azaroa, 2015 -en artxiboa

Igitaia eta Maca, baserria eta hiria, tradizioa eta aurrerakuntza… Bi mundu kontrajarrik talka egiten dute Amaman. Asier Altunaren film berriak jarraipena eman nahi dio Goenaga eta Garañok euskal zinemagintzan ireki duten oparotasunezko bideari. Bergarako zuzendariak ere laburmetraien eskolan findu du bere estiloa urteetan zehar eta funtsean euskalduna den obra bat eraiki arren, mezu unibertsala transmititzea erdietsi du.

Sustraien inguruko filma da Amama. Zuhaitzak lurrarekin batzen dituzten sustraiak, familia bat bere iraganarekin elkartzen dituzten horiek berak, generazio bat bestearekin elkartzen dituztenak… Erritmo geldoak, isilune luzeek eta estetikoki maisutasunez landuriko natura txoko bakoitzak ikus-entzunezko poema baten aurrean egotearen sentsazioa eragiten dute, azaletik haratago begiratuz gero erraietan duen indar dramatikoa erakusteko balio duena.

Amama1Isiltasuna baserriko bizitzaren linealtasuna islatzeko elementu ezin hobea den arren, elkarrizketei mami guztia atera die Altunak. Filmaren unibertsoa osatzen duten pertsonaien arteko hitz eta ekintza bakoitzak talka nagusi horren konplexutasuna aberasteko baliatu ditu iradokitzeko gaitasuna duten eszena adimentsuen bitartez. Aita eta seme-alaben arteko elkarrizketa inspiratuak dira honen adierazle garbiena, garai ezberdinetan jaio eta hezi izanagatik elkar ulertu ezin izatera kondenatuta diruditenak.

Errealizazio aldetik ere lan zirraragarria da, bereziki mugarik gabeko muntaiaren bitartez esploraturiko abstrakzioari esker. Askotariko kolore eta ehundurek pantaila aurrean ikusten ditugun irudiei izaera mistikoa ematen diete, sakontasunean konprenitu eta interpretatzeko ikustaldi bat baino gehiago exijitzen dutenak. Lurrarekiko dugun lotura modu metaforikoan islatzen dute Amaiaren (Iraia Elias) ahurrean marrazturiko zuhaitzen sustraiek edota film amaieran amama omentzen duen erakusketa artistikoak. Arrazionaltasuna eta arimaren arteko loturaren inguruko hausnarketak plazaratzen dituzte. Zentzu honetan, esanguratsua da Amaiak ingurunea kameraren bitartez harrapatzeko duen sena, iragana eta etorkizunaren arteko dinamika hori bera indartzen duelako. Modu batean, Amaiak presa du bere horretan jarraituko duen natura filmatzeko, baina, aldi berean, bere sustraien oinarriak iruditan harrapatu nahi ditu etorkizunean, halabeharrez jatorriarekin mozten duenean, nondik datorren inoiz ez ahazteko.

Baina istorioaren koadroa osotasunean ulertzeko ezer esan gabe dena esaten duen amamari erreparatu behar diogu ezinbestean. Begirada eta gorputz keinu murritz baina boteretsuek inguruan dituen pertsonaiak egozteko balio dute, baita euren nortasuna anplifikatzeko ere. Azken finean, ezer ez esate horrek bakoitzaren jokamoldea eta barne pentsamenduak are azalekoago bihurtzen ditu. Talka egiten duten pertsonaia horiek, ordea, badute zerbait komunean: amamaren epaiak baldintzatuta hazi, hezi eta heldu izana. Euren sorbalden gainean daramate jaiotzetik markaturiko nortasunaren zama.

Amama2Fokua pertsonaietan ezarri eta, istorioa garatu ahala, baserriak haritzen dituen erlazioen alor ezberdinak esploratzea ere aberasgarria da. Hasiera batean Amaiarengan zentratua dirudien kontakizunak Kandido Urangak bikaintasunez antzezturiko aitaren figura hartzen du erdigune amaiera aldera. Traktorea maldan behera jausi eta piezaz pieza hausteak edota urteetan zehar hazitako arbola mozteak etengabe aldatzen ari den munduaren aurrean Urangaren pertsonaiak bizi duen ezintasuna indar handiz irudikatzen du, inoiz itzuliko ez den bizimodua pixkanaka galtzearen samina. Moztutako arboletik sorturiko hazi berriak, ordea, itxaropena pizten du, naturak generazioen gainetik bizirauteko duen gaitasuna sinbolizatuz.

Filmaren amaieran gorpuzten da sustraiak indarrez heldu eta jatorria ez alboratzearen argumentua. Materia eta ideia modernoek baserria inbaditu duten arren, nondik gatozen gogoan izatea azpimarratzen du Amamak, aurrera egin ahal izateko atzean uzten duguna ez ahaztearen garrantzia. “Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak” kantatu zuen Letek, hitzak sentimenduz bete zituen Laboak eta hitzik gabeko doinuen bitartez eman dio jarraipena Mursegok hari berdin horri. Mendeetan zehar oinordetzan harturiko baloreek gure baitan sustraituta jarraitzen dutela defendatzen du Altunak, azken finean, baserria egun instituzio gisa ezbaian egon arren, natura, bihotzean daramaguna bezala, hilezkorra delako.

Trailerra: