SILENCE (Martin Scorsese)

Posted: 23 urtarrila, 2017 in FILMAK
Etiketak: , , , , , , , ,

Erlijioaren eskutik edo modu librean, sinesmena eta fedea gizakion oinarrian daude, indibiduo orok eraikitzen dugulako inguratzen gaituenarekiko nolabaiteko jarrera ideologikoa. Martin Scorsesek erlijioa hartu du abiapuntu Silence film berrian, baina horixe bera egiteko, kontakizunaren dimentsioa areagotu eta bizitza ulertzeko bi eredu kontrajarriren arteko lehian sakontzeko. Dilema existentzial eta espiritualak esploratu ditu hogei urtez prestaturiko obran, eta zentzu horretan, esan genezake honakoa ez dela ia hiru orduko trabesia epiko soila, baizik eta zuzendariaren gizarte ikuskerara hurbilpena egiten duen lana. Bere barrena hustu eta ikuslea gogoeta egitera desafiatzen du.

SILENCEIndar handiko obra da Scorseseren azkena, isilunez beteriko plano eta eszena luzeetan oinarriturikoa. Bistan da Silence bestelako pelikula dela, New Yorkeko zuzendariak erritmo geldoaren eta kontenplazioaren alde egin duelako oraingoan, mafia eta krimen thriller bereizgarrietatik urrun. Estimatzekoa da hainbesteko irismen mediatikoa duen zinegileak bere bizitzako kontakizun pertsonalena erritmo narratibo estandarretik urrun hezurmamitzea. Eraldaketaren mingarritasunaren inguruko filma ere bada Silence, hainbeste indarrez sinetsitako hori aldatu behar izateak indibiduo ororengan uzten duen hutsunearen ingurukoa. Ikusleak Andrew Garfield protagonista bide osoan zehar jarraitzeak eragiten du apostata bihurtzen deneko unea are gordin eta lazgarriagoa bilakatzea.

Ildo horretan, bizitza ereduen inguruko talkan ere sakontzen du Scorsesek, sinesmena azken batean mundua ulertzeko eraren isla ere badelako eta, ondorioz, korronte ideologikoen teoria eta praxia sostengatzeko instrumentua. Horregatik da hain interesgarria bi sinesmenak hain garai primitibo eta basatian irudikatzea, egungo mundu ikuskeratik hain urrun, muturreko neurriak hartzera behartuta zeuden garaian. Scorsesek ez du kristautasunaren nortasun kolonialista ezkutatzen, ezta ontasunaren izenean hedaturiko sinesmenak hainbeste komunitatetan eragindako zatiketa, ezegonkortasuna eta oinazea ere. Baina korronte budista ere ez da santutegi perfektua, esparru ideologikoan ezagutu eta frogatu ezin ditugun izakietatik haratago jainkotasuna norberak bere barnean bilatzearen inguruko mezua oso boteretsua izan arren, pentsamolde hori hedatzeko metodoa biolentziak zipriztintzen baitu eta horrek, azken batean, talka, konfrontazioa eta zatiketa areagotzen ditu, bakea eta ulermenaren ordez.

Zurruntasuna oinarri hartuta, alde bakoitzak egia absolutuaren jabe izatea tinkotasunez sinesteak eragiten duen fatalismoaren inguruan hausnartzen du filmak. Elkar ulertu ezin dutenak elkar suntsitzera kondenatuta daudela azpimarratzen du. Zentzu honetan, zinegile estatubatuarrak asmatzen du bata zein bestea bere horretan erakutsi eta dogmatismo edota lezioetan oinarrituriko alde bateko begiradak ekiditean.

silence2Filmaren amaiera aldera istorioa are aberatsago bilakatzen da, ideien talka konplexuaz gain sinesmenak dimentsio metafisiko edo espirituala ere hartzen duelako. Diskurtsoaren lehia dugu abiapuntu, misiolarien hitzen bidezko erakarpen ahaleginak; ondoren ekintza bidezko erresistentzian zentratzen da filma, eta erakusten du nola hainbat jarduera konkreturi men ez egitea balio pertsonaletan tinko mantentzearen seinale den, baita inposaketen menpe erortzeak zelako zama pertsonala suposatzen duen ere. Bukaeran, misiolari protagonista apostata bilakatu eta hitzen bidez budismoaren jardun eta errituei men egiten die (“formalitate hutsa besterik ez da” esaten dio inkisidorearen laguntzaileetako batek), baina bihotzean determinazio bera izaten jarraitzen du. Pentsatzea eta ekitearen arteko kodea hurrengo mailara eramaten du filmak honen bitartez, muturreko egoeretan idealismoa mantentzea bera sekulako trebezia eta lorpena dela nabarmenduz. Azken finean, garunean iltzaturik daramagun ideien multzoa delako hil arte askatasunean mantendu dezakegun altxor nagusi eta, akaso, bakarra.

Trailerra:

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s