maiatza, 2016 -en artxiboa

Azken urteetan iraganeko bizitasuna galdu izana egotzi diotenak gutxi izan ez diren arren, obra sendo eta mamitsua osatu du Almodovarrek oraingoan, geruza askotarikoa eta sakontasun emozional izugarrikoa. Protagonista etsitu eta sakonki oinazetua hasiera pausatuan ezagutu eta berehala, flashback bidez, bere gaztarora bidaiatzen dugu, non ikuslea galerak indar handiz markaturiko erlazio sentimentaletan murgiltzen den. Filmaren nortasun tragikoa markatu eta protagonistaren hauskortasuna inguruan dituen pertsonaiengan ispilatzeko balio du lehen zati honek. Julietak ez du aitak amaren galera gainditu eta bizi berri bat hastea onartzen, baina ama egoera paretsuan duen gizon gaztearekin abiatzen du amodio erlazioa. Hala, trenean ezaguturiko gizonaren suizidioa, amaren gainbehera eta zoriontasuna eskaini dion senarraren heriotzaren testigu bilakatzen da denbora gutxian.

Julieta1Azken gertaera honek istorioaren bigarren zatiaren erdigunea bereganatu eta filmaren aukera dramatikoak nabarmen aberasten ditu. Senarraren galera gainditu ezinik, Julieta alaba txikia hezten saiatzen da, baina segurtasun ezak eta autoestimu faltak progresiboki saminean eta bakardadean hondoratzen dute, ihes egin eziniko aingura pisutsuak pixkanaka itsasoaren sakoneraino itoko balu bezala. Istorioa uneoro Julietaren begien bitartez hautemateak, ikusleak bere samina are gehiago sentitu eta bizi duen egoerarekiko enpatia areagotzea lortzen du. Zama emozional handia biltzen du filmak luzera laburrean, Julieta inguratu eta kontakizuna konplexuago bihurtzen duten askotariko pertsonaiei esker, zeinak protagonistak iragana eta etorkizunarekin duen erlaziora bideratzen gaituzten, ekintza bat edo beste egin izan balu gertaera katea zenbateraino aldatuko zen pentsarazten duten hipotesien bitartez. Hala ere, kontakizuna ez da une batean ere pisutsu bilakatzen eta denbora lerro ezberdinen arteko txandakatzeak modu organikoan haritzen ditu zuzendari mantxatarrak.

Akaso pelikularen akatsa sarritan diskurtsiboegia izatea da, hitzen bitartez gehiegi azaldu nahi izatea, isiltasunek, irudiek eta sinboloek mezu bera indar handiagoz iradoki zezaketenean. Baina horrentzat ere badago tartea eskultura, animalia edota naturako beste elementuen bitartez; halaber, alor artistikoan obra hain aberatsa izanik, ikuslea sentimendu eta dilema emozional anitzetan murgiltzea lortzen du Almodovarrek pertsonaien aldartea ilustratzen duten enkoadraketa eta koloreen konbinaketa adimentsuen bitartez.

Julieta2Istorio tragiko baten aurrean gaude zalantzarik gabe, Julietak alabarekiko lotura oro ez galtzearen beldurrez bizitza berri bat hasteari uko egiten baitio, inguruan dituen aukerak baztertuz; azkenerako, gainera, alabaren galera lazgarri bat bilakatzen da bien bideak berriz ere hurbiltzearen arrazoia. Horrexegatik da hain inspiratua filma antiklimax unean amaitzea, sufrimendu sakonenaren ulerpenak ama eta alabaren arteko jarreren hurbilpena eta hasiera berri baten hazia erein dezakeen arren, erabat kontrakoa izan litekeen ondorengo egoera posible bat ere ez duelako baztertzen. Almodovarren erabaki adimentsuena, hain zuzen ere, erakutsi baina ez epaitzea da. Ikusleak gertaerak Julietaren perspektibatik hauteman eta, ondorioz, berarekiko gertutasun handiagoa eraikitzen duen arren, filmak ez du ongia eta gaizkiaren inguruko mezu moralizatzailerik transmititzen, horren ordez, harreman ororen xehetasunei eta ertz finei erreparatzearen garrantzia nabarmentzen du.

Pertsona edadetuak zein modutan zaindu, galeraren aurrean zein jarrera hartu, erabaki orok dakartzan ondorioak, harremanek norbere bizitzan epe luzera duten pisua, bizi berriak eraikitzerako orduan dolua eta erruduntasuna bereizi eta agur esatearen garrantzia… gai mamitsu asko mahaigaineratzen ditu Almodovarrek bere hogeigarren pelikulan. Sakontasun eta unibertsaltasun horren ondorioz, ikuslearen esperientzia pertsonalen nahiz ikusten duen une emozionalaren arabera askotariko perspektiben arabera interpretatu eta norabide ezberdinetan hazi daiteke pelikula. Laburbilduz, zinema aretotik irtetean bizi berri bat bereganatzeko gaitasuna duen filma da Julieta, konektatzeko eta pentsarazteko duen indar handiari esker.

Trailerra: