urria, 2016 -en artxiboa

Entzungai dagoeneko jaialdiaren bigarren eguneko podcasta.
Hizpide izan ditugun filmak:
 
> Geemu Masutaa (Yoshikazu Ishii – Fantasiazko Japonia)
> Kibakichi (Tomoo Haraguchi – Fantasiazko Japonia)
27-beldurrezko-astea-2-eguna

Entzungai dagoeneko jaialdiaren lehen eguneko podcasta.
Hizpide izan ditugun filmak:

> Kaiju Mono (Minoru Kawasaki – Film Luzeak)
> I Am a Hero (Shinsuke Sato – Fantasiazko Japonia)
> Dark Water (Hideo Nakata – Fantasiazko Japonia)

27-beldurrezko-astea-1-eguna

Paolo Sorrentino zuzendari italiarrak nazioarteko onarpena erdietsi zuen 2014an ‘La Grande Bellezza’ filmarekin Atzerriko Hizkuntzako Film Onenaren Oscarra irabazi ostean. Pelikula hori bera, handik bi urtera plazaratu zuen ‘Youth’ eta ‘The Young Pope’ telesail berria izan ditugu hizpide, zinegilearen nortasun artistikoan sakontzeko.

paolo-sorrentino-la-grande-belleza-youth

Cannes, Berlin, Venezia, Toronto… nazioarteko jaialdien gorenean kokatzen dira Donostiarekin batera, eta zine zaleek gertutik jarraitzen dituzte festibal hauetan sarituriko filmak, harribitxi bereizgarriak direlako urtean zehar bonbardatzen gaituzten AEBetako ekoizpen masiboen aldean. Gianfranco Rosi zuzendari italiarraren Fucoammare  lan berriak Urrezko Hartza eskuratu zuen Berlinalen, film onenaren saria, are esanguratsuagoa bilakatzen den onarpena, lantzen duen gaiak aktualitatearekin duen lotura estua kontuan izanez gero. Errefuxiatuen babesgabetasuna eta gure erantzukizuna denon ahotan egon dira azken urtean zehar, eta zuzendari italiarrak apustu egin du Lampedusa irlan fokua jarri eta dokumentalgintza fikzioarekin uztartuz, errealitatearekin zuzeneko lotura duen kontakizun mingarria osatzearen alde.

fuocoammare1Rosik errefuxiatuen aferaren kontzeptu nagusien sinbolo gisa ilustratzen ditu filmeko pertsonaiak eta horien artean giltzarria da haur protagonista. Ikusmen mugatua du Samuelek, lauso hautematen du ingurua, europarrok errefuxiatuen egunerokotasuna bezala. Begi aurrean dugun arazoa ikusi nahi ez izatea iradokitzen du filmak honen bitartez, eta are gehiago indartzen du argumentua kontakizun osoan zehar Lampedusako herritarren eta errefuxiatuen arteko harreman zuzen oro alboratuz. Bien arteko alde horren paralelismoak ezartzen ditu filmak irudien bitartez ere, toperaino beteriko errefuxiatuen barkua eta Samuelen untzi pertsonala kasu. Esan genezake, beraz, Samuele mendebaldeko gizartearen sinbolo dela eta horregatik nahasten dizkio barrenak ikusleari haur zintzoak itsasotik datozen pertsonak tirokatu eta akabatzeko duen sena.

Filmaren erritmo patxadatsu eta lineala, gorabehera dramatikorik gabekoa, zinez egokia da errealitaearen krudeltasuna islatzeko. Isilune itogarriak zamatzen ditu errefuxiatuak amaierarik ez duela dirudien itsaso zabalean zehar eta horregatik da hain zentzuduna zuzendari italiarrak harturiko erabakia: egitura eta norabide dramatiko borobilaren alde egin ordez, antiklimaxa edo amaieraren aurka egitea. Honen bitartez iradokitzen dio ikusleari errefuxiatuen oinazea amaitzetik oso urrun dagoela.

fuocoammare2Halaber, euren bizipen pertsonaletan sakondu gabe, filmak lortzen du etorkinekiko gerturapen gizatiarra osatzea, euren aurpegien espresibotasuna nahikoa da horretarako. Gu bezala, pertsonak izan eta nonahi bizitzeko eskubidea dutela azpimarratzen du. Zentzu honetan, esanguratsua da euren artean azal zuriko gizabanakoak ere egotea, gu geu egoera horren biktima izatea posible dela transmititzearekin batera, iraganean errefuxiatu izan ginela gogorarazteko balio duelako.

Azaleko sinpletasunetik haratago erreparatuz gero, beraz, ikuslea filmak mahaigaineratzen duen errealitate lazgarrian murgilduko da, eta posible izango du egungo gizarte afera konplexu eta delikatuenetako batek sorraraz ditzakeen hausnarketetan nabigatzea. Geruza askoko filma da Fuocoammare, irudi lanketa adimentsuaren bitartez, iragana, oraina eta etorkizunarekin harremanetan jartzen gaituena. Gaurko porrotarengatik gogoratuko al gaituzte bihar gure ondorengoek?

Trailerra:

Poesiak bizitza koloreztatu eta aberastu egiten du, arrunta dirudiena ederrago bilakatu. Azken finean, hitzek irudiek bezainbesteko indarra izan dezakete, hain zuzen ere, gure irudimenean irudiak sortzeko boterea dutelako. Gogoeta honek badu lotura Terence Daviesen A Quiet Passion lan berriarekin, Emily Dickinson poeta estatubatuarraren bizitzan murgiltzeko baliatu duen obra. Elkarrizketek eta offeko ahotsak indar handia dute filmaren lehen blokean, poetaren sormen grina eta kemenaren erakusle, baina, hein batean, istorioa diskurtsiboegia bilakatu eta kontakizunaren loraldi estetikoa mugatzen dute.

a-quiet-passion1Irudi eta musikaren arteko konbinaketak presentzia handiagoa hartzen du gerora, dekadentzia fisiko eta emozionalaren bitartez Dickinsonen barne munduan sakondu ahala, isiltasuna nagusitu eta dramatismo handiko eszenak erdiesteraino, amaren heriotza edota protagonista beraren eldarnioa erakusten dituztenak, besteak beste. Une hauetan bilakatzen da filma gordin bezain delikatua, Daviesek kamera leku esanguratsuenetan kokatzen baitu trantsizio leunen bitartez, ikusleak pertsonaien sentimenduekin konektatu dezan.

Bakardadea nagusi da zuzendari ingelesaren azken lanean, norbere burua etxe barnean kartzelaratzeak kanpoan dagoen munduarekiko eragiten duen isolamendua honen erakusle, baita, horren ondorioz etxean bertan senide eta lagunengandik geroz eta gehiago urruntzen den emakumearen jarrera ere. Gela barnean uzkurtzen da Dickinson, bai fisikoki eta baita espiritualki ere, behin idealismo sutsu zena zinismo hotz bilakatzeraino.

a-quiet-passion2Bistan da Terence Daviesek bere filmografian zehar emakume isilduen inguruko kontakizunak lantzearen alde eginiko aldarria; behin eta berriz ahalegindu da euren handitasuna azpimarratzen eta, garaiko logika patriarkal zurrunak mugatu izan ez balitu, munduarentzat zein emankor izango liratekeen azaleratzen. Zentzu horretan, giltzarria da istorioan zehar hainbatetan errepikatzen den oroimenaren inguruko dilemari erreparatzea. Emily Dickinsonen ustez hil ostean oroitua izatea hutsala bazen ere, mundu honi agur esan ondoren izan du merezitako onarpena, garaiko gizartearen baloreen eta perspektiba faltaren ondorioz jaso ez zuena. 200 urte geroago bere hitzek bizirik diraute, eta lorpen hori omentzen du Daviesek filmaren amaieran. Azken finean, Emily Dickinsonen ekarpena ez baitzen soilik artistikoa izan, baita botere harremanen eta emakumearen burujabetzaren ideien esparrura loturikoa ere.

Filmak ahulguneak ere baditu, metraje luzeegia eta sorkuntza artistikoarekiko barne begirada eskasa, esaterako. Akaso kontakizunak indar dramatiko handiagoa izango zukeen Dickinsonen poemak errezitatzetik haratago, hitz horiek haritzerako orduan artistak egindako lanean gehiago sakondu izan balu. Baina desorekaren atzean badira mamia eta urteek emandako esperientziaren zantzuak; Terence Daviesek beste behin ere erakutsi du fintasunez jositako filmaren bitartez kontakizun biografikoa erretratu intimista bilakatzeko duen berezko gaitasuna.

Trailerra:

Sorkuntza krisian hondoratu dela nabarmendu dute askok, telesaila kemen eta inspiraziorik gabeko lana dela… baina Woody Allenek inoiz egin duen politikoenetakoa ere bada, eta susmoa dugu, ez ote den horixe izan gaitzespena jaso izanaren arrazoi nagusia, gure bizimoduaren inguruko hausnarketak mahaigaineratu izana bera.

crisis-in-six-scenes-woody-allen

Lehen aldian beldurra sentituko duzu, bigarrenean jakin-mina eta azkenerako baita plazera ere. Honela laburbildu genezake Paul Verhoevenek Elle filmean bortxaketaren kontzeptuaren inguruan jorratzen dituen hiru faseak. Prozesuak, ordea, askotariko geruzak ditu, abiapuntu hori oinarri hartuta, zuzendari holandarrak istorio konplexu eta aberatsa osatu duelako, bere filmetan ohikoa den bezala, estandar moralak irauli eta muturreko egoeren aurrean pertsonek zein modu ezberdinetan jokatzen duen iradokiz. Sexualitate, desio eta amodio harremanen inguruan gogoeta egiten du filmak, eta zehaztasun handiz eraikitako pertsonaiak baliatzen ditu horretarako, fokua xehetasunetan jarri eta bakoitzaren barne traumen bidez, elkarren arteko lotura dramatikoak indartzen ditu.

elle1Baina filmak bereziki Isabelle Huppertek modu inspiratuan antzezturiko Michelle pertsonaia du erdigune, bortxaketak beregan eta senitartekoekin duen harremanean zein modutan eta zenbateraino eragiten duen esploratzeko asmoz. Aitaren iraganeko krimen basatien itzalak ilundu eta baldintzatzen du Michellen egunerokoa, ia ez du lagunik, eta etsaiak berriz, nonahi. Horrek eramaten du inertziaz beste pertsona orok izan dezakeen arrakasta edo bizi oparoa mespretxatzera, oro har, zoriontasuna baztertzera. Amaren amodio harremana, gertuko lagunaren bizitzan sekretupeko sexu jokoaren bitartezko eragin suntsitzailea, semearen familia eraikitzeko itxaropen zapuztua… Michelle ez da berezko pertsona xurgatzaile eta depresiboa, baina badu joera hotz eta ezkorra, hain zuzen ere inori kontatu ez dion barneko saminaren ondorioz, inork ez baitu bere benetako egoera ulertzen eta, halabeharrez, deskonexioa sentitzen du inguratzen duen ororekiko, egunerokotasuneko egoera arruntenetan argien islatzen dena. Horregatik, pertsona horiek bere bizitzatik desagertu, sekretuak alboratu eta egia esan ahala, barneko zamaz libratu eta ausardia biltzen du bere mendekua gauzatzeko. Zentzu honetan, esan genezake Elle emakumearen botere handitzearen inguruko filma dela, horretarako protagonistak bide eta metodo ilun bezain makabroak esploratzen baditu ere.

Bortxatzailearen identitatea ezagutu ostean ezkutuan mantendu eta harekin harremana eraikitzen jarraitzea ez baita egungo gizarte konbentzioen arabera hartu beharreko erabaki ohikoena. Hasierako shocketik onarpeneraino, publikoki ezkutatu eta euren artean ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzen dute bi pertsonaiek, filmak bata zein bestea errealitatearen gordintasunaz kontziente direla fintasunez erakusten duen arren irudi lanketaren bitartez, baita aktoreen gorputz komunikazioa baliatuz ere, kontrol joko hauskor eta arriskutsua itogarri bihurtzeraino. Film bortitza da Verhoevenen azkena, uneoro tentsioan mantentzen zaituen horietakoa. Horregatik da egokia, hain zuzen ere, filmak ikusleari misterio handirik gabe bortxatzailea nor den iradokitzearekin batera, Michellek harekiko duen erakarpena lantzea; protagonista are gehiago aberasten du begiak bendaz lotu eta amildegiaren ertzean kokatzeak.

Gizarteak modu zabalean onarturiko kodeen haustura hori zeharkako elementuen bitartez ere lantzen du filmak, hala nola, kristautasunaren bidez; gabon festen ospakizuna eta mezaren telebista bidezko emanaldia dira, hau da, ongiaren aldeko sinesmenaren aldarria, sexu eta bortxaketa bekatuen kontrapuntu argienak. Gauza bera esan liteke bideojokoaren diseinuen harira, Michellen egoera pertsonalaren ispilu bihurtzen dena.

elle2Isabelle Hupperten lanak aparteko aipamena merezi du. Azken urteetan zehar zinegile handien gidaritzapean antzezpen zirraragarriak eskaini ditu eta oraingo honetan ere filmaren pisu handi bat beregan hartu arren, 64. Donostia Zinemaldian ikusi ahal izan genuen L’ Avenir obra frantziarraren aldean, girotzea gailentzen da kontakizunaren euskarri nagusi gisa Verhoevenen lanean, samina eta agoniaren transmisioa. Etxearen ahuldade sentsazioa da, hain zuzen ere, hau hoberen sinbolizatzen duena; ate zaharkituak, kristal handiko leiho fin eta hauskorrak… eraso mehatxuaren etengabekotasuna helarazten diote ikusleari, inoiz salbu ez egotearen irudipena, uneoro arriskuan eta zelatan.

Dena den, irudien bidezko lanketatik haratago, hitzaren boterea ere goratzen du zuzendari holandarrak. Elkarrizketek garrantzia handia dute istorioaren ildo dramatiko nagusiak garraiatzerako orduan eta hitz zehatzen erabileraren bitartez sekulako mezuak mahaiganeratzen dituzte, pertsonaiak are gehiago ezagutu eta euren nortasunean sakontzeko balio dutenak. Bereziki esanguratsuak dira film amaierako bi elkarrizketa; alde batetik, bortxatzailearen emazteak, pelikulan zehar jainkozale sutsu antzera ezagutu dugun pertsona horrek berak, Michelli bere gizonak behar zuena eman izana eskertzen dionekoa, denbora tarte guzti horretan bortxaketaren jakitun zela iradokiz; bestetik, filmeko azken eszena, non elkar min egin eta kaltetu duten lagunek elkarrekin bizitzera joateko plana egiten duten kanposantu erdian, hasiera berri baten bila, euren arimak hilobietako gorpuak bezala, gorputz barnean zendu eta ustel ez daitezen. Ehizatua ehiztari bilakatzen denean baina, ba al da ehizaren zurrunbilotik ihes egiteko aukerarik?

Trailerra:

Ez da biografia bat. Ez du haren bizitza errepasatzen. Pablo Larrainen Neruda filmak poeta entzutetsuaren bizitzako une garrantzitsu baten kontakizuna egiten du: Txileko presidenteari Alderdi Komunista traizionatu izana leporatu ondoren hasitako ihesaldia eta horren harira Peluchonneau poliziak abian jarritako jazarpen aseezina.

A171_C011_0101R1Gidoia Nerudaren poema baten gisara haritu dute, eta honek poeta txiletarraren obran murgildu izanaren sentsazioa helarazten dio ikusleari. Gael Garcia Bernalek fintasun handiz antzezten duen Peluchonneau detektibearen offeko ahotsak sentsazio berbera areagotzen du, jazarpena bera dilema existentzial eta artistikoen esplorazio zirraragarri bilakatzeraino. Sentsazio hau are nabarmenago egiten du Nerudaren karakterizazioak, kartzelaratze arriskuari garrantzia eman ordez, nahiago duelako bizitzako plazer gorenez gozatzen jarraitu. Zentzu horretan, esan liteke Larrainek poetaren alderdi ilunena azaleratzen duela: egoista, ahula eta andrezalea da; burgesa, azken finean, gizartea eraldatzeko borrokan tematu arren, ez die bere pribilegio eta luxuei uko egiten.

Filmaren helburua ez da garaiko egoera politikoan sakontzea eta horrek ahalbidetzen du istorio gizatiarrago bat lantzea, pertsonetan zentratzen dena. Hala ere, gizarte borroka eta botere harremanekin loturiko mezu mamitsuak beti daude presente eta honek garaiko gizartea bakarrik ez, munduko txoko ezberdinetan logika berbera jarraitzen duten afera atenporalak mahaigaineratzeko balio du.

neruda2Larrainen ekarpenari dagokionez, aparteko lanketa osatu du beste behin ere, joan den urteko El Club filmean bezala, oraingoan ere argitasuna eta kolore leunen erabilera baliatuz pertsonaia eta kokaleku bakoitzaren izaera dramatikoa areagotzeko. Muntaketa estilo fresko eta originala ere erakutsi du eszenak kateatzerako orduan, kokaleku batetik bestera jauzi egin arren bere horretan jarraitzen duten pertsonaien arteko elkarrizketen bidez. Zuzendari txiletarrak hau guztia ikusle orok erraz jarraitu dezakeen estilo narratibo baten bidez lantzen badu ere, esan liteke ausarta ere badela, istorioak kontatzeko bide berriak irekitzen dituelako.

Txiletik AEBetaraino, gizarte gatazkek pisu nabarmena izan dute Pablo Larrainen orain arteko zazpi filmetan, modu batean, horixe da bere kontakizun guztiak batzen dituen oinarrizko adreilua. Aurtengoan AEBetako presidente ohi J.F. Kennedyren emaztearen figuran zentraturiko Jackie filma ere argitaratu du, eta interesgarria izango da estilo estetiko zein narratiboa findu dituen zuzendariaren aurrerapausoak gertutik jarraitzea.

Trailerra:

Sam Esmailek haize freskoa ekarri zuen telesailen unibertsora 2015eko udaran. Urtebete beranduago iritsi den bigarren denboraldia izan dugu aztergai gurean, bi erronka nagusi izan dituena, estreinakoaren maila mantentzea eta ikusleak asebetetzea.

mr-robot-2-denboraldia