekarpena gutxietsi, erronka ikaragarriari sekulako duintasunez egin diolako aurre eta bere horretan sendo mantentzen den filma osatu duelako. Originalaren itzala beti gainean izango duen arren, Blade Runner 2049 Hollywooden ohiko ikusgarritasunetik haratago doan esperientzia zirraragarria da, ikusleari gogoeta sakonak eta gozamen hutsa, biak aldi berean gauzatzeko aukera ematen dion pelikula.

Trailerra:

Katalunian ez ezik, mundu zabalean ere indarkeria poliziala hain presente dugun honetan, ezin aproposagoa da Kathryn Bigelow zinegile estatubatuarraren lan berriari erreparatzea. Detroit arrazakeriak eragindako gizarte tentsioen erdigune izan zen 1967an “12th Street Riot” izenez ezagun bilakaturiko gatazkan eta zuzendariak fokua jarri du torturatuak izan ostean akabatuak izan ziren hiru pertsona afrikar amerikarren kasuan.

Detroit1

Film Onenaren Oscarra eta historian lehenengoz emakume batek eskuraturiko Zuzendari Onenarena irabazi zituen Bigelowk 2008an Irakeko gerraren inguruko The Hurt Locker filmarekin eta Bin Ladenen harrapaketaren berri eman zuen AEBek gerrareriko duten moralitatea konplexuago landuz Zero Dark Thirty pelikulan. Oraingoan, ordea, azpimarra terrorismoa borrokatzen duten segurtasun indarrengan jarri ordez, terroristen pareko tratua pairatu zuten eta jazarpen konstantearen biktima izan ziren pertsona beltzen sufrimendua izan du ardatz. Zer pentsatu ematen du beltzen zapalkuntzaren inguruko filma osatzen kameraren atzean aritu den lantalde guztia zuria izateak, baina estereotipo eta pribilegiozko prismatik jaurtitako mezu moralizatzaileetatik urrun, sortzaileek errealitate gordinean lokaztu dituzte hankak. Filmeko lehen blokean nabari dezakegu bereziki Bigelowk zuzendaritzarako duen trebetasuna, kamera uneoro irudien tentsio dramatikoa nabarmen areagotzen duten esparruetara bideratzen du eta kaleko istilu kaotikoak, zein pertsonaien barne desio intimoenak, eraginkortasun osoz erretratatu eta konbinatzen ditu, minutu gutxitan istorio osoa sostengatzen duen gatazka narratiboaren abiapuntua indarrez finkatuz.

Jostailuzko pistola batekin poliziei tiro egin ostean azken hauek hotelean sarekada ezarri eta, tiratzailea nor izan zein pistola non dagoen argitu nahian, bertan zeuden pertsonen aurka tortura psikologiko zein fisikoa eragiten hasten dira. Bigarren bloke honek hartzen du filmaren metrajeko zati nagusia eta, horrenbestez, Bigelok alor formala gehien zaintzen duen pasartea ere bada. Algiers motelaren barnean harrapaturik, polizia zein pertsona beltzak gatibu bilakatzen dira ingurune itxian eta hori adimenez islatzen du minutuek aurrera egin ahala bertako denentzat geroz eta klaustrofobikoagoa bilakatzen diren egoeren bitartez. Muntaketa lana da honen erantzule nagusietako bat, plano azkarrak kateatzen ditu Bigelowk normalean, baina segida horri zentzutasuna emateko eginiko aukeraketa zehaztasun osoz planeaturikoa da, tentsio dramatikoa areagotzeaz gain, pertsonai bakoitzaren garunean zer gertatzen ari den ere ilustratzeko. Etengabe okerrera egiten duen egoeraren testiguek gorputz komunikazioaren bitartez adierazten dute hobekien unean uneko gertaeren aurrean izandako erreakzioak. Espresio horiek gainera ez dira, filmean zehar kateaturiko benetako irudien antzera, zuri edo beltz, tentsiozko momentu horietan pertsonaia bakoitzaren garunetik hainbat dilema igarotzen dira eta Bigelowk barne gatazka hori bera islatzea lortu du. Akaso erdiguneko pasarte honi leporatu geniezaiokeena da gehiegi luzatzen dela eta, horren ondorioz, filmareran itxiera antzutu egiten duela zentzu emozionalean.

Detroit2

Gertaeren osteko polizia galdeketa eta epaiketa biltzen ditu filmaren azken blokeak, baina bertan dena da azkarra eta laburra, kontakizunak ordura arte harturiko patxada albo batera utzi eta istorioaren amaiera presaka osatu nahi izango balu bezala. Amaierako kredituen aurretik irakur dezakegu filmak biltzen dituen gertaerak ez zirela inoiz argitu eta, ondorioz, pelikulako hainbat pasarte erabat oso ez diren testigantza eta dokumentuetan oinarritzen dela. Horrek justifika lezake filmak amaierako tarte horretan marraturiko bidea, baina nekez, erdiguneko pasarteak harturiko luzetasuna. John Boyegak hezurmaturiko polizia agente beltzaren pertsonaiaren  garapena, esaterako, aberats eta esanguratsuagoa izan ziteekeen hiru blokeen banaketa orekatuagoa izan balitz.

Baina narratiba eta estetikatik haratago, Detroit gizarte gaiei bete-betean eusten dien istorioa da, baita, tamalez, 50 urte beranduago apenas aldatu diren hainbat botere logikaren isla ere. AEBetan bertan poliziek eginiko hilketen estatistikei begiratuz gero, pertsona beltzak topa ditzakegu zerrendaren lehen postuan urtez urte. Arrazaren aferara mugatu ez eta prisma zabalago baten bidez begiratuz gero, indarkeria polizialak egungo gizartean erabat sustraituta jarraitzen duela ere gogorarazten digun pelikula da Bigelowren azkena, eta horregatik da halako istorioen kontakizuna hain garrantzitsu oraindik ere egun. Autoritate politikoen esanetara, orden publikoa eta biztanleriaren segurtasuna ziurtatzeaz arduratzen dena da polizia RAEren esanetan; filmak zein egungo beste hainbat kasuk islatzen dutenaren harira, ordea, ez litzateke atrebentzia izango esatea polizia biztanleriaren segurtasuna baino, autoritate politikoena ziurtatzeaz arduratzen dela, ezberdina dena isildu eta zapaldu, euren agintarien esanetara. Poliziei aginduak ematen dizkieten autoritate politikoaren ordezkariak dira hain zuzen Detroiten ausente nagusiak; gogora dezagun, filmak erakusten ez baina iradokitzen duena ere istorioaren parte giltzarri dela sarri.

Trailerra:

img_27446

Agur esan digu 65. Donostia Zinemaldiak eta edizio honek sarituen abaniko anitza utzi digu. Antolatzaile, kritika eta publikoak bat egin dute eta, askoren esanetan, azken urteetako palmares orekatuena izan da. Jarrain saritu nagusien zerrenda:

Film Onenaren Urrezko Maskorra: THE DISASTER ARTIST (James Franco) | Kritika Kronika

Epaimahaiaren Sari Berezia: HANDIA (Aitor Arregi & Jon Garaño) | Kritika Kronika

Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra: ANAHÍ BERNERI (Alanis)

Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra: SOFIA GALA CASTIGLIONE (Alanis)

Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra: BOGDAN DUMITRACHE (Pororoca)

Gidoi onena: DIEGO LERMAN, MARÍA MEIRA (Una Especie de Familia)  | Kritika Kronika

Argazki onena: FLORIAN BALLHAUS (Der Hauptmann / The Captain)  | Kritika

Zuzendari Berriak Saria: LE SEMEUR / THE SOWER (Marine Francen)

Horziontes Saria: LOS PERROS (Marcela Said)

Zabaltegi-Tabakalera Saria: BRAGUINO (Clément Cogitore)

Publikoaren Saria:
> Film Onena: THREE BILLBOARDS OUTSIDE EBBING, MISSOURI (Martin McDonagh)
> Europako Film Onena: JUSQU’À LA GARDE (Xavier Legrand) | Kritika

Euskal Zinemaren Irizar Saria: HANDIA (Aitor Arregi & Jon Garaño)

Gazteriaren Saria: MATAR A JESÚS (Laura Mora) | Kritika

img_27473