urria, 2015 -en artxiboa

Zinemaren estiloa telebistara aplikatu izana. Horixe da Steven Soderberghen The Knick telesail iraultzaileak egindako ekarpen nagusia. Cary Fukunagak zuzenduriko lehen denboraldiaren bitartez True Detectivek ere autorezko estiloaren alde egin zuen arren, Soderbergh haratago doa, zuzendari rolaz gain, gidoia, kamera lana, artea eta estetikaren trataera… istorioaren osotasunaren erantzule da, arlo guztietako xehetasunen arduradun nagusia.

The Knick 1Bigarren mailako garrantzia izan du itzulerako atalean istorioaren erdigune den Dr. Thackery medikuak, beste pertsonaiengandik urrun topatu dugu. Lehen denboraldian haritutako kontakizun koralak, ordea, posible egin du gainontzeko pertsonaien bitartez abiapuntu aberatsa eraikitzea. Jadanik euren izaera eta motibazioak markatzen dituzten gertaera erabakigarriak bizitu dituzte denek, ikuslearen begietara euren barne dilemak berasten dituzten bizipenak, eta horiei modu inspiratuan egin die erreferentzia Soderberghek itzulerako atalean, bereziki begirada eta plano egokien bitartez, norbere desioen inguruko ezkutuko esanahia mamitsuak iradokitzea lortu du. Telesailak lehen emanaldia maisutasunez osatu zuela orain baloratu dezakegu behar bezala, itzulerako atal bakarrean arrazismoa, abortua, droga menpekotasuna eta enpresarien negoziaketak bezalako gaiak konbinatu eta pertsonaien arteko erlazioek eman dezaketen joko dramatiko izugarria islatzea lortu du.

Pertsonaien arteko loturak sakontzearekin batera, XX. mende hasierako gizartearen konbentzioetan esploratzen jarraitu du telesailak. Protagonisten arteko erlazioak garai horretako ohitura eta tradizioen menpe daude erabat, sexu eta arraza konbentzioak erabakigarrienak. Medikuntzaren orduko izaera esperimentala ere kontakizunaren erdigunean dago eta mende bakarrean izandako bertigozko aurrerapenen inguruko hausnarketak plazaratzen ditu. Ebakuntza eszena gordin eta esplizituak xehetasun handiz osatuak daude eta halako egoera delikatuetan pertsonaien emozioek dimentsio are zabalagoa bat hartzen dute. Horrez gain, lanketa estetiko orokorra txalotzeko modukoa da. Kokaleku bakoitzaren argiztapena eta egoera bakoitza enkoadratzeko moduaren bitartez egoera dramatikoei jarraipena emateko abilezia izugarria erakutsi du Soderberghek. Une berean gertaera mordoa jazotzearen sentsazioa adimenez harrapatu dute eraikuntzaren txoko batetik bestera garraiatzen gaituzten plano sekuentzia laburrek.

The Knick 2Soderberghek urteetan zehar zinemagintzan findu duen estilo pertsonala telebistaren formatu zatikatura aplikatzearen aldeko apustua egin eta izugarrizko emaitza lortu du. Dramatikoki, estetikoki eta sozialki kapa ezberdin mordoa esploratzen ditu The Knickek eta, itzulerako atalean, estreinako denboraldian landutako elementu guztiak beste maila batera eramateko asmoa berretsi du. Parekorik ez duen telesailak osatzeko estiloaren bitartez, zuzendari estatubatuarraren obrak aurrekaria ezarri dezake etorkizunean ildo bereko proposamenetan sakontzeko. Goza dezagun bere bikaintasunaz.

Hurrengo ataleko trailerra:

Berlinale jaialdiko film arrakastatsuenen artean izan da Pablo Larrain zuzendari txiletarraren El Club obra berria. Txileko kostako herri txiki bateko etxe isolatu batean bizi diren lau gizon eta emakume baten egunerokoa abiapuntu hartuta, Larrainek gizakiaren erretratu lazgarria jorratzen du. Erlijiotik abiatu eta jainkotasunaren hipokresia kritikatzea helburu duen arren, filmaren meritua askoz haratagoa joatea da. Gizakiaren alde ilunena esploratzen du, beste edozeren gainetik. Garcia Aitaren etorrerak eta Sandokanen agerpenak, protagonisten bizitzetan lurrikara eragiten dute, etxe barneko erosotasunan mehatxatuak sentitzen direlako.

Iristen ez den barkamena itxaroten igarotzen dituzte egunak eta urteak protagonistek; Jainkoa al da barkamena emango diena? Jainkotasunaren presentzia hain da urria, fedearen hutsunea hain nabarmena, giza ankerkeriaren inguruko istorioan bilakatzen dela El Club. Jainkoari erreferentzia egiten dion filmeko eszena bakoitzean sinesgarritasun falta sumatzen da protagonisten hitzetan, jainkotasuna predikatzen duten horien fede eta itxaropen falta, arimaren hustasuna azpimarratzeko.

El Club 2Hasieratik istorio makur baten aurrean egotearen sentsazioa transmititzen du filmak. Elkarrizketetan erabilitako lehen planoek pertsonaiek bizi duten ingurugiro itogarria modu ezin hobean transmititzen dute. Irudiaren trataerak ere tristetasun hori azpimarratzen du tonu gris eta goibelen bitartez. Etxe barneko eszenetan ere argitasunarekin joko adimentsua gauzatu dute pertsona bakoitzaren nortasuna eta egoera emozionala islatzeko. Kanpotik ongia ezartzera datozenak argiz beterik, etxe barnean zorigaitzean bizi diren apaiz ohien irudietan berriz, itzala eta iluntasuna dira nagusi. Ildo horretan, filmak moralitatearen inguruan plazaratzen dituen dilemak ere zinez interesgarriak dira. Eliza Katolikoak apaizgintzaren bitartez gizartean sustraitu dituen oinarri moralen ahulezia iragartzearekin batera, homosexualitatearen inguruko dilema sakonak planteatzen ditu. Pertsonaien arteko hainbat elkarrizketatan erreproduzitzea erdigune duten erlazio heterosexualetatik haratago ikusi ezin duen gizakiaren erretratua osatu eta gizarte konbentzioak zalantzan jartzen ditu.

Eztabaida interesgarria planteatzen du El Clubek: gizarteak estigmatizaturiko bortxatzaile eta pedofiloen atzean pertsona bat, sentimendu batzuk eta, zergatik ez, maitasun bat egotearen dilema, hain zuzen, aurrez ezarritako moralitateak ulertzea zailtzen digun maitasuna. Eztabaida are interesgarriagoa bilakatzen da bortxaketaz kexu den Sandokanek bere lehen erlazioak beste apaiz batekin izan zituela ezagutzean, hain biziki maitatu zuen apaiz hori bera. Non amaitzen da bortxaketa eta non hasten da amodioa? Onartua baldin bada zilegi da? Eta zer egin gaztetan bortxatua izan arren mutiletan topatu badu plazer handiena? Dilema hau neskalagunarekin gozatu ezin duen Sandokanek irudikatzen du. Zentzu horretan, sexu eszena bakar bat ere film osoan zehar ez ikustea erabaki dramatiko inspiratua da Larraínen partetik, istorioaren gordintasuna eta ezintasunaren norabidea indartzeaz gain, iraganeko kontakizun esplizituen bitartez ikuslegoaren irudimenean halako egoerak eraikitzea ahalbidetzen duelako.

El Club 1Txakurraren hilketa da euren bizitzen hondoratzearen eta suntsiketaren metafora. Animalia iraganeko bekatuak eta egungo errutina saihesteko tresna bihurtu zen, film amaieran Sandokan gazteak ordezkatzen duen rola. Pertsonaien gainbehera eta istorioaren norabide fatalista berbera indartzen ditu, Garcia Aita iristean, ordura arte lasterketak irabazten zituen txakurrak porrot egitea. Horregatik, lazgarria da etxeko sekretu ilunak eta zorigaitzeko gizonen bizitza are kondenatuagoa izatea suntsiketa gehiagoren bitartez ekiditen saiatzen den emakumearen erabakia, zeinak komunitatea Sandokanen aurka jartzen duen.

Amaiera etsigarria da, euretako inork ez duelako egoeratik ezer onik ateratzea lortzen, pertsonaia guztiak are gehiago hondoratzen dira miserian, bai ikerketa gauzatu nahi duen Garcia Aita, bai haurtzaroko bortxaketen kexu den Sandokan, baita etxe barneko lau gizonak ere, zein baino zein bizi duen egoeraren presoago. Sentsazio horixe modu ezin hobean borobiltzen du filmaren amaierako “Cordero de Dios” abesti elizkoiak; Jainkoaren hustasuna, salbazio eza eta gizakiaren bakardadea azpimarratzen ditu.

Trailerra:

Coen anaiek mitoa sortu zuten, Noah Hawleyk zabaldu eta eraldatu. Ikusle eta kritikaren gorespena izan zuen joan den urtean estreinaturiko Fargok. Sorkuntza originala oinarri hartuta, Minnesotako lur izoztuetan jorraturiko istorioak beste hainbat kontakizun garatzeko duen potentzial dramatikoa ezagutu genuen, baina inork ez zekien Coen anaien obratik aldentzean telesailak hartuko zuen norabidea.

Fargo anaiakItzulerako atal inspiratuak argitu ditu zalantza horiek. Idazle taldeak bete-betean asmatu du askotariko dilema moralek kezkaturiko pertsonaien nortasunaren oinarriak ezarri eta euretako bakoitza istorioaren tonu makurra markatzen duen hilketa odoltsuaren inguruan elkartzerako orduan. Garaiko gizartearen erretratu fidela osatzen du familia eredu konbentzionalaren bitartez zoriontasuna bilatzen duen Jesse Plemons eta Kirsten Dunstek interpretaturiko bikote apalak, paradoxa moduan, zirrara eta bizitasuna hilketan topatzen duena. Bestelakoa da familiaren ondarea mantentzeko diru eta autoestimu faltan, iparra galdurik, hiltzaile bihurtzea bilatzen duen gaztearen kasua, bere amets eta fantasiak nahi baino azkarrago hondoratzen dira. Heriotzari hoztasunez baina oso gertutik begira topatu duguna gizonezko detektibea izan da, zeinak hilketa konplexuak argitzen lan egin arren, etxean borrokatu beharko duen galera mantso eta gordina, minbizia pairatzen duen emazteari laguntza eskainiz.

Hau guztia ezingo genuke garaiko testuinguru sozial eta politikoari erreparatu gabe ulertu. Denboraldian zehar errepikatuko direla diruditen sarrerako irudiek 70eko hamarkada amaieran gizarte amerikarraren bihotzean zabaldu zen garapena eta ongizate indibidualaren diskurtsoa harrapatzen dute. Etengabeko aurrerakuntza lehenetsi baina biztanleriaren barne arazoz kezkatzen ez den gizartearen miseria. Etekin eta zoriontasun indibiduala bilatze horretan, galduta bizi dira norbanako amerikarrak eta horrek eramaten ditu muturreko indarkeriazko ekintzak gauzatzera. Fargok irudikatzen duen unibertsoa amerikar ametsaren porrotaren erakusle garbia da, oparotasunaren atzean ezkutatzen den trauma makurraren isla.

Sortzaileek goibeltasuna umore bilakatzeko duten gaitasuna ere aski ezaguna da. Pelikularen izpiritu bihurri hori bera mantentzen du telesailak egunerokotasuneko jarduneko elkarrizketa topikoen hutsaltasuna esploratzean. Umore zantzuek funtsean hain lazgarria den dinamika hautsi eta freskatzeko balio dute, eta, inspirazioz landuz gero, istorioko pasarte dramatiko boteretsuenak absurdoarekin uztartu eta umore beltzezko une gogoangarriak eraikitzeko balioko dute.

Kirsten Dunst eta Jesse PlemonsAlor teknikoa ere txukuntasuna erakutsi dute. Muntaia lanketa originalaren bitartez pantaila zatikatu eta gertaera berbera lau angelu ezberdinen bitartez erakusteak nabarmen aberastu ditu hainbat eszena. Estetika bere osotasunean tentu handiz landua izan da, bai Minnesotako unibertso izoztu eta dekadentea islatzeko, baita eszena konkretuen ikusgarritasuna goratzeko ere. Hurrengo ataletan indartuko den odol festaren beroketa gisa balio duen tabernako eszena da honen erakusle nagusia, plano txandakatze dinamikoaren bitartez aukera dramatiko guztiak esploratzea ahalbidetzen duena. Pertsonaia bakoitzak harturiko erabakiek beste pertsonaietara gidatzen gaitu atalean zehar, elkarren arteko ezinbesteko patu fatalistaren sentsazioa handituz.

Ezin ahaztu Carter Burwellek Coen anaien filmerako osaturiko abesti epikoak telesailerako izan duen moldaketa, istorioaren tonua ezarri eta ikuslegoa kontakizunean barneratzeko balio duena. Lehen denboraldiko maisutasunari jarraipena eman eta istorio mamitsua osatzeko oinarri sendoa ezarri du Fargok, eta itzulerako atalaren maila dramatikoa mantenduz gero, udazkeneko telesail izarretako bat bilakatuko da, zalantzarik gabe.

Hurrengo ataleko trailerra:

Zinemaldia

Beste urtebetez, iraila amaierarekin batera, Donostiako Zinemaldiaz gozatzeko aukera izan genuen. Gazteriaren Epaimahaieko parte izanagatik kronika Zuzendari Berriak eta Horizontes Latinos sailetan zentratzen den arren, Sail Ofiziala, Perlak eta Zabaltegiko hainbat film ere nabarmendu ditugu, besteak beste. Segidan jaialdiko bederatzi egunek emandakoa.

Ostirala, 18

– PIKADERO

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Ben Sharrock

Herrialdea: Eskozia/Euskal Herria

Puntuazioa: 7

PikaderoGazteriaren akreditazioen entregen atzerapenaren ondorioz Amenábarren, “Regression”, lan berria galtdu arren, sorpesa atseginarekin abiatu genuen aurtengo edizioa. Ben Sharrock eskoziarrak moldeak hautsi ditu, ez bakarrik istorioa osotasunean euskaraz filmatu izanagatik, baita ekarpen artistikoarengatik ere. Zuzendari gazteak ipar-ekialdeko zinema europarrean topatu du inspirazio nagusia eta estetika zaindua eta plano luze bezain zabalen bitartez euskal gizartea orain arte ikusi ez dugun bezala islatzea lortu du. Plano geldien aukeraketa, ordea, ez da erabaki estetiko hutsa, etorkizuneko ezjakintasun eta zalantzen aurrean pertsonaien barne paralisia adimenez ilustratzeko erabaki inspiratua baizik.

Euskal tradizioetan sustraituriko baserriaren munduak eta gure izaeraren inguruko eszena komiko zein musikatuek ikuslearekiko hurbiltasuna handitzen dute, baina Sharrocken meritu nagusia krisiaren ondorioz inoiz baino eztabaida gehiago sortu duten gaiak istoriaoren erdigunean jartzea izan da. Lana, familia eta bestelako konbentzio sozialek gidatuta bizitza eta zoriontasunaren inguruko hausnarketa freskoa osatu du eskoziarrak, une batetik bestera drama leunetik umore absurdora igarotzeko gaitasuna duena. Amaiera luzeegiak filmari indar pixka bat kentzen dion arren, filmaren ekarpena txalotzekoa da, euskal zinemagintzan leihoa berriak irekitzen dituelako.

 Trailerra:

– THE KIRISHIMA THING

Saila: JAPONIAKO ZINEMA INDEPENDIENTE BERRIA

Zuzendaria: Daihachi Joshida

Herrialdea: Japon

Puntuazioa: 7

The Kirishima ThingJanopiako zinema independiente berriari eskainitako sail berezituaren barnean topatu genuen nerabezaroaren hauskortasunaren inguruko beste film inspiratu bat. Eskolako ikaskide baten ausentzia abiapuntutzat hartuta elkar ezagutzen duten gazteen artean garaturiko erlazioak esploratzen ditu filmak, bizitasun eta dinamikotasun handiz. Denbora tarte berean jazotako gertaerak ikuspuntu ezberdinen bitartez erakustea da Daihachi Joshidaren bigarren obraren ezaugarri aipagarriena, egoerak behin eta berriz errepikatu arren, aldi bakoitzean informazio berria eskaintzean ikuslea istorioan bete-betean barneratzea lortzen duelako.

Gazte garaiko identitate krisia islatzeko, segurtasun eza eta desioen hauskortasuna indar handiz harrapatzen ditu pantailan, baita guztiz galdu gabeko inozentziaren edertasuna ere. Estimatzekoa da aktore hain gazteen bitartez pertsonaien barne sentsazioak plano egokien bitartez gorpuzteko zuzendariak erakusten duen gaitasuna, sarritan elkarrizketak erabiltzeko beharrik gabe. Tabakaleran “In The Room”en proiekzioan sartu ez izanagatik amaitu genuen Príncipen filma ikusten, eta baita ederki gozatu ere.

 Trailerra:

– THE ASSASSIN

Saila: PERLAK

Zuzendaria: Hou Hsiao-Hsien

Herrialdea: Taiwan

Puntuazioa: 7

The AssassinJaialdiko lehen egunetako filmen artean ikuskizun handia sortu zuen horietako zen Cannesen zuzendari onenaren saria irabazi zuen “The Assassin”. Hou Hsiao-Hsienek bere obra berrian orain arte findu duen estilora elementu berriak gehitzeaz gain, txinatar kulturan bereizgarri den wuxia borroka-artearen generoa irauli du akziozko eszenak alboratu eta argazkigintza poetikoa eta pertsonaien samina lehenestean. Errealizazioa txalotzekoa da, pertsonaien nortasun eta barne gatazken kontrapuntu diren naturako paraje txundigarriak maisutasunez harrapatzen ditu kamerak, zelatan egotearen etengabeko sentsazioa bezala; zentzu estetikoan esperientzia paregabea da, zalantzarik gabe.

Modu batean, zuzendariak lortzen du transmititzea filma osatzen duen elementu oro harmonia perfektuan harituta dagoela, baina, obraren gorentasuna hainbestekoa da, ikusaldi bakarrean konprenitu eziniko lan baten aurrean egotearen sentsazioa gailentzen dela, are gehiago nekea denengan gailentzen den eguneko azken proiekzioa izanda. Hala ere, protagonistaren bihotz barnera begiratuz gero topatuko dugu filmaren funts nagusia, mendeku gupidagabea eta gizatasunezko sentimenduen artean galdurik zalantza egiten duen emakumea. Dinamika hau zinez interesgarria da, exekuzio sistemikoek bere helburura geroz eta gehiago hurbiltzea posible egiten dutelako, baina, aldi berean, mendekuaren oinarri emozionalak mantentzen duelako bizirik, mendekatzea funtsean sentimenduek bultzaturiko erabakia baita, eta sentitzea gizaki egiten gaituena.

Trailerra:

Larunbata, 19

– ONE OF US

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Stephan Richter

Herrialdea: Austria

Puntuazioa: 6

One Of UsLarunbata gazteriaren inguruko beste istorio batekin abiatu genuen, kriminaltasunarekin loturikoa oraingoan. Nerabezaroko ezjakintasuna eta identitate gabeziaren ondorioz arratoi gisa ikusiak diren gazteek gauzaturiko ekintza biolentoek komunitate txiki bateko biztanleen iritziak eta erlazioak eraldatzeko duen indarraren inguruko istorio tragikoa. Pertsonaien bizitza lineala adimenez islatzen dute supermerkatuko produktu automatizatu eta errepikakorrak erakusten dituzten erritmo geldoko planoek.

Pertsonaia ezberdinen arteko erlazioak zoriaren inguruan adimenez haritzen ditu Stephan Richter gazteak, bakoitzaren ekintzek ingurukoengan ondorio zuzenak dituztelako, baina baita eurek kontrolatu ezin dituzten pertsonen ekintzek ere. Gizonezko poliziaren kasua da honen adibide esanguratsuena, familia bizitza estandarra egitea bilatu arren, hiltzaile gisa kondenatua amaitzen duena, kanpo zein barne mamuen ondorioz. Benetako gertaeretan oinarriturik dagoen istorioa dela kontuan hartuz gero, gai delikatuak adimenez landu eta istorio orekatu bat lortu du. Pertsonaiei kapa gehiago gehitu eta nortasunetan ez sakontzearen ondorioz emozio-inpaktu handiagoa lortu ez izana da filmaren gabezia bakarra.

Trailerra:

– LA TIERRA Y LA SOMBRA

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: César Augusto Acevedo

Herrialdea: Kolonbia/Txile

Puntuazioa: 7

La Tierra y la SombraErritmoa zeharo aldatu zuen Horizontes Latinos saileko lehen proiekzioak. Lurraren lanketa eta uzta bilketan lan egiten duen komunitate txiroko familia batean jartzen du fokua historio honek, hautsez kutsaturiko airea arnasteagatik larri gaixotu eta egun osoa etxeko ohean igarotzen duen semea zaindu behar duena. Garapen mantsoko kontakizuna, ikuslearengan izugarrizko itogarritasun sentsazioa eragitea lortzen du plano lineal eta luzeen bitartez, filmeko pertsonaien aldaketa eta itxaropen gabeko bizitza bikain islatzen dutenak.

Hasierako geldotasuna gainditu eta istorioan barneratuz gero, pertsonaien sufrimendua ulertu eta aurre egin beharreko dilemen sakontasunera iritsiko da ikuslea, iragana eta etorkizuna, aldatu nahi eza eta bizitza huts bati beldurra, heriotzari dioguna baino handiagoa bihurtzen dena norberaren egunerokoak zeresana galtzen duenean. Eszena lazgarrienak film amaiera aldera iristen dira; egoera makurragoa bihurtu ahala, familiaren degradazio progresiboa sinbolizatzen duen zaldiaren ihesaren bitartez edota aita hiltzean seme gazteak gorpua ikusi eta bere eskua laztantzen dueneko unea dira inpaktu emozional handiena eragiten dutenak. Erritmoa eta estetika uneoro kontatu nahi denaren zerbitzura egoteak egiten du César Augusto Acevedo zuzendariaren estreinako obra interesgarri. Ez zuen Cannesen zuzendari berrien lehen lanei eskainitako “Caméra d’Or” saria halabeharrez eskuratu.

Trailerra:

– LE NOUVEAU

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Rudi Rosenberg

Herrialdea: Frantzia

Puntuazioa: 9

KUTXA ZUZENDARI BERRIAK SARIA

Le NouveauJaialdiko lehen harribitxia komedia baten bitartez iritsi zen. Nerabezaro garaian ingurugiro sozial berrietara moldatzearen inguruko istorio frantses bikaina da Rudi Rosenberg zuzendari gazteak osaturikoa. Gure nortasuna bilatzen dugun garaian onartua izatearen inguruko kezka unibertsalean jartzen du fokua eta klitxerik gabeko umore naturalaren lanketaren bitartez izugarri biziak diren pertsonaien arteko dinamikak jartzen ditu abian, etengabe egoera berriak planteatuz.

Kontakizunaren meritu nagusia ikusle ororen bizitzan giltzarria izan den garaia oroitaraztea da, istorioko haurrek bizi dituzten egoerekin identifikatu eta pasadizo pertsonalak memoriara ekartzeko duen gaitasuna. Istorioa identifikagarria da edonorentzat, baita pertsona ezinduentzat ere eta polita izan zen halako talde bat proiekzioan emozionaturik ikusi eta ondoren solasaldian galdezka entzutea. Lorpena are handiagoa da filmean debuta egin duten aktoreekin landua izan dela kontuan hartuz gero, denek norabide berean bultzatu eta ikuslea istorioan bete-betean sartzea lortzen dutelako. Egoera batzuen gogortasuna eta zailtasunak bere gordintasunean erakusten dituen arren, istorioak energia positiboa transmititzen du, bizitzari gorazarre egiten dio eta ikusleak iraganan hori maitasunez begiratzea lortzen du. Zinema emozioa bada, “Le Nouveau”k bere zeregina osotasunean betetzen du. Gazteriako Epaimahaia osatzen genuenen artean hurbileko gaia den honek zirrara eragin eta filmak proiekzio amaieran txalo zaparrada izugarria jaso zuen. Gazteriaren Saria eskuratzeko lehen hautagai sendoa.

 Trailerra:

– 600 MILLAS

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: Gabriel Ripstein

Herrialdea: Mexiko

Puntuazioa: 5

600 millasOparoa da azken urteetan Mexiko eta AEBen arteko arma trafikoaren gatazka landu duten filmen zerrenda. Tim Roth aktore entzutesuaren presentziak argiztatzen zuen Gabriel Ripstein zinegilearen lehen obra eta, nortasun propioko hainbat elementu landu arren, tamalez, beste hainbatetan ikusitako pelikula baten aurrean egotearen sentsazioa gailendu zen ikuslegoaren artean.

Kamera lan txukunaren bitartez hiperrealismoa lehenesteak istorioaren hainbat egoeren lazgarritasuna azpimarratzeko balio du, baita pertsonaien arteko erlazioen sinesgarritasuna areagotzeko ere. Errealitatea berezko izaera lineal eta lauean erakutsiz, mturreko indarkeria eta tentsio uneei momentu zehatzetan bakarrik egiten diete tartea; ez da thrillerraren logika bizkorrean funtzionatzen duen kontakizuna. Ripsteini faltatu zaiona istorioari osotasun zabalago bat ematea izan da, modu batean, behar bezainbeste haritu gabeko pieza indibidualez eraikitako kontakizun bat dirudi, errealitateko bizitzaren isla izan daitekeen arren, dramatiko funtzionatzen ez duena. Erdibidean geratzen da eta ez du ikuslearekin inolako emozio konexiorik eragitea lortzen.

Trailerra:

Igandea, 20

– STAY WITH ME

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Rhee Jinwoo

Herrialdea: Hego Korea

Puntuazioa: 6

Stay-with-meJaialdiko hirugarren eguna ere nerabezaroaren ingurko istorio batekin hasi genuen, oraingo honetan hegokorearra. Aipagarria da Zuzendari Berriak sailean garai horretako kezkak eta ezegonkortasuna gai nagusia izatea, akaso egun bizi dugun bertigozko egoera globalaren erakusle.

Rhee Jinwoo zuzendariaren hitzetan filmaren helburua bizitzako bidea argitzea bilatzen duten nerabeen sentimenduetan sakontzea izan arren, ez du nahi bezainbesteko inpaktu emozionala sortzen pertsoanien arteko erlazio kateatze makalaren ondorioz. Horregatik, ingurugiro sozialak sentimenduek baino pisu gehiago hartzen dute, muturreko indarkeriazko eszena gordinetan edo gizarteak osotasunean jasaten duen inkomunikazioan islatzen dena. Kamerarak adimenez erretratatzen du kokaleku bakoitza, plano berean indarra hainbat foku ezberdinetan jarri eta irudiek dinamismoa izan dezaten. Baina istorioa, bere baitan, ez du aparteko sentsaziorik sortzen ikuslearengan.

– EVOLUTION

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Lucile Hadzihalilovic

Herrialdea: Frantzia

Puntuazioa: 8

EPAIMAHAIAREN SARI BEREZIA

ARGAZKIGINTZA ONENA: Manu Dacosse

EvolutionSail Ofizialeko gure lehen aukeraketa sorpresa eder bezain iluna izan zen. 2004an “Innocence” estreinako lanaren Zuzendari Berriak saria irabazi zuen Lucile Hadzihalilovic emakume frantziarrak bigarren lana aurkezten zuen, oraingoan lehiaketa gorenean. Itsas ertzean bizi den komunitate txiki eta bakartian garatzen da istorioa eta giza sorkuntzaren oinarriak zalantzan jartzen ditu arrazaren purutasuna mantentzea bilatzen duten emakumezkoen bitartez.

Filmak itogarritasun sentsazioa transmititzen du uneoro, hein batean musika eta estetikaren lanketa apartari esker. Narrazioa boteretsua da, ikusleak ume inuzentearen perspektiba beretik ezagutzen dituelako pixkanaka emakumeek ezkutatzen dituzten sekretu ilunak. Itsasaldea, etxe eta medikuntza esperimentu gelak, ur azpiko parajeak… kokaleku bakoitzaren erretratua maisutasunez landu du filmaren lantaldeak istorioa norabide komun batera bideratzeko. Sugandilaren metaforak ere zentzu berean jokatzen du: harrizko pareta gogor bezain labainkorrean zehar gora egiten saiatzen den animali ñimiñoak, urezko inguru naturalean lurreko engonkortasuna bilatzen duena hain zuzen ere, istorioaren protagonista ispilatzen du, fisikoki zein mentalki bera baino boteretsuagoak diren emakumeen artean ezintasunez aurrera egiten saiatzen dena. Haurren egoera zenbat eta konplikatuagoa bihurtu, ikuslearengan ondoez sentsazioa nabarmen handitzen da eta hori filmak bere helburua lortu izanaren erakusle garbia da.

Trailerra:

– SUNSET SONG

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Terence Davies

Herrialdea: Ingalaterra

Puntuazioa: 7

Sunset SongTerence Davies jaialdiko beteranoa da jadanik. 2011ean “The Deep Blue Sea” lana aurkezteaz gain, hiru urte lehenago bere ibilbidea omentzeko atzera begirako proiekzio saio bereziak ere izan zuen tartea. Oraingoan, zinegile ingelesak gerra garaia eta baserriaren bitartezko lurrarekiko tradizioa islatzeko drama klasikoa besarkatu du, istorioa kontatzeko modu estandarra. Dramatiko lineala eta aurreikusten erraza izateak, ordea, ez du kontakizunaren edertasuna lausotzen.

Eskoziako mendikateetako eta landa gune zabaletako edertasuna argazkigintza dotorearen bitartez harrapatu du irudietan Daviesek, baina baita pertsonen barruko sugarra ere. Generazioen joan etorriaren aurrean lurraren iraunkortasuna islatzen duen istorioak baserriko lan mekanika, garaiko koplak eta tradizioak eta gerrak sortutako ezegonkortasun eta beldurra erakusten ditu, neska gazteak kolpe gogorren bitartez ezinbestean aldatzen duen bizitzaren inguruko ikuspegiaren eboluzioarekin batera. Istorio erraza baina gozoa, sentimenduzko une indartsuen bitartez bere funtsa betetzea lortzen duena.

 Trailerra:

Astelehena, 21

– BARASH

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Michal Vinik

Herrialdea: Israel

Puntuazioa: 6

BarashGazteria eta izatea beste behin ere, oraingoan sexualitatearen bitartezko nortasun bilaketaren inguruan. Proposamen interesgarria da Michal Vinik zinegile israeldarraren lehen lanak jorratzen duena, pertsona orok bizitako gorpuzkera eta janzkeraren bitartez  itxura eta benetako nortasuna konbinatzearen inguruko ahaleginarekin jokatzen duelako. Bikote harreman lesbikoak gaztetatik izan beharko luketen zilegitasuna mahai gainean jartzearekin batera, amodioak eragin dezakeen pertsonalitate xurgaketaren inguruko hausnarketak plazaratzen ditu obrak.

Erotismoa, alaitasuna, ezintasuna eta tristura bezalako sentimenden bitartez, drogak eta sexuaren munduan lehen esperientziak bizi dituzten gazteen sentsazioak pantailan indarrez islatzea lortzen du filmak. Horrez gain, eta zeharka bada ere, Israel eta Palestinaren arteko gatazkak ere badu istorioan tartea aktibismo militarrean desagerturiko arrebaren bitartez, zeinak ez ulertua sentitzen den filmeko protagonistaren izaeraren extensio gisa funtzionatzen duen. Amaieran neska gazteak bere nortasun propioa abian jartzeko erabakitasuna erakusten du, baina erdizka, filmaren antzera. Istorio egokia, baina aparteko handinahikeriarik gabekoa.

Trailerra:

– RODINNY FILM

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Olmo Omerzu

Herrialdea: Txekiar Errepublika

Puntuazioa: 6

Family FilmNerabezaroaren hauskortasuna gora eta behera, oraingoan nolanahiko luxu materialak izan baina arlo gizatiarrari behar bezainbeste erreparatzen ez dion familiaren fokutik kontaturiko istorioan. Euren nortasuna bilatzeko ahaleginetan dabiltzan gazteen babes izan ordez, oporretara joaten dira gurasoak; familia abandonatzen, karga sinboliko izugarria duen zakurra bezala.

Filmeko azken eszenara arte familiarekin elkartzen ez den animaliaren rol paraleloa giltzarria da istorioa ulertzeko, familiaren haustura ispilatzen duelako. Kaiolan igarotzen ditu lehen uneak, bere nortasunaren bila preso sentitzen den etxeko gazteak bezala, eta kateak hautsi eta ihes egitean, isla desertua topatzen du aurrez aurre alde batetik, noraezean dabilen semea bezala, eta sastrakaz beteriko bide malkartsua bestetik, aitatasunaren inguruko egia ezagutzean aitak topatzen dituen etengabeko oztopo eta zailtasunen erakusle. Ezusteko gidoi iraultze honen ostean, ordura arte modu pausatuan garaturiko istorioak dimentsio berri bat hartzen du eta paralelismoek esanahi osatuagoa. Berritasun dramatikorik eskaini gabe behar baino gehiago luzatzen den amaiera da filma borobilagoa ez bihurtzea eragiten duen arrazoi nagusia.

– DESDE ALLÁ

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: Lorenzo Vigas

Herrialdea: Venezuela

Puntuazioa: 8

Desde AllaVeneziako Jaialdiko Urrezko Leoia jasotzetik zetorren Lorenzo Vigasenen filma, estreinako obra izan arren aurrez bestelako proiektuetan eskarmentu asko izandako lantaldeak osatu duela nabaritzen dena. Istorioaren planteamendua zinez interesgarria da, giza erlazioak eraiki eta emozioak ulertzeko ezintasuna duen gizonaren erretratuaren bitartez, hain kanporakoi bezala ikusten dugun gizarte latinamerikarraren antitesia plazaratzen duelako. Erlazioak eraikitzetik inoiz baino gertuago egon baina ukatu egiten dituen uneetan protagonistaren plano subjektiboen bitartez erabilitako fokatze desegokia baliabide ezin hobea da pertsonaiak bizi duen munduarekiko sentitzen duen inkomunikazioa transmititzeko. Bakardearen mamuei aurre egin ordez, maitasuna bilatzen du jendartean onarpenik ez duen bestelako praktika sexual indibidualistaren bitartez. Ildo horretan, sortzaileek zentzutasunez jokatu dute protagonistaren izaera pedofilo edota homosexual arrunt batera mugatzean

Bi protagonisten nortasunen iraultza eta elkarreraginaz gain, narratiba istorio osoan zehar landuriko modua oso eraginkorra da. Egoerak planteatu eta jarraipen organiko eta ez errepikakorra emateko gaitasuna erakusten du Vigasek, behar baino gehiago luzatu gabe, eszena batetik besterako jauzi bakoitzak garapen dramatikoa inplikatzen du, sarritan elkarrizketa bakar baten beharrik gabe. Caracas hiri aztoratuaren bihotzean filmatu izanak ere honen mesedetan jokatzen du, bertakoen benetako bizitza eta izpiritua harrapatu eta fikziozko kontakizunean txertatzea lortzen duelako. Honez gain, txalotzekoa izan zen proiekzioaren osteko solasaldian zuzendariak hasieratik harturiko jarrera: ohiko galdera erantzunen dinamika jarraitu ordez, berak hartu zuen galdetzaile rola, sarritan Gazteriaren proiekzioetan faltan bota dugun publikoaren sen interpretatiboa bultzatuz. Filmak mastekatuta jaso ordez bakoitzsk bere errealitatea eraikitzearen aldeko oihua.

– VIDA SEXUAL DE LAS PLANTAS

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Sebastián Brahm

Herrialdea: Txile

Puntuazioa: 4

vida sexual de las plantasEguneko laugarren filma jarraian ikustea ez da erraza izaten, are gutxiago Zuzendari Berriak saileko proposamen geldo bat izanez gero. Zailtasun horri egin behar izan zion aurre Sebastián Brahm zinegile gaztearen pelikulak, garuna istorioz blaituta eta atseden eske dagoen unean ikuslegoa konbentzitzea. Arrazoi honek pisu handia izan zuen filma epaitzerako orduan eta, gizonaren hasierako delirio eszenak edo emakumearen amatasun frustratua islatzen zuten egoera giltzarriek indar emozional handia izan arren, beste hainbat soberan egotearen sentsazioa gailendu zen ikusleen artean.

Istorioak sinpletasuna zuen funtsezko oinarri eta modu horretan garatzen da, baina aurreikusten errazak diren eta erritmo eskasa duten elkarrizketek pertsonaien motibazioak mamitu ordez sortasuna eragin zuten. 30 urte baino gehiago dituen zuzendariaren estraineko lana dela kontuan izanez gero, suposatu genezake pertsonalki sakoneko esanahia duen kontakizuna dela honakoa, baina, tamalez, ez du une batean ere obra gisa osotasunean funtzionatzea lortzen eta erdibidean geratzen da. Protagonistaren azken ekintzekin bat egiten duen film amaierako abestiak, “sin ti no soy nada” bezalako mezuen bitartez, maitasun erromantikoa eta patriarkatuaren eredua hedatzen ditu, emakumearen rol nagusia, errealizazio pertsonalaren gainetik, ama izan eta familia bat osatzea dela transmititzearekin batera. Bada perspektiba aldatzeko garaia.

– SICARIO

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Denis Villeneuve

Herrialdea: AEB

Puntuazioa: 6

S_D045_11529.NEFDenis Villeneuven film berria ikusmin handia sortu zuen horien artean zegoen. Zuzendari kanadarrak “Incendies” maisulanaren ostean, duela bi urte Zinemaldian aurkezturiko “Enemy” eta “Prisoners” obra makabro bezain zirraragarriak gorpuztu zituen. Azken honekin bere estilo bereizgarriari uko egin gabe ikuslego zabalarentzat erakargarriagoa den thriller estandarra lantzeko gai zela erakutsi bazuen, oraingoan balantzak konbentzionalismoaren alde egin eta bertute baino gabezia gehiago dituen obra osatu du.

Gorpu desitxuratuz beteriko etxeko hasierako sekuentzia itogarriak, segidan etor litekeen bortizkeriaren oinarria ezartze du, baina narrazio dinamiko eta itogarria landu ordez, gatazkak eragindako dilemen azaleko hausnarketa egin eta aurrez askotan ikusi dugun Hollywooden formulari men egiten dion obra estandar eta lineala osatu du oraingoan Villeneuvek. Harrigarria da istorioa osatzen duten pertsonaien oinarri gatazkatsuak aurkeztu arren gerora, kontakizuean zehar, euren barne munstroetan hain gutxi sakontzea, Benicio del Torok hasiera batean protagonista nagusia zirudien Emily Blunti zeresana osten dioneko unea da honen erakusle garbiena. Zuzendari kanadarrak lan onargarria osatu du errealizazioaren alorrean eta AEB eta Mexikoren arteko salbatzaile eta hiltzaileen arteko dikotomia ere plazaratu du, baina halako pertsonaia kontraesankor eta hauskorrek eman zezaketen jokoa xahutu du.

Trailerra:

Asteartea, 22

– IXCANUL

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: Jayro Bustamante

Herrialdea: Guatemala

Puntuazioa: 3

IxcanulAstearte goiza pisutsua bilakatu zen. Biztanleria mayaren bazterketa eta pobreziaren inguruko istorioa oinarri hartuta, Jayro Bustamanteren lehen obra bertako emakumeek kode sozial eta erlijiosoen ondorioz pairatzen duten esklabutza fisiko eta psikologiko lazgarriaren bozgorailu izaten saiatu bazen ere, narratiba astun eta geldoaren ondorioz, inpaktu emozional eskaseko istorio baten aurrean egotearen sentsazioa izan genuen.

Haur trafikoaren inguruko gatazka lantzen duen filmaren amaierako zatiak indar gehiago du, baina dramatikoki ez du funtzionatzen, ez erritmoaren ezta inpaktu emozionalaren aldetik ere. Ez genuen istoriorekin une batean ere konektatzea lortu eta  amaitzeko gogoa gailendu zen proiekzioaren erdialdera.

 Trailerra:

– PAULINA

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: Santiago Mitre

Herrialdea: Argentina

Puntuazioa: 9

HOZIONTES LATINOS SARIA

GAZTERIAREN SARIA

TVE OTRA MIRADA SARIA

PaulinaSantiago Mitreren bigarren obra jaialdi osoan zehar gehien gozatu genuenetako bat izan zen. Estetika eta zinemagintza aldetik maisutasuna bilatzean baino gehiago jartzen du fokua kontakizunaren dinamismoan eta pertsonaiek bizi dituzten giza dilemen konplexuetan. Hala ere, muntaia zatikatuaren bitartez istorioa kontatzeko modua zinez inspiratua da, oso eraginkorra filmaren une giltzarriak perspektiba ezberdinetatik osatzeko. Istorioa erraz ikus daiteke, baina ez konbentzionalak izateagatik, baizik eta irudi kateatze inspiratua eta antzezpen boteretsuak erdietsi dituztelako, oso sinesgarriak.

Baina filma beste maila batera goratzen duena kontakizunaren mamia bera da, hezkuntzaren bitartez mundu hobeago bat eraiki nahi duen irakasle idealista eta gaizkia, legea eta justiziaren pragmatismoaren bitartez eten nahi duen aitaren arteko talka. Familiako bi pertsonen arteko ikuspuntu kontrajarriek istorioko egoera konkretuetatik haratago doan dilema moral zabalago bat planteatzen dute, barkamena eta zigorraren artekoa. Zer egin izugarri lazgarria izan arren, askoz haratago doan sistemaren arazo estrukturalaren ondorio den bortxaketa baten aurrean? Ikuspuntu bakoitza hainbeste indar eta sinesgarritasunez interpretatzen dute Dolores Fonzi eta Oscar Martínez aktoreek, ikuslea batak zein besteak arrazoia dutela pentsatzera iristea lortzen duela. Bien arteko amaierako eszena txalotzeko modukoa da, izugarrizko botere emozionalekoa.

Trailerra:

– MAGALLANES

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: Salvador del Solar

Herrialdea: Peru

Puntuazioa: 7

MagallanesJoan den urtean Zinema Eraikitzen sailean egondako lana, oraingoan bere osotasunean gozatzeko aukera izan genuen. Beldurrez joaten gara batzutan proiekzio hauetara, aurreko edizioetan lanketa eskasaren ondorioz erdibidean geratu diren hainbat istorio topatu ditugulako. Salvador del Solarrek, ordea, gizarte peruarraren erretratu gordina osatu du bere lehen obran, zorigaitzean bizi diren pertsonaien patu tragikoa eta gizartearen oinarrizko funtzionamendua antolatzen duen sistemaren ustelkeria sistematikoa islatzean.

Film sozialaren izaera sustraitua du Magallanesek. Errealizazio txukuna osatu eta egoera bakoitzera egokitzen diren plano eta elkarrizketen bitartez, ikusleak pertsonaia bakoitzaren motibazio eta ekintzekin konektatzea lortzen du. Elipsien bitartez eszenei mamia kendu ordez iradokitzeko gaitasuna izatea lortzen du, bai elkarrizketetan eta baita muturreko indarkeriazko uneetan ere, non ikuslearen irudimena baita terrore eta biolentzia sortzaile handiagorik ez dagoen. Akaso filmaren une giltzarri gehiegi elkarrizketa bitartezko konfesioetan oinarritzeak indarra murrizten dio istorioari, baina pertsonaien artean eraikitako istorioa dinamikoa eta freskoa da.

 Trailerra:

– THIRST

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Svetla Tsotsorkova

Herrialdea: Bulgaria

Puntuazioa: 4

ThirstEguna amaitzeko dinamikarik gabeko film laua izan genuen. Mendian, zibilizaziotik urrun, bi familiaren arteko erlazioa esploratzen du Svetla Tsotsorkova zuzendari bulgariarraren estreinako luzemetraiak, baina tamalez ez du lortzen pertsonaiei nahi bezainbesteko sakontasuna ematea eta elkarren arteko anai-arreba eta senar-emazte erlazioak aurreikusten errazegiak bilakatzen dira.

Garapen dramatikoa geldoa eta errepikakorra da eta mamirik gabeko elkarrizketek ere eskasia hori nabarmentzen dute. Hori gutxi balitz, pertsonaiek ere ez dute nortasun markaturik, euren ekintzek ez dute inolako erabakitasunik transmititzen. Filmak inolako emoziorik ez transmititzea da zine aretoan gerta litekeen okerrena, eta Thirstekin horixe gertatzen da. Nahitaezko proiezkioen artean eguneko laugarren filma debut obra izateak ere istorioa sakontasunean hautematea eta interpretatzea nabarmen zailtzen duen arren, dramatikoki eskas, hanka motz geratzen den istorio baten aurrean gaude.

Trailerra:

Asteazkena, 23

– LAS ELEGIDAS

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: David Pablos

Herrialdea: Mexiko

Puntuazioa: 8

Las ElegidasBeste behin ere, Horizontes Latinos sailak eskaini zizkigun emozio indartsuenak. Amodioaren eta traizio gorenaren arteko hari fina esploratzen dituen prostituzioaren inguruko drama gordina izan genuen goizeko sesioan. Dramatikoki zentzutasunez eraikia, istorioak hainbat foku ditu. Alde batetik, maite duen neska salbatzeko beste neska batekin ezinbestean suntsituko den erlazioa eraikitzen duen mutil gaztea, eta bestetik prostituzio behartua jasaten duen istorioko protagonista. Kamerak modu adimentsuan harrapatzen ditu mutilaren barne dilema eta elipsi eta soinu bortitzen bitartez indarturiko neskaren sexu sesioak, elkarrizketaren beharrik gabe ikuslearengan hausnarketa sakonak eragiten dituztenak.

Familia mexikarrean sexuzko botere erlazioen eta komunitatearen erretratu lazgarria osatzen du filmak, beldurrak itota, injustiziak onartu eta isilpean bizitzea ezinbesteko zerbait bezala ikusten duen gizartearen isla makurra. Neskaren bizi horretatik ihes egiteko aukera zirkulu horietan murgildurik ez dagoen pertsona batek eskaintzean pizten da itxaropenaren izpia, baina sentsazioa are lazgarriagoa bilakatzen da aukera hori ilusio hutsa besterik izan ez zela ezagutzean. David Pablosen lanak emozio indartsuak sorrarazteko gaitasuna izan zuen eta hori da estimatu beharrekoa.

Trailerra:

– PAULA

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Eugenio Canevari

Herrialdea: Argentina

Puntuazioa: 2

PaulaBestelakoa izan zen bazkaldu aurreko proiekzioa. Eskerrak ordubete eskas irauten zuela, norabiderik gabeko film argentinarraren linealtasuna eta emozioen ausentzia nabarmena izan zelako. Oinarrian protagonista eta zakurraren artean paraleloan garatzen den amatasuna eta abortuaren arteko dilema esploratzeak aukera dramatikoak aberastu zitzakeen arren, eszenen eta pertsonaien garapena oso eskasa da, egoera bakoitzean azalean geratzen dira eta elkarrizketa hutsal eta errepikakorrek nekez ematen diote dinamika istoriari. Iraupen laburreko istorioa luze bilakatu eta amaitu zedin erreguka ikusi genuen.

Aste osoan zehar ikusitako film makalena, zalantzarik gabe.

Trailerra:

– DRIFTERS

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Peter Grönlund

Herrialdea: Suedia

Puntuazioa: 7

DriftersEmozio indartsuek tartea izan zuten berriz ere arratsaldeko lehen proiekzioan. Drogek Suediako kale izoztuetan eragindako miseriaren inguruko kontakizun gordina ezagutu genuen benetan zirkulu horietan murgildu diren pertsonak aktore gisa erabiliz errealismo izugarria erdietsi duen obraren bitartez. Droga negozioaren itogarritasuna eta gizatasuna kentzeko ahalmena bikain islatzen du istorio honek, diruaren truke, kaleetan etengabean trafikatu, kideak traizionatu, norbere adikzioa handitu… edozer egiteko prest dagoen protagonistaren fokuaren bitartez.

Peter Grönlundek bere lehen obran zentzu guztietan suntsitzailea den praktikaren erretratu gogorra osatzeaz gain, legeen hipokresia ere islatu du sozialki onarturiko alkohola eta, gaitzespen zabala izateaz gain, gehienetan krimenarekin lotzen diren droga gogorrak alderatzean. Aldi berean, izugarri aberasgarria da istorioaren erdigune normalean droga munduarekin lotzen den gazteria izan ordez, bizi esperientzia luzea duten pertsona helduak izatea; arazoa nerabezaroko garai konkretura mugatzen ez dela eta estatua ere erantzule den egoera kritikoen aurrean gizaki orok ihesbideak bilatzen dituela azpimarratzen du.

Trailerra:

– PARASOL

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Valéry Rosier

Herrialdea: Belgika

Puntuazioa: 7

ParasolEz da ohikoena zinegile belgiar batek festa eta oporraldi ugariren erdigune izan ohi den Mallorka esploratzea, are gutxiago bere estreinako obran Abiapuntu hori oinarritzat hartzen du Valéry Rosierrek turismoaren inguruko bestelako ikuspuntu bat plazaratzeko. Ezezaguna duten hirian hiru pertsonaiek modu paraleloan egiten duten nortasun bilaketa esploratzen du, tristatzen dituen egoera aldatu eta bizitzan zeresana bilatzearen inguruko ahalegina.

Filmak baditu hainbat umore ukitu inspiratu, baina funtsean drama soziala da, hiru adina tarte ezberdinetako protagonstek lotzen dituzten kateak hautsi eta maitasuna bilatzearen inguruko istorioa. Bakoitzaren desioek dinami dramatiko interesgarriak planteatzen ditu, bereziki muntaia lan txukunari esker, zeinak pertsonaia ezberdinen eszenen kateatze inspiratuaren bitartez elkarren arteko konparaketak eraikitzea posible  egiten duen. Ez da aparteko inpaktu emozionala sortzen duen filma, baina bere sinpletasunean funtzionatzen du.

– HIGH-RISE

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Ben Wheatley

Herrialdea: Ingalaterra

Puntuazioa: 8

High RiseSail Ofizialean topatu genuen egungo obra originalena. Urbanizazioaren etorkizuneko zahartze garaian, bere baitan gizarte oso bat biltzen duen etxe orratz bat da istorioaren abiapuntua. Pisu bakoitzak erizaintza, piszina, gimnasioa, supermerkatua, luxuzko jatetxea, apartamentuak… biltzen ditu, eta pisuen mailakatzeak gizartearen mailakatzea bera islatzen du, aberats eta behartsuen arteko hierarkizazioa. Proposamen original bezain zoroa, Crash obra distopiko aparta plazaratu zuen J. G. Ballard idazlearen moldaketa zinematografiko honek gizarte ordena pikutara joan ahala Tom Hiddlestonek interpretaturiko pertsonaia protagonistak eraikuntzaren barnean jasaten duen delirio sentsazioa transmititzea lortzen du.

Lanketa dramatikoan bezala estetikoki ere ausarta izan eta pasarte ikusgarri batzuk eskaintzeaz gain, elkarrizketa mamitsuen bitartez egungo munduaren erretratu fidela egitea lortzen du istorioak. Botere erlazioak, kontsumoa, itxura eta benetako nortasuna, sorkuntzaren bitartezko jainkotasunaren bilaketaren porrota… gai unibertslaka tratatzean, pertsonaien kezka eta motibazioek ikuslearen barreraino iristeko gaitasuna dute. Goi mailako aktore zerrenda apartak istorioa publiko zabalera iristea are gehiago errazten du, baina produkzio estatubatuarra izanda, gorestekoa da jaialdiak Hollywoodeko proposamen estandarretatik askoz haratago doan kontakizun baten aldeko apustua egin izana.

Osteguna, 24

– LA OBRA DEL SIGLO

Saila: HORIZONTES LATINOS

Zuzendaria: Carlos M. Quintela

Herrialdea: Kuba

Puntuazioa: 6

La obra del sigloJaialdiaren amaierara hurbildu ahala, nekea nabarmen handitu ohi da ikusleen artean. Egunero lau filmeko erritmoa jarraitzea ez da erreza izaten eta batzuetan bosgarren bat gehitzeak are gehiago zigortzen du gorputza. Egoera horretan ikusi genuen osteguneko lehen filma, Kubako industrializazio prozesua abiapuntutzat hartuta, garaiko iraultza sozialean bertako biztanleek gainditu behar izan zituzten zailtasunak esploratzen dituena.

Benetako pertsonen testigantzak elkarrizketa indartzen duen zuri beltzean osaturiko istorio dramatikoarekin tartekatuz, lana bizitzaren erdigune izateak gizarte erlazioetan duen eragina aztertzen du pelikulak. Urik gabe geratzen ari den arrainak ispilatzen du itotzen ari den gizartea bera. Muntaia inspiratuak eta musika pieza eraginkorrek ematen diote dramatismoa kontakizunari, baina funtsean behar bezala elkartu gabeko puzzle baten aurrean egotearen sentsazioa gailentzen da.

 Trailerra:

– IONA

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Scott Graham

Herrialdea: Eskozia

Puntuazioa: 7

IonaIstorio sinple bezain interesgarria, pantaila aurrean ikusten ez dugun iraganak ezinbestean markaturiko pertsonaia eskoziar oinazetuen saminaren bozgorailu izatea bilatzen du duela hiru urte bere lehen obrarekin ere Zinemaldian izan zen Scott Grahamen lan berriak.

Oinez ibiltzea, maitatzea, familia osatzea… askotariko gaien inguruan ezintasuna dute komunean filmeko protagonista guztiek. Bananduta igaro duten denboraren ostean elkartzen diren pertsonaien konektatzeko ezintasuna modu egokian harrapatzen du kontakizunaren erritmo pausatuak eta argazkigintza elegante bezain distanteak, betiko aldatu diren pertsonen arteko erlazioen deformazioaren erakusle argiena. Zentzu dramatikoan ez dago ezusteko aldaketarik, erraz jarraitu eta aurreikus daitekeen istoria da, baina sentimenduen arloa indartzeak sendotasuna ematen dio.

Ostirala, 25

– GRANNY’S DANCING ON THE TABLE

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Hanna Sköld

Herrialdea: Suedia

Puntuazioa: 9

Granny's Dancing on the TableSuediar zinemak eskaini zigun Zuzendari Berriak sailean harribitxi berri bat. Hanna Sköld zuzendariak stop motion teknikan oinarritu eta proposamen ausarta osatu du bere bigarren lanean. Filmean laburki ikusten ditugun benetako pertsonaien istorioarekin panpinen bitartez kontaturiko istorioaren bidez enpatizatzea lorpen handia da sortzaileen aldetik. Istoriak jarraipen dramatiko boteretsua du, hein batean, off ahots bikainarengatik, zeinak ikuslea urteetan zehar eraldatzen doazen pertsonaien larruazalean jarri eta euren bizipenak, motibazioak eta sentimenduak ulertaraztea lortzen duen.

Bi denbora lerro ezberdinetan kontaturiko istorioek modu inspiratuan egiten dute bat eta, errealitateko aktoreek antzezturiko indarkeriazko eszena lazgarriek dimentsio emozional are sakonagoa bereganatzen dute, aurrez stop motionaren bitartez pertsona horiek jasan duten sufrimendua ere presente dagoelako. Amaieran borobiltzen du filmak kontakizun osoan zehar landutako gizartetik at bizitzearen kontzeptua. Ezagutza eta aurrerapena irudikatzen dituen amona bisitariaren aldean, basoan ezkutaturiko familiak metodo zaharrean iltzaturik jarraitzen du. Bizitza ororen sortzaile den naturan bizita ere, eraldatzeko ezintasuna dute, bakardadeak barnetik suntsitzen ditu, eta horregatik sentitzen du neska gazteak amaieran bizitza eskaini dion naturari sua eman eta ihes egiteko beharra. Bizi berri bat bilatzen saiatzean, ordea, galduta dago, noraezean, ez daki zer egin edo nora joan. Zinema arloan obra landua eta alor gizatiarrean sakontasun handikoa, sortzaile berrien lanen artean jaialdian ikusitako onenetarikoa.

 Trailerra:

– AFTER EDEN

Saila: ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Hans Christian Berger

Herrialdea: Kanada

Puntuazioa: 3

after edenProstituzioaren prismaren bitartez sexualitatea esploratzea bilatzen duen filma, hasieratik izenburuan daraman giza sorkuntza eta Bibliaren mitologiari hain ezagunari erreferentziak egiten dizkio Hans Christian Berger zuzendari gazteak arbola eta sagarraren bitartez pekatuaren sinbologia esploratzean.

Tamalez, kontakizuna oso eskasa da. Ez dago garapen dramatikorik istorioan zehar, neska gaztea hiru aldiz geroz eta gezur gehiago esaten dituen porno audizioetan ikusten dugu, baina pertsonaiek ez dute inolako gatazkarik gainditu behar. Pelikula lineala eta aspergarria bilakatzen da denbora gutxian eta nortasuna edo desioen inguruko dilemak esploratu zitzakeen eszenak, ikuslearengan inpaktua eragin zezaketen sexu esplizituzkoen antzera, elipsiekin mozten dira bat-batean. Gazteriaren Epaimahaikide ikusi beharreko proiekzioei amaiera emateko forma tristea.

Trailerra:

– PSICONAUTAS

Saila: ZABALTEGI

Zuzendaria: Alberto Vázquez, Pedro Rivero

Herrialdea: Espainia

Puntuazioa: 8

PsiconautasAurten lehen aldiz animazioak Sail Ofizialean tartea izan zuen arren, Zabaltegi sailean kokaturiko Psiconautas izan zen aste osoan zehar ikusi genuen estilo horretako bakarra. Obra oso boteretsua, helduentzako bideratuagoa dagoen animazioa izanda ere, ikuslegoaren adinaren arabera askotariko interpretazioak sorrararazteko gaitasuna duena. Istorioaren meritu nagusia laguntasuna, bakardadea, barne mamuak, bizitza eta erabakiak, onarpen soziala, balore etikoak… bezalako gai unibertsalak esploratu eta obra zinez dinamikoa osatzea da.

Kontakizun eder bezain tristea, ontasuna bilatu baina sustraietik ustelak, herdoilduak dauden sistema eta giza erlazioek dakarten ezinbesteko tragedia islatzen du. Animazioaren lanketa eta muntaia bikainak dira, pertsonaien kezkak eta istorioaren dramatismoa anplifikatzeko balio dutelako. Obra oso mamitsu baten aurrean egotearen sentsazioa pozgarria izan genuen, ikusaldi bakoitzean hausnarketa berriak sorrarazteko gaitasuna duen obra.

Trailerra:

Larunbata, 26

– LONDON ROAD

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Rufus Norris

Herrialdea: Ingalaterra

Puntuazioa: 8

london roadKomunitate txikietako neska gazteen hilketa zinemagintza britainiarren enegarrenez jorraturiko gaia izanik, proposamen originala osatu du Rufus Norrisek bere lan berria estilo musikalean jorratzean. Abestien bitartez umorea eta sentsazio alaiak transmititu arren, kontakizunaren oinarrian dauden gertakari lazgarrien dramatismoa ez du baztertzen eta kazetarien iritzi sortzaile rola, testigantza katearen bitartez komunitateko biztanleengan hilketek duten inpaktua eta emagalduen estigmatizazioa duintasunez islatzen ditu.

Filmak funtzionatzen du kontakizunaren lanketa originalaz gain, Olivia Colman, Anita Dobson, Tom Hardy eta Kate Fleetwood bezalako maila goreneko aktoreek istorioaren aukera dramatikoak zabaltzen dituztelako. Zentzu honetan, amaiera oso interesgarria da, emagalduen bazterketa soziala eta benetako biktimen inguruan hasiera batean dirudiena baino gehiago iradokitzera iristen delako, baita film osoan zehar ikusten ez dugun epaitu eta zigorturiko hiltzailearen benetako jatorriaz ere. Istorioa ixten duen sekuentzia alai bezain enigmatikoko irudiek eta pelikulan zehar eskainitako testigantzen nahasketa biziak dimentsio berri bat ematen dio istorioari, sakonean hausnartuz gero justizia eta sententziaren inguruan bestelako begirada bat eskaini dezakeena.

Trailerra:

– UN DÍA VI 10.000 ELEFANTES

Saila: ZABALTEGI

Zuzendaria: Alex Guimerà, Juan Pajares

Herrialdea: Espainia

Puntuazioa: 7

un dia vi 10.000 elefantesAnimazozko eta errealitateko testigantzen nahasketaren bitartez bizipen eta oroitzapen gizatiarrak uztartzen dituen istorio hunkigarria, aniztasuna bere zentzu zabalean ulertzeko interpretazioaren eta begirada pertsonal zein enpatikoaren beharra azpimarratzen dituena. Dena filmatu arren, bertako giza legea eta bizitasun magikoa ulertzea lortzen ez duen gizonarena da istoriaren funtsa ilustratzen duen adibide argi bezain poetikoa.

Sarritan pobrezia eta miseriaren kontinente huts gisa ikusi ohi dugun lurraren kontakizun mistiko eta epikoa osatu dute Guimerà eta Pajares zuzendariek. Jorratzen duen gaia, gainera, hain da malgua eta aberatsa, munduko beste edozein herrialdek pairatzen duen zapalkuntza eta gatazkazko egoeretara aplikatu daitekeela.

Trailerra:

– LES DÉMONS

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Philippe Lesage

Herrialdea: Kanada

Puntuazioa: 6

Les DemonsBeherakada sumatu genuen eguneko azken txanpan. Barne zein kanpo munstroak esploratzen saiatu arren, mantso eta planoa, dinamika iraultzaile baten falta bota genuen nerabezaroaren inguruko obra honetan. Zuzendari Berriak sailean gai bera jorratzen ikusi ditugun asko baino hobea izanda ere, bereziki haurrak bere izaeraren bila dituen kezkek eta zalantzek sortzen duten distantziamendua kamera lan bikainari esker, erdibidean geratzen den kontakizun baten aurrean egotearen sentsazioa da nagusi.

Mutil gazteak inozentziatik planteaturiko zalantza onberak interesgarriak dira, oinarrizko kezken isla fidela osatzen dutelako. Nortasun baten bila bere barnean egiten dituen etengabeko galderak alde batetik, gizarte kobentzioek baldintzatzen dituzten orientazio sexuala edo familia erlazioen ingurukoak bestetik. Nortasun propio horren eraikuntzan, ia beti euren arazoetan okupatuegi egotearen ondorioz nerabe protagonistaren bizitzan ausente dauden gurasoen erantzule rola ere zinez interesgarria. Muturreko erabaki eta ondorioek kontakizuna indartzen duten arren, zail egiten da istorioarekin sakonean enpatizatu eta emozionalki konexio indartsuago bat eraikitzea.

 Trailerra:

– LEJOS DEL MAR

Saila: SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Imanol Uribe

Herrialdea: Espainia

Puntuazioa: 4

Lejos del Mar“La muerte de Mikel” eta “Días Contados” filmekin abiatuta terrorismoaren inguruko trilogia osatu du Imanol Uribek bere lan berriarekin. Parot doktrinaren aplikazioaren ondorioz kartzelatik irteten den etakide ohiak bere biktimetako baten alabarekin ezartzen duen erlazioa du oinarri, gai interesgarri bezain delikatua, eta porrot egiten duena gidoi eta antezpen eskasen ondorioz.

Uribek pertsonaien barne gatazka modu metaforikoan planteatzen du pelikularen hasieran, iraganaren zama, galdutako denboraren samina, justizia eta barkamena bezalako gai potoloak istorioaren erdigunean jarriz. Elkarrizketak, ordea, topikoz josita daude eta aktoreek ez dituzte interpretazio sinesgarriak osatzen. Inolako emoziorik eragitea lortzen ez duen Eduard Fernándezena da kasu nabarmenena; zentzu horretan, filmak beste dimentsio bat izango zukeen etakideak inguratzen duen munduarekiko sentitzen duen deskonexioan sakondu izan balu. Euren bizitzako gizon estimatuena kendu zien hiltzailearen inguruan hizketan ama eta alabak duten eszena boteretsua filmak izan zezakeen indar emozionalaren isla den bezala, ordura arte eraikitako guztia pikutara bidaltzen duen amaiera da Uriberen azken lanaren porrotaren erakusle nagusia.

Trailerra:

Kantitatean gainditzea zaila izango den arren, hurrengo edizioan kalitatean hobetu, sail guztiak dastatu eta jaialdiaren perspektiba zabalago batez gozatzea espero dugu. Datorren urtera arte!

Modu ikusgarrian itzuli da apokalipsi zombiaren inguruko fikzio entzutetsuena. Joan den denboraldi amaiera zirraragarriaren ildo berbera jarraitu du seigarren emanaldiaren estreinako atalak, Rick buru duen taldearen eta Alexandriako biztanleen arteko talka. Egunerokotasuneko arazoei prisma eta erritmo ezberdinen bitartez aurre egiten dioten bi taldeen arteko ezberdintasuna nabarmen islatu da; luzaroan ezagutu ditugun pertsonaiek geroz eta kezkagarriagoa bilakatzen ari den zombie mehatxua eteteko erakutsitako erabakitasunaren aldean, zalantza eta beldurrez beterik agertu dira Alexandriako biztanleak.

batzarraHorren aurrean, Rickek duen zeresana izugarria da. Ate joka dituzten hildako andanari aurre egiteko ahulegia den komunitatea trebatzeko lan nekagarria bultzatu eta, aldi berean, oraindik ere errealitatea aurrez aurre begiratu nahi ez dutenen kritika eta mehatxuei egin behar die aurre, gizatasunaren muga lausotu eta sarritan alboratu nahi izan duen munstrotasuna azaleratzeraino. Zinez interesgarria da ontasun zabalago bat babesteko asmoarekin istorioko pertsonaiek ekintza ankerren aurrean gauzatzen dituzten hausnarketei erreparatzea. Telesailak indar handiz transmititzen du, bizitzari gogor heldu arren, heriotzaren hurbiltasunak pertsonaiengan sortzen duen bertigoa, une bakarrean erlaxatuz gero betiko bizitza galtzearen samin itogarria.

Ezin ahaztu protagonista taldeari babesa eskaini zionetik senarra eta semea galdu dituen Deanna. Esanguratsua da ataleko eszena guztietan Ricken proposamenak onartu eta komunitatearen gain zuen autoritatea ezerezean geratu izana; ikustekoa izango da gertaera makurragoak jazo ahala bere ikuspuntua zein norabidetan garatuko den. Bere horretan jarraitzen duena, ordea, bizi duten errealitatearen zorigaitzeko izaera da. Alexandria funtsean aspaldian betiko joan eta inoiz itzuliko ez den munduaren ilusioa besterik ez da, oasia basamortuan. Honek guztiak, telesailaren amaierak ezinbestean izango duen izaera tragikoa azpimarratzen du, heriotzak bizitza gainditzen duen munduan itxaropenik ez egotearen sentsazio etsigarria.

zombie mordoaHala ere, ataleko dinamika mamitsuena Rick eta Morganen artean garaturikoa izan da. Luzaroan esperotako bateratzeak bizi duten mundu lazgarriak ezinbestean eraldatu dituen pertsonen arteko erlazioaren erretratua osatzeko balio izan du, baina baita telesailaren jatorriraino itzultzeko ere, batak zein besteak gizatasuna eta itxaropena bere osotasunean mantentzen zituen garai horretara. Moralitatearen inguruan hausnartu eta ekintza bakoitzaren sakonean dauden dilemak esploratzeko balioko du elkarren arteko erlazioak. Atalak “First Time Again” izenaren bitartez adimenez harrapatzen duen hasiera berri honetan, ikustekoa izango da bi pertsonaiek inguruan duten iluntasunean argia topatzeko duten gaitasuna. Morganek eman dezakeen joko dramatikoa, ordea, haratago doa. Ikusleek berari buruzko informazio hain gutxi izatea sortzaileentzat abantaila izugarria da, pertsonaiari askotariko rolak emateko aukera dutelako. Esaterako, Carolekin izandako elkarrizketaren ildoa jarraitu eta luzaroan ezagutu ditugun pertsonaien nortasunaren esentzia ulertzeko gaitasuna duen guru modura jokatu dezake.

Ordubeteko luzapena trebetasunez aprobetxatu dute, arku dramatiko nagusien oinarriak ezartzeaz gain, pertsonaia bakoitzaren nortasuna aberasten duten xehetasunak gehitzeko. Pertsonaiek egungo puntura iritsi arte igaro duten bide malkartsua oroitzeko balio izan duten elkarrizketa aberasgarriez gain, aparteko aipamena merezi du atalaren errealizazioak. Zuri beltzezko flashforward teknika inspiratuak joan den denboraldiko gertaera erabakigarrien inpaktua mantendu eta istorioari jarraipen organikoa emateko balio izan duen bitartean, emanaldi berrian berebiziko garrantzia izango duen Wolves taldearen sendotasuna iradokitzen duen atal hasierako zombie andanaren eszena ere txalotzeko modukoa izan da.

Bosgarren denboraldiko bigarren zatian lorturiko orekari jarraipena emateko bidean lan txukuna erdietsi du The Walking Deadek. Itzulerako atalak mahai gainean jarri dituen aukera dramatiko guztiei zukua ateraz gero, telesailaren emanaldi berriak orain arteko onena izateko aukera asko ditu.

Hurrengo ataleko trailerra:

Bueltan da FXen beldurrezko antologia istorioa. Ryan Murphyren sorkuntza berria telesailaren lehen bi denboraldietako iluntasunarena itzuli da abiapuntu makabro bezain zirraragarriaren bitartez. Errealizazio ikusgarria tentsioa bilatzeko baliatu dute hasieratik eta estetikaren maisutasunezko lanketa erdietsi dute, arrain-begi efektudun objektiboen eta plano kontrapikatu bereizgarrien bitartez, eta baita arnasa kentzeko moduko plano txandakatze bizien bitartez ere.

HilketaBeldurrezko generoaren erreferentziak ere sumatu ditugu Hoteleko estreinako atalean; “The Shining” eta “Seven” obra mugarriak izan dira inspirazio iturri nagusiak. Cortez hotelaren izaera fantasmagorikoak eta labirinto-itxurako osaerak Kubricken obra oroitarazten digun bitartean, Fincherren lan giltzarria oso presente dago Wes Bentleyk antzezturiko detektibeak aztertzen duen lehen krimen eszena basatian; baita hiltzailea bere hurrengo krimena iragartzeko detektibearekin harremanetan jarri eta alaba inuzenteak etxean sarraskia topatzen dueneko eszena itogarrian ere.

Beti da plazera telesailean ohikoak diren aktoreek istorio berrian zein rol jokatuko duten ezagutu eta euren nortasuna eta itxura lehenengoz dastatzea. Murphyk zuku guztia ateratzen die berezko talentua duten antzezleei, eta oraingoan bete-betean lortu du elkarren arteko kateatze interesgarriak eraiki eta drama dinamikoa plazaratzea. Planteamendua are interesgarriagoa da oraindik denboraldiko hainbat pertsonaia azaldu ez direla kontuan hartuz gero; bigarren atalean izango dugu Evan Peters, Finn Wittrock eta Angela Bassetten berri. Horrez gain, Lady Gaga eta Matt Bomerren arteko bikotea eraginkortasunez aurkeztu dute, bereziki pop abeslariaren pertsonaia, istorioko izar gisa. Gehiegizko garrantzia eman diote akaso, baina rolean txukuntasunez aritu da eta bere ekarpena meritu dramatiko soilengatik epaitu beharko dugu denboraldi amaieran. Atalaren bigarren zatian telesailaren beste ezaugarri bereizgarrietako bat azpimarratu dute, iraganaren garrantzia. Istorioko hainbat pertsonaia iraganean egindako ekintzek elkartzen dituzte, eta konexio horiek ataletan zehar pixkanaka ezagutzen joango garen erlazioak dinamitatzeko balioko dute.

Paulson eta Bates (2)Hotelaren unibertsoan arrotz, kontakizunaren kontrapuntua sinbolizatzen duen Wes Bentleyren pertsonaia ere zinez interesgarria da, istorioaren aspektu berbera indartzen duelako. Iraganeko galeraren ondorioz, orainean iltzatuta bizi da detektibea, etorkizunari aurre egin ezinik. Inguruan duen familiarekin eraikitako harreman hauskorrak joko asko eman dezake, are gehiago bere semearen patuak ikertuko duen hotelarekin hain lotura estua duela jakinda. Patuek eta esanahi ezkutuek, ordea, dimentsio handiagoa hartzen dute ataleko xehetasunei erreparatuz gero. Murphyk gidaturiko sortzaile taldeak pista mamitsuak ematen dizkigu hotelean egotearen arrazoiaren inguruan Sarah Paulsonek eta Kathy Batesek duten elkarrizketa eta, hilketak gauzatzen dituzten bitartean, ziztu bizian atzeraka egiten duen erlojuaren bitartez. Sakonean hausnartuz gero denboraldiaren nondik norakoen ideia osatu bat eraikitzeko baliatu ditzakegu hauek.

Norabide berean jokatzen du atalaren amaiera musikatuak, eta The Eagles taldearen “Hotel California” abesti klasikoak modu ezin hobean borobiltzen du eraikuntzaren barnean nagusi den dekadentzia, laster istorioaren garapenean giltzarri izango diren dinamiken esanahi ezkutuak indartzearekin batera. Hotelek osagai guztiak ditu American Horror Storyren denboraldi sendoena izateko, orain osagai horiek adimenez konbinatu eta errezeta maisutasunez errealitate bihurtzeko gai den ikusi beharko dugu.

Hurrengo ataleko trailerra:

Lehen denboraldiak gaur egun telebistan dagoen telesail interesgarrienetariko bat bihurtu zuen The Affair. Telesailari izena ematen dion gertaerak hartu zuen garrantzia lehen 10 ataletan eta Noah-k emazteari, eta Alisonek senarrari adarrak ipini izana bi bikoteengan izan dituen eragin traumatiko eta konplexuen lekuko izan da ikuslea. Bi protagonistek errealitatea ikuspuntu desberdinetatik kontatzeak telesailaren narratiba aberastu zuen, baita The Affair bikotea engainatzea baino istorio sakonagoa dela berretsi ere.

the affair 3Bigarren denboraldiak bi ikuspuntu berri eta errealitatearen beste bi bertsio izango dituela erakutsi zuen “The Affair: 11” atalak. Joan den denboraldiko protagonista izan ziren Noah eta Alisonen bertsioez gain, Helen eta Colen ikuspuntuak gehitu dituzte gidoilariek. Kontakizuna aberastu ala korapilatsuegia bihurtuko duen oraindik jakiteke dago, baina estreinakoz ikusitako Helenen errealitateak ez du huts egin, eta hurrengo atalean agertuko den Colen bertsioak maila bera mantenduko ote duen da misteriorik nagusiena. Lau bertsio kontrolatzea lan handia da, eta protagonisten arteko oreka lortzea izango da gakoa telesailak bere mailan jarraitu nahi badu. Honen harira, protagonista bakoitzak bestea nola irudikatzen duen jakitea izango da denboraldi honetako gakoetako bat; jakina da lehen denboraldian errealitatearen bertsio bakoitzak ez zuela dena berdin irudikatzen, beraz interesgarria izango da gidoilariek gehitutako bi bertsioek sexu bereko beste protagonista nola ikusten duten ezagutzea.

Oraina eta geroa irudikatu ditu atalak, eta bietan garrantzia handia izango duen elementua da oroimena. Rol garrantzitsua izango du bertan detektibeak, zeinak, ikusleak bezala, errealitatea lau protagonisten bidez ezagutuko duen, eta bertan sakonduko duen hilketaren erruduna nor den bilatzeko. Oraina eta geroaz gain, iragana ezagutzeko aukera ere eskainiko dute lau bertsioek; izan ere, The Affair denbora tarteak era ezin hobean maneiatzen dituen
telesaila da. Drama eta suspensea kontrolatzeko gai da, errealitate bakoitzari behar duen garrantzia dosia emanez.

the affair2Bi banantzeak definitiboak direla dirudi, eta bikoteen haustura oro bezala, sufrimendua pairatzen duten beste protagonistak seme-alabak dira. Zentzu honetan, Noah eta Helenen lau haurrek kontakizunean garrantzia izango dutela espero dugu, lehenengo denboraldian izan ez zutena, alegia. Bigarren mailako pertsonaien erabilera eraginkorra izan zen lehen denboraldian, eta aukera hoberena du telesailak alor horretan behin betiko finkatzeko.

Bigarren denboraldiak inpresio egokiak uzteaz gain, kontakizunak eta istorioaren ildoek izan dezaketen hamaika garapen aukeren baieztatzea izan da. Lau protagonisten bertsioek izango duten talka nabaria izango dela dirudi, eta inoiz baino gehiago, sentimenduek eta besteekiko portaerek duten eragina eta garrantzia.

Hurrengo ataleko trailerra:

Urteetan zehar pertsonaiek jasandako higaduraren erretratua. Horixe egin du Homelandek Facebooken ikusgai dagoen itzulerako “Separation Anxiety” atalean. Bi urteko denbora jauziarekin hasi den denboraldi berriaren abiapuntua betiko modukoa izan da, terrorismoaren borrokako markotik ihes egin nahi duten pertsonaien ezinbesteko itzulera. Oraingoan, ordea, hainbat dira istorioa dinamiko eta mamitsuagoa bilakatzeko telesailak indartu dituen alorrak. Joan den denboraldian indarturiko salbatzaile eta gaizkileen arteko marraren lausotasunaren inguruko perspektibari hasieratik atera diote zukua, arazoen xehetasunei bizkarra eman eta arriskua etsai ankerraren figura soilera mugatzean gatazka ulertu ezin duten exekutibo estatubatuarren figuran adimenez islatua.

Homeland-season5Rolak trukatu egin dira. Zentzu horretan, Quinn, baina, bereziki, ongi gorenak itsututa hilketa sistematikoak agintzen dituen Saul terrorista gisa erakustea, norabide berean sakontzeko balioko duen erabaki dramatiko inspiratua da. Denboraldiaren planteamendua, ordea, askoz haratago doa, izugarrizko gaurkotasuna duten gaiak ukitzea proposatzen duelako hasieratik. ISIS, Syria, errefuxiatuak eta islama tratatzerako orduan Europak duen erantzukizuna eta sekula iritzi publikora iritsiko ez diren erlazio instituzionalen negoziaketak… Sortzaileek baieztatu zuten Putinek eta Charlie Hebdok ere emanaldi berri honetan tartea izango dutela; proposamen berri eta freskoa, istorioa kapa ezberdin askorekin aberastu dezakeena.

Instituzioen rola esanguratsua izan da emanaldi berriaren abiapuntua finkatzeko. Carrie edo Quinn bezalako agente adeitsu bezain apalen aurrean, Saul, Dar Adal edo Miranda Ottok interpretaturiko berlindar agentea, edo alemaniar goi exekutiboen pertsonaiek erantzukizun handiagoa dute, ordezkatzen dituzten erakundeak bere baitan eurak guztiak batera eduki dezaketen zeresana baino askoz esanguratsuagoak direla. Interes pertsonal eta instituzionalek talka egingo dute denboraldian zehar, bai pertsonaien artean, baina baita pertsonaien garunen barnean ere; gozagarria izango da hain maila altuko aktoreak aurrez aurre ikustea. Horrez gain, informazioa eta pribatutasunaren hauskortasunaren kontzeptua plazaratu dute hackerrak eta kazetariaren paperen bitartez, lehenek sistema ezegonkortu nahi duten bitartean, bigarrenak sistema hobeago bat bilatzen du, baina, bata zein bestea, informazioa eta boterearen lur labainkorretan jardungo dira atal berrietan zehar.

Quinn-SaulJoan den denboraldiak telesailarekiko fedea berreskuratzeko balio izan bazuen, bosgarrenak sendotze definitiboa ziurtatzeko balio beharko luke. Horregatik, pozgarria da estreinako atalak hasieratik bide berberari eusteko intentzioa eta osagaiak proposatu izana. Gainera, telesailaren ildo klasikora itzulera ere egin dute, suspense itogarriz beteriko azken eszena kateatzearen bitartez, telesailean zehar esanahi osatuago bat hartu duen Carrieren familia erlazioekin ixteraino. Hirugarren denboraldi gorabeheratsuaren ostean, badirudi Howard Gordon eta Alex Gansa sortzaileek iparra berreskuratu dutela. Ikusmin handiz jarraituko dugu emanaldi berria.

Hurrengo ataleko trailerra:

Woody Allen aski ezaguna da ia bost hamarkadetan zehar etengabeko sorkuntzaren bitartez estilo guztiz bereizgarria garatu izanagatik. Hainbat dira zuzendari beteranoak azken lanetan formula berbera enegarrenez errepikatu duela kritikatzen dutenak, baina, zinema industria estatubatuarrak gizarteratzen duen topikoz jositako komedia hutsala kontuan hartuz gero, eztabaidaezina da Allenek generoaren maisu izaten jarraitzen duela. Ikuserraza eta, aldi berean, hausnarketa sakon bezain ilunak plazaratzen dituen komedia.

irrational man 2Horixe da Irrational Manen dohain nagusia, elkarrizketa bizi bezain inspiratuen bitartez ikusleari amodioa, laguntasuna, desioak, bakardadea eta heriotza bezalako gaiekin loturiko gogoeta mamitsuak transmititzeko duen erraztasuna. Gidoia eraginkorra da, eszena bakoitzak istorioaren garapena aberasten du eta, filmak aurrera egin ahala, pertsonaien arku dramatikoek hasiera batean espero gabeko tokietara bideratzen dute kontakizuna. Nabarmena da Allenek formula aspaldi maisutu zuela, baina oraingo honetan berriz ere obra freskoa osatu du, filosofia oinarri hartuta, teoria eta praktika, pentsatzea eta ekitearen arteko giza dilema unibertsala kontakizunaren erdigunean jartzen duelako.

Estandarretik at topatzen du bizitasuna antzezpen txukuna osatzen duen bikote protagonistak, arriskuan, artaldetik urrun; batak bestearen berezitasuna elikatzen du, inguruan dituzten pertsonaiek bizi duten egunerokotasun lauaren erretratuaren bitartez are gehiago nabarmenduriko sentsazioa. Elkarrizketa nagusi den filmean, txalotzekoa da sentsazio hori edo pertsonaiak muturreko egoeratara iristean legeak eta justiziak jendartean duten eragin suntsitzailea bezalakoak elkarrizketarik gabe hain ondo islatzea.

irrational man 3Komedia generoa hain deformatua izan den garaian, Allenek sugarra mantentzen du hainbestetan esploraturiko bikote dinamikari bestelako begirada emanez. Ez da ikuslegoa azaleko txantxen bitartez gozaraztearekin konformatzen eta eremu ilunagoak esploratzen ditu, bereziki Joaquin Phoenixen pertsonaia bere buruaz beste egiten saiatzetik, barne miseria gainditzeko atzera bueltarik gabeko ekintza bat gauzatzera igarotzen denean. Hasiera batean, gizon batek bere bizitasuna beste pertsona baten hilketaren bitartez berreskuratu dezakeela pentsatze hutsak astakeria dirudien arren, hori da, hain zuzen ere, Allenen meritua; gizarteak inposaturiko moralitatetik ihes egin eta indibiduo bakoitza bere bizipen pertsonalen batura singular gisa erakustea. Horren ondorioz, bakoitzak mundua eta existentziaren inguruan infinituraino hausnartu arren, ekintzetara igarotzerako orduan bihurtzen du guztiz subjektibo ongia eta gaizkiaren kontzeptua, justizia indibiduala eta kolektiboaren arteko muga lausotzeraino. Azken finean, jokamolde bat edo beste justifikatzetik haratago, Irrational Man norberaren hautuek ingurukoengan duten eraginaren inguruko hausnarketa inspiratua da.

Trailerra:

Ez da erraza Goenkaleren ondorengoa izatea. Programazioan 21 urte iraun dituen EITBren telesail mugarriaren hutsunea betetzeko erronka du aurretik Aitaren Etxea hasiberriak, istorio aldetik behintzat, antzekotasun handirik ez duen proposamena izanda ere.

Aitaren etxea 1Garaiko telesaila da “Go!azen” eta “Zorion Perfektua” filmen zuzendari izandako Jabi Elortegiren sorkuntza berria, 1956an, frankismo garaian, amodio istorio bat oinarri duen kontakizuna. Melodrama da abiapuntua, baina maitale gazteen errealitatea inguratzen duen gizarte makurra kontuan hartuz gero, Shakespearen istorioen antzera, ezinezko amodioaren inguruko tragedia batean bilakatzeko osagaiak ditu, hasieratik autoritatea, tradizioa eta aurrerakuntza bezalako printzipioen inguruan talka egin duten hainbat pertsonaiaren bitartez nabarmenduriko sentsazioa. Alkate ustela eta hoteleko arduradun umil bezain ohoretsua aurrez aurre jartzen dituen atalaren azken eszena da honen erakusle garbiena.

Garaiko gizartearen esentzia islatzeari garrantzi handia eman diotela nabari da, janzkera, kale inguru eta hizkera zein kanta tradizionalen bitartez txukuntasunez erdietsi dutena. Aro historiko hura bertatik bertara bizi izan zutenen atal hasierako testigantzak eta frankismo garaian zinemetan proiekzioen aurretik emititzen ziren derrigorrezko NO-DOek ere alor berbera indartu dute.

aitaren etxea 2Pozgarria da EITBk drama historikoan oinarrituriko euskal telesail baten aldeko apustua egin izan, modu batean, telesailek ere geroz eta oparoagoa bilakatzen ari den euskal zinemagintzaren bideari jarraitzeko aukera zabaltzen duelako, euskal produkzioa hazten egotearen sentsazio bizigarria transmititzen dute halako egitasmoek. Baina jauzi kualitatiboa ez da sortzaileei bakarrik exijitu beharreko zerbait, ikusleek ere perspektiba zabaldu eta istorio berriei aukera bat ematea funtsezkoa da halako apustuek aurrera jarrai dezaten. Kezkagarria litzateke, atzerriko telesail andana ikustera ohitu garen garaian, hemengo obrei bizkarra ematea.

Hamabost ataleko istorio mugatua izateak ere kontakizunaren alde egiten du; espero dugu sortzaileek istorioa tarte horretan borobiltzea, eta bigarren denboraldi bat egitea erabakiz gero arrazoi dramatikoengatik izatea, ez audientzia datuengatik. Zentzu horretan, Francoren aurkako borrokan sortutako gizarte mugimenduei tartea egiteak ere kontakizuna aberastu dezake, aurrez aipaturiko eremu ilunagoak ukitzearekin batera, istorioari dimentsio berri bat eman diezaiokeelako. Haize berria dator euskarazko fikziora, gertutik jarraituko dugu telesailaren ibilbidea.