otsaila, 2017 -en artxiboa

Heriotza, galera, hutsunea. Denok dakigu zein mingarri diren gertu sentitzen ditugunean, baina inork gutxik bizi izan ditu doluaren lehen egunak mundu osoaren begiradapean, zuloaren zuloan eta, aldi berean, jendartera zabaldu beharreko mezuaz hain kontziente. Hori da Jacqueline Kennedyren istorioa, bere gizona eta, oro har, Kennedy aroaren mitoa errealitate bihurtzearen erantzule nagusietako bat.

jackie1Jackie filmak balio digu gizonaren galeraren itzalpean geraturiko emakume konplexua nor zen erakusteko eta horregatik da hain esanguratsua Pablo Larraín izatea kontakizunaren zuzendari. Istorio erabat estatubatuarra, presidentearen hilketak gizartea shock egoeran utzi zuen, eta gerora goitik behera mamitu eta eztabaidatua izan dira gertaeraren ertz guztiak, Larraínek baina, Jackie hartzen du protagonista eta, horri esker, gertaerak beste betaurreko batzuen bitartez hautemateko aukera ematen dio ikusleari. El Club eta Neruda film goratuetan findu eta bereizgarri bilakatu duen estilo propioa nabari da irudien lanketan, ekarpen freskoa da zinegile txiletarrarena, zuzendari estatubatuar baten eskuetan ziurrenik ikusi ezingo genukeena. Planoen aukeraketa zehatza eta musikaren falta probesten ditu filmak sufrikarioaren itogarritasuna eta emozioen hauskortasuna areagotzeko. Samina eta ahulezia indar handiz harrapatzen ditu zinegileak zerrenda luzea osa lezaketen eszena esanguratsuen bitartez, besteak beste, Lyndon B. Johnson Dallasetik bueltan, hegazkinean bertan, presidente izendatzen duteneko unea, non Jackieren bat-bateko lekuz kanpokotasuna ebidentzian geratzen den, edota haurrei aita hil dela ulertarazi behar dieneko unea, aldi berean, euren aterpe moral eta emozional izateari utzi gabe.

Galeraren aurrean bere arima biluzten duen emakumearen barne kezketan sakontzen du, beraz, Larraínek, baina are esanguratsuagoa da filmaren narratiba uneoro mitoa eta errealitatearen arteko marra lausoan oinarritzea, kontuan izanik ideia hau Jackiek berak indartu zuela Cameloten figuraren bitartez. Azken batean, filma senarra hil eta astebetera Jackiek LIFE aldizkariari eskainitako elkarrizketan eginiko adierazpenen fruitu da; sentipen pertsonalen inguruan biluzten du bere burua elkarrizketa horretan, baina hor esandako hitzak ere, modu batean, izugarri neurtuak dira, “gizarteak nahiago ditu fantasiazko ipuinak, errealitateko pertsonaiak baino”, esaterako. Zintzotasuna eta fantasia uztartu zituen Jackiek fokua bere gainean izan zuen azken egunera arte eta horren emaitza dira senar eta presidente ohiaren hileta prozesioa, hedabideei gertaeren harira eskainitako adierazpenak eta, azkenerako, baita egun bere inguruan dugun ikuskera ere.

jackie2Dena den, istorioak hainbeste sinesgarritasun eta magnetismo emozional izatea, hein handi batean, Natalie Portmanen erantzukizun ere bada. Jackieren azalean fideltasunez barneratu eta lehen dama ohiaren askotariko erregistroak azaleratzen ditu; telebistari Etxe Zuria erakusten dion pertsona gozo eta gertukoa, hilketa bortitzaren dolu betean barne samina eta itxurakeria kudeatu behar dituen emakumea eta, azkenik, erabateko intimotasunean apaizari segurtasun ezez blaituriko konfesio pertsonalenak helarazten dizkion alarguna. Ahots erregistro ezberdinak eta gorputz komunikazioa azken xehetasuneraino zaindu ditu aktoreak, hainbat unetan Jacqueline bera pantailan ikusten ari garela sentitzea lortzeraino. Egoera bakoitzean modu zehatzean jokatzearen bitartez eraikitako nortasun karrusel horrek, azken batean, pertsona pertsonaia bilakatu eta mitoaren eraikuntza indartzeko balio du.

Badirudi atzo ezagutu genuela Pablo Larraín No filmaren bitartez, baina dagoeneko zazpi luzemetrai garraiatzen ditu zinegile txiletarrak sorbalden gainean. Estetika bereizgarria oinarri, politika eta gizarte gaiekin loturiko istorioak kontatzearen bitartez nabarmendu du bere burua, eta azken lanetan figura zehatzen erretratua mamitzearen ariketa maisutu du, kronika soziala eta alor intimoena istorio berean uztartuz. Neruda eta, bereziki, Jackie Hollywooden ateak irekitzeko film ezin aproposagoak dira eta, horregatik, gertutik jarraituko dugu Larraínek etorkizunean egiten duen lan oro.

Trailerra:

Komunitate eta kolektibo baztertuek pairaturiko istorioek indarra hartu dute azken urteetan Oscar sarietan, izan talde edo gizabanako baten inguruan zentraturiko kontakizunaren bitartez. Barry Jenkinsen proposamen berria sailkapen berean koka genezake homosexualitatea, pobrezia eta droga menpekotasuna uztartzen dituen istorioa dela kontuan izanik, baina, ohiko narratibara mugatu ordez, gai horiek bestelako begirada baten bitartez lantzea da zinegile gazteak proposatzen duena.

MOONLIGHT, Alex R. Hibbert, 2016, photo by David Bornfriend, ©A24/courtesy Everett CollectionJenkinsen iraupen luzeko bigarren lana da Moonlight eta nabari da zinema independente eta esperimentalaren aldeko izpiritua. Hiru denboratan zatituriko istorioan, Miamiko kaleetan hazi eta hezten den Chiron protagonista haurtzarotik nerabezarora eta helduarora igarotzen ikusten dugu irudien lanketa elegantearen bitartez. Enkoadraketa eta kolore aukeraketa zehatzak baliatzen ditu sortzaile taldeak Chironen barne sentimenduak eta egoera bakoitzaren dramatikotasuna ilustratzeko. Hiru denboratan zatitzea, berriz, baliabide narratibo eraginkorra oso, filmak horren bitartez islatzen baitu pertsona bera denboran zehar zenbateraino eraldatu daitekeen baina, aldi berean, iraganeko gertaera giltzarriek norbere nortasunean ezinbesteko oihartzuna izaten jarraitzen dutela.

Eraldaketa, beraz, ihes egin eziniko patuaren pare jartzen du Jenkinsek istorioan. Azken batean, droga menpekotasunean hondoraturiko familian hezitako gazteak droga saltzaile izaten amaitzen du eta, estatus hori eskuratzeko bidean nortasun homosexuala hainbatetan erreprimitzen saiatu arren, besarkatu egiten du amaieran, behin aske izaten lagundu zion pertsonaren eskutik. Horrenbestez, esan liteke zinegile gazteak proposatzen duen dilema nagusia nortasunaren eraketaren ingurukoa dela. Noiz bilakatzen gara egun garen pertsona horretan? Eraldaketa posible da, ala akaso ezaugarri batzuk betiko mantentzen ditugu gure barnean?

moonlight2Norbere izaera baldintzatu eta erabakitzen duten gertaera txiki horietan jartzen du fokua filmak uneoro, eta gogoeta mamitsua ere plazaratzen du ildo berean, itxura eta benetako identitatearen artekoa, hain zuzen. Azken batean, pertsonaia protagonistak izen eta nortasun ezberdinak bereganatzen ditu filmean zehar, itxura zehatz bat ematea bilatzen du gizartearen aurrean, bere barrenean, bihotzeko txoko intimoenean ezkutatzen duena erakustearen beldurrez, onartua izatearen beldurrez. Horregatik da filmeko azken eszena hain gozagarri eta esanguratsua, protagonistak onartua ez izatearen kezka alboratu eta droga saltzaile boteretsua bilakatu dela dirudienean, inoiz konexio emozional sakonena izan duen pertsonarekin bat egin eta bere barrena parez pare irekitzen duelako berriz ere. Azken eszena honek botere dramatiko handia du, istorioa borobiltzearekin batera, askotariko erregistro narratiboekin jokatzen duelako eta, horren bitartez, ikuslearen aurreikuspenak iraultzen ditu minutu gutxitan.

Minimalista eta intimoa, Barry Jenkinsen Moonlight film txukun eta ederra da, errealitate bortitza sekulako sentikortasunez kontatzea lortzen duen istorioa. Akaso sariketen esprintean hedabideek eraikitzen dituzten gehiegizko lausenguen biktima ere bilakatu da, Film Onenaren Oscarra irabaz dezakeela hainbestetan errepikatzeak ikusleengan sekulako aurreikuspenak sortu ditzakeelako, osterako atsekabearen arriskua areagotuz. Dena den, eta gure oroimenean iltzatuta geratuko ez den pelikula izan arren, kontatua izatea merezi duen istorioa da.

Trailerra:

Elkarrizketa gogoangarri batek filmaren mezu zehatz bat edota kontakizuna bera osotasunean goratu dezake. Hainbat elkarrizketa gogoangarri bata bestearen jarraian lerrokatzeak, ordea, narratiba diskurtsiboegia bilakatu eta ekintzen zein irudien dramatikotasuna ito dezake. Horrela laburbildu genezake Denzel Washingtonek zuzenduriko Fences film berria, non aktore protagonista lanetan ere aritu den. Bi ardura horien erantzukizuna bizkar gainean hartu izana ausarta da oso, ez da edonork onartuko lukeen erronka, eta inplikazio bikoitz horri esker istorioak muinean duen helburua eraginkortasunez erdiestea lortzen duen arren, pelikulak baditu sentsazio gazi-gozoa utzi diguten hainbat ezaugarri.

fences1Lehenik eta behin, kontuan izan beharrekoa da filma August Wilson idazlearen izen bereko antzerki obran oinarritua dagoela, Washingtonek berak aurrez Broadwayn interpretaturiko antzezlana. Zentzu horretan, nabari da filmak pertsonaia bakoitzaren arku dramatikoarekiko duen kontrola, zuku guztia ateratzen baitio bakoitzari antzezpen bikain eta zuzendaritza adimentsuaren bitartez. Hainbat dira elkarrizketa eszena boteretsuak eta horien artean bizitza eta balioen inguruko eztabaida mamitsuak mahaigaineratzen dituztenak gogoangarrienak. Tamalez, azkenerako elkarrizketetan hain oinarritua egoteak, botere dramatikoa kentzen osten dio filmari, zinema irudietan oinarrituriko artea baita eta, zentzu horretan, indar guztia hitzei ematean, irudien bitartez esploratu zitezkeen hainbat emozio edo egoera erdibidean geratzen dira.

Pertsona beltzen prekarietatea eta traben aurrean aurrera egiteko irmotasuna fideltasunez islatzen ditu filmak, abaniko aberatsa osatzen duen familiako pertsonaia bakoitzak errealitate hori zein modu pertsonal eta ezberdinean bizi duen azpimarratuz. Familiaren prismatik, beraz, erradiografia soziologiko ederra da istorioa, 50eko hamarkadako erretratu urbanistiko eta intimista barnebiltzen baitu, etxea bihotz duen eszenatoki berezituan. Baina elkarrizketak ez dira nahikoa ia bi ordu eta erdi irauten dituen obra ur gainean mantentzeko. Deigarria da balioen inguruko eztabaidez blaituriko kontakizunak etengabe hitzen borroka pisutzea, pertsonaien nortasuna egiten dutenera baino, ia osotasunean esaten duten horretan mugatuz. Kontraesankorra dirudi hein handi batean, pentsamoldea hitzen bitartez eratzen dugulako, baina azkenerako ekintzak dira mundu honetan nor garen erakusten dutenak.

fences2Dena den, filmak pultsu dramatikoari eusten dio, eta elkarrizketetan oinarrituriko eszena luzeak kapaz dira argumentua garatu eta intentsitate ezberdineko erregistro emozionalez aberasteko. Hau bereziki pertsonaiak atzera bueltarik gabeko egoeren aurrean jartzen dituzten eszena giltzarriek mamitzen dute gehien, euren harremanak transformatzeko gaitasuna duten eszenak direlako. Ezin ahaztu, ordea, zinemaren oinarrietako bat izan ohi dela “ez hitzez kontatu, irudien bitartez azaldu dezakezun hori” planteamendua, eta oinarri horren aurrean, Washingtonen ekarpena nahi baino eskasagoa da. Elkarrizketetan oinarrituriko film gogoangarriak ez dira gutxi, baina film gogoangarri izatera igaro dira hitzen bitartez esandakoa plano zehatzen bitartez islatzen dutelako, baita joan-etorriko dialektiko horrek eragindako klima emozionala ere.

Film Onenaren Oscarra irabazteko, beraz, artistikoki zerbait gehiago exijitu beharko genioke Fencesi. Baina ez irabazteko soilik, baita hautagai izateko ere. Jakina da Oscar sariketak artearen aldeko purutasuna aspaldi alboratu zuela eta, urteek aurrera egin ahala, logika komertzialak sekulako garrantzia eskuratu duela. Denen ahotan egon ohi diren hautagaien zerrenda desiragarrian tartea egiteko estrategia komertzial konplexua diseinatzen du film ororen ekoizpen taldeak eta, hala ere, kalitate goreneko hainbat film zerrendatik at geratzen direla urtez urte. Oscarrek aspaldi utzi zioten urteko lan onenen olinpo izateari, baina, bidegabea litzateke mamia erabat elkarrizketetan jartzen duen lana mundu mailako zinema sariketa sonatuenaren hautagaien artean egon eta aukeraketa horrekiko kritiko ez izatea.

Trailerra:

Zinemak batzuetan entretenitu egiten gaitu, pentsakor utzi besteetan. Baina zinemaren gaitasun nagusietako bat emozioak eragitea da eta film batek gure barreneko teklaren bat gogor kolpatzen badu, indar handiz nabaritzen dugu. Halakoa da Manchester by the sea, min egiten duen istorioen parekoa.

manchester-by-the-sea1Kontakizun gogorra, hasieran badirudi norabide narratibo argirik ez duela, baina flashbacken bidez garapena jantzi eta, bereziki, pertsonaien arteko harremanak esploratzen ditu. Gertaera bortitzak hartzen ditu oinarri zuzentzeaz gain istorioa idatzi duen Kenneth Lonerganek, iraganeko mamuen preso bizi den protagonistaren arima oinazetuan barneratzeko. Flashbacken erabilera egokia da oso, erritmoa maisutasunez neurtu eta une zehatzetan ematen diolako ikusleari informazio berria, kontakizunaren dimentsioak komenigarrien denean aberastuz. Ikusleak informazio berria hautematen duen bakoitzean protagonista eta inguruan dituen pertsonaiak behin eta berriz ebaluatzen ditu, hileta eszenatik telefono dei hutsaleneraino, pertsonaien izaerak dimentsio berriak hartzen dituelako istorioak aurrera egin ahala. Hausnarrarazteko sekulako gaitasuna du filmak eta pertsonaiek bizkar gainean eraman beharreko zama are pisutsuago bilakatu ahala ikusle ororengan ezinbestean sortzen da hain gordin sentitzen ditugun gertaeren aurrean ikuspuntu zehatz bat justifikatzeko nahia.

Hainbat dira arnasa kentzeko moduko eszenak, baina ikusleen erretinan iltzatuta mantentzen dena haurrak barnean zeudela bikote protagonistaren etxeak sua hartzen duenekoa eta ondoren Casey Affleckek maisutasunez interpretaturiko Lee protagonistak berak poliziari gertaeren inguruko testigantzaren eskaini eta bere buruaz beste egiten saiatzen denekoa dira. Irudiek gogor kolpatzen dute pantaila eta baita ikuslegoaren bihotza ere. Filmak, ordea, ez du dimentsio dramatiko guztia iraganean iltzatzen, gertaera horiek abiapuntu gisa baliatzen ditu, orainaldiko dilemetan sakontzeko. Lee protagonistak, bere anaia hil ostean, ilobaren zaintzaile ofizial bilakatu beharko du halabeharrez eta, egoera horretan, bien arteko harremanaren garapenean eta, bereziki, Lee beraren trauma gainditzeko ahaleginetan jartzen du fokua Lonerganek. Azken batean, Leek hasieran zaintza baztertu nahi izan arren, egunak aurrera joan ahala sentitzen duelako iloba zaintzea eta bere helburuek erdiestearen bitartez zoriontasunera hurbiltzea dela iraganeko mamuak behingoz gainditu eta bakean bizitzeko aukera.

manchester-by-the-sea2Kontakizunaren arku dramatikoa bien arteko dinamikan eta Leeren figuran oinarritzen da bereziki, eta gizarteak eurekiko duen ikuspegian aparteko lanketarik gauzatu ez arren, eszena zehatzetako une txikienak nahikoa dira ikuslea konturatu dadin zelakoa den familiak eta bereziki Leek urteetan zehar aurre egin behar izan duen martirioa. Elurra urtzearekin batera, badirudi filmaren amaieran protagonistek argia topatzen dutela iluntasunean, osaba eta iloba, bakoitzak bere bidea jarraitu eta iluntasunetik ihes egiteko aukerak inoiz baino gertuago sentitzen dituztelako. Baina itxita ziruditen zauri batzuk soilik pixka bat irekitzea zein mingarri bilakatu daitekeen ere gogorarazten digu istorioak, behin senar-emazte eta guraso izan zen bikotearen bat-bateko elkar topatze eszena hunkigarriaren bitartez.

Zaila edo ia ezinezkoa da Manchester by the Sea Film Onenaren Oscarraren garaile bilakatzea, AEBetako errelato ameslaritik urrun, istorio gordina, garratza eta hotza delako. Dena den, pelikula kalitatezkoa eta sekulako mamikoa da, zalantzarik gabe. Horregatik, eskuratzen duen sari orok txalotua izan behar luke, entretenimenduaren unibertsoan hain gora iristea izugarri zaila duten halako beste hainbeste filmen ordezkari delako eta, bereziki, kontatuak izatea merezi duten istorio bortitz baina beharrezkoen erakusle ere badelako.

Trailerra:

Zerbait galtzen dugunean, hutsunea gailentzen da gure barnean, berriz betetzeko denbora eta energia asko eskatzen duen hutsunea. Sentipen horretara gerturapena egiten du Garth Davis zinegileak bere lan berrian, galera, identitatea eta familiarekiko lotura esploratzen dituen istorio gordin bezain gozoa. Lion tren bagoi batean sartu eta ustekabean munduaren beste muturrean amaitu zuen haurraren inguruko kontakizuna da, familiarekin batera egun horretan haurtzaroa eta inozentzia bera betiko galdu zituela sentitzen duen pertsonarena.

lion1Filmak hasieratik du ikuslea harritzeko gaitasuna, lehen ordubetea haurraren sorbaldetan oinarritzen duelako. Hau ez da ohikoa izaten, inolaz ere, eta antzezle profesional diren pelikulako aktore protagonistak hain berandura arte pantailatik kanpo uztea lorpen handia da, hori baliatuz, filmak sekulako karga dramatikoa duten hainbat egoera Kalkutako haurraren bitartez islatzea lortzen duelako; ikuslea haurraren errealitatean murgiltzea lortzen du zuzendariak bere mundu ikuskeraren pare egon litezkeen espazio dimentsioan oinarrituriko planoen bitartez. Baina kasualitatezko gertaera segida baten ondorioz, Saroo haurrak adoptatzen dituzten erakunde sare batera iristen da eta hortik Australiara egiten du bidaia, familia berri batera. Irudien gaitasun dramatikoan jartzen du fokua Davisek, eta lehenengoz elkar ezagutu eta Sarook etxeko luxuak eta janariz betetako hozkailua zirraraz deskubritzen ditueneko uneak zirraragarriak dira. Azken batean, hori dena altxorra da pobrezia eta miseria besterik ezagutu ez dituen haurrarentzat, eta hori filmaren mezuan eskertu beharreko ezaugarri bat ere bada, askotan mendebaldeko gizarte ereduaren kritika zorrotza egiteko joera baitugu, dekadentziarekin lotuz, baina modu egokian, beharrean daudenak laguntzeko erabiliz gero, gure ondarea opari onena ere bilakatu daiteke.

Hogei urteko denbora jauziaren ostean Saroo Dev Patelen azalean topatzen dugunerako, gazte bizkorra da, ikaslea eta uste sendoak dituena; gizarte gaietan beharrean dauden horiek laguntzeko kolektiboetan egiten du lan. Mendebaldeko gizarteak eskaini dizkion aukera guztiak probesten ditu mutil gazteak eta horren ondorioz bilakatu da bere jatorrizko herrialdean bizitzen jarraitu izan balu imajinatu ere ezingo zukeen pertsona. Sarooren barrenak baina, oraindik erdi hutsik jarraitzen du, bi hamarkadaren ostean jaioterriko berririk ez duelako, ez dakielako agur esateko aukerarik gabe bere bizitzatik desagertu ziren ama eta anaia nola bizi diren, zertan ariko ote diren, zer moduz ote dauden. Lanketa estetikoak balio du paralelismoak eraiki eta iraganeko galera orainaldiko hutsune eta ezjakintasunarekin erkatzeko, haurra lehenengoz tren bagoira edota hegazkinera sartzen deneko eszena eta zubi luzean zehar bakardadean oinez dabileneko unea honen erakusle. Hogei urteko tartean pertsona aldatu arren, barreneko sentimendu batzuek bere horretan jarraitzen dutela iradokitzeko balio du irudien bitartezko baliabide honek.

Dev Patel in LionSaroo Kalkutako senideen bilaketan tematu ahala bidegurutze espiritualera iristen da, non sentitzen duen Australiako familia ala jaioterriko senideen artean erabaki beharko duela. Bilaketan murgiltzeak Australiako familiarekin harremana geroz eta gehiago hozten du, bai bere amarekin, baita neskalagunarekin ere, baina egun batean Google Earth-i esker bere bizilekua topatzen du. Horri esker bidaia antolatu eta berriz ere etxera buelta egiten du. Jaioterrira itzultzen deneko unea bikaina da, haurra zeneko garaian hainbestetan ikusi ditugun toki bereizgarriak berriz ere topatzen baititu eta bere familia hor dagoen ezagutu aurreko urduritasun eta antsietatearen arteko nahasketa indar handiz harrapatzen dute irudiek. Sarook ama topatzen dueneko eszena, bien arteko besarkada eta komunitate osoak zelako zoriontasunez ospatzen duen, une deskribaezina da, hitzak albo batera utzi eta irudiek istorioa indar osoz kontatzen duten horietakoa; kontu bera amak Guddu anaia hil egin zela jakinarazten dioneko unea. Honen bitartez, itzuleraren gazi-gozoa harrapatzen du filmak eta bere familiarekin berriz ere elkartu nahi duen gaztearen istorio perfektutik urrun, errealitatearen idilikotasun eza ekartzen digu gogora. Une horretan erdiesten du filmak borobiltasuna, Sarook jatorrizko familia berriz ere topatu eta bere buruarekin bakean bizitzea lortzeak, Australiako familiarekin berriz ere konektatzea eragiten duelako. Honek famili kontzeptuaren inguruan hausnartzera bultzatzen gaitu. Milioika pertsona dira arrazoi ezberdinengatik euren jatorrizko gurasoak ezagutu ezin izan dituztenak, baina hala ere beste familia bat topatu dutenak eta euren nortasuna eurei esker eraiki dutenak. Lionek horiei gorazarre egiten die eta baita adopzioari ere, Nicole Kidmanen pertsonaiak filmean zehar mami gehien duen esaldietako batean dioen bezala, “adoptatzea erabaki genuen, uste dugulako mundu honetan dagoeneko badaudela nahikoa pertsona. Bat gehiago ekarrita ez dugu ezer berezirik konpontzen, beharrean dagoena lagunduta, ordea, ezberdintasuna eragin dezakegu sufritzen duen horren bizitzan”. Familia, gurasotasuna eta solidaritatearen inguruko kontzeptu mamitsuak, inolaz ere.

Bio-drama estandarraren klabe narratiboetan landua egon arren, Lionek sekulako indarra du, are gehiago, benetako gertaeretan oinarrituriko kontakizuna dela kontuan izanik. Ikusleak bere ate guztiak ireki eta filma barreneraino sartzen uzten badu, Sarook egindako bidaia malkartsuaren parte bilakatuko da eta sentituko du zelako oihartzuna eta karga emozionala duen filmeko pasarte bakoitzak protagonistarengan eta bera inguratzen duten pertsonengan. Film Onenaren Oscarra irabazteko aukera gutxi ditu AEBetan eszena bakar bat ere igarotzen ez delako, filmaren erdia Ekialdeko herrialdeetan eta atzerriko hizkuntzan dagoelako, baina kontakizun gizatiarra eta gogoetaz beterikoa da; istorio epiko, gordin eta ederra.

Trailerra:

Ametsak errealitate bihurtu eta zoriontsu izatea izan ohi da denon helburua bizitzan. Zinemak ere batzuetan badu ideia horrekin konektatu eta ikuslearen bihotzera iristeko gaitasuna. Horixe da La La Land filmak lortu duena,  itxaropena, pasioa, maitasuna eta desioa uztartzen duen istorio eder, koloretsu eta musikatua, bizitasunaren aldeko aldarria.

la-la-land1Maitasun istorio klasikoak ditu abiapuntu musikala oinarri izan baina funtsean bikote drama konplexua esploratzen duen Damien Chazellen film berriak, kasualitatez elkar ezagutu eta maitemintzen diren Mia (Emma Stone) eta Sebastian (Ryan Gosling) pertsonaietan oinarriturikoa. Baina, filma ohiko istorio erromantikoa izatetik oso urrun, pertsona ororen ametsak errealitate bihurtzearen inguruko kontakizun bizigarria da, eta dinamika hori probesten du bikote harremanen hauskortasunaren inguruan gogoeta egiteko. Batak bestea laguntzen du helburu pertsonalak erdiesteko eta horri esker loratzen da euren arteko harremana, baina, azken batean, konturatzen dira helburu horiek lortzeko elkarri agur esan eta bakoitzak bide ezberdina jarraitu behar duela. Ederra, delikatua eta malenkoniatsua da istorioaren arku dramatikoa, eta zoriontasun perfektua eta arrakasta eternala denon irudimenean desiragarri izan arren, errealitatean utopia besterik ez direla iradokitzen du Chazellek. Baina utopia perfektu hori gauzatu ezin izatearen tristeziatik haratago, zuzendari gazteak bizitzaren inperfektutasuna ospatzen du, funtsean, bideko segurtasun ezak, erabakiak hartu behar izateak eta arriskatzen dugun une horiek mantentzen gaituztelako bizirik, gure barrena mugitzen dute eta tristatu, haserretu, samindu edota liluratzen gaituzte.

Errealizazioari dagokionez, eszena bakoitza da gozagarria, zuzendariak emozioz koloreztatzen du irudi bakoitza eta bikote protagonistaren magnetismoak lortzen du ikuslea euren sentimenduetan erabat inplikatzea, euren porrotak eta garaipenak bere egitea. Eta hori guztia artea eta sorkuntzarekiko pasioarekin lotzen du Chazellek, batak bestearengan marka uzten duelako alor horretan. Sebastianek Miari jazzaren pasioa transmititzen dio, Miak Sebastiani antzezpena eta istorioak kontatzearen ingurukoa helarazten dion bitartean. Bata zein bestea segurtasun eza nagusi den puntu beretik abiatzen dira eta elkar aberastuz konektatzen dute, baina desadostasunak ere azaleratzen dira denbora igaro eta harremana higatu ahala. Kristal finez inguraturiko oasiaren haustura sinbolizatzen du afaldu aurreko elkarren arteko eztabaidak, bizitza errealeko eztabaida mingarriekin sekulako parekotasuna duen eszena boteretsuan. Zentzu horretan, erabaki narratibo adimentsua da lau urtaroak bikotearen harremanaren metafora gisa baliatzea, filmak urtaro bakoitzaren potentzial dramatikoari zuku guztia ateratzen baitio.

la-la-land2Istorioak amaierara hurbildu ahala, are gehiago nabarmentzen du utopia ameslaria eta errealitate inperfektuaren arteko aldea, eta bizitzako gertaera aurreikusezinen karrusela, tristea baina, aldi berean, ederra. Norbait maitatzea, amets pertsonalen alde sutsuki borrokatzea eta hori guztia baliatuz zoriontsu izatea, denok bilatu dugun zerbait da eta Chazellek adimenez indartzen ditu alor horiek, ikuslegoaren barren-barreneko emozioetara ailegatzeko. Ameslari izatea gustuko dugu gazte garenean, baina bizitzak aurrera egin eta heldu bilakatu ahala gure barneko sugar hori pixkanaka itzali egiten da, guk geuk onartzen dugun formaltasunaren mesedetan. Arriskatzeak beldurtzen gaitu, dena galtzeko aukera hain hurbil sentitzeak, baina funtsean horixe da erabateko garaipen pertsonala eskuratzeko bide bakarra. Filmeko esaldi batek ilustratzen duen bezala, ezin da iraultzaile izateko modu bakarra, lotzen gaituzten kateak haustea da, kate horiek irudimenezko segurtasun sentsazioa eragiten badigute ere.

La La Land istorio zirraragarria da eta, horrenbestez, Film Onenaren Oscarra irabazteko aukera handiak ditu, drama pertsonal mamitsuaz gain, kontuan izan beharrekoa da Hollywooden bertan landutako kontakizuna dela, hau da, zinema industriaren eta, oro har, sortzaile ororen abenturen inguruko gogoeta. Gainera, nostalgia ariketa ere bada, film musikatu klasikoen erreferentziak luzemetrai osoan zehar mantentzen direlako eta jakina da Akamediak atzera begiratzea zein gustuko duen. Baina, edozeren gainetik, istorio gozagarria da, energiaz betetzen gaitu eta aretotik irtetean, musika doinu liluragarrien erritmora, izarren artean egotearen sentsazio positibo eta bizigarria mantentzea lortzen du. Bizitza ederra izan daitekeela eta ametsak errealitate bihurtzea beti norberaren esku dagoela gogorarazteagatik, La La Landek merezi du Film Onenaren Oscar saria irabaztea.

Trailerra:

Salbuespen baino, arraza-segregazio istorioak ohiko bilakatu dira Oscarretan azken urteetan. Ildo horretako filmen kupoa betetzera dator Theodore Melfiren Hidden Figures, NASA barnean hiru emakumeen duintasunaren aldeko borroka eta, aldi berean, zal beltzeko pertsonek 60ko hamarkadan gizarteko parte izan eta euren tokia kolektibotasunean normaltzat hartzeko pairatu behar izan zituzten oztopoen inguruko kontakizuna.

hidden-figures1Lehenik eta behin, deigarria da istorioa azal zuriko gizonezko zuzendari baten ardurapean egotea, alde batetik azal beltzeko pertsonek pairatu zituzten egoerekiko gertutasun errealik izatea nabarmen zailtzen duena, baina, bestetik, baita sufrimendu horrekiko enpatia ariketa sinbolizatzen duena era, zapalduen egoera ulertu eta kontatzearen aldeko joera. Gatazka dramatiko seinalaturik gabeko filma da Melfiren hirugarrena, arrazakeria bera bihurtzen du gatazka nagusi. Dramatikotasuna gertaera giltzarrietara bideratu ordez, filmak indarrak zapalkuntzaren kronikara bideratzen ditu, adibide adierazgarrien bitartez emakumeen egunerokotasuneko egoera arrunt orok harresi amaigabe horren sendotasuna zenbateraino berresten zuen gogoraraziz. Baina, zorionez, istorioa zapalkuntza sufritu zutenen negar oihu samindua baino askoz gehiago da, ahalduntzeari gorazarre egiten dion kontakizuna ere bada. Norberak bere abileziak eta ezagutzak besarkatuz gero, arraza edota genero ezberdintasunak inolako trabarik suposatu beharko ez lukeela defendatzen du.

Filmaren ahulgune nagusia ekoizpen eredua bera izan liteke, Oscarren erakusleihoan enegarrenez ikusi dugun istorioaren zigilupean bere oinarriko mezu noblea zipriztindu eta zikintzeko arriskua izan dezakeelako. Azken finean, ezin dugu ahaztu Oscar sariak AEBen identitate sortzaile direla; Hollywoodek film sorta zehatz bat mundu zabaleko zirkuitu komertzialetan kokatzen du eta ez da kasualitatea, noski, film seinalatu horiek mezu bat edo beste izatea. Hautagaitza beraren bitartez, Akademiak diskurtso zehatzak saritzen ditu eta horren bitartez eragiten du gizarte estatubatuarreko agenda publikoan.

hidden-figures2Dena den, ez dezagun ahaztu pelikularen helburu nagusia itzaleko heroiak omentzea dela, hainbat baitira ezkutuan, fokuetatik urrun, amerikar gizartearen ondarea aberastu duten pertsona eta kolektiboak, eta beste hainbeste horien inguruko istorioak lantzen dituzten filmak. Zentzu horretan, filma estandar eta autokonplazentziazkoa da, ez duelako arriskatzen. Sufrimendua eta katarsia irudi boteretsuen bitartez modu fisikoagan bizitzea izan liteke ikuslearentzat esperientzia freskagarria eta indartsuagoa, azken batean, hori baita zinemaren funts nagusia, hitzekin azaltzea konplexu suerta daitekeena irudietan barnebiltzea.

Mundu zabaleko agintari politikoak aniztasuna eta elkar ulertzearen aldeko jarrera mespretxatzen ari diren garaian, komeni da Hidden Figuresen mezu gizatiarra gogoan izatea, azken batean, giza ezagutza denon ondare baita eta indarrak batuz beti sortuko dugu aberastasuna modu errazagoan, bakoitzak bere aldetik eta ezberdinak zapaltzen saiatuz baino. Film Onenaren garaikurra, ordea, ez da Melfiren azken lanak merezi duen onarpena, lehen mailako zinemagintza eta lanketa narratibotik oso urrun geratzen delako.

Trailerra:

Western generoa iraganeko altxor preziatu bilakatu da egun, hil ostean estima altuan izaten ditugun mitoen parekoa. Azken batean, bistan da mota honetako filmen ekoizpenak basamortuko lehortearekin egin duela talka, baina oraindik ere badira westernaren izpiritu klasikoa erraitetan garraiatzen duten istorioak, kode modernoen bidez bada ere, oinarrizko dinamikak mantentzen dituztenak. Horien artean da Hell or High Water, anbizioa, ezintasuna eta ontasunaren arteko marra lausoaren gainean bizitasunez mugitzen den biolentziazko kontakizun aberats, pausatu eta gozagarria.

hell-or-high-water1Texas mendebaldean, herriz txikietako bankuak lapurtzen dituzten anaiengan jartzen du fokua David Mackenzie zinegile eskoziarrak. Bonnie & Clyde klasikoaren tankerako filmen oroigarri izan daiteke halako deskribapena, Mackenziek ere bat egiten duelako legea eta askatasunaren arteko talkaren esplorazioan. Istorioaren muinean, ordea, egungo gizartearekin lotura estuagoa duen gatazka topatuko dugu, bereziki fokua instituzioen ustelkerian eta zapalkuntza sistemikoan jartzen duena. Hainbat geruzako pertsonaien bidez hezurmamitzen du sortzaile eskoziarrak drama delikatua, non gizabanako guztiek duten biolentziarekin lotura, baina, aldi berean, baita ekintza gizatiarretarako joera ere. Ongia eta gaizkiaren arteko marra are ikusezinago bilakatzen dute protagonistek, euren helburua ez delako ez salbatzaile izatea, ezta lapurretaren bitartez gaizkia eta oinazea areagotzea ere, legearen bitartez bankuek ostu dietena berreskuratzea baizik, behin izandako bizitza mantendu eta zorigaitzean ez erortzeko.

Honekin zuzeneko lotura du apatxe nortasunak, filmaren bihotzean dagoen kontzeptua, hain zuzen ere. Pelikulako eszena giltzarri batean Jeff Bridgesek maisutasunez interpretaturiko polizia buruaren laguntzaileak Bridges berari aipatzen dio behin amerikar natiboei, indiarrei, estatubatuar guztien arbaso diren horiei, lapurtu zietela mendeetan zehar bizileku izan zuten lurra eta horren gainean eraiki zutela konkistatzaileek oso bestelako balio eta pentsaeran oinarrituriko inperioa. Eta orain, berriz, hainbat belaunaldi beranduago, oparotasun hori eraiki zutenen ondorengoei eurena sentitzen dutena kendu dietela berriz ere, izan bankuek edota interes korporatiboek. Esan liteke, beraz, filma etsipena eta porrotaren inguruko istorioa dela, ezkortasun egoera horrek pertsonaia guztien nortasunean eta bizi duten ingurunean bertan ere oihartzuna duelako, depresio zantzu nabarmenen bitartez. Ezkortasun horrek, ordea, euren egoera aldatzera bultzatzen ditu protagonistak, hondoa jo aurretik berriz ere hegan egitera. Etxea galtzear dagoen familia, askatasunaren mantenua hain hauskor sentitzen duen anaia eta baita bere ibilbide profesionaleko azken abenturak bizitzen ari den polizia burua ere, denek egin nahi dute miseriatik ihes.

hell-or-high-water2“Pobrezia belaunaldiz belaunaldi oinordekotzat igarotzean, gaixotasun bilakatzen da” esaten dio filmaren amaieran banku-lapurretako batek sheriffari. istorioko bi fronte protagonisten arteko talkak zauri sendaezinak uzten ditu alde bakoitzean, baina oinarriak bien dute komunean barne samina kanporatu eta ontasunera hurbiltzeko desioa. Hori dela eta, berriz ere elkar ikusten dutenean gertatu daitekeenaren misterioa bikaintasunez zukutzen du Mackenziek tentsio handiko azken eszena gozagarrian, definitibotasun eza besarkatuz lortzen du filmak jauzi kualitatiboa ematea. Dena den, amaierak nekatuta dauden bi pertsonaia ere erakusten dizkigu, suntsipenetik ihes egin nahi duten pertsonaiak. Ez ote da elkar bakean uztea izango norbere bakea topatzeko aukera eraginkorrena?

Hell or High Water film indartsua da, akzio eta erritmo bizitik urrun, ingurune fisikoaren astuntasuna baliatzen duena pertsonaien borroka psikologikoa dinamizatzeko. Beste hautagaien helburu handientsuak ez izateagatik Film Onenaren Oscarra irabaztea zail izan arren, patxadaz dastatzeko istorioa da, infernuan edo ura golkoraino dugula bada ere.

Trailerra:

Estralurtarren etorreraren aurrean lurtarrok zein modutan jokatuko genukeen hamaika aldiz irentsi dugu Hollywoodeko filmetan, baina gutxi izan dira ezezagun duguna suntsitu ordez, ulertzen saiatzearen aldeko mezua mamitu duten obrak. Askotariko formen bidez bada ere, funtsean mehatxu antzera hauteman izan ditugu, gure bizimodua arriskuan jar dezaketen izaki misteriotsu bezala. Eta horrexegatik da Arrival hain esanguratsua, fokua komunikazioan eta elkar ulertzearen garrantzian jartzen duelako.

arrival1Denis Villeneuvek urteetan zehar liluratu gaitu maila altuko filmekin, Incendies, Enemy edota Prisoners, besteak beste, eta joera komertzialeko Sicario etsigarriaren ostean, azaleko film mastekatuen ildoa alboratu eta espazio-denbora korronteko gogoeta konplexuetara itzuli da zuzendari kanadarra. Komunikazioa da filmaren gai nagusia eta gizakiok historian zehar harremanak izateko beharraren inguruan gogoeta egiteko balio du, bakardadetik ihes egin eta elkarren artean konektatzeko behar hori bera.

Estralurtarren etorreraren harira nazioarteko arduradun militar nagusiek hizkuntzalari baten laguntza eskatzen dute, Amy Adamsek antzezturiko hizkuntzalaria, bera baita estralurtarren hizkuntza deszifratu eta eurekin komunikatzeko gai den pertsona bakarra. Villeneuvek ariketa komunikatibo hau are konplexuago bilakatzen du, aldi berean, paraleloan garatzen den beste istorio batekin lantzean. Denbora jauzien dantza besarkatzen du zinegile kanadarrak honen bitartez, ikuslearen pertzepzioarekin jokatzen baitu, iragana, oraina eta etorkizuna nahasi eta istorioaren ulermena bera interpretaziozko jarrera aktibo baten truke besterik eskuratu ezin dugula iradokiz. Halako elementuak dira Villeneuven filmak ikustea hain bizigarri egiten dutenak, misterioa ez baitu baliabide narratibo bat bezala baliatzen, baizik eta protagonista beraren izatearen inguruko enigma esploratzeko barneratzeko probesten du.

arrival2Zinemagintzan bi hamarkada igaro ostean, Hollywoodeko ateak inoiz baino irekiago ditu egun Denis Villeneuvek eta, arnasa kentzeko moduko akzio eszenek pelikulan presentziarik ez duten arren, ekoizpen handiek eskaintzen dituzten baliabide ekonomikoei zuku guztia atera die, kontakizunaren oinarriko parabola dramatikoa XXI. mendeko film bizien ikusgarritasun osoz blaitzeko. Modu batean, nabari da zuzendari kanadarrak narratiba estatubatuarra landu duela azken filmetan, nazioarteko potentzia handiei eginiko erreferentziak eta segurtasun indarren estetika orokorra horren erakusle, baina, edozeren gainetik, estimatzekoa da film bakoitzean erregistroa erabat aldatu eta eraberritzeko erakusten duen gaitasuna. Halako filmik ez zen orain arte Villeneuven filmografian eta udazkenean ikusiko dugun Blade Runner klasikoaren jarraipen-filmerako modu ezin hobean posizionatu du bere burua.

Arrivalek baina, zaila du Film Onenaren Saria eskuratzea. Anbizio handiko istorioa izan arren, zientzia fikzioa beti geratu ohi delako AEBetako sariketa sonatuenean baztertua, onarpen teknikoetara mugatua. Film ausarta da Villeneuven azkena eta hautagaitzak berak, filmarena zein zuzendariarena, harro egoteko moduko lorpenak dira. Susmoa dugu Oscar preziatuena estatubatuar bikaintasunaren aldeko aldarri nabarmenagoa egiten duen film batek eskuratuko duela.

Trailerra:

Ez da ohikoena izaten estreinako zuzendaritza lanari esker film onenaren Goya saria irabaztea, baina horixe da Raúl Arévalok lortu duena. Aktore bezala ezagunago dugun gazte madrildarrak obra gordin eta konplexua osatu du kameraren atzean eginiko lehen saiakeran, indar dramatiko handikoa eta, bereziki, gizakion sen basatiaren erretratua islatzen ahalegindu dena.

Fotograma de Tarde para la ira  dirigida por Raul ArevaloKontakizun osoan zehar nabari da lehen aldiaren izpiritua, kamera eskuan, hainbat uneren tentsioa isilune itogarrien eta plano luzeen bitartez islatu du Arévalok. Egiturari dagokionez, thriller klasikotik zuzenean edaten duen istorioa osatu du zentzu narratiboan, baina forman eta alor estetikoan erreferente sonatu horiek alboratu ditu, ziurtasunezko estandarrei uko egin eta ur nahasiak esploratzearen aldeko apustua eginez. Ezin ahaztu Arévalo bera, zuzendari izateaz gain, gidoilari lanetan ere aritu dela David Pulido bidelagunarekin batera, hau da, istorioan bihotzeraino barneratu dela eta, ondorioz, estreinako film hau barren-barrenetik ateratako istorioa dela.

Filmaren oinarri nagusia adimenez harituriko pertsonaiak dira, bi gizon eta emakume bat, zehazki. Antonio de la Torre beldur eta segurtasun ezez beteriko José gizonetik, odol hotzeko hiltzaile kalkulatzaile izatera igarotzen den bitartean, lapurreta batean parte hartu izanagatik kartzela zigorra bete eta aske geratuzean zainetan daraman biolentzia ezkutatu ezin duen Curro gizon gartsua blokeaturik, zer egin jakin gabe geratzen da. Eta gizonezko pertsonaien artean ematen den inbertsiozko garapenaren erdian emakumezko figurak osatzen du protagonisten arteko koadro dramatikoa. Ezinbestean Josérekin halabeharrezko gerturapen emozionala izaten duen Anak bukatzen du hain zuzen gatibutasunean, bi gizonek atzean utzi nahi duten iraganeko kartzela horretan bertan. Iraganeko oroigarriz beteriko landa-inguruneko etxe bakartian uzten du Josék Ana eta filmak, pertsonaia ingurune fisiko berean mantendu arren, garapena ematen dio emakumearen dilema emozionalari, paraleloan bi gizonek parez pare gainditu beharreko egoeren erritmora.

tarde-para-la-ira2Istorio honi zilegitasuna eta sakontasun emozionala emateko aktore aukeraketa bikaina gauzatu du sortzaile taldeak, bereziki interpretaziorako fintasuna enegarrenez erakutsi duen Antonio de la Torreren aukeraketaren bitartez. Hitzen beharrik gabe, gorputz komunikazioaren bitartez eszena boteretsuenak azken xehetasuneraino zukutu ditu eta hori da, hain zuzen ere, filmaren indargune nagusietako bat, de la Torreren aurpegia begiratze hutsak ikuslearen irudimenean barren-barreneko sentimendu eta emozioak azaleratzeko eta imajinarazteko duen gaitasuna. Baina ezin ahaztu azken finean, istorioaren muina mendekuaren inguruko analisia dela. Zer da mendekua eta zertarako balio du? Galdu duguna berreskuratzeko gaitasunik ba ote du, ala zoriontasuna galarazi diguten horiei galtzeak zer suposatzen duen konturarazteko besterik ez? Izenburuaren hitz jokoa da, hain justu, mendekuaren eta filma beraren esanahia are gehiago aberastu eta konplexuago bilakatzen duen elementua. Tarde para la ira “suminerako arratsaldea” gisara itzuli genezakeelako, baina baita “suminerako beranduegi” bezala.

Azken batean, filma honek guztiak dakartzan kontraesan moral eta emozionalen inguruko esplorazioa da; ur nahasietan nabigatzen du Arévalok, baina urak baretzeko asmorik gabe. Ikuslearen esku geratzen da, beraz, kontakizunari erantzun bat edo beste ematea, nahieran interpretatzea. Filmaren azken eszenak ideia hori bera indartzen du, ate ireki askoren aurrean eta sugarrak inguruan dituela uzten baitu ikuslea. Misterio eta tentsiozko istorioen itxiera borobil eta poetikoetatik urrun, eztandaren alde egiten du zinegile madrildarrak, zauriak itxi ordez, are odoltsuago bihurtuz. Edozeren gainetik, film gordina da Tarde para la ira, gorputzean sentsazio hotz eta bortitza uzten duena eta, aldi berean, gordintasun hori bizitzea merezi duena. Funtsean gizaki ororen joera baita, ekintza ilunenen zergatien inguruan hausnartzea.

Trailerra: