MAD MAX: FURY ROAD (George Miller)

Posted: 13 otsaila, 2016 in OSCARS, SARIKETAK
Etiketak: , , , ,

80ko hamarkadan kultuzko estatusa erdietsi zuen George Millerrek “Mad Max” trilogia goratuaren bitartez. Etorkizun apokaliptiko batean, autobideak zaindu eta motorzale liskartiei aurre egin behar zien Max Rockatansky poliziaren istorioak sekulako arrakasta bereganatu zuen Mel Gibson protagonista zuelarik. 30 urte geroago, oraingoan Tom Hardy erdigune hartuta, basamortuko motozaleen istorioa berreskuratu eta azken hamarkadako akziozko film zirraragarrienetakoa osatzea lortu du zuzendari australiarrak. Honen erakusle dira Oscar sarietarako lortu dituen hamar izendapenak, horien artean zuzendari onena, film onena eta argazkigintza onena; meritu nabarmena akziozko pelikulak normalean hautagaitza teknikoetara baztertuak izan ohi direla kontuan hartuz gero.

MadMax1Erritmoz beteriko film istorioa topatuko du ikusleak, bi orduak pantailari itsatsita mantentzeko modukoa. 1985etik hona zinema egiteko modua erabat eraldatu duten aurrerakuntza teknologikoen ondorioz, “Mad Max”en jazarpen bereizgarriak inoiz baino ikusgarriagoak dira oraingoan, arnasa kentzeko moduko tentsio, borroka eta akzio dosia eskainiz. Zuzendaritza lan zehatzaz gain grabaketaren ondorengo muntaia adimentsuaren emaitza da hau, eta baita Tom Holkenborgen (aka: Junkie XL) soinu banda inspiratuaren meritua ere, zeinak ikuslea erabat murgilarazten duen tentsioz beteriko filmaren dinamika bizian. Honen erakusle argiena da Max ihes egiten saiatzen den hasierako sekuentzia, indar eta dinamismoz betea, jarraian esploratuko dugun itxaropenik gabeko mundu apokaliptikoaren testuingurua maisutasunez aurkezten duena.

Elkarrizketa baino akzioa nagusi izanik, filmak lanketa estetikoa eta ikusgarritasunaren alde egiten du. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Green Palacera bidean, ibilgailu guztiak hareazko ekaitzean barneratzen direneko unea; bertan hainbat kolore eta argilun ezberdinen xehetasunak, jazarpenak, tximistak, eztandak… hauts artean nahastu baina zehaztasun osoz ezberdintzen dira. Azken finean, George Millerren meritu nagusia “Mad Max” unibertsoan sortu duen estilo erabat pertsonala da; janzkera, autoak, basamortua… bistaratu bezain laster ikusleak filmarekin lotzen dituen elementuak.

Istorioa are interesgarriagoa bilakatzen da akzioa alboratu eta elementu dramatikoei pisu gehiago ematen dienean. Bikote protagonistaren nortasuna esploratzeak mundu apokaliptiko batean itxaropena edota leialtasuna bezalako gai potoloek duten esanahian sakontzeko balio du. Lehen berdea zena orain suntsituta eta dekadentzian topatzea etengabeko gainbeheran dagoen munduaren erakusle da, hainbesteko grinaz bilatu duten helmuga horren porrota. Filmeko eszena samingarriena den une horretan, Charlize Theronek sinesgarritasun osoz islatzen du basamortu zabalean sentitzen duen samina eta bakardadea. Diktadura eta erlijioan oinarritutako sistema baten menpe bizi diren emakumeak liberatzeko saiakeraren bitartez, esan liteke Furiosa pertsonaiak patriarkatuaren eredua desafiatzen duela. Erabakitasun handiko emakume indartsu eta autonomoa da gainera, Hollywoodeko blockbusterretako ohiko eredutik aldentzen dena. Bestalde, Maxen nortasuna bere osotasunean ulertzeko, ezinbestekoa da aurreko filmei atzera begiratua egitea. Pelikularen hasierak azaltzen duen bezala, edozein arazo gailendu eta bizirauteko sena aspalditik datorkio protagonistari eta ildo horretan jokatzen dute bere emaztea eta alaba oroitarazten dizkioten flashbackek ere. Baina dramatikoki filmean dinamismo gehien duen pertsonaia Nux da. Lehenik erregimenaren gaizkile eta ondoren ihes espedizioan traba egiten duen ipurterrea izan arren, gerora talde protagonistaren laguntzaile eta azkenerako salbatzaile ere bilakatzen da, istorio osoan zehar hain presente dagoen berpizkundearen diskurtsoa borobildu eta ongia eta gaizkia norbere barnean daudela azpimarratzeko balio duena.

MadMax2Giza dilema hauen ondorioz, Citadelera itzulerako jazarpena nabarmen esanguratsuagoa eta emozionalagoa da, planoen etengabeko segida bizia pertsonaia aberatsagoen prismaren bitartez ikusten baitugu. Immortan Joeren tropak etengabeko eraso bortitzen bidez gerturatu eta heriotza ate joka izatearen etsipen eta itogarritasun sentsazioa indarrez transmititzen da. Gizatasuna esplorazio lanketa honi esker, Millerrek lortzen du iradokitzea erregimenaren babesle ziruditen horiek ere obeditzera beharturiko esklabo izan zitezkeela, protagonistak indar zapaltzaileak gainditu eta Citadelera itzultzean askeago sentitzen baitira. Indar diktatorialak porrot egin eta herri xeheak boterea lortzen duen unea bikaina da, zapalduek askatasuna eskuratu eta benetan euren buruaren jabe izatea posible dela transmititzen duelako.

Akzioa hain presente izanik film onenaren Oscarra irabaztea zail duen arren, esan liteke “Mad Max: Fury Road”ek azken urteetan pilotu automatikoarekin funtzionatu duen generoari freskotasuna eman eta esperientzia zinematografiko boteretsua eraikitzeko balio izan duela. 2017ko “Mad Max: The Wasteland” jarraipena baino lehen, ikustekoa izango da otsailaren 28ko gauean George Millerren lantaldeak zein modutan jasotzen duen bueltan egindako lan bikainaren onarpena.

Trailerra:

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s