abuztua, 2017 -en artxiboa

70 urte igaro dira Canneseko nazioarteko film jaialdi gorena abiatu zenetik, baina bi besterik ez dira bertan zuzendari onenaren saria irabazi duten emakumezkoak. Sofia Coppolak aurtengoan eskuratu du garaikur preziatua, The Beguiled fimean eginiko lanaren onarpen gisara. 1966an ‘A Painted Devil’ izenpean argitaratu zuen jatorrizko nobela Thomas P. Cullinan idazleak eta 1971ean Don Siegel zinegileak pantaila handira eraman zuen istorioa, emakumeak ardatz dituen istorioa, baina gizonezkoek kontatua bi kasuetan. Horixe izan da Coppolaren ekarpen azpimarragarrietako bat, kontakizuna prisma femeninoaren bitartez aberastea.

The Beguiled

Moldaketa den heinean, nabarmentzekoa da Coppolak Siegelen pelikulako hainbat pasarte oso modu paretsuan irudikatu dituela aspektu formalari dagokionez. Zenbait planoren konposaketa, eszena zehatzak garatzeko kokalekuen aukeraketa eta gertaera zehatzen bitartez argumentu nagusian tentsioa eraikitzeko erabilitako irudi eta soinu baliabideak badute antza 71ko filmarekin. Dena den, Coppola pauso bat haratago eman nahi izan du alor narratiboan. Filmeko lorpen nagusien artean da emakume bakoitzaren nortasuna gizonezkoarekin eraikitzen duen harremanaren bitartez azaleratu eta loratzea, ikusleak etxeko neska bakoitzaren izaera, kezkak eta jokatzeko moduaren inguruko xehetasun ezkutuak Colin Farrelek antzezturiko gerra soldaduarekin hartu emanak izateko duten moduaren bitartez ezagutzen ditu, eta honek istorioa konplexuago bilakatzen du, pertsonaien arteko hari dramatikoek indar handiagoz uztartzen baititu, ostera iritsiko den interes gatazkaren eztandaren dimentsioa ere areagotuz.

Zentzu honetan, istorioari indar handia ematen dio kokalekuak berak, eta bereziki etxea filma garatzen den gune bakarra izatea. Kokaleku berberek esanahi ezberdina hartzen dute istorioak aurrera egin ahala, ingurune fisikoa bere horretan mantendu arren, pertsonaien egoera emozionalak oihartzuna duelako bizileku duten presondegi ikusezinean. Azken batean, etxea kartzela modukoa da bertan bizi diren emakumeentzat, eta hori trebeziaz lantzen du ez bakarrik Coppolarekin estreinakoz elkarlanean aritu den Phillipe le Sourd frantziarrak argazki zuzendaritza apartaren bidez, baita muntaia lanetan arituriko arduradunek ere, eszenak berak garatzeko aukeraturiko kokalekuen bitartez istorioaren dramatismoa mamitsuago bilakatzea lortu dute. Kokaleku ezberdinen arteko segidaz osaturiko muntaiak pertsonaia bakoitzak egoera zehatzetan bizi dituen barne sentimenduei egiten die erreferentzia eta, horregatik erabaki du ardura handiz Coppolak eszena bakoitza lorategian, egongelan, logeletan edota jantokian garatzea. Lanketa formala, beraz, bikaina da, azalean sinplea eta lineala dirudien kontakizuna xehetasun konplexu eta ezkutuz betetzen duelako modu horretan.

The Beguiled2

Emakume eta gizonezkoen arteko talkaren inguruko istorioa izatearen itxura eman dezake azalean The Beguiledek, baina haratago joanez gero ohartuko gara gai konplexuagoak mahaigaineratzen dituen kontakizuna dela. Modu batean, gatibutasun konpartituan bizi dira emakumeak eta gizonezkoaren agerpenak euren bizitza hautsi eta eraldatzen du erabat, baina emakumeek ere efektu berbera eragiten dute gizonezkoarengan. Eraldaketa prozesuaren eta giza nortasunaren sakonean ezkutatzen den horren inguruan egiten du gogoeta filmak, gerrako beste hainbat kontakizun bezala, isilpean geratzen diren istorio ezkutu horiez. Azkenerako, emakumeek euren komunitatea eraiki dute etxe horretan, frontean borrokatzen duten gizonezko dominatzaileetatik urrun, eta garaiko gizartearen kodeen arabera euren gizarte rola menpekoa den arren, ideia hori desafiatu eta kolokan jartzen dute, eurentzat erabat askea ez den dinamika baten bitartez. Emakumezkoen artean ere bistakoa da hierarkia, adinak baldintzaturikoa kasu honetan, eta horrek eraginda eraikitzen du euretako bakoitzak nortasun propioa. Zentzu honetan, ezin ahaztu adina ezberdinetako aktorez osaturiko lantaldeak erdietsi duen lan koral txukuna.

Laburbilduz, istorio originala izan ez arren, Sofia Coppolak estilo estetikoa findu du nazioartean koroatu duen lanarekin. Zinegile eta zinezale belaunaldi oso batentzat erreferente izan den aitaren babeslekua aspaldi utzi zuen eta bi hamarkadako ibilbidean demostratu du zuzendari lanetan fintasunez aritzeko duen gaitasuna, bereziki, giza harremanen inguruko esplorazio intimoa besarkatzen duten istorioen bitartez. Ikusteke dago arrakastaren ostean sormen alorrean zein bideri emango dion jarraipena, baina kritika, publiko eta industria esperoan izango ditu, izan ere, meritu propioen bitartez bereganatu du hauek guztien arreta.

Trailerra: