CAROL (Todd Haynes)

Posted: 10 otsaila, 2016 in FILMAK
Etiketak: , , , , ,

Entretenitzeko gogoz joan ohi gara maiz zinemara, ondo pasa eta eguneroko jardunetik deskonektatzeko ihesbidearen bila. Inertzia hori jarraitzen du Hollywoodeko ekoizpenen gehiengo zabalak. Baina badira film batzuk, lantalde osoak norabide berean eginiko lan paregabearen ondorioz, haratago joatea lortzen dutenak, ikuslearekin erabat konektatu eta barne-barneko sentimenduak azaleratzea lortzen dutenak. Horietako bat da “Carol”, Todd Haynesen lan berria.

Carol1Patricia Highsmithen “The Price of Salt” nobelan oinarritua, istorioko pertsonaien karakterizazioak aukera dramatiko mamitsuak zabaltzen ditu hasieratik, Carol eta Theresek lehen aldiz elkar begiratzen duten unetik desio sutsua komunean izan arren, errealitate erabat ezberdinak bizi baitituzte. Adinak eta gizarte-klaseak baldintzatzen ditu bakoitzaren bizimodua eta nortasuna bera. Inozentzia eta hauskortasuna nagusi Theresen kasuan, habia utzi berri duen txoriaren gisara; porrot egin duen bizi proiektuaren zama eta aske izateko nahia Carolen kasuan. Beldurrak eta arazoei aurre egiteko modu kontrajarriak, ordea, elkarren arteko erakarpenean parekatzen dira. Bikotearen magnetismoa erabatekoa da lehen unetik, begiradek elkar topo egin eta ezingo dute inoiz ahaztu. Horixe bera lortzen du filmak, ikuslea begirada horien gatibu izan eta ondorioz istorioarekin liluratuta geratzea.

“Carol” bikote erlazioa esploratzen hasten bada ere, hau da, bi indibiduoren arteko erakarpena, azkenerako familia, zoriontasuna eta askatasuna bezalako gai handientsuen esplorazio bilakatzen da, beti ere garaiko gizarte konbentzioek duten indarra azpimarratuz. Emakumeak familiaren egituraketan duen menpekotasuna, homosexualitatearen bazterketa, askatasuna eta nortasunaren arteko lotura estua… bikotearen bizitzak baldintzatzen dituen estandarrak hainbatetan entzun ditzakegu filmean zehar irrati edota telebista esatarien ahotan eta elkarren arteko erlazioa are mistikoagoa bihurtzea eragiten dute. Horregatik da hain zirraragarria nola bizitzan zer nahi duen jakin ez arren, Therese gazteak, arrazionaltasunetik haratago doan sentsazio batek mugiturik, familia galzorian duen emakumearekin bat egiten duen, zoriak elkartuko balitu bezala. Horixe dio hain justu Carolek, ez dela kasualitatea elkar ezagutu izana, eta horixe bera topatzen du azken finean Theresengan: familia berri bat, modu sinboliko eta onirikoan bada ere, zorigaitzeko bizitzatik libratuko duen aingeru miresgarria.

Zinemagintza eta lanketa estetikoa ere apartekoak dira. Bere obran luzaroan eta askotariko perspektibetatik landuriko 50eko hamarkadaren erretratu elegante bezain xehe eta zehatza osatu du Todd Haynesek Ed Lachman argazkigintza zuzendariaren laguntzarekin, oraingoan inoiz baino eleganteagoa. Enkoadraketa bakoitzak pertsonaien barne sentimenduak eraginkortasunez ilustratzeko balio du eta hitzik gabe, begiratuen bitartez bakarrik, ikuslearekin konektatzea lortzen du. Honen erantzule dira hein handi batean Cate Blanchett eta Rooney Mara, biak ala biak zirraragarri, ezin hobe euren roletan, baina baita istorioa garatzerako orduan erabilitako trikimailu dramatikoak ere. Zentzu honetan, aparteko aipamena merezi du filma irekitzen duen eszena errepikatzeak. Pertsonaietara gerturatu eta euren gora beheretan sakondu ostean berriz ere puntu horretara itzultzea adimenez beteriko erabakia da, eszena hori bera bigarren aldiz ikustean ez baitugu beste pertsonaia baten perspektibatik hautematen soilik alor teknikoan, baita emozionalean ere. Ordurako ikuslea erabat barneratu da bikotearen bizitzan, bata zein bestearen inguruan lehen ezagutu gabeko informazio mordoa du eta horrek eszena berberaren dimentsio dramatikoa areagotzen du.

Carol2Filma izugarri aberatsa da, begirada, keinu edota kokaleku bakoitzaren argiztapenak pertsonaiek sentitzen dutena iradokitzen duelako; horrek filmak ikusle bakoitzaren interpretazioaren araberako forma hartzea ahalbidetzen du. Carol eta Theresen arteko erlazioak desioa, manipulazioa, amodio edota burjabetza nahasten ditu denak batera, azaletik erakarpen istorio arruntaren itxura eman dezakeenari ñabardura izugarri aberasgarriak gehituz. Horixe bera lortzen du Phillip Glassen konposaketak oinarritzat hartzen dituen Carter Burwellen soinu banda epikoak. Musikak erabateko pisu dramatiko hartzen du istorioaren kontakizunean eta pertsonaien barne sentimenduak azaleratuz eszena bakoitza beste maila batera goratzea lortzen du. Kontakizunaren erritmoa eta intentsitatea ere modu zirraragarrian erregulatzen ditu, irudi eta soinua elkartuta emaitza artistiko gorena erdiesteraino.

“Carol”ek ez du une batean ere klimax markaturik bilatzen, bikotekideek zenbat iraungo duen ez dakiten bidaia horretan zehar bizitako esperientzia besarkatzen du eta horrek bilakatzen du, hain zuzen ere, hain boteretsua filmaren amaiera. Carol eta Theresen erlazioa gizarte-mailaren, garaiko konbentzioen eta adin tartearen ondorioz hoztu egiten den arren, bikoteak hitzekin azaldu ezinezko zirrara mantentzen du, elkar elikatzen duten begiraden indarra, pantaila gainditzen duten irudien edertasuna. Oscar sarietan film onenen artean hautatua izan ez den arren, urteko lan boteretsuenetakoen aurrean gaude, zalantzarik gabe.

Trailerra:

Iruzkinak
  1. […] legez, britainiar irletako film batek tartea izan ohi du Oscarretan. Aurtengoan, Carolen bazterketa deigarria medio, bi izan dira eta horietako bat da John Crowley zuzendari […]

    Atsegin dut

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s