apirila, 2016 -en artxiboa

Arnasik gabe utzi gintuen bosgarren denboraldi amaierak. Pertsonaia kuttun baten heriotza beti izan ohi da telesail zaleen artean esperientzia traumatikoa, are lazgarriagoa bilakatzen dena istorioaren heroi bakarrenetakoaz ari garenean. Jon Snow agurtu bezala topatu dugu seigarren emanaldiko lehen eszenan, odol husturik. Berpizkundearen inguruan luze aritu dira zale mordoa, teoria amaigabeak eraikiz, baina telesailak hipotesi horiei erantzuna eman ordez, liburuei aurre hartu dien lehenengo aldi honetan, Night’s Watcheko kideen dekadentzian sakontzea erabaki du. Alisser Thornek hilketa bidez buruzagitza indarrean berreskuratu ostean, urteetan zehar Night’s Watcheko kideen alde ohorez eginiko lanaren aldarriak ezingo luke etsigarriago sonatu, ikusleok ondo baitakigu harresiko biztanleek ate joka duten mehatxu hilgarria. Snow berpiztu ezean, iraganean iltzaturiko itxaropenik gabeko lur-eremu bilakatuko da Castle Black.

GameofThrones1Istorio zati gehienak bosgarren denboraldi amaieran utzi bezala berrartu ditu sortzaile taldeak, gertaera horien inpaktua anplifikatzeko asmoz. Winterfell izan da jomuga nagusietako bat, non Sansak aspaldi ikusi gabeko Theon indar berrituarekin ihes egin ostean, Stark familiaren alde bere bizia ematea zin egin zuen Brienne topatu duen. Eszena zirraragarria da, ikuslearen garuna telesailaren genesira itzularazi eta pertsonaiek urteetan zehar egin duten bideaz hausnartzeko balio duelako. Euren itxaropenak, ordea, Boltondarren frustrazioa suposatzen du, zeinak Stark alaba alboan izan gabe, iparraldea gobernatzeko legitimitatea erabat galtzen duten. Interesgarria da erreparatzea nola Roose Bolton aita progresiboki erregetza estrategian maisu zen Tywin Lannisterren rola hartzen ari den.

Hain zuzen ere, Tywinekin batera hil zen Lannister familiaren hegemonia. Cersei eta Jaimek azken aldian sekulako galera, umilazioa eta sufrimendua pairatu dituzte, euren arteko harremana betiko eraldatu dutenak. Jaime Myrcellaren gorpua mantaz estalirik bizkarrean duela Kingslandingera iritsi eta Cersei tragediaz ohartzen deneko eszena bikaina da, indar emozional handikoa eta mami dramatiko sakonekoa, hitzik gabe bata zein bestearen sentimenduak transmititzea lortzen duelako. Profeziaren aipamenak eta Lannister familiaren gainbehera hain presente izateak are gehiago aldentzen du bikotea telesailaren hasieran zuen gaizkile nortasunetik, azken finean, bata zein bestea aitaren oinordekotza proiektuaren biktima izan dira hein batean. Familiaren boterea, eta oro har erregetzarena ere, inoiz baino hauskorragoa den lurzoruan oinarritu arren, jakina da lehia basatia gauzatuko dutela High Sparrowk buruturiko sinesleen eta odol gosez itzuli diren Dorneko emakumeen aurka.

Meereenen aldiz, Tyrion eta Varysek boterea kudeatu eta gobernatzearen inguruko solasaldiei segida eman diete, denboraldiko bikote dinamiko eta politikoenaren oinarri narratiboa finkatuz. Elkarren arteko elkarrizketetan gainera, etengabe zelatatuak izatearen sentsazioa transmititzea lortu dute konposaketa zainduko plano inspiratuen bitartez. Bien bitartean, Daenerysek dragoirik gabe boterea erabat galdu du Dothrakien artean. Khal Drogoren emazte izanaren ondorioz errespetuzko estatusa berreskuratu arren, etorkizun beltza du aurretik, patriarkatuak zuzenduriko ereduaren gatibu alargundu beharko duela dirudielako, hainbeste denboraz desiraturiko tronutik inoiz baino urrunago. Hiri handiak ikuspuntu elitisten bitartez gobernatzetik oinarrira itzuli beharko du, hurbileko jendearekin harremanak sendotzera. Orain arteko bidaian Daenerysek ikasitakoa zein modutan aplikatzen duen ikustea zinez interesgarria izango da.

GameofThrones2Aryaren arku dramatikoa izan da atalean zehar gutxien jorraturikoa. Hasiera batean itsu izatera ohitu eta oraindik ere misterioz beteriko House of Black and Whitera itzulera lantzen denboraldi osoa igaro dezakeela dirudien arren, espero dugu sortzaileek istorio lerro hau ez isolatzea. Gainontzeko pertsonaiekin gurutzatzeaz gain, identitate pertsonala biluztu eta edonoren gorpuzkera hartzeak zabaltzen dituen aukera dramatiko infinituetan sakontzea aberasgarria izango litzateke. Ezin ahaztu Melissandrek hirugarren denboraldian Arya berari esandako “I see a darkness in you, and in that darkness, eyes staring back at me. Brown eyes, blue eyes, green eyes… eyes that you’ll shut forever. We will meet again” Are gehiago atalaren amaierako espero gabeko ezagutaraztearen ostean. Koilareari esker mantentzen ote du gaztetasun eternala? mahai gaineko edabeak ote? biak batera? Galderak erantzutetik haratago, nabarmentzea merezi du bost denboralditan zehar modu batean hautemandako pertsonaiaren inguruan ikuskera erabat iraultzeko gidoigileek eginiko lan bikaina. Melisandreren sekretu honek gainera, joan den denboraldian White Walkers, Many-Faced God edota High Sparrow bezalako pertsonaien bitartez indarturiko alor fantastikoan sakontzeko balio du; beti ere elementu fantastikoen bitartez gizakia hainbeste kezkatzen duten heriotza eta hilezkortasuna bezalako gai nagusietara zuzenean jotzen dutelako.

Abiapuntua besterik ez den arren, estimatzekoa da “The Red Woman” atalean pertsonaia ezberdinak non eta zein egoeratan dauden mahaigaineratzeaz gain, dilema berriak plazaratu eta egoera bakoitzean sakontzeko tartea egin izana. Oraindik ikusteke dago Brann, Littlefinger, Greyjoy familiak… denboraldi berrian izango duten zeresana, baina argi dagoena da telesailak, liburuei aurrea hartu arren, ez duela dinamika dramatikoak agortzeko arriskurik. Bost denboraldiren ostean, Game of Thronesek pertsonaiak aberastu, ikuslea ezusteko berriekin kolpatu eta perspektibak iraultzeko gaitasuna mantentzen jarraitzen du. Astez aste dastatuko dugu, urteroko legez.

Hurrengo atalaren aurrerapena:

Natura eta zibilizazioa, arrazionaltasuna eta espiritualtasuna, aurrerapena eta tradizioa. Talka egiten duten bi mundu kontrajarriren erretratua osatu du Ciro Guerrak El Abrazo de la Serpiente azken lanean. Amazonaseko oihanean murgildu eta duela hainbat mende gure arbasoek eraiki zuten bizi ereduarekin egungo zibilizazioak dituen elkargune eta dilemak esploratzen ditu zuzendari kolonbiarrak bere hirugarren obran.

El Abrazo de la Serpiente1Paraleloan kontaturiko bi istorioetan banandurik, errealitatea hauteman eta bizitzeko modu kontrajarriak hasieratik nabarmentzen dira filmeko pertsonaien jarreren bitartez. Esploratzaile iparramerikarrek oihan zabalean bizitakoa harrapatu eta zibilizazio modernora transmititu nahi dute, ezagutzaren bitartez ondarea eraiki; tribu indigenetako kideek berriz, Mendebaldearekin loturiko tresna edota pentsamolde oro baztertzen dute, gizatasunaren suntsipena suposatzen baitute eurentzat. Naturan bizi dira eta bestelako kodeak dituzte. “Tenemos que convencer a los blancos o nuestra vida se acabará”, esaten dio indigena batek besteari, pelikularen prisma zabalaren erakusle. Jakina da Hollywoodek eta, oro har pentsamolde europarra barneratua duten zinegileek naturan modu primitiboan bizi den giza talde ororen erretratu kontserbadorea eraikitzen duela, Mendebaldeko aurrerakuntza eta oparotasunaren beharra duten izaki basatiak izango balira bezala; zeharka kolonizazioa justifikatuz. Horregatik da esaldi hau hain mamitsua, kontrako diskurtsoa indartzen duelako: oparotasun horrek ez du zertan Mendebaldetik inportatua izan behar, tribu amazoniarrek euren bizimodu propioa dute, naturarekiko konexioa estuan oinarritua eta dimentsio espiritual zabalagoa hartzen duena. Filmak zapalkuntza hauen aurkako mezu inplizitua izan arren, bere funtsa salatzailea baino aldarrikapenezkoa da, tribuen bizitza ospatzearen aldekoa.

Filma bera Mendebaldeko komunikazio kodeen bitartez eraiki eta transmitituriko obra artistikoa bada ere, indigenen bizimoduaren mistikotasuna eta zirrara indar handiz transmititzea lortzen du. Perspektiben jokoari zuku guztia ateratzen dio Guerrak pertsonaiak lantzerako orduan. Mendebaldeko gizonek pragmatikotasunak itsututa, ez dute euren zentzumenetatik haratago ikusten, musika entzuten dute baina ez arima, musikaren esentzia, eta horrek bideratzen ditu, azken batean, bertakoen bizimodua ulertzeko ezintasunera. Beste eszena esanguratsuetako batean, Theo esploratzaileak, jabetza indibidualean oinarrituriko pentsamoldearen menpe, tribu indigenei bere iparrorratza itzultzeko eskatu baina erantzun gisa ezezkoa jasotzen du. Theok eurak izar eta haizeen bitartez gidatzeko gai direla esaten dio, eta Karamakate indigenak ezagutza denena dela, kolektiboa. Honek dimentsio bikoitza du; alde batetik, iparrorratzaren erabilerak indigenengan ekarri dezakeen aberastasuna harrapatzen du, esploratzailearena bakarrik izan beharko ez lukeena eta Mendebaldeko ondarea oihanean zehar zabaltzeko aukera posible egiten duena. Elkarrizketa horrek, aldi berean, esploratzaileak berak haize eta izarren zeinuekin gidatzeko gaitasuna ere baduela mahaigaineratzen du, ezagutza denona delako.

El Abrazo de la Serpiente2Zuri beltzaren aukeraketa ez da kasualitatea, inguruko paraje koloretsuen ikusgarritasunari erreparatu ordez, zuzendariak nahiago du ikuslea dilema diskurtsibo eta existentzial horietara bideratu. Errealitatea hautemateko pertsonaien modu kontrajarria ere zuri eta beltzaren zentzutasunaren erakusle bat gehiago da. Estimatzekoa da konfrontazio horren aurrean Guerrak epaile papera ez jokatzea, kolonizatzaileak eta biktimak, “onak eta txarrak” diskurtso errazean erori ordez, xehetasunen alde egitea, zuria eta beltzaren artean geratzen diren tonu grisen alde. Horren erakusle da indigenetako bat Amazonaseko suntsiketaren markoan kokatzea, ondarea babestu ez izanaren zama garraiatu eta azkenerako ondare hori Mendebaldeko gizonari helarazita bakea topatzen duena. Hala eta guztiz ere, badira bi figura argi Mendebaldearen naturarekiko urruntzea, botere eraikuntza eta zapalkuntza sinbolizatzen dutenak. Alde batetik, haur gazteak esklabo antzera oinazetzen dituen apaiza, bestetik, botere estatusa eskuratzeko espiritualtasunaz aprobetxatzen den mesiasa. Biak ala biak kristautasunarekin lotuak.

Alor dramatikoan, istorioa elkar topo egiten duten bi plano paralelotan landu izana erabaki adimentsua izan da sortzaile taldearen partetik. Indigena eta esploratzaile ezberdinen jarduna parekatzeaz gain, sarritan amaierarik ez duen odisean barneratzearen sentsazioa transmititzen du istorioa kontatzeko modu honek. Hainbat dira helburu hau indartzeko erabilitako sinbolismoak, bere kumeak jaten dituen sugea, urertz infinituak izan ditzakeen ibaia… pelikularen mistizismo dimentsioa are gehiago areagotzen da amaierara hurbildu ahala. Akaso filmaren hasieran ageri den esaldiak berak laburbiltzen du hoberen istorioaren funtsa: zure jatorria utzi eta mundu ezezagun batean murgiltzean nortasun propioa galdu edo desitxuratzearen ingurukoa.

Bi orduko kontakizuna mugatua izan arren eratorritako hausnarketak mugagabeak dira, zine aretotik kanpora hegan egiteko gaitasuna dutenak. Amazonaseko landa-gune zabalean barneratu ahala gure izatearen inguruko hausnarketa sakonetan murgiltzen gaituen filma da El Abrazo de la Serpiente, iragana, oraina eta etorkizunaren inguruko galdera handiak mahaigaineratzeko balio duen bidaia espirituala.

Trailerra: