DUNKIRK (Christopher Nolan)

Posted: 31 uztaila, 2017 in FILMAK, OSCARS, SARIKETAK
Etiketak: , , , , , ,

Ikusgarritasunera ohitu gaitu, garunean hamaika buelta eman ostean ere osotasunean ulertzea kostatzen zaigun istorio konplexuetara. Horregatik da diferentea Christopher Nolanen Dunkirk. Esan liteke zinegile ingelesaren lan berria narratiboki inoiz landu duen konbentzionalenen artean dela, istorioak denbora jauziekin jokatu arren, ez baitu Memento edota Inception buru-hausleen liga berean jokatzen. Filma beraren helburua, ordea, bestelakoa da.

Dunkirk1

Dunkirk gerra istorioa da eta, eszena oro ikusgarritasunez blaitzeko sekulako aurrekontua baliatu duen arren, Nolan ohiko kontakizun fantastikoetatik aldendu da oraingoan. Zinema sortu zen unetik bertatik hainbestetan landua izan den gerra gaiari modu fresko eta originalean eustea bera erronka zen, are gehiago AEBek hamarkadetan zehar Bigarren Mundu Gerra oinarri hartuta Mendebadeko gizartean hedatu duten balio-kodeei aurre egitea, eta Nolanek lorpen handia erdietsi du zentzu honetan. Lehenik eta behin nabarmentzekoa da Dunkirk porrota ardatz duen istorioa dela, galtzaile diren horiena, gerrako salbatzaile eta garaipenezko heroietatik urrun. Heroitasuna ezinbestean filmera atxikita dagoen elementua da, eta armada ingelesak elkarlanean egindako lana goratzen du, baina Nolanek une batean ere ez ditu galtzak zingira ideologikoetan lokazten. Gerra filmen kode estandarrak bultzatu du Hollywoodeko ekoizpenen gehiengo zabala onak eta txarrak, gu eta haiek dinamikari men egitera, munduaren ikuskera amerikarrari obeditzera, landutako gaia muinean amerikarra ez denean ere. Horregatik estimatzekoa da Nolanek fokua gerraren gordinean jartzea, soldadu orok pairatzen duen biziraupen egoeraren krudeltasunean. Zentzu horretan adimenez jokatzen du pertsonaien iraganean sakontze ezaren bitartez, bando ezberdinetako soldaduak parekatu egiten baititu gerraren begietan, heriotza eta sarraskia berdinak dira denentzat. Westminsterreko zuzendariak baliabide narratibo hau probestu du gerra ekintzaren esperientzia fisikoan sakontzeko eta ez alor emozionalean, Bigarren Mundu Gerrako enegarrenezko istorioen antzera.

Hori guztia lortzeko irudien eta soinuaren indarra baliatzen ditu Nolanek, elkarrizketa murritza oinarri duen gidoia abiapuntu hartu eta hoberen egiten duenari ateratzen dio zukua, irudi ikusgarriak gerrako esperientzia murgilarazle bezala erabiltzeari. Itogarritasun sentsazioa transmititzen digu zuzendariak, etsipena eta ezintasuna nagusitzen diren egoeren kateatzearen bitartez. Azken batean harrapatuta, gatibutasunean eta ihesbiderik gabe sentitzearen inguruko kontakizuna da Dunkirk, eta hori fintasun handiz sinbolizatzen du film hasierako eszena batek, non soldaduak lehenengoz hondartzara ailegatzen ikusi eta hondartzaren plano zabala zatikatzen duten kartzelako barroteak diruditen egurrek. Egoera horretan soldaduek bizi duten zirkulartasun eta ziklikotasun sentsazioa azpimarratzen du Nolanek etengabe, behin eta berriz puntu berean erakusten baititu pertsonaiak, lortu gabeko aurrerapenek etsita. Arnasa kentzeko modukoak diren eszena zehatz batzuek islatzen dute hau argien, esaterako hondoratzeko arriskuan dagoen tiroz zulaturiko barkutik ihes egin eta ontzi erraldoira iristear daudenean, soldaduek ontzi hori euren begien aurrean, metro eskasetara, aire bidezko bonbek nola suntsitzen duten ikusten dutenekoa. Sentsazio berbera indartzea bilatzen du segidan urpetik ito ez dadin burua aire zabalera ateratzen duen soldaduaren figuraren bitartez, burua uretatik ateratzean hegazkinaren sugarretan aurpegia erre beste aukerarik ez duena. Gerraren gordintasuna islatzen du Nolanek, eta heroitasun kutsuko anaitasun espirituak filmari argi eta itxaropena, arnasteko aukera, ematen dion arren, kontakizunaren pasarte boteretsuenak esparru ilunak ukitzen dituztenak dira.

Dunkirk2

Sentsazio hori bera indartzeko maisutasunez erabilitako elementua da musika. Hans Zimmer eta Christopher Nolan urte luzez aritu dira elkarlanean, hainbat filmetan indarrak batu dituzte eta dagoeneko batak bestearen bertuteak xehetasun osoz ezagutzen ditu. Horrenbestez, Dunkirken soinu bandak esperotako dinamikei obeditzen dien arren, oraingoan emaitza ezin aproposagoa da filmak transmititzea bilatzen duen ezintasun eta ezinegon sentsazioa ikuslearen erraietan barneratu dadin. Nota paretsuen inguruan bueltaka eta bueltaka jarduten da Zimmer, behin eta berriz dinamika berari bizi berri bat eman eta tentsioa eraikiz inoiz amaituko ez direla diruditen segiden eta esaldi musikalen bitartez (konposaketaren atzean ezkutatzen diren logikaren inguruko bideo-azalpen zehaztua hemen, ingelesez). Bihotz taupaden modura erritmo biziz  dar-dar egiten duen erlojua da Zimmerrek irudien gordintasuna bere egiten duten ildo musikal amaigabeak eraikitzen eginiko lan apartaren erakusle.

Ez da kasualitatea fimaren posterrak Caspar David Friedrich margolari alemaniarraren ’Der Wanderer über dem Nebelmeer’ lanari erreferentzia egitea. Gerrako munstrotasunaren aurrean indibiduoaren garrantzia zein txikia den iradokitzen du, bizkarrez dagoen soldadua bakarrik sentitzen da istorio osoan zehar, armadako kideak alboan izan arren, norbere bizitza da arrisku larrian dagoena, hutsune espiritual sakona pairatzen du barrenean, eta hori bera islatzen du soldaduak posterrean, parez pare eduki eta zentzu guztietan bera gailentzen duen terroreari begira dagoenean. Baina bakardade sentsazio honek izan lezake aktualitatearekin loturiko irakurketa politikoa ere, Erresuma Batuak Europaren proiektu komunaren parte izateari uko egin dion garaian, are esanguratsuagoa bilakatzen da Nolanen lan berria, bertan britainiarrak bakarrik eta laguntzarik gabe erakusten baititu, ankerkeriari aurre euren kabuz egitera behartuta. Brexit ostean Britainia Handiak Europa eta oro har nazioartearekin izan beharreko harreman burujabeari erreferentzia egin liezaioke honek, eta ez da kasualitatea Film Onenaren Saria eskuratzeko hautagaien artean den Darkest Hour ere afera honen inguruko gogoetaz beterik egotea.

Funtsean, Dunkirk ohiko gerra filmetatik bereizten den lana da, Christopher Nolan zuzendariak irudi eta soinuaren lanketa xehea jorratzeko duen joerari esker. Hedabide nagusiek estreinaldi garaian goratu eta urteko film onena izan zitekeela nabarmendu zuten arren, aukera gehiago ditu Oscarretan sari teknikoak eskuratzeko film edota zuzendari onenaren garaikurrak baino. Dena den, ukaezina da pelikulak ikusle ororengan inpaktua eragiteko gaitasuna duela eta, azken batean, hori da zinema aretoan barneratzean denok bilatzen duguna, istorioak ikusleok axolagabe ez uztea.

Trailerra:

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s