otsaila, 2016 -en artxiboa

Film Onenaren Oscarrerako izendaturiko zortzi hautagaien artean ezezagunena eta oihartzun gutxien izan duen filma da Room. Lazgarria eta hunkigarria aldi berean, Lenny Abrahamson zuzendari irlandarrak Emma Donoghueren eleberria maisutasunez eraman du pantaila handira, urteko film boteretsuenetako bat eraikitzeraino. Moldaketa zinematografikoak halako indarra izatearen erantzule da, hein handi batean, Donoghue bera gidoilari lanetan aritu izana, baina kontakizuna haratago doa ikusle ororengan sentsazio unibertsalak transmititzea lortzen duelako irudi eta girotze pisutsu bezain iradokitzaileen bitartez.

Room1Abiapuntua enegarrenez esploraturiko askatasun eza eta biziraupena izan arren, Roomek funtzionatzen du ikuslea pertsonaiek bizi duten egoera itogarri horretan erabat murgiltzea lortzen duelako, ama eta semearen arteko harremanak dituen kapa ezberdinak eta gertaerek aurrera egin ahala bata zein bestearen jarrera kontrajarriak adimenez dinamizatzen ditu elkarrizketa mamitsuen bitartez. Lehen zatian kartzela-egoera horrek sorturiko samin fisiko eta psikologikoan sakontzen du Abrahamsonek, Brie Larsonek sinesgarritasun osoz antzezturiko Joy Newsome amaren sufrimenduaren aldean, Jacob Tremblay gaztetxoak modu zirraragarrian gorpuzturiko Jack haurrak unibertsoaren osotasuna gela itxi horretan hautematen baitu. Inozentziaren hauskortasuna eta zorigaitzera kondenatua dirudien bizitza progresiboki geroz eta gehiago oinazetzen du etengabeko martirio horretan egotera behartzen dituen gizonak, gelan presente egoteko beharrik gabe. Asfixia hori geroz eta indartsuagoa bilakatzen da Jackek, zer egiten duen ere erabat jakin gabe, gatibutasunetik ihes egitea lortzen duen uneraino.

Errealitatea hautemateko modu kontrajarriek are indar gehiago hartzen dute filmaren bigarren zatian, non amak eta semeak giltzapeturiko etxeko jazarpenetik libratzea lortu arren ez duten erabateko barne askatasuna erdiesten. Joy etxe berrian kazetarien erasopean preso eta espiral suntsitzailean itota sentitzen den bitartean, Jacki are zailago egiten zaio ingurune berrira moldatzea, dena berria eta zirraragarria izate horrek gainditu egiten baitu eta ondorioz oskol barnean babestera bultzatu, egunerokotasun arruntaren dinamika berreskuratzea zailduz. Elkarrizketa eta pertsonaien gorputz espresioez gain, irudien bitartez ere islatzen da hau, etxeko elementuek bakoitzaren baren sentimenduen sinbolo gisa balio dute eta baita planoen osaketak ere, distantziamendu eta gordintasun hori islatzeko.

Room2Puntu honetan zinez interesgarria da filmaren bigarren zatian ageri diren familiako pertsonaiek istorioa xehetasunez bete eta aberasterako orduan duten garrantziari erreparatzea. Eragile berri hauek jada hain hauskorra zen dinamika are gehiago zailtzen dute, laguntzeko prest egon arren sarritan ez dutelako behar bezainbesteko enpatia garatzen amak eta semeak luzaroan jasan duten egoerarekiko. Beste betaurreko batzuekin ikusten dute errealitate hori. Honek gertukoenekiko izan beharreko enpatiaren galera, gizartearekiko isolamendu arriskua eta gehiegizko elkar dependentzia bezalako gaiak mahaigaineratzen dituen arren, bi pertsonen arteko loturak hartzen duen sakontasun emozionala azpimarratzeko ere balio du. Azken finean, osotasunean biek, beste inork ulertzen ez duen sufrimendu hori elkarrekin gainditzen dute.

Old Nick bahitzailearen mamuak filmaren amaieraraino oihartzun mehatxatzailea izaten jarraitzen du ezegonkortasunez beteriko plano bakoitzean eta amaierako eszena are sentikorragoa bihurtzen du, Jackentzat izaera propioa duen gela osatzen duten elementuei agur esaterekin batera, haurrak inozentziari ere agur esaten diolako. Hainbesteko grinaz bilaturiko bizi berri horren hasiera ez da pelikularen amaieraraino iristen eta horrek proiekzioa amaitu ostean filmak oraindik ere ikuslearengan inpaktua mantentzea eragiten du. Film Onenaren Oscarrerako zortzi hautagaien artean ausartena da Room, inolako zalantzarik gabe, ikuslea hasieratik bukaeraraino pantailari begira mantentzeko gai izatetik haratago joan eta bizi dugun gizarteko dilema sakonekin konektatzea lortzen duena. Otsailak 28ko gauean saririk irabazi ala ez, Abrahamsonen obra gertutik jarraituko dugu hemendik aurrera.

Trailerra:

Urteroko legez, britainiar irletako film batek tartea izan ohi du Oscarretan. Aurtengoan, Carolen bazterketa deigarria medio, bi izan dira eta horietako bat da John Crowley zuzendari irlandarraren Brooklyn melodrama gozoa, zeinak emigratzera beharturik, jatorrizko bizilekua utzi eta AEBn bizi berri bat bilatzen duen emakume irlandar gaztearen barne esplorazioa ikertzen duen.

Brooklyn1Identitatearen bilaketa, aberria eta etxearen arteko marra lausoa edota amodioaren irmotasuna dira filmaren gai nagusiak. Saoirse Ronan aktoreak sinesgarritasunez beteriko interpretazioa eskaintzen du, baina filmaren estandarrek mugatua; amalgama espresibo aberatsago baten inguruan jarduteko aukera izango luke zuzendariak proposamen ausartago bat mahaigaineratu izan balu. Pertsonaia protagonistaren eboluzioa interesgarria da hala ere, ingurunearekin batera eraldatu eta berriz ere Irlandara itzultzen denerako bertakoek inertzia berean jarraitzen duten arren, bera betiko transforma eta bere bizitzaren jabe bihurtu delako. Honek argitasuna eta koloreen lanketaren bitartez adimenez harrapaturiko dinamika dramatiko aberatsei atea irekitzeko balio du.

Istorioa bere osotasunean ere ondo harituta dago, eszena kateatze adimentsuak kontakizunaren bilakaera modu organikoan garatzea laguntzen du eta xehetasun artistikoak ere oso zainduta daude, garaiko janzkera eta kokalekuak girotzetik pertsonaien barne sentimenduak ilustratzen dituzten irudi sinbokikoetaraino, esanguratsuena gerora hilzorian gaixo zegoen arreba bizitza heriotzetik eta aldi berean Irlanda AEBtik banantzen duen ozeanoa sinbolizatzen duen errekari begiratzen dioeneko eszena. “Home is home” esatea erraza da, baina gure benetako etxea zein den zehaztea da erabakirik zailena. Brooklynek, ordea, formula segurura jotzen du. Eilis Lacey jaioterrira itzuli eta bertako gizonekin erlazionatzen hastean, Atlantikoaren beste aldera adosturiko amodioa kolokan geratzen da, zalantzan, baina modu partzialean soilik. Ziurrenik, Crowleyk esparru dramatiko honetan sakondu eta benetan nahi duena erabakitzeko ezintasun eta zalantza horien ondorioz pertsonaiak bizi duen barne krisian ilustratu izan balu istorioak beste dimentsio bat hartuko luke, are gehiago ahizpa hilberria kontuan izanik. Une giltzarri horiek indartzerako orduan egiten du huts pelikulak eta, zentzu horretan, elkarrizketak murriztu eta lanketa bisuala lehenestea aukera eraginkorretako bat izan zitekeen.

2K3A6505.jpgFilmaren amaiera erabat konplazientea eta idilikoa da, aberria eta jatorrizko familia pitzatuta baina guztiz lur jota utzi gabe, hau da, bigarren agur horren lazgarritasunean behar bezainbeste sakondu gabe, protagonista Brooklynera itzuli eta betiko zoriontsu delako. Honek gerraosteko irlandarren samina eta AEBn zabaltzen diren bizi aukera berrien garaiko erretratua egiteko balio duen arren, zeharkako mezu atsegingarri bat ere badu, zoriontasuna eta askatasuna bilatzeko AEB baino lurralde aproposagorik ez dagoela iradokitzen duena: “the land of opportunity”. Hau esanguratsua da Oscar sarien markoan kokatzen badugu, azken finean, kontuan hartzekoa da film irabazleetatik haratago Akademiak nominatzen dituen filmen oinarrian dagoen diskurtsoa, ikuspuntu horiek, modu subkontzientean izanda ere, planeta osora hedatzen baitira.

Emakume protagonistak Irlanda itzuli eta AEBn eraiki duen bizitzarekin haustura suposatzen duen denbora tarte horretan senargai amerikarrak zintzotasunez, printze zuri baten antzera itxaroteak istorioa ahultzen du. Eilis Lacey istorioaren erdigune izan arren, bikotea berriz ere elkartu arteko bitarte horretan gizonak izandako bestelako harremank eraikitzeko aukeraren aurrean harturiko jokaera esploratzea askoz aberasgarriagoa izan zitekeen, amaiera aldera biek bat egitean elkar onartu arren eraldatu den erlazio bat erakustea posible izango zelako. Etorkinen afera hain gordina bihurtu den garaian Brooklyn goxotasunez kontatu eta irudikaturiko film itxaropentsua izan arren, ez da ikusleen oroimenean aparteko inpakturik eragiten duen istorioa eta, ondorioz, ez du Film Onenaren Oscarra irabazteko inolako aukerarik.

Trailerra:

2008ko krisi ekonomikoak etsipena hedatu zuen mundu zabalean, bizi eredu oso baten porrotaren erakusle bihurtu zelako. Zorigaitzeko dataren aurreko urteetan kokatzen da Adam McKayren The Big Short film berria, zeinak Michael Lewisen idatzietatik abaituta, egungo gizartea eta diruaren logikaren erretratu dekadente bezain satirikoa plazaratzen duen. Bat-batekotasunaren indarrari eusten dio zuzendariak hasieratik, pertsonaiak Wall Streeteko negozioaren espiralean zein harrapatuta dauden islatzeko plano txandakatze biziaren bitartez.

TheBigShort1Irudiek ikuslea gogor kolpatzen dute hasieratik, azken hamarkadetan kapitalismo basatia erdigune izanik eraikitako munduaren inguruan hausnarraraziz. Pertsonaia bakoitzaren nortasunean iraganeko gertaerek duten pisua eraginkortasunez azaltzen dute plano zatikatuek, esanguratsuena istorioaren puntu zentrala bilakatzen den Steve Carellen pertsonaia saminduaren kasua, zeinak lehiakortasuna eta indibidualismoa nagusi diren lan dinamika eragindako barne pitzadura argien irudikatzen duen. Finn Wittrockek antzezturiko pertsonaia da bere kontrapuntua, diru gose mugagabeak bultzatuta biztanleriaren gehiengo zabalari kalte larriak eragiten dizkion dinamika suntsitzaile horretan gora egiten duena, edota Christian Balen pertsonaiak, zeinak krisi ekonomikoa aurreikusi eta sekulako etekin pertsonala eratortzen duen gehiengoarentzat itogarri bilakatzen den egoeratik. Hiruak baina, diruaren esklabo dira, fisikoki eta mentalki, eskuekin ukitu ezin duten ilusiozko ondasunen gatibu, eta horregatik sentitzen dute ezintasuna eta antsietate sakona euren segurtasuna kolokan jartzen duen egoera ororen aurrean.

Istorioak aurrera egin ahala, espekulazioan oinarritutako jardun ekonomikoak pertsonaiak etengabeko espiralean itotzen ditu, erabakiak hartu behar baitituzte hausnartu eta baloratzeko behar bezainbesteko denborarik gabe. Gizatasunaren espazioa diruak ordezkatzean, pertsonen arteko harremanen usteltzea, zoriontasunaren desagerpena eta barne dekadentzia bihurtzen dira filmaren gai nagusiak. Eliteetako protagonista kideek negoziatzen duten diru kopurua ikusleen gehiengoarentzat izugarria suertatuko dela kontuan izanik, interesgarria da merkatuen funtzionamenduaren inguruko oinarrizko ekonomia kontzeptuak bizitzako egoera arruntekin azaltzea. Margot Robbie edota Selena Gomez aktore entzutetsuen ahotan jartzen ditu McKayk erabilgarria ez den zaborretik ere ekonomiak birziklatzeko duen gaitasuna edota, kasinoko jokalarien antzera, ekonomialariek euren egitasmoak funtzionatzen duela ikustean horren alde behin eta berriz apustu egiten jarraitu eta aldi berean amildegi sakonera hurbiltzeko duten arriskua, eurekin batera beste hainbat pertsona arrastaka eramanez. Etengabeko hazkundearen itxaropena ipuin maitagarrien antzera transmititzen da jendartean, porrot sonatuenera iristen den arte.

THE BIG SHORTEsanguratsua da filmak maldan behera doan gizartea marraztu arren, iraganean bankuen lan jarduna bestelakoa zela azpimarratzea, hau da, finantzaketa logikak bazuela eredu ezberdin bat. Korporazio erraldoiek bultzaturiko inertzia eraldatzeak egun utopikoa dirudien arren, dirua eta kontsumoa biztanleriaren jainko ez zireneko garaia ere existitu zela oroitarazten du. Baina 2008az geroztik, urteek aurrera egin ahala, ekonomiaren suspertzea eta errekuperazioaren aldeko diskurtsoak indarra hartu du berriz ere, behin hilzorian, zulo sakonean ikusitako ereduak bere atzaparrak sendotzeraino. The Big Short hurbileko iragan horren oroigarri boteretsua da, bankuek, argindar eta gas enpresek edota etxegintza erakundeek gidaturiko dinamika berrezartzeak maskara berriarekin mozorroturiko errealitate pozoitura itzultzea suposatzen duelako. Kapitala argi eta garbi porrot egin eta gizartearen osotasunarentzat konponbiderik proposatzen ez duen bidegurutzean dago, baina horren aurrean biztanleriaren gehiengoak nahiago du oskol barnean jarraitu; zoriontsu izateko etengabe kontsumitu, norberak berea zaindu eta afera kolektiboez kezkatu ordez arazoen errua etorkinei edo behartsuei, hau da, gizarteko talde marjinalei egotzi. Aldaketaren beldurrak itota, gizarteak sinetsi du ez dagoela alternatibarik.

Edukiak formak baino pisu gehiago hartzen du, nabarmen gainera, Adam McKayren obra berrian eta hau eskertzekoa da, Film Onenaren Oscarrera hautatzen duten pelikulen artean urteetan zehar euren estiloa findu duten maila altuko zuzendariak egon arren, askok alor berean egin dutelako porrot: aukera dramatikoen sakontzean. The Big Short Akamediaren epaimahaikideak konbentzitu eta mundu osora esportagarria den film saritua izatetik urrun dagoen arren, lan dinamiko eta mamitsua da, Oscarrei haize freskoa ekartzen diena.

Trailerra:

Kasualitateak kasualitate, The Martian filma AEBn estreinatu zen NASAk Marten ura aurkitu zuela ezagutarazi zuen aste berean. Oscar sarietan hain ohikoa bihurtu den biziraupenaren inguruko obra estandarra da Ridley Scotten berriena, Matt Damon protagonista duena. Hilik dagoela pentsatuta, astronauta talde batek Mark Watney kidea planeta gorrian uzten du, Lurretik hainbat kilometrotara eta komunikatzeko modu eraginkorrik gabe, erabat isolaturik. Azken urteotan NASAk Marte planetan egindako hainbat ikerketa eta aurkikuntzen harira, planeta gorria denon ahotan egon da. The Martianek olatu hori harrapatu nahiz izan du, planeta gorria pantaila handira irudi eta sekuentzia ederren bitartez eramateko.

TheMartian1Pelikula, ordea, ez doa puntu horretatik askoz haratago. Argumentuak egoera dramatiko larri andana sortzeko aukera eman arren, zuzendari ingelesaren filma Watneyk nabe barruan landatzen dituen patatak bezala geratzen da, oxigenorik gabe erdibidean. Deigarria da protagonistak bizi duen errealitatea hain lazgarria izanda, bere biziraupena kolokan jar dezaketen oztopoei hain pisu gutxi ematea, erronka gehienak Damonen pertsonaiak segituan konpondu ditzakeen arazoak besterik ez dira. Hain da optimista filma, ikusleak une batean ere amaiera zoriontsua zalantzan ez jartzea eragiten duela. Zentzu horretan, astronauta Marten dagoen bitartean, NASAk Damon salbatzeko egiten dituen ahaleginek ez diote ez suspense ez zirrararik gehitzen argumentuari. Biziraun eta bertatik ihes egiteko beharrezko dituen janari eta bestelako hornidurak mantentzeko ahalegina eta bertan abandonatu zuten astronauta-taldearen patuaren artean sor zitezkeen dinamikak azalean geratzen dira. Argazkigintza ikusgarriak planetaren desertu izaera eta protagonistaren isolamendua adimenez islatu, eta umorea gag puntualen bitartez ere freskotasunez baliatzen duen arren, optimismo hori bera da azken finean filmaren ahulezietako bat; egoera horretan esploratu zitezkeen dinamika dramatikoak alboratzea eragiten duelako.

Jessica Chastain, Chiwetel Ejiofor, Jeff Daniels, Kate Mara, Sean Benn The Martianek aktore zerrenda izugarria du, egun Hollywoodeko aurpegi ezagunenen artean daudenak, baina euren presentziak filmaren hari dramatikoaren ahuldadea ezkutatzeko besterik ez dute balio. Ulergarria da kontakizuna protagonistan zentratzea, baina faltan botatzen da Marte utzi ondorengo astronauta kideen jarduna eta Lurreko biztanleek gertaeraren aurrean izandako erreakzioak gertuagotik ezagutzea. Hau islatzeak istorioari hainbat geruza gehitu eta aberastasuna emango lioke. Hala eta guztiz ere, Matt Damonek lan txukuna egiten du istorioaren zama erabat bere sorbalden gainean hartu eta aurrera ateratzean, ikusleak bere egoerarekiko hurbiltasuna sentitzea lortzen du modu eraginkorrean.

TheMartian2Kolonizazioa, planeta ezezagun bat konkistatzea, planeta horren jabetza… egun pil-pilean jarraitzen duten eztabaidagaiak protagonistaren ahotan jartzea da filmaren indarguneetako bat, AEBek azken hamarkadetan abian jarritako kanpo politikaren inguruan hausnartzeko bidea irekitzen duelako. Gai hauek lantzeko modua, ordea, Scotten lehen filmetako estilotik oso urrun geratzen da. Lan berria Blade Runner eta Alien klasikoekin alderatzeak krudela eman dezake, edukian zein forman bestelako asmoak dituzten filmak direlako, hasierako hondar erauntsi bortitzaren estetikarekin azken honen unibertsoko elementu paretsuak esploratzeko itxaropena piztu arren. Kasu honetan, nabari da zientzia fikzioaren sakonean dauden giza gatazkei heltzeko modua askoz anbizio gutxiagokoa dela.

Urteen poderioz esan liteke Hollywooden blockbusterren dinamikak Ridley Scotten nortasuna mugatu eta bere sormena usurpatu duela. Azken lanen aldean The Martian alor guztietan txukunagoa den arren, estandar dramatikoei men egiten dien ohiko film bat besterik ez da, entretenimendutik haratago joateko asmorik ez duena; izan zitekeenaren itzala. Blade Runner berrituaren gidari Denis Villeneuve izendatu ostean, Scott Alien sagaren hurrengo emanaldia prestatzen ari da 2017ra begira, Hollywoodek hainbeste maite dituen remake, reboot eta abarren dinamikan erabat murgilduta. Zuzendariaren talentu aski ezaguna kontuan izanik, espero dugu datozen lanetan bere nortasuna arlo estetikoan erakusteaz gain dramatikoan ere bereiztea.

Trailerra:

Steven Spielbergek film berri bat zuzenduko duela entzuteak zirrara eragin ohi du zinemazaleen artean, are gehiago gidoiaren osaketa Coen anaien esku baldin badago. Bridge of Spies, ordea, ez da koktel erakargarri honek sor zezakeen heineko filmaren mailara iristen. Kontaketa egokia eta istorioa mamitsua izan arren, ez du ikuslearengan nahikoa zirrararik eragiten, filmean planteaturiko dilema gehientsuenak azalean geratu eta ez dutelako nahi bezainbesteko sakontasunik hartzen. Kasu honetan testuinguruak figura indibidualaren esplorazio xeheak baino pisu gehiago hartzen duen arren, urtero Oscarretan egon ohi den biopic klasikoaren ordezkari da Spielbergen lan berria, oraingoan Tom Hanksek antzezturiko James Donovan abokatuak Gerra Hotzean sobietar espia baten askatasuna defendatzea amerikar batena lortzeko baliatu zuenekoa.

Etengabeko oztopoei aurre egin eta epaitua izango zen espia sobietarraren duintasuna eta bere propioa defendatzearen ondorioz hurbilketa jasaten dute James Donovan (Tom Hanks) eta Rudolf Ivanovich Abelek (Mark Rylance). Euren artean distantzia mantendu arren, erakarpen erlazioa naturala da, hasieran epaiketa prozesura mugatu behar zuen harremana geroz eta gertuagokoa bilakatzen baita, Abel konturatzen denean Donovan dela bera ulertu eta halako egoera zailean lagundu nahi dion bakarra. Halaber, filmak errealitate historikoaren erretratu fidela egiten du. Alemania zatikatuak sinbolizatzen duen garaiko munduaren frikzioak, egungo errealitate soziopolitikoan ere badu oihartzuna, AEB eta SESBen arteko tentsioak filmaren epizentro bihurtzen baitira. Oztopo burokratikoak, epaileen ustelkeria edota alderdikotasuna jardun judizialaren eguneroko ogia dira, justizia ahalik eta modu objektiboenean ematetik oso urrun, hedabideek indarturiko gizartearen zatiketan euren ekarpena egiten duena. Herrialde batean zein bestean, muturreko jarrerak dira nagusi, zuzenean detektatu ezin daitekeen gerrak iritzi publikoan sorturiko ezinegonaren ondorioz. Bi aldeetan berdina gertatzen zela eta alde bakoitzeko espiak egoera berdintsuetan biktima zirela ondo erretratatzen du Spielbergek epaiketa paraleloen bitartez.

Inoiz esplizitu bilakatzen ez den arren, elkarren artean eraikitako errespetua eta miresmen sentsazioak film amaieran, agur esaterako orduan, dimentsio emotibo handia hartzen du. James Donovan abokatua sakonki tristatzen du familiako kide baten antzera zaindu eta defendatu duen pertsona horri agur esan behar izateak, bere askatasunaren alde borrokatu duen arren, nahi bezainbeste kezkatuko ez den norbaiten eskuetan utziko duenaren erruduntasun sentsazioak itotzen du. Aldi berean, Abelek koadroa oparitzen dio, sentimenduz beteriko agur hori are ederragoa bihurtuz. Koadroak margotzearen ekintzak esanahi sakona du bi pertsonaien artean eraikitako erlazioan, bereziki Abel koadro marrazkilaria espia bat dela kontuan izanik. Rylancen pertsonaiak koadroen bitartez azalean ikusten den hori marrazten du, kanpoan geratzen dena, itxura. Espia baten nortasun hotza du, ez ditu sentimenduak azaleratzen. Baina, hain zuzen ere, koadroak bilakatzen dira bere sentimenduei ateak irekitzeko instrumentua, aske izateko ihesbidea. Espia bezala azaleratu ezin duena erretratatzen dituen horien aurpegietan islatzen saiatzen da. Horregatik filmaren amaieran Donovani koadroa oparitzea bere estimua agertzeko modua da, ez bakarrik lan judiziala eskertzeko, baita maila pertsonalean ezarri duten hurbiltasuna eskertzeko ere.

Horrez gain, pelikulak indar handiko eszena zehatzak ere baditu, esanguratsuena amaiera aldera espia protagonista AEBetan trenean bidaiatzen ari dela leihotik begiratu eta gazte batzuk ondoko etxebizitzara igarotzeko alanbrezko sarea bat igarotzen ikusten dituenekoa. Une horretan filmeko ikusle orok Hanksen pertsonaien begietatik Berlineko harresian bistaraturiko hilketa lazgarriak gogora ekartzea lortzen du Spielbergek. Hala eta guztiz ere, Bridge of Spiesek atsegina izaten jarraitzen du, erraza, konformista, ez du inolaz ere sakoneko sentsaziorik eragitea lortzen. Istorioa gordinagoa bilakatu dezakeen une giltzarria edozein momentutan iristea posible izatearen sentsazioa film osoan zehar mantendu baina ez da inoiz ailegatzen eta, aldi berean, pertsonaien artean garatu zitezkeen hainbat dinamika ere erdibidean geratzen dira.

Modu batean, ordea, honek ez gintuzke harritu beharko; azken finean Spielbergek 70eko hamarkadan ezarri zituen egun Hollywood bilakatu denaren oinarriak. Ordutik hona Hollywoodek estandarizazioa eta komertzialtasunaren alde egin du eta norabide berean garatu da zuzendariaren filmografia, publiko guztientzat ikuserrazak diren lanak osatuz. Baina marko horretan ere, bere proposamenak interesgarria izaten jarraitzen du, Hollywoodeko espiral biziotsu horretatik bereizi eta ekarpen pertsonala plazaratzen duelako, txukuntasunez haritutako istorioen bitartez.

Entretenimendua lehenesten duten ikusleentzako egokia da Spielbergen azken lana. Film onenaren saria lortzeko aukera gutxi ditu, baina garai historikoaren kronika sentikorra, zuzendaritza lan txukuna eta aktoreen antzezpen sinesgarriak, Mark Rylancena bereziki, zinema aretora bertaratzeko nahikoa aitzakia dira.

Trailerra:

Eliza katolikoak bizitzan jarraitu beharreko bidea irakatsi dio mendebaldeko gizarteari mendeetan zehar; sakrifizioa, laguntasuna, ongia… balore gizatiarren arabera ekitearen garrantzia. Baina zer gertatzen da erakunde horretako partaideak oinarrizko diskurtso horri bizkarra eman eta ekintza basatienak gauzatzen dituztenean? Boston Globe egunkariko kazetari talde batek eliza-pedofilia kasuekin topo egin eta progresiboki geroz eta handiagoa bilakatzen den arazo ezkutua aurkezten du Tom McCarthyk Spotlight filmean. Zuzendariak istorioa 2003an Pulitzer saria jaso zuen izen bereko lantaldearen ikerketa jardunean oinarritu eta AEBetako pedofilia kasuetatik abiatu arren, mundu zabala mehatxatzen duen jardun higuingarria esploratzen du azkenerako.

Spotlight1Bortizkeria esplizitua alboratu eta kazetaritza jardunean xehetasunez emandako pausuetan jartzen du fokua filmak. Ikerketaren lehen fasean euren esperientziak konta diezazkiekeen pertsonekin elkartzen da protagonista taldea. Testigantzen segida dinamismo handia du, bereziki, sentimenduz beteriko diskurtso izugarri bisualek ikuslea gertaera horiek irudimenean marraztera bultzatzen dutelako, plano bakoitza intentzio dramatiko hori indartzen duen elementuz betetzerakoan. Parkean biktima homosexualak bere bizipenak kontatzen dituen bitartean emakume bat haurra paseatzen edota bikote heterosexuala lasaitasunez belarrean eserita barre egiten erakusteak ildo berbera indartzen du, gizartearen estandarren arabera bizi direnen erraztasunen eta kontrakorrontean doazenek bizi duten sufrikarioaren arteko pitzadura. Hasierako sekuentzia hau zinez interesgarria da, filmean zehar garaturiko egoeretan behin eta berriz oihartzuna izatea lortzen duten esaldiak mahaigaineratzen dituelako. Esanguratsuena kazetari taldeari kasua aurkezten dien gizon etsituarena da, zeinak kontatzen dien nola apaizek jainkotasuna eta izpiritualtasuna aitzakiatzat hartuta, gazteen arima eta bizi gogoa zurrupatzen dituzten euren interes gaixoen alde, gehiegikeriak egiterako orduan biktimek onartzea beste aukerarik izan ez dezaten.

Bestalde, filmak botere mekanismoen ustelkeria sistemikoa ere lantzen du. Ildo honetan interesgarriena da eliteetako botere ekonomiko eta politikoetara zuzenean jo ordez erantzukizunaren diagnosi eskalonatua egitea, hau da, gizarteko maila ezberdinetan arazo hau jakina zela eta denek onartzen zutela proportzio handiago edo txikiagoan, eta bazirela sare izugarri koordinatua eraldatu edo iraultzea ezinezkoa zenez, bertatik etekin pertsonala lortzea ere bilatzen zutenak. Ikerketak aurrera egin eta ustelkeria eta zorigaitz zantzuak areagotu ahala kazetari taldeak sentitzen duen ezintasun eta bertigo sentsazioa indar handiz harrapatzen ditu filmak, hondar gainean eraikitako dorreak desegingo balira bezala da. Zentzu honetan, esanguratsua da Rachel McAdamsek antzezturiko Sacha Pfeiffer ustezko bortxatzaile Father Paquin apaiz erretiratuaren etxera hurbildu eta zuzen-zuzenean ekintzaren inguruan galdetzen dioneko unea, apaizaren ahotik bortxaketen onarpena normaltasun osoz entzuteaz gain espero gabekoa konfesioa jasotzean sare ustel eta koordinatuaren indarra zenbaterainokoa den ohartu eta zulo beltzera bideratzen duen espirala are sakonagoa bilakatzen delako.

Spotlighten meritu nagusietako bat hain sonatua izandako pedofilia kasua salatzetik haratago joan eta gizartearen oinarrian dauden printzipio moralak zalantzan jartzeko duen gaitasuna da. Hau argien islatzen da Mark Ruffalok haurtzaroan eliza utzi baina gerora itzultzeko itxaropena zuela esaten duen eszenan. Eliza eta sinismena, gizarte osoaren euskarri morala izan dira mendeetan zehar eta askorentzat paper hori jokatzen du oraindik ere; oso errotuta dago garai ilunetan itxaropen bila elizara jotzea. Zoritxarrez, kanpora begira halako balore gizatiarrak defendatu baina praktikan sustraietaraino ankerrak izan eta gizartearen usteltzea hobesten duten jokaerak babesten dituen instituzioa zer den ezagutzean, euskarri moral hori hankaz gora geratzen da., erlijioarekiko itxaropena galtzeak bizitzen jarraitzeko hutsunea areagotzen baitu. Hipokresia eta gordintasun horrek dimentsio berri bat hartzen du Irailak 11ko erasoen ostean Eliza Katolikoko aurpegi boteretsuenak giza baloreen alde jendaurrean hizketan azaltzen direnean.

Spotlight2Protagonistek egia bilatu nahian kasuan sakondu ahala, terrorea areagotu egiten da, eurek izan ezik beste inork arazo sistemikoari aurre egiteko benetako asmorik ez duela ohartzen direlako. Establishmentaren botere makinaren aurrean kazetari talde txiki baten gaitasuna zein murritza den adimenez islatzen du McCarthyk, elizaren presio espektralaz gain, erredakzio barnean ere istorioa plazaratzeko saiakeran hainbat oztopo topatzen dituztelako. Horregatik zinez interesgarria da pelikulak amaiera aldera Michael Keatonen Robby Robinson pertsonaiaren bitartez erantzukizun kolektiboaren argumentua berreskuratzea. Modu batean, filmean azaltzen diren pertsonaiek bezala, ikusleok ere luzaroan jakin dugulako halako kasuak ematen direla, eta uneotan bertan gertatzen egon litezkeela, baina horren aurrean nahiago dugu bestaldera begiratu.

Hainbesteko gaurkotasuna duten gaiak esploratzean Spotlightek bertigo sentsazioa eragiten du, zinema aretotik irtetean irauten duen inpaktua. Pedofilia, ordea, ez da Bostonera mugatzen, mundu osoan zabaldu den birusa da. Hollywoodeko Akademiak Tom McCarthyren filma saritzea esanguratsua izango litzateke, karga soziopolitiko handia duelako, normalean koroatu ohi diren biopic edota injustizia historikoak lantzen dituzten istorio errazen oso bestelakoa.

Trailerra:

80ko hamarkadan kultuzko estatusa erdietsi zuen George Millerrek “Mad Max” trilogia goratuaren bitartez. Etorkizun apokaliptiko batean, autobideak zaindu eta motorzale liskartiei aurre egin behar zien Max Rockatansky poliziaren istorioak sekulako arrakasta bereganatu zuen Mel Gibson protagonista zuelarik. 30 urte geroago, oraingoan Tom Hardy erdigune hartuta, basamortuko motozaleen istorioa berreskuratu eta azken hamarkadako akziozko film zirraragarrienetakoa osatzea lortu du zuzendari australiarrak. Honen erakusle dira Oscar sarietarako lortu dituen hamar izendapenak, horien artean zuzendari onena, film onena eta argazkigintza onena; meritu nabarmena akziozko pelikulak normalean hautagaitza teknikoetara baztertuak izan ohi direla kontuan hartuz gero.

MadMax1Erritmoz beteriko film istorioa topatuko du ikusleak, bi orduak pantailari itsatsita mantentzeko modukoa. 1985etik hona zinema egiteko modua erabat eraldatu duten aurrerakuntza teknologikoen ondorioz, “Mad Max”en jazarpen bereizgarriak inoiz baino ikusgarriagoak dira oraingoan, arnasa kentzeko moduko tentsio, borroka eta akzio dosia eskainiz. Zuzendaritza lan zehatzaz gain grabaketaren ondorengo muntaia adimentsuaren emaitza da hau, eta baita Tom Holkenborgen (aka: Junkie XL) soinu banda inspiratuaren meritua ere, zeinak ikuslea erabat murgilarazten duen tentsioz beteriko filmaren dinamika bizian. Honen erakusle argiena da Max ihes egiten saiatzen den hasierako sekuentzia, indar eta dinamismoz betea, jarraian esploratuko dugun itxaropenik gabeko mundu apokaliptikoaren testuingurua maisutasunez aurkezten duena.

Elkarrizketa baino akzioa nagusi izanik, filmak lanketa estetikoa eta ikusgarritasunaren alde egiten du. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Green Palacera bidean, ibilgailu guztiak hareazko ekaitzean barneratzen direneko unea; bertan hainbat kolore eta argilun ezberdinen xehetasunak, jazarpenak, tximistak, eztandak… hauts artean nahastu baina zehaztasun osoz ezberdintzen dira. Azken finean, George Millerren meritu nagusia “Mad Max” unibertsoan sortu duen estilo erabat pertsonala da; janzkera, autoak, basamortua… bistaratu bezain laster ikusleak filmarekin lotzen dituen elementuak.

Istorioa are interesgarriagoa bilakatzen da akzioa alboratu eta elementu dramatikoei pisu gehiago ematen dienean. Bikote protagonistaren nortasuna esploratzeak mundu apokaliptiko batean itxaropena edota leialtasuna bezalako gai potoloek duten esanahian sakontzeko balio du. Lehen berdea zena orain suntsituta eta dekadentzian topatzea etengabeko gainbeheran dagoen munduaren erakusle da, hainbesteko grinaz bilatu duten helmuga horren porrota. Filmeko eszena samingarriena den une horretan, Charlize Theronek sinesgarritasun osoz islatzen du basamortu zabalean sentitzen duen samina eta bakardadea. Diktadura eta erlijioan oinarritutako sistema baten menpe bizi diren emakumeak liberatzeko saiakeraren bitartez, esan liteke Furiosa pertsonaiak patriarkatuaren eredua desafiatzen duela. Erabakitasun handiko emakume indartsu eta autonomoa da gainera, Hollywoodeko blockbusterretako ohiko eredutik aldentzen dena. Bestalde, Maxen nortasuna bere osotasunean ulertzeko, ezinbestekoa da aurreko filmei atzera begiratua egitea. Pelikularen hasierak azaltzen duen bezala, edozein arazo gailendu eta bizirauteko sena aspalditik datorkio protagonistari eta ildo horretan jokatzen dute bere emaztea eta alaba oroitarazten dizkioten flashbackek ere. Baina dramatikoki filmean dinamismo gehien duen pertsonaia Nux da. Lehenik erregimenaren gaizkile eta ondoren ihes espedizioan traba egiten duen ipurterrea izan arren, gerora talde protagonistaren laguntzaile eta azkenerako salbatzaile ere bilakatzen da, istorio osoan zehar hain presente dagoen berpizkundearen diskurtsoa borobildu eta ongia eta gaizkia norbere barnean daudela azpimarratzeko balio duena.

MadMax2Giza dilema hauen ondorioz, Citadelera itzulerako jazarpena nabarmen esanguratsuagoa eta emozionalagoa da, planoen etengabeko segida bizia pertsonaia aberatsagoen prismaren bitartez ikusten baitugu. Immortan Joeren tropak etengabeko eraso bortitzen bidez gerturatu eta heriotza ate joka izatearen etsipen eta itogarritasun sentsazioa indarrez transmititzen da. Gizatasuna esplorazio lanketa honi esker, Millerrek lortzen du iradokitzea erregimenaren babesle ziruditen horiek ere obeditzera beharturiko esklabo izan zitezkeela, protagonistak indar zapaltzaileak gainditu eta Citadelera itzultzean askeago sentitzen baitira. Indar diktatorialak porrot egin eta herri xeheak boterea lortzen duen unea bikaina da, zapalduek askatasuna eskuratu eta benetan euren buruaren jabe izatea posible dela transmititzen duelako.

Akzioa hain presente izanik film onenaren Oscarra irabaztea zail duen arren, esan liteke “Mad Max: Fury Road”ek azken urteetan pilotu automatikoarekin funtzionatu duen generoari freskotasuna eman eta esperientzia zinematografiko boteretsua eraikitzeko balio izan duela. 2017ko “Mad Max: The Wasteland” jarraipena baino lehen, ikustekoa izango da otsailaren 28ko gauean George Millerren lantaldeak zein modutan jasotzen duen bueltan egindako lan bikainaren onarpena.

Trailerra:

Joan den urtean Birdmanekin film eta zuzendari onenaren Oscarrak irabazi ostean, Alejandro G. Inárrituren lan berria zinemazaleek gogo biziz esperotako pelikula bilakatu da. Oraingoan, ordea, erregistroa erabat aldatu eta abentura, galera eta biziraupena konbinatzen dituen kontakizun epikoaren alde egin du zuzendari mexikarrak. Errodatze lanak 2013an abiatu arren, hiru urte behar izan ditu Iñárrituk erabat osatzeko, obraren anbizioaren erakusle.

The Revenant1Michael Punken liburuan partzialki oinarritua, The Revenant Hugh Glass esploratzailearen istorioa da, hartz baten eraso bortitza jaso ostean larriki zauriturik geratu eta bere kideek abandonatzen dutena. Bazterketa hori abiapuntutzat hartuta, mendekua, naturaren garrantzia eta gizakiak bizi duen inguruarekin ezartzen duen erlazioa esploratzen ditu istorioak, erritmo geldo bezain gozagarriaren bitartez. Alor teknikoa berriz ere maila gorenekoa izan da, bereziki Emmanuel Lubezkiren argazkigintza apartari esker. Hartualdi bakarreko sekuentzia luzeek ikuslea filmean erabat barneratzen dute, bereziki akzio eta borroka eszena lazgarrietan, ingurune basati horren parte sentiaraziz..

Zentzu estetikoan ere paisaia naturalak ilustratzen dituen argazkigintza zirraragarria da, tokian tokiko paraje liluragarriak erakustetik haratago joan eta Glass protagonistak bizi duen errealitatearekin konektatzeko balio duelako. Naturak bere bizirauteko grinan duen dimentsioa istorioak aurrera egin ahala handitzen da, ingurune horiek baitira izaki bizidun ororen existentzia posible egiten dutenak. Elur-jauzia izugarria begiesten duenean transmititzen da modu esplizituenean bidaian zehar jasan duen bilakaera; naturaren boterearen testigu izan eta bera baino indar gehiago duen hori errespetatzera igarotzen da.

Aparteko aipamena merezi du Leonardo DiCaprioren antzezpenak. Urteetan zehar askotariko pertsonaien azalean jarri eta interpretazio gogoangarriak eskaini arren, behin ere ez du lortu Akamediaren onespena, askotan ere aurrez aurre lehiakide gogorrak topatu dituelako. Oraingoan, ordea, urrezko estatua eskuratzeko faborito argia da, The Revenanten maisutasun hori beste maila batera eraman duelako. Hitzik gabe, gorputz eta aurpegi espresioekin transmititzea izan ohi da aktore batek gauzatu dezakeen lan gorena, hain zuzen ere DiCapriok ia film osoan zehar egiten duena. Pairatzen duen egoera lazgarriaren ondorioz sorturiko sufrimendua, beldurra, bizirauteko sena… indar handiz transmititzea lortzen du istorio osoan zehar.

Hasierako akzio eszenak ikusgarriak eta progresiboki pitzatzen doan talde dinamika interesgarriak izan arren, filma mamitsuen bihurtzen da Tom Hardyk inspiratuak antzezturiko Fitzgerald kide indibidualista eta egoistak Glass abandonatzen duenean. Ordutik aurrera, ezintasun fisikoak mugatzen duen arren, askatasunera bidea abiatzen du Glassek, bere kabuz berpizten da, bai fisikoki eta baita espiritualki ere. Azken finean, DiCaprioren pertsonaia da bi munduen artean lotura egin dezakeen bakarra, animalien larruak bildu eta euren boterea areagotu nahi duten gizon zurien parte izan arren, tribu indigenekin lotura estua duelako emazte eta semearen ondorioz. Mendeku bila abiatzen duen bidaia, giza arimaren esplorazio bilakatzen da azkenerako; bidean topatzen dituen ingurune eta pertsonek bere nortasuna eraldatu eta basakeria gizatasun bihurtzen dute.

The Revenant2Mistizismo hori islatzen saiatu eta Terrence Malicken estilora hurbiltzean arriskatzen du gehien Iñárrituk, ez baitu halako sentsazioak indar berberarekin azaleratzea lortzen. Hala ere, argumentua txukuntasunez borobiltzen du film amaieran, Glassek Fitzgerald akabatu ordez hilzorian errekan behera joaten uzten duenean. Une hori zinez boteretsua da, istorioaren bi mezu nagusiak azaleratzeko balio duelako. Alde batetik, mendekuak eragindako hustasun existentziala, bi gizonen arteko lehiatik haratago indigenekin duten amaigabeko gatazkaren erdiguneko arazo ere badelako; bestetik, naturaren eta izaki bizidun ororen eta aldeko gorazarrea, norbere interesen alde bakarrik eginez gero dekadentzia izpiritual hori bizi dugun ingurunera aplikatu daitekeen zerbait delako. Bizia ematen digun ingurunea eta bere dibertsitatea babestu ezean, auto suntsipenerako bidean amilduko gara Inárrituren ustetan.

Eztabaidaezina da The Revenantek bere horretan duen kalitatea, bai estetikoki eta baita dramatikoki ere. Dena den, film onak film ahaztezin bilakatzen dituen sugar hori falta du, edonola ere konparatu ezin diren arren erreferentzia hurbilena denez, zuzendari mexikarrak Birdmanen transmititzea lortu zuen erraietarainoko kemen hori. Horixe izango du Oscarra irabazteko bidean oztopo nagusia, epaimahaikideak filmeko inguruak bezain izoztuta geratzearen arriskua.

Trailerra:

Entretenitzeko gogoz joan ohi gara maiz zinemara, ondo pasa eta eguneroko jardunetik deskonektatzeko ihesbidearen bila. Inertzia hori jarraitzen du Hollywoodeko ekoizpenen gehiengo zabalak. Baina badira film batzuk, lantalde osoak norabide berean eginiko lan paregabearen ondorioz, haratago joatea lortzen dutenak, ikuslearekin erabat konektatu eta barne-barneko sentimenduak azaleratzea lortzen dutenak. Horietako bat da “Carol”, Todd Haynesen lan berria.

Carol1Patricia Highsmithen “The Price of Salt” nobelan oinarritua, istorioko pertsonaien karakterizazioak aukera dramatiko mamitsuak zabaltzen ditu hasieratik, Carol eta Theresek lehen aldiz elkar begiratzen duten unetik desio sutsua komunean izan arren, errealitate erabat ezberdinak bizi baitituzte. Adinak eta gizarte-klaseak baldintzatzen ditu bakoitzaren bizimodua eta nortasuna bera. Inozentzia eta hauskortasuna nagusi Theresen kasuan, habia utzi berri duen txoriaren gisara; porrot egin duen bizi proiektuaren zama eta aske izateko nahia Carolen kasuan. Beldurrak eta arazoei aurre egiteko modu kontrajarriak, ordea, elkarren arteko erakarpenean parekatzen dira. Bikotearen magnetismoa erabatekoa da lehen unetik, begiradek elkar topo egin eta ezingo dute inoiz ahaztu. Horixe bera lortzen du filmak, ikuslea begirada horien gatibu izan eta ondorioz istorioarekin liluratuta geratzea.

“Carol” bikote erlazioa esploratzen hasten bada ere, hau da, bi indibiduoren arteko erakarpena, azkenerako familia, zoriontasuna eta askatasuna bezalako gai handientsuen esplorazio bilakatzen da, beti ere garaiko gizarte konbentzioek duten indarra azpimarratuz. Emakumeak familiaren egituraketan duen menpekotasuna, homosexualitatearen bazterketa, askatasuna eta nortasunaren arteko lotura estua… bikotearen bizitzak baldintzatzen dituen estandarrak hainbatetan entzun ditzakegu filmean zehar irrati edota telebista esatarien ahotan eta elkarren arteko erlazioa are mistikoagoa bihurtzea eragiten dute. Horregatik da hain zirraragarria nola bizitzan zer nahi duen jakin ez arren, Therese gazteak, arrazionaltasunetik haratago doan sentsazio batek mugiturik, familia galzorian duen emakumearekin bat egiten duen, zoriak elkartuko balitu bezala. Horixe dio hain justu Carolek, ez dela kasualitatea elkar ezagutu izana, eta horixe bera topatzen du azken finean Theresengan: familia berri bat, modu sinboliko eta onirikoan bada ere, zorigaitzeko bizitzatik libratuko duen aingeru miresgarria.

Zinemagintza eta lanketa estetikoa ere apartekoak dira. Bere obran luzaroan eta askotariko perspektibetatik landuriko 50eko hamarkadaren erretratu elegante bezain xehe eta zehatza osatu du Todd Haynesek Ed Lachman argazkigintza zuzendariaren laguntzarekin, oraingoan inoiz baino eleganteagoa. Enkoadraketa bakoitzak pertsonaien barne sentimenduak eraginkortasunez ilustratzeko balio du eta hitzik gabe, begiratuen bitartez bakarrik, ikuslearekin konektatzea lortzen du. Honen erantzule dira hein handi batean Cate Blanchett eta Rooney Mara, biak ala biak zirraragarri, ezin hobe euren roletan, baina baita istorioa garatzerako orduan erabilitako trikimailu dramatikoak ere. Zentzu honetan, aparteko aipamena merezi du filma irekitzen duen eszena errepikatzeak. Pertsonaietara gerturatu eta euren gora beheretan sakondu ostean berriz ere puntu horretara itzultzea adimenez beteriko erabakia da, eszena hori bera bigarren aldiz ikustean ez baitugu beste pertsonaia baten perspektibatik hautematen soilik alor teknikoan, baita emozionalean ere. Ordurako ikuslea erabat barneratu da bikotearen bizitzan, bata zein bestearen inguruan lehen ezagutu gabeko informazio mordoa du eta horrek eszena berberaren dimentsio dramatikoa areagotzen du.

Carol2Filma izugarri aberatsa da, begirada, keinu edota kokaleku bakoitzaren argiztapenak pertsonaiek sentitzen dutena iradokitzen duelako; horrek filmak ikusle bakoitzaren interpretazioaren araberako forma hartzea ahalbidetzen du. Carol eta Theresen arteko erlazioak desioa, manipulazioa, amodio edota burjabetza nahasten ditu denak batera, azaletik erakarpen istorio arruntaren itxura eman dezakeenari ñabardura izugarri aberasgarriak gehituz. Horixe bera lortzen du Phillip Glassen konposaketak oinarritzat hartzen dituen Carter Burwellen soinu banda epikoak. Musikak erabateko pisu dramatiko hartzen du istorioaren kontakizunean eta pertsonaien barne sentimenduak azaleratuz eszena bakoitza beste maila batera goratzea lortzen du. Kontakizunaren erritmoa eta intentsitatea ere modu zirraragarrian erregulatzen ditu, irudi eta soinua elkartuta emaitza artistiko gorena erdiesteraino.

“Carol”ek ez du une batean ere klimax markaturik bilatzen, bikotekideek zenbat iraungo duen ez dakiten bidaia horretan zehar bizitako esperientzia besarkatzen du eta horrek bilakatzen du, hain zuzen ere, hain boteretsua filmaren amaiera. Carol eta Theresen erlazioa gizarte-mailaren, garaiko konbentzioen eta adin tartearen ondorioz hoztu egiten den arren, bikoteak hitzekin azaldu ezinezko zirrara mantentzen du, elkar elikatzen duten begiraden indarra, pantaila gainditzen duten irudien edertasuna. Oscar sarietan film onenen artean hautatua izan ez den arren, urteko lan boteretsuenetakoen aurrean gaude, zalantzarik gabe.

Trailerra:

Joan den astean estreinatu zuen EiTBk “Txarriboda” euskarazko thrillerra. Garrantzitsua izan ohi da euskal zinemagintzaren nondik norakoak gertutik jarraitzea, are gehiago azken urteetan ekoizpena nabarmen handitu denean. Garaño eta Goenagaren “Loreak” filmak Oscarretarako bidean izandako bultzadak balio izan du gurera errespetu gehiagorekin begiratzeko eta badirudi iraganeko tabuak pixkanaka gainditzen hasi garela.

Txarriboda1“Txarriboda”k polizia thrillerraren oinarri klasikora jotzen du eta ikusleak ezin ekidin egoera horiek beste hainbat filmetan ikusi izanaren sentsazioa izatea. Honek gertaeren segida aurreikustea errazagoa izatea eragiten du eta, modu batean, thrillerraren berezko tentsio edota ezustekoaren inpaktu hori galtzea. Baina istorioaren jarduna naturaltasunez garatzen da, erritmo gustagarrian, eszenak ez dira astunak egiten eta irudien kateatze egokiaren bitartez pertsonaien barne kezkak islatzea lortzen dute Rebollo eta Gordejuela zuzendariek.

Interes nagusia, hain zuzen ere, azken puntu honetan dago, pertsonaien karakterizazioan. Alor hau da modu interesgarrienean landu dutena. Pertsonaiei banan-banan erreparatuz gero, ohartuko gara euren jokamoldeek egun gizartean pil-pilean dauden jarrera eta gatazka sozialekin lotura estua dutela. Esaterako, goi mailako enpresako langilea da diru gosez hilketak gauzatzen dituena. Nork esango luke gizartean hain errespetatua den kargu bateko pertsona batek halakorik egingo lukeenik? ez al dira kalean bizi direnak edo itxura erasokorragoa duten horiek lehen kriminalizatuak? Filmaren hasieran pertsonaiaren alde gizatiarrena ere azaltzen da, hau da, ez da psikopata gupidagabe bat, aita izan nahi duen gizona baizik. Enpresen boterearen erretratuaz gain, beraz, emakumeen bortxaren gaia mahai gainean jartzeko ere balio du Mikel Losadaren pertsonaiak.

Txarriboda2Polizia estazioko burua, aldiz, erretxindutako gizona da, errepresio metodo tradizionalak baliatuz bere botere espazioan eroso bizi eta, kanpotik, ezagutza gehiagorekin etortzen den emakumeari nahi bezala lan egiten uzten ez diona. Matxista eta autoritarioa, ustelkeriaren ordezkari ere bada, arazoen aurrean konponbide sinpleena aukeratu eta beste aldera begiratzearen aldekoa. Itziar Atienzak antzezturiko detektibeak bete-betean egiten du talka bere pertsonaiarekin, lana egitera mugatzetik haratago, justizia bilatzea da bere helburua. Iragan malkartsutik ihes egin nahian, krimen hauek argituz gero bere nahiak baldintzatu dituen sufrimendua arinduko duela espero du. Honen bitartez, hain maskulinoa den espazioetan emakumeak duen papera ere esploratzen du filmak, egunerokotasunarekin lotura hori mantenduz.

Akaso hainbat elkarrizketek oraindik ere behartuak izatearen sentsazioa ematen dute, naturaltasun faltan, baina estimatzekoa da sortzaileek euskalkien aldeko apustua egin izana; euskara batu, zurrun eta artifiziala erabili ordez tokian-tokiko hizkerak pertsonaia bakoitzari sinesgarritasun gehiago ematen dio.

Zinemagintzari dagokionez, “Seven” edota “Tesis” bezalako obrak datozkigu burura filmean zehar hainbat unetan, eta “Txarriboda” aurrekontu, lantalde, baliabide eta abarren ondorioz klasiko hauen aldean karikatura mugatua besterik ez den arren, kanpoaldeko kokalekuetan filmatu izanak aberastasuna eta ikusgarritasuna ematen dizkio. Pelikularen sorkuntza bera pozgarria da, euskarazko filmek egin beharreko bidea marrazten duelako. Pixkanaka baina etengabe hazten ari den euskarazko ekoizpena kolore berriz betetzeko balio du Rebollo eta Gordejuelaren lanak.

Trailerra: