urtarrila, 2016 -en artxiboa

Urteetan zehar estilo bereizgarria landu izanagatik bere obrek onarpen zabala izan dute nazioartean eta Hollywoodeko industriaren bihotzean bestelako diskurtsoak garatzea posible dela sarritan frogatu du. Baina, beste edozeren gainetik, celebrity bihurtu zen aspaldian Quentin Tarantino, zinemagintzatik askoz haratago doan pop fenomenoa. “The Hateful Eight” film berriak bere ospearen pareko aurreikuspenak sortu zituen hasieratik, are gehiago joan den urtean gidoia Interneten filtratu eta zuzendari estatubatuarra proiektua bertan behera uzteko zorian egon ostean.

TheHatefulEight1Ennio Morriconeren soinu banda epikoa Wyomingo paraje izoztuen laguntzaile ezin hobea da filmaren hasieran, une batez badirudi konpositore entzutetsua hainbatetan maisutasunez musikatu dituen western klasikoetara hurbiltzear dagoela. Baina istorio berrian Tarantinok tentsio uneen eta geldotasunaren alde egin du,Django Unchained”en nagusi zen abenturaz beteriko kontakizunaren ordez, eta horren erakusle da musika bera. Abiapuntuak badu Reservoir Dogs”en kutsua, argumentua pertsonaien arteko gatazkaren bihotzean hasten baita; ikusleak euren arteko harremanak perspektiba mugatu baten bitartez hautematen ditu eta osotasunean ulertzeko denbora behar du. Norabide berean eragiten du istorioa kokaleku itxi batean garatzeak, modu horretan ezerezaren erdian galdutako etxe itxi batera mugatzen baititu Tarantinok mugarik gabeko nortasuna duten pertsonaiak.

Iraganeko hainbat pasadizok indarra hartzen dute istorioak aurrera egin ahala eta horrekin batera baita pertsonaien arteko elkarrizketa biziek ere. Tarantinok gertaera bakoitzari zuku guztia atera eta hartu-eman dinamikoak plazaratzeko gaitasuna mantentzen du. Umore beltzak ere presentzia handia du, betiko legez, absurdoaren muturrera iristeraino; Samuel L. Jacksonek fantasiazko sexu istorio baten bitartez Bruce Dern asaldatzea lortzen duen eszena da hauen artean aipagarriena, ezbairik gabe. Zentzu honetan, obra berriak antzerki nortasuna transmititzen du maiz; istorioaren atal bitartezko kontakizun zatikatuaz gain, kameraren fokua pertsonaien artean txandakatzen du gela bakarrean, bigarren mailan geratzen direnak koreografia koordinatu baten parte izango balira bezala.

Honaino filmak funtzionatzen du, errealitatea osotasunean hauteman ezin izatean ikusle bakoitzaren garunak interpretazio ezberdinak eraikitzen dituelako. Baina hori da, hain zuzen ere, Tarantinoren akats nagusia, etxolako pertsonaiak bertara nola iritsi diren azaltzeko flashbacka erabiltzea. Kontakizun esplizituak azalpenik eman gabe pertsonaien artean sor zitezkeen dinamika aberatsei atea ixten die.

The HatefulEight2Bukaerako odol festarekin batera komedia beltza indar eta eraginkortasun osoz berreskuratu arren, arimarik gabeko film baten aurrean egotearen sentsazioa nagusitzen da amaieran, bere obra klasikoek eragindako erreakzio kartsuetatik oso urrun geratzen den lana. Izan poza, haserrea, gozamena, sufrimendua… zinemaren xede nagusia sentimenduak transmititzea da eta pelikula osatzeko Kurt Russel, Jennifer Jason Leigh, Tim Roth, Walton Goggins… maila goreneko hainbat aktore batu dituen arren, oraingo honetan Tarantinoren lana azalean geratzen da, pertsonaietan apenas sakondu gabe, ia hiru orduko entretenimendu obra hutsean.

Azken eszenak bizitasun berezi bat ematen dio filmari, Lincolnen gutunaren bitartez pelikulan zehar jorraturiko hainbat kontzeptu modu metaforiko bezain makabroan gorpuzten baitira. Alde batetik, AEBen erretratu hipokrita eta zorigaitzekoa azpimarratzen du Tarantinok, Lincolnek aldarrikatzen zituen askatasuna eta aurrerapena, etxola barnean dena hankaz gora jarri eta elkar akabatzen duten zortzi indibiduo erretxinekin alderatuz. Hau, ordea, egungo gizartera aplikatu dezakegun printzipioa ere bada. Egoak bultzatuta ezinbestean auto-suntsipenera gidatzen gaituen gizartea eraiki al dugu? Interesgarria da halako hausnarketei erreparatzea, Tarantinoren oinarrizko planteamenduak, eta ondorioz baita ikusleen gehiengoak ere, entretenimendua lehenesten duen arren.

Trailerra:

Shakespearen obra esanguratsuenetakoa izateaz gain, literaturaren tragedia garrantzitsuenetako bat ere bada Macbeth. Orson Welles edota Roman Polanski zinegile laudoriotuek obra klasikoa esploratu zuten bere garaian, eta oraingoan moldaketa berria ekarri digu 2011n Snowtown lazgarria osatu zuen Justin Kurzelek. Hasieratik nabari da zuzendari australiarraren esku hartzea, giza nortasuna gordintasun osoz aztertzen baitu; pertsonaien baloreak, desioak, ezintasuna… sentimendu oro ikuslearen erraietaraino iritsaraztea lortzen du irudien eta musikaren konbinaketa boteretsuaren bitartez. Hasierako gerra eszenatik indar handiz transmititzen den zerbait da hau, Kurzelek ez ditu elkarren aurka borrokatzear dauden pertsonak gaizkile gisa erretratatzen, baizik eta bizitza galtzearen beldurrez, amorrua eta adorea nahasi eta euren alderdi basatiena azaleratzen duten zorigaitzeko gizaseme bezala.

Macbeth 1Shakespearen obran zehar bereizgarri diren botere gosea, gezur eta traizioen gai nagusiak oso presente daude film osoan zehar. Michael Fassbenderrek maisutasunez gorpuzturiko errege eskoziar eroak ezin du kontrola sekula mantendu odol eta ankerkeria gorenaren bitartez eta krimen perfektuan behin eta berriz huts egitea bere gainbeheraren iragarle garbia da. Zentzu honetan, zinez interesgarria Kurzelen pertsonaia lanketari erreparatzea, Macbeth berez maltzurra den gizona bezala erakutsi ordez, gudari trebe eta adoretsu gisa aurkezten baitu, armadako buruzagi eta oinordeko prestuena. Odolezko oinordekotza tradizionalak mugatzen du bere boterea areagotzea eta horrek eramaten du azken finean hilketa gupidagabea gauzatzera. Baina akabatu berri duen Duncan erregearen semeari ihes egiten uztea da, hain zuzen ere, bere gizatasunaren erakusle.

Gezurretatik ihes egiteko ezintasunaren sinbolo ederrena, ordea, lengoaia bera da. Kurzelek hitzen bitartez Shakesperen esentzia harrapatu du pelikulako elkarrizketa bakoitzean. Hainbat eta hainbat aipu nobelatik bertatik hitzez hitz eratorriak, hainbeste metafora dituzte bere baitan, entzunaldi bakoitzak denbora luzez hausnartzeko moduko gogoeta mamitsuak plazaratzen dituela. Prosa bereizgarri horrek gainera, pertsonaien nortasuna eta eszena bakoitzeko sentimenduak are gehiago anplifikatzeko balio du, sekulako indarra eta aberastasuna ematen dio istorioari.

Macbeth 2Haur baten heriotzara irudikatzen hasten den filmak ezin modu zoriontsuan bukatu, Shakespearen tragedia oro bezala, geroz eta itogarriagoa eta ilunagoa bilakatzen da progresiboki eta pertsonaien agonia horrekin batera hondoratzen da ikuslea, isiltasuna eta samina areagotzen baitira bikote protagonistaren harremanean. Gurutzeko su bitartezko hilketa makabroa edota Marion Cotillardek betiko agur esan eta hiru emakume behatzaileak besarkatu aurretik Macduffen herrixka suntsituan inoiz heziko ez duen haurrarekin izandako bakarrizketa poesia hutsa dira, erabaki eraldatzailea hartu zutenetik arrastaka daramaten zama astunaren sinboloak. Modu batean, ezin diote ihes egin aurrez idatzia dirudien patu lazgarriari, euren ekintzak norabide batean edo bestean bideratu arren, hainbatetan aipatzen duten botere jainkotiar gorenak baldintzaturiko ezinbesteko patua dirudi.

Mistizismo hori istorioaren amaiera aldera are esanguratsuagoa bilakatzen da, emakumetik jaio ez den haurra heriotzaz blaituriko ingurune gorrian murgiltzen denean. Misteriotik haratago, ordea, sekulako giza filmaren aurrean egotearen sentsazioa gailentzen da, barreneraino iritsi eta sentsazio indartsuak eragiteko gaitasuna duen kontakizuna. Musika, poesia, ingurune natural ikusgarri bezain etsigarriek eta gizakiaren erretratu tragikoak bat egiten dute literaturaren historiako obra esanguratsuenetako baten moldaketa zinematografiko bikaina osatzeko.

Trailerra: