abendua, 2016 -en artxiboa

Urtea amaierara iristear da eta aurtengoan ere maila goreneko hainbat telesailez gozatzeko aukera izan dugu. Urtean zehar argitaraturiko ekoizpen andana ikusteko nahi bezainbeste denbora izan ez dugun arren, obra esanguratsuenak biltzen saiatu gara ondorengo sailkapenean.

10. PENNY DREADFUL (John Logan)

10-penny-dreadful

9. MR. ROBOT (Sam Esmail)

Mr. Robot - Season 2

8. BETTER CALL SAUL (Vince Gilligan & Peter Gould)

8-better-call-saul

7. GAME OF THRONES (David Benioff & D. B. Weiss)

7-game-of-thrones

6. THE PATH (Jessica Goldberg)

6-the-path

5. GOMORRA (Roberto Saviano)

5-gomorra

4. BLACK MIRROR (Charlie Brooker)

4-black-mirror

3. STRANGER THINGS (The Duffer Brothers)

3-stranger-things

2. WESTWORLD (Jonathan Nolan & Lisa Joy)

2-westworld

1. THE YOUNG POPE (Paolo Sorrentino)

1-the-young-pope

WESTWORLD #1. DENBORALDIA

Posted: 16 abendua, 2016 in Podcast, TELESAILAK

Udazkeneko nobedadeen artean ikusmin handia eragin zuen, baina erantzun bakoitzak, hamaika galdera berri sorrarazi dizkigu. Jonathan Nolanen berria parekorik ez duten torloju konplexuz osaturiko obra aparta da, ingeniari finen zehaztasuna eta arkitekto gorenen irudimena baliatzen dituen istorio gozagarria.

westworld-1-denboraldia

BACALAUREAT (Cristian Mungiu)

Posted: 13 abendua, 2016 in FILMAK

AEBetako ekoizpenek osatu ohi dute astez astez karteldegia eta, ondorioz, baita ikuslegoaren iruditeria ere. Amerikar diskurtsotik haratago, ordea, bada giza eta gizarte harremanak bestelako begiradaren bidez lantzen dituen zinema ere. Horien artean da errumaniarra, azken hamar urteetan loratu eta film komertzialetatik haratago ikertzea gustuko dutenen zirrara piztu duena, besteak beste, 12:08 East of Bucarest, Marti, Dupa Craciun, Sieranevada edota 4 months, 3 weeks & 2 days filmen bitartez. Azken honen zuzendari da, hain justu, Cristian Mungiu, berriki Bacalaureat lana estreinatu duena, Cannesen zuzendari onenaren saria jaso ostean.

bacalaureat1

Gizarte drama jarri du Mungiuk beste behin ere istorioaren erdigunean, bizitzako gai handien inguruko hausnarketa konplexu bezain anitza egiteko. Hezkuntza, familia, baloreak edota moralitatea izan ditu jomuga eta eszena zinez boteretsuak baliatu ditu gure bizitzetan zuria eta beltzaren artean geratzen den esparru grisa zein kontraesankorra den azaleratzeko. Ezkutuko maitaleak Romeo gizon protagonistari euren harremanak modu horretan ezin duela jarraitu esaten dionekoa da une horietako bat, ezinezko maitasunaren topikoetatik oso urrun, harreman ororen zailtasunak fideltasunez esploratzen dituena. Pertsonaien izaerek eta adierazten dituzten kezkek sinesgarritasuna ematen diote istorioari, ikuslea euren saminean barneratzea lortuz. Hain zuzen ere, horrexegatik da hain boteretsua ia-ia bortxaketa jasan duen alabak komisaldegian erasotzailea identifikatu behar dueneko eszena.

Baina, kasu zehatzetatik haratago, istorioaren foku nagusia indibiduo orok gizartearen kolektibotasunean bizitzeko obeditu beharreko arau kodeetan jartzen du zuzendari errumaniarrak. Filmaren erdialdean aitak alabari irabazle edo galtzaile izatearen inguruko hitzaldia ematen dio, neoliberalismoak mundu zabalean izan duten eraginaren erakusle. Dena den, marko ideologikoan zentratu ordez, gizatasunaren erraietan murgiltzen da Mungiu, elkarbizitza eraikitzeko onartzen ditugun ongia eta gaizkiarekin loturiko kontzeptuetan. Galtzaile izatea ekidin eta nola edo hala helburu pertsonalak erdiesteko Romeok erabilitako metodo ustelek talka egiten dute aldarrikatzen dituen baloreekin, maitale ezkutuaren haurrari parkean lezio moralak ematen hasten zaioneko eszena giltzarriak modu ezin hobean islatzen duena.

bacalaureat2

Azken finean, konpromiso eta betebeharren zurrunbiloan itota, bere buruari traizio egiten dion gizonaren erretratua osatzen du filmak, hein batean, Errumaniaren eta, oro har, kapitala eta lehiakortasuna nagusi diren mendebaldeko gizartearen erretratu ere izan daitekeena. Zentzu horretan, estimatzekoa da kontakizunak amaiera irekia izatea, graduazio ekitaldian ordura arteko dinamika irauli eta alabak aitari azterketako iruzurraren berri eman arren, gertaera nagusiek ez dutelako itxiera definitiborik. Honek balio du istorioa ikusle bakoitzaren esku uzteko eta, bereziki, fokua azken emaitzan baino, prozesuan jartzeko, bidean zehar gertatzen den guzti horretan. Proba definitiboa baino garrantzitsuagoa baita ikasketa prozesua, eskolan bezala, baita bizitzako gainontzeko alorretan ere. Gizarte erretratu konplexu, esanahi dramatiko ezkutu eta forma artistiko finekin, luzaroan jarraituko dugu europar zinema alternatiboaren oparotasunaz gozatzen, zalantzarik gabe.

Trailerra:

‘La Grande Bellezza’ eta ‘Youth’ film goratuen ostean, telebistara igaro da Paolo Sorrentino. Iragana alboratu eta oraina besarkatu du. Sortzaile italiarrak berak idatzi eta zuzenduriko hamar atal, Aita Santu gazte eta iraultzailearen bidez, Vatikanoaren, sinesmenaren eta identitatearen zirrikituetan murgiltzeko.

the-young-pope-1-denboraldia