BRIDGE OF SPIES (Steven Spielberg)

Posted: 15 otsaila, 2016 in OSCARS, SARIKETAK
Etiketak: , , , , , , , ,

Steven Spielbergek film berri bat zuzenduko duela entzuteak zirrara eragin ohi du zinemazaleen artean, are gehiago gidoiaren osaketa Coen anaien esku baldin badago. Bridge of Spies, ordea, ez da koktel erakargarri honek sor zezakeen heineko filmaren mailara iristen. Kontaketa egokia eta istorioa mamitsua izan arren, ez du ikuslearengan nahikoa zirrararik eragiten, filmean planteaturiko dilema gehientsuenak azalean geratu eta ez dutelako nahi bezainbesteko sakontasunik hartzen. Kasu honetan testuinguruak figura indibidualaren esplorazio xeheak baino pisu gehiago hartzen duen arren, urtero Oscarretan egon ohi den biopic klasikoaren ordezkari da Spielbergen lan berria, oraingoan Tom Hanksek antzezturiko James Donovan abokatuak Gerra Hotzean sobietar espia baten askatasuna defendatzea amerikar batena lortzeko baliatu zuenekoa.

Etengabeko oztopoei aurre egin eta epaitua izango zen espia sobietarraren duintasuna eta bere propioa defendatzearen ondorioz hurbilketa jasaten dute James Donovan (Tom Hanks) eta Rudolf Ivanovich Abelek (Mark Rylance). Euren artean distantzia mantendu arren, erakarpen erlazioa naturala da, hasieran epaiketa prozesura mugatu behar zuen harremana geroz eta gertuagokoa bilakatzen baita, Abel konturatzen denean Donovan dela bera ulertu eta halako egoera zailean lagundu nahi dion bakarra. Halaber, filmak errealitate historikoaren erretratu fidela egiten du. Alemania zatikatuak sinbolizatzen duen garaiko munduaren frikzioak, egungo errealitate soziopolitikoan ere badu oihartzuna, AEB eta SESBen arteko tentsioak filmaren epizentro bihurtzen baitira. Oztopo burokratikoak, epaileen ustelkeria edota alderdikotasuna jardun judizialaren eguneroko ogia dira, justizia ahalik eta modu objektiboenean ematetik oso urrun, hedabideek indarturiko gizartearen zatiketan euren ekarpena egiten duena. Herrialde batean zein bestean, muturreko jarrerak dira nagusi, zuzenean detektatu ezin daitekeen gerrak iritzi publikoan sorturiko ezinegonaren ondorioz. Bi aldeetan berdina gertatzen zela eta alde bakoitzeko espiak egoera berdintsuetan biktima zirela ondo erretratatzen du Spielbergek epaiketa paraleloen bitartez.

Inoiz esplizitu bilakatzen ez den arren, elkarren artean eraikitako errespetua eta miresmen sentsazioak film amaieran, agur esaterako orduan, dimentsio emotibo handia hartzen du. James Donovan abokatua sakonki tristatzen du familiako kide baten antzera zaindu eta defendatu duen pertsona horri agur esan behar izateak, bere askatasunaren alde borrokatu duen arren, nahi bezainbeste kezkatuko ez den norbaiten eskuetan utziko duenaren erruduntasun sentsazioak itotzen du. Aldi berean, Abelek koadroa oparitzen dio, sentimenduz beteriko agur hori are ederragoa bihurtuz. Koadroak margotzearen ekintzak esanahi sakona du bi pertsonaien artean eraikitako erlazioan, bereziki Abel koadro marrazkilaria espia bat dela kontuan izanik. Rylancen pertsonaiak koadroen bitartez azalean ikusten den hori marrazten du, kanpoan geratzen dena, itxura. Espia baten nortasun hotza du, ez ditu sentimenduak azaleratzen. Baina, hain zuzen ere, koadroak bilakatzen dira bere sentimenduei ateak irekitzeko instrumentua, aske izateko ihesbidea. Espia bezala azaleratu ezin duena erretratatzen dituen horien aurpegietan islatzen saiatzen da. Horregatik filmaren amaieran Donovani koadroa oparitzea bere estimua agertzeko modua da, ez bakarrik lan judiziala eskertzeko, baita maila pertsonalean ezarri duten hurbiltasuna eskertzeko ere.

Horrez gain, pelikulak indar handiko eszena zehatzak ere baditu, esanguratsuena amaiera aldera espia protagonista AEBetan trenean bidaiatzen ari dela leihotik begiratu eta gazte batzuk ondoko etxebizitzara igarotzeko alanbrezko sarea bat igarotzen ikusten dituenekoa. Une horretan filmeko ikusle orok Hanksen pertsonaien begietatik Berlineko harresian bistaraturiko hilketa lazgarriak gogora ekartzea lortzen du Spielbergek. Hala eta guztiz ere, Bridge of Spiesek atsegina izaten jarraitzen du, erraza, konformista, ez du inolaz ere sakoneko sentsaziorik eragitea lortzen. Istorioa gordinagoa bilakatu dezakeen une giltzarria edozein momentutan iristea posible izatearen sentsazioa film osoan zehar mantendu baina ez da inoiz ailegatzen eta, aldi berean, pertsonaien artean garatu zitezkeen hainbat dinamika ere erdibidean geratzen dira.

Modu batean, ordea, honek ez gintuzke harritu beharko; azken finean Spielbergek 70eko hamarkadan ezarri zituen egun Hollywood bilakatu denaren oinarriak. Ordutik hona Hollywoodek estandarizazioa eta komertzialtasunaren alde egin du eta norabide berean garatu da zuzendariaren filmografia, publiko guztientzat ikuserrazak diren lanak osatuz. Baina marko horretan ere, bere proposamenak interesgarria izaten jarraitzen du, Hollywoodeko espiral biziotsu horretatik bereizi eta ekarpen pertsonala plazaratzen duelako, txukuntasunez haritutako istorioen bitartez.

Entretenimendua lehenesten duten ikusleentzako egokia da Spielbergen azken lana. Film onenaren saria lortzeko aukera gutxi ditu, baina garai historikoaren kronika sentikorra, zuzendaritza lan txukuna eta aktoreen antzezpen sinesgarriak, Mark Rylancena bereziki, zinema aretora bertaratzeko nahikoa aitzakia dira.

Trailerra:

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s