urtarrila, 2017 -en artxiboa

Erlijioaren eskutik edo modu librean, sinesmena eta fedea gizakion oinarrian daude, indibiduo orok eraikitzen dugulako inguratzen gaituenarekiko nolabaiteko jarrera ideologikoa. Martin Scorsesek erlijioa hartu du abiapuntu Silence film berrian, baina horixe bera egiteko, kontakizunaren dimentsioa areagotu eta bizitza ulertzeko bi eredu kontrajarriren arteko lehian sakontzeko. Dilema existentzial eta espiritualak esploratu ditu hogei urtez prestaturiko obran, eta zentzu horretan, esan genezake honakoa ez dela ia hiru orduko trabesia epiko soila, baizik eta zuzendariaren gizarte ikuskerara hurbilpena egiten duen lana. Bere barrena hustu eta ikuslea gogoeta egitera desafiatzen du.

SILENCEIndar handiko obra da Scorseseren azkena, isilunez beteriko plano eta eszena luzeetan oinarriturikoa. Bistan da Silence bestelako pelikula dela, New Yorkeko zuzendariak erritmo geldoaren eta kontenplazioaren alde egin duelako oraingoan, mafia eta krimen thriller bereizgarrietatik urrun. Estimatzekoa da hainbesteko irismen mediatikoa duen zinegileak bere bizitzako kontakizun pertsonalena erritmo narratibo estandarretik urrun hezurmamitzea. Eraldaketaren mingarritasunaren inguruko filma ere bada Silence, hainbeste indarrez sinetsitako hori aldatu behar izateak indibiduo ororengan uzten duen hutsunearen ingurukoa. Ikusleak Andrew Garfield protagonista bide osoan zehar jarraitzeak eragiten du apostata bihurtzen deneko unea are gordin eta lazgarriagoa bilakatzea.

Ildo horretan, bizitza ereduen inguruko talkan ere sakontzen du Scorsesek, sinesmena azken batean mundua ulertzeko eraren isla ere badelako eta, ondorioz, korronte ideologikoen teoria eta praxia sostengatzeko instrumentua. Horregatik da hain interesgarria bi sinesmenak hain garai primitibo eta basatian irudikatzea, egungo mundu ikuskeratik hain urrun, muturreko neurriak hartzera behartuta zeuden garaian. Scorsesek ez du kristautasunaren nortasun kolonialista ezkutatzen, ezta ontasunaren izenean hedaturiko sinesmenak hainbeste komunitatetan eragindako zatiketa, ezegonkortasuna eta oinazea ere. Baina korronte budista ere ez da santutegi perfektua, esparru ideologikoan ezagutu eta frogatu ezin ditugun izakietatik haratago jainkotasuna norberak bere barnean bilatzearen inguruko mezua oso boteretsua izan arren, pentsamolde hori hedatzeko metodoa biolentziak zipriztintzen baitu eta horrek, azken batean, talka, konfrontazioa eta zatiketa areagotzen ditu, bakea eta ulermenaren ordez.

Zurruntasuna oinarri hartuta, alde bakoitzak egia absolutuaren jabe izatea tinkotasunez sinesteak eragiten duen fatalismoaren inguruan hausnartzen du filmak. Elkar ulertu ezin dutenak elkar suntsitzera kondenatuta daudela azpimarratzen du. Zentzu honetan, zinegile estatubatuarrak asmatzen du bata zein bestea bere horretan erakutsi eta dogmatismo edota lezioetan oinarrituriko alde bateko begiradak ekiditean.

silence2Filmaren amaiera aldera istorioa are aberatsago bilakatzen da, ideien talka konplexuaz gain sinesmenak dimentsio metafisiko edo espirituala ere hartzen duelako. Diskurtsoaren lehia dugu abiapuntu, misiolarien hitzen bidezko erakarpen ahaleginak; ondoren ekintza bidezko erresistentzian zentratzen da filma, eta erakusten du nola hainbat jarduera konkreturi men ez egitea balio pertsonaletan tinko mantentzearen seinale den, baita inposaketen menpe erortzeak zelako zama pertsonala suposatzen duen ere. Bukaeran, misiolari protagonista apostata bilakatu eta hitzen bidez budismoaren jardun eta errituei men egiten die (“formalitate hutsa besterik ez da” esaten dio inkisidorearen laguntzaileetako batek), baina bihotzean determinazio bera izaten jarraitzen du. Pentsatzea eta ekitearen arteko kodea hurrengo mailara eramaten du filmak honen bitartez, muturreko egoeretan idealismoa mantentzea bera sekulako trebezia eta lorpena dela nabarmenduz. Azken finean, garunean iltzaturik daramagun ideien multzoa delako hil arte askatasunean mantendu dezakegun altxor nagusi eta, akaso, bakarra.

Trailerra:

Gerra hilketa odoltsuen lurralde izan ohi da, gizateriaren alde ilunena azaleratzen duen purgatorio malkartsua. Zentzu horretan, Mel Gibsonek ibilbide profesionalean zehar defendatu dituen begirada bakarreko obra abertzaleen damu keinu gisa ikus genezake Hacksaw Ridge, suntsipenaren aurrean jarrera eraikitzea bultzatzeko nahiaren inguruko filma. Ikuskizun bezala erabat murgilaraztea da aktore eta zuzendari estatubatuarraren lan berria, zinema aretoan barneratu eta ikusleari bi orduz egunerokotasuneko kezka oro albo batera uztea ahalbidetzen dion esperientzia, 70 urte atzera egin eta historia garaikideko gertaera giltzarrien inguruan hausnartzeko.

hacksaw-ridge1Gerra gordintasun osoz islatzen du Mel Gibsonek film osoan zehar eta bi eguneko fronteko jarduna nahikoa da ikuslea konturatu dadin egunero errealitate eta egoera berari aurre egitea zelako amesgaizto, tortura fisiko eta mental bilakatu zen garai horretan euren bizitza etorkizun hobeago baten alde arriskatu zuten soldaduentzat. Zuzendari estatubatuarrak asmatzen du militarren erreakzioak eta terrorea begien espresibotasunaren bitartez harrapatzean eta honek are oihartzun handiago du filmak II Mundu Gerrako azken astinduak besterik kontatzen ez dituela kontuan izanez gero; sei urtez egunero errealitate hori bera bizitzea lazgarria litzateke oso.

Dena den, pelikularen interesgune nagusietakoa idealismoaren aldeko borroka da. Desmond Doss mediku bakezalea idealista izan zen azken unera arte eta egitura militar zurruna desafiatu zuen ezarritako arauetatik haratago ere handitasuna lortzea posible zela transmititzeko, berak desafio hori uneoro bihotzetik egin zuen arren. Honek mami handia du, gerraz gain, bizitzako edozein alorretara aplikagarri delako balio pertsonalen alde indar osoz borrokatzearen ideia. Printzipio bat sendotasun osoz defendatzen duenak, sinesmen hori bere egiten duelako.

hacksaw-ridge2Ideia hau heroitasunarekin lotzen du Gibsonek, gerraren bortizkeria argi eta garbi erakutsi arren, gizateriaren garai ilunenean ere ontasunak lekua izan dezakeela defendatzeko. Eta puntu horretan egiten du bat filmak AEBen metanarratibarekin. Gu eta haiek, onak eta txarrak. Gutxi dira filmean zehar bata zein bestea deskribatu eta ezberdintzen dituzten konparaketa zuzenak, baina, oro har, AEBak beti kolokan dagoen bizitza aurrerakoi eta oparoaren defendatzaile gisa marrazten ditu Gibsonek, etengabeko sakontze moral eta emozionalaren bitartez. Japoniarrak bestalde, deabruaren pare irudikatzen ditu, euren buruaz beste egiteko prest dauden gizabanako errukigabe eta suntsitzaile antzera. Filmak ez dio inolako sakontasunik ematen etsaiaren perspektibari, ezta euren sufrimenduari ere. Hau arriskutsua da kontuan izanik sentimendurik gabeko etsai mehatxariaren beste muturrean balio kode bakezale eta gizatiarra oinarri duen protagonista dagoela, hein batean, AEBen ondare dena, bizimodu eta filosofia mendebaldarrak emandako fruitua.

Baina identitatea goratzea eta AEBen errelato abertzalea hedatzetik haratago, filmak balio du gogorarazteko zein gutxi dakigun gerraren inguruan, gure arbasoek frontean bertan borroka gupidagabean aurrez aurre bistaratu zuten terrorearen inguruan. Filmetan ikusten duguna bilakatzen da sarri gerraren inguruko gure ideia, gure garunean eta iruditeria kolektiboan barneratzen dena. Horregatik da Hacksaw Ridge estimatzekoa, ezjakintasunaren oroigarri gordin eta bizigarria delako, ohiko narratibatik gertu eta hain urrun aldi berean. Estatubatuar heroitasuna goratzen duen storio abertzalea izaki Film Onenaren Oscarra irabazteko aukerak dituen arren, baliteke gerra eszenen gordintasunak bozemale asko atzera botatzea, azken batean, gure joera orokorra izan ohi delako alaitasun eta energia bizigarriz betetzen gaituzten istorioen aldeko aldarria egitea.

Trailerra:

Entzungai dagoeneko jaialdiaren azken eguneko podcasta.
Hizpide izan ditugun filmak:

> The Who: The Kids Are Alright (Jeff Stein – Paint it Black)
> Blur: The New World Towers (Sam Wrench – Perfect Day)
> Shot! The Psycho-spiritual Mantra of Rock (Barnaby Clay – Perfect Day)

[Berezia] Sarituen aipamena

10-dock-of-the-bay-8-eguna

Entzungai dagoeneko jaialdiaren seigarren eguneko podcasta.
Hizpide izan ditugun filmak:

> Sound of Roots (J. Blanco, A. Cerrato, A. Notario & A. Mentxaka – Sail Ofiziala)
> Sad Vacation (Danny Garcia – Sail Ofiziala)

[Berezia] Mintegia: Egiazkoaren narratibak

10-dock-of-the-bay-6-eguna

Entzungai dagoeneko jaialdiaren bosgarren eguneko podcasta.
Hizpide izan ditugun filmak:

> Waiting for B (Paulo Cesar Toledo – Sail Ofiziala)
> Geometría del Esplendor (José Ramón da Cruz – Sail Ofiziala)

10-dock-of-the-bay-5-eguna

Entzungai dagoeneko jaialdiaren laugarren eguneko podcasta.
Hizpide izan ditugun filmak:

> El Charro de Toluqilla (Jose Villalobos Romero – Sail Ofiziala)
> When the Earth Seems to Be Light (S. Machaidze, T. Karumidze, D. Meskhi – Sail Ofiziala)

10-dock-of-the-bay-4-eguna

Entzungai dagoeneko jaialdiaren hirugarren eguneko podcasta.
Hizpide izan dugun filma:

> All These Sleepless Nights (Michael Marczak – Sail Ofiziala)

10-dock-of-the-bay-3-eguna

Entzungai dagoeneko jaialdiaren bigarren eguneko podcasta.
Hizpide izan ditugun filmak:

> Leonard Cohen: Bird On A Wire (Tony Palmer – Paint it Black)
> Danny Says (Brendan Toller – Perfect Day)

10-dock-of-the-bay-2-eguna

Entzungai dagoeneko jaialdiaren lehen eguneko podcasta.
Hizpide izan ditugun filmak:

> The Everly Brothers: Harmonies From Heaven (George Scott – Perfect Day)
> The Rolling Stones Olé Olé Olé! A trip across Latin America (Paul Dugdale – Perfect Day)

10-dock-of-the-bay-1-eguna

Istorio handien bila joan ohi gara sarritan zinemara, bizitzako galdera funtsezkoenen inguruan hausnartzera batzuetan, entretenimendu ikusgarrienaz gozatzera bestetan. Handitasun hori da, hain zuzen ere, maiz egunerokotasunaren ekintza eta egoera arruntenek izan dezaketen oihartzunetik itsutzen gaituena, bizitzan hain garrantzitsu den txikikeria multzo hori bera. Linealtasuna haustearen inguruko filma da Paterson, Jim Jarmusch zuzendari estatubatuarraren azken lana. Zinegile beteranoak egunero jardun berdina errepikatzen duen gizon gaztearengan jartzen du fokua, errutinaren barnean ere aldaketa txikiek egun bakoitza berezi egiten dutela azaleratzeko, errepika ezin, eta, azken batean, abentura bizigarri.

paterson1Autobus gidari da Paterson astean zehar, egunero ohitura berberei eusten dien langile apala. Sakonean, baina, badu sormenerako zaletasuna, poesia du gogoko eta alde batetik bestera garraiatzen dituen hiritarren ahotsak baliatzen ditu bere koadernoko lerroak errealismo eta gizatasunez blaitzeko. Anbizio handirik gabekoa dirudi bere neskalagunarekin konpartitzen duen bizimoduak, txuri beltzezkoa, neskak hain gogoko duen kolore hori bera bezalakoa, baina txikitasunean topatzen dute biek alaitasuna, elkarren arteko konpainia xumean. Elkarri kontatzen dizkiote euren amets pertsonalak, eta afizioa ogibide bihurtu nahiko luketen arren, lotsak eta segurtasun ezak desorekatzen dute balantza.

Errutina horretan, zoriak egiten du bien bizitza bereziago, laneko ohiko jardunak bizirik mantentzen dituen arren, inprobisazioan murgiltzeak eragiten dituelako biengan ezusteko handienak. Horregatik da hain berezia Patersonek poesia zale amorratua den neskatxa ezagutzen duen unea, edota zakurrak hain preziatua duen poema koadernoa suntsitzen duenekoa. Normaltasuna eraldatzen duten gertaerak dira bizigarrienak, ibiltzen dugun bidea hauskorrago bihurtu arren, ibiltzea bera zirraragarri egiten dutenak.

paterson2Azken batean, hori bera baita filmaren lorpen nagusia, monotonia entretenigarri bihurtzea, errepikapenean oinarrituriko dinamika bizitzaren inguruko hausnarketa unibertsal bilakatzea. Eta bilakaera horretan giltzarria da Jarmuschek sormenaren balioa hainbeste azpimarratzea, izan poesia, musika, zinema… arte forma orok edertasun eta ontasunera hurbiltzen gaituela helarazten saiatzen da zuzendaria filmean zehar etengabe eta baita lortu ere, ikuslea barnetik bizitasunez eta energia positiboz betetzea lortzen baitu. Lotsarik gabe norbere nortasuna eta pasioa azaleratzeko nahia oinarri denean, errutinako ekintza arruntenak ere eder eta ahaztezin bilakatu daitezkeelako.

Trailerra: