Iraila, 2015 -en artxiboa

Joan den urteko estreinako denboraldia nahikoa izan zuen True Detective telesailak kultuko estatusa bereganatzeko. Nick Pizzolattok sorturiko istorioak zirrara sorrarazi zuen ikusleen artean argumentuaren sakontasuna eta argazkigintza zein denboraren trataerari emandako estilo guztiz pertsonalari esker, prentsa espezializatuaren bultzadak lagunduta, fenomeno mediatikoa bihurtzeraino. Oinarrizko hainbat elementu mantendu baina istorio, testuinguru zein pertsonaia berrien bitartez, ikusleen aurreikuspen izugarri altuak betetzen ahalegindu da bigarren emanaldia.

Louisianako urtegi inguruetan neska gazteak bortxatzen zituzten eliteko gizon aberatsen figura kontakizunaren erdigunean ezarri du denboraldi berriak. Erraietaraino ustela dagoen Vinci hiria izan dugu gertaeren kokalekua oraingoan, non, enpresari handietatik kaleak patruilatzen dituzten polizietaraino, gezurrak, negozio ilunak eta zigorgabetasuna gailendu diren; zorigaitza nagusi da denen bizitzetan, ingurugiroan zein lan eta negozio erlazioetan. Abiapuntu honek istorioari interes berezia emateaz gain, errealismoa ere gehitu dio, arazoaren sustraia gure ongizatea posible egiten duen sistemaren oinarrian irudikatu baitu; ontasunaren etsaia.

protagonistak

Telesailari nortasun propioa eman zion beste ezaugarrietako bat izan zen pertsonaietan oinarrituriko kontakizuna, gaizkia kanpoengan bilatu arren arazo sakonenak euren barnean dituzten pertsonaia horiena, oraingo lauek Harrelson eta McGonaugheyk osaturiko bikotearekin zerikusi gutxi duten arren. Iraganak tarte zabalagoa izan du istorio berrian eta detektibe bakoitzaren izaera zein motibazioetan sakontzeko baliagarria izateaz gain, euren jokamolde eta erabaki bakoitzaren arrazoia aberastu du. Inoiz eduki ez zuen aita izateko nahia, indarrean aldenduriko semea, gaztetan jasandako trauma sexualaren albo-kalteak, galdutako familiak utzitako hutsunea… lauak ingurugiro ezberdinenetatik etorri arren, barneko mamuak uxatzeko ezintasuna dute komunean, euren oraina eta etorkizuna ezinbestean markatzen dituena. Bizitzan zerbait izan nahi dute, zeresana bilatzen dute, baina trukean miseria besterik ez dute jasotzen. Zentzu honetan, ataletan zehar jorraturiko nortasunen eraikuntza geldoak emaitza oso boteretsuak izan ditu erdialdetik aurrera, non pertsonaia bakoitzaren unibertsoak gainbehera nabarmena jasan duen. Adibide aipagarrienen artean, “Other Lives” bosgarren atalean Taylor Kistchek antzezturiko Paul Woodrugh gerra beteranoak bere amarekin duen eztabaida sutsua edo Colin Farrelek gorpuzturiko Ray Velcorok bere emaztearen bortxaketa mendekatu nahian aspaldian hil zuen gizona bizirik dagoela jakiten duen unea. Halaber, interesgarria izan da hain eszena indartsuak osatzearekin batera pertsonaien izaerak aberastu dituzten informazio berria eskaintzea.

Pertsonaien garapena geldo bezain gozagarria izan da, baina baita arriskatua ere. Esan liteke etengabeko iraultza dramatikoen bila etorritako ikuslea telesailez nahastu dela; Pizzolattok argi utzi zuen hori hasierak eta oraingoan ere bere horretan jarraitu du, eszena luze eta pausatuak lehenesten, egoera eta sentimenduen sakontasuna anplifikatzeko. Hala ere, denboraldiaren erdigunean dinamismo falta sumatu da, erlazio eta konexioei nahi bezainbesteko zukua atera ez izanaren sentsazioa. “Church in Ruins” seigarren atalak irauli du dinamika hau, eszena kateatze bikainak osatu eta alor dramatikoa beste maila batera goratuz. Pertsonaia ezberdinen istorioak maisutasunez haritu ditu, Frank Semyon eta Ray Velcororen arteko eszenen txandakatzearen bitartez aitatasuna ulertzeko modu kontrajarriak alderatzean, baita ostera Semyon bera gangster latindarrekin elkartu, hildako neska topatu eta segidan eszenak festa sexualean harrapaturiko Bezzeridesengana jauzi egiten duenean, patu berberaren arriskua iradokitzeko. Errealizazio aldetik ere bikaina izan da, Vince Vaughnen pertsonaiak atal hasieran bere iragan umezurtza ispilatzen duen haurrarekin konektatu, segidan segurtasunezko egoeran gaizkile garra indartu eta ostera geroz eta lur hauskorragoetan mugitzearen sentsazioa modu inspiratuan islatu dituzte eszena bakoitzeko plano eta xehetasunen bitartez, lehenik etxe inbasio hutsalean eta segidan iritsi orduko fokua egoeraren hauskortasuna sinbolizatzen duen paretako pitzaduretan jartzean. Honez gain, arnasa kentzeko moduko amaiera gozagarria eskaini du, non Rachel McAdamsen antzezpen gogoangarria eta muntaia inspiratuari esker bere pertsonaiaren azalean sartu eta itogarritasun sentsazioa sinesgarritasun osoz transmititu digun, haluzinazioen bitartez bere iraganaren gertaera giltzarriak argitzeraino. Gertaera handien aurrean egotearen sentsazioa transmititu du atalak eta, ezinbestean, sei minutuko plano-sekuentzia ikusgarriari esker hain ezaguna bihurtu den lehen denboraldiko “Who Goes There” atala gogorarazi digu.

semyon-velcoro-aitatasuna

Tamalez, halako une zirraragarrien artean, gorabeherak ere ez dira gutxi izan, bereziki arlo estetikoan. Lehen denboraldian atal guztiak Cary Fukunagak zuzendu eta normalean zinemarekin loturiko autorezko ikuspegi markatua erdietsi zuen bitartean, oraingoan zortzi atal sei zuzendari ezberdinen artean banatzeak koherentzia murriztu dio istorioari. Elkarrizketak eta eszenak garatzeko modu kontrajarriekin topatu gara atal bakoitzean, irudien bitartez istorioko ezaugarri ezberdinetan fokua jartzerako garaian estilo nahasketa gehiegizkoa izan da eta, une miresgarriez gozatu dugun arren, kaosa eta noraezean ibiltzearen sentsazioa gailendu dira, osotasun baten falta. Badirudi oraingoan Pizzolattok behar baino gehiago idatzi nahi izan duela, pertsonaia bakoitza pantailan inoiz ikusten ez dugun ezaugarri horiekin blaituz, baina polizia eta hiltzaileen arteko lehia alboratu eta detektibeen barne gatazketan sakontzeko apustua egin duen denboraldi honetan, hainbeste zuzendari ezberdinekin aritzea ez da erabaki egokiena izan.

Esan liteke telesailak gauza asko kontatu nahi izan dituela tarte laburrean. Zortzigarren atala ate joka genuela, istorioa hanka motz geratu izanaren sentsazioa nagusitu da, akaso denboraldia hamar ataletara luzatzeak dinamika borobiltzeko balioko zuen. Modu batean edo bestean, pertsonaien artean sor zitezkeen erlazio mamitsuak eta ataletan zehar planteaturiko istorioaren hainbat ñabardura ezerezean geratu dira. Ildo horretan, zuzeneko eragina izan du irudien lanketa zehaztuago baten bitartez ikuslearengan hausnarketak plazaratu ordez, garapen dramatikoa elkarrizketetan hainbeste oinarritzeak.

Hain zuzen ere, irudien bitartez hausnarketak transmititzeko balio izan duten planoak airetik errepideak erakusten dituztenak dira, lehen denboraldian bereizgarri bihurtu ziren horiek. Oraingo honetan, ordea, are zentzu gehiago hartu dute istorioan, pertsonaien iragana, oraina eta etorkizunean sakontzean amaierarik ez duten errepide horiekin paralelismoetarako aukera gehiago zabaldu direlako. Modu batean, orainaldiaren ezjakintasunean bizi dira, errepidetik ikusten dugun zati bakarrean, erdibidean, atzean uzten duten bidea ezabatu nahian eta aurrerantz eramango dituena argitzen saiakera hutsalak egiten. Hiri industrialaren dekadentziak euren barneko miseria eta bakardadea ere ispilatzen ditu.

highway

Zentzu horretan, zinez interesgarria da musikak denboraldiaren garapenean jokatu duen paper giltzarriari erreparatzea. Alde batetik Leonard Cohenen sarrerako “Nevermind” kanta dugu, zeinak iraganeko okerrei ihes egin eta harrapatua ez izatearen kontzeptuari erreferentzia egiten dion, atal bakoitzean jorraturiko gaiekin lotura estuago izateko abestiaren hitzak aldatuz. Bestetik, Lera Lynnen abestiak ditugu, denboraldia doinu triste eta malenkoniatsuz busti dutenak, istorioaren tonu dekadentea ezarriz eta pertsonaiek egoera konkretuetan sentitzen dutena maisutasunez anplifikatuz.

Hala ere, denboraldiaren lorpen nagusia fikzioaren bitartez errealitateko munduaren erretratu hain lazgarri bezain fidela egitea izan da. Lehen denboraldian, Pizzolattok hiltzaile klasikoaren istorioa jorratu zuen bitartean, oraingoan diruak itsuturiko elite ustelen antolaketak argitara eraman nahian arriskatzen dutenek zein modu katastrofikoan amaitu dezaketen erakutsi du. Beste hitz batzuetan, indibiduo txikiek sisteman sustraituriko korporazio eta elkarte handien aurka aldaketak eragiteko duten gaitasun hutsala azpimarratzen du. Velcorok kasuaren inguruan zuen informazioa konfiantzazkoa duten polizia bakarrari ematera joan baina hilik topatzen duenekoa edo Woodrugh lehen lagun izan baina orain elite horien mesedetan lan egiten duen pertsonak traizionatzen dueneko uneek ilustratzen dute aipaturikoa. Gizartearen ikuspegi dekadenteena jorratu du oraingoan telesailak eta sentsazio hori pantailan indar handiz harrapatzea lortu du antzezpen duinak osatu dituzten aktore espresiboen bitartez. “Black Maps and Motel Rooms” zazpigarren ataleko eszena bat da, ziurrenik, kontzeptua bere osotasunean islatzen duena. Bezzeridesek sexu festatik salbatu eta miseriatik ateratzen lagundu nahi duen emagalduak nahiago du zorigaitzean bizi, sistema ustel eta makabro horrek eskaintzen dion bere txokoan, errotik aldatu eta bizitza berri bat hastea baino. Ez du ihes egin nahi eta zorigaitza ezinbesteko zerbait bezala onartzen du. Eszena bikaina da, Bezzeridesek askatasunaren aukera eskaintzen dion bitartean neska gazteak bere habitatera itzultzeko gogoa azaltzen duelako, non bere ustez askeagoa den, Bezzeridesek itotzen duen errealitatea borrokatu eta askatasuna bilatu nahian errepide erdiko etxe txiki batean anonimotasunean preso amaitu duen bitartean.

Aktoreen lanari erreparatuz gero, txalotzekoa da beste behin ere telesailaren lantaldeak erdietsi duen marka. Bigarren aldiz, komedia filmengatik ezagunak diren aktoreak hautatu eta euren interpretaziorako talentu guztia azaleratzea lortu dute, antzezpen sendoen bitartez pertsonaien kezka eta motibazioei sinesgarritasuna emateraino. Aurrez aipatu bezala, sarritan garapen dramatikoa elkarrizketetan oinarritu duten arren, istorioa pertsonaietan hain sustraituta egoteak ere eragin du ikusleak jarrera aktiboago bat hartu behar izatea. True Detective ez da erraztasun osoz irentsi daitekeen drama, baizik eta hausnartzeko aldez aurretiko jarrera izan ezean, osotasunean ulertzea ezinezkoa den telesaila.

bezzerides-woodrugh

Zinemagintza arloan puntu gorena zazpigarren atalean erdietsi du telesailak, non pertsonaia guztiak euren patua betiko markatuko duten erabakiak hartzen ikusi ditugun. Aurrez aipaturiko Bezzeridesen eszena metaforikoaz gain, Frank Semyonek luzaroan kasinoko laguntzaile izan baina ezkutuan gezurretan ari zen Blaken hilketa bikaintasunez gauzatu dute, baita Bezzeridesek aitari azken agurra eman aurretik haurtzaroko bortxaketaren inguruan izandako elkarrizketa anbiguoa ere, baina ataleko borobilenetako bat Taylor Kistchen istorio zatia da, amaierako patua iragar erraza izan arren modu adimentsuan osatua, bere iraganarekin bat egiten duen gerrako frontean egotearen sentsazioa duintasunez islatzen duelako. Pertsonaia guztiek euren izatea mugatu baina estimatu ere egiten zituzten familia edo negozioa bezalakoetatik askatzeak, azken atalean euren nortasuna purutasunean jorratzeko balio du baina, aldi berean, baita amildegira geroz eta gehiago hurbiltzeko ere. Zentzu horretan, erabaki dramatiko inspiratua eta edertasunez betea da familiei agur esan dieten Bezzerides eta Velcorok elkarren artean bizitasuna topatzea, tristea baina gozoa aldi berean.

Amaierari dagokionez, zentzu dramatikoan erraz iragar zitekeela eztabaidaezina da. Jada telesailen narratiban askotan ikusitako formulak errepikatu dituzte, berriz elkar ikusiko ez duten Semyon eta emaztearen arteko azken agurra edota Bezzerides eta Velcororen arteko lotura, amaiera zoriontsu baterako itxaropena piztu baina handik gutxira Colin Farrelen pertsonaiaren heriotzan amaitzen duena. Bere pertsonaia izan da, zalantzarik gabe, zorigaitzak modu gogorrenean kolpatu duena, are gehiago amaieran biologikoki berea zen seme kuttunari azken mezua ere bidali ezin izan zuela kontuan hartuta. Hala ere, pertsonaia bakoitzaren patu definitiboa zentzuduna izan da, Woodrughek heriotza desiratzen zuen, Semyonek merezitako infernua izan du, Velcorok bakea eta Bezzeridesek hasiera berri bat.

Azkeneko atalak denboraldi osoan zehar indarrean egon den ideia azpimarratzeko ere balio izan du, eliteetako enpresari, politikari eta polizia ustelen zigorgabetasuna. Velcoro gizartearen iritzia eratzen duten albistegietan gaizkile bezala irudikatzea anekdota bat besterik ez da zortzi ataletan zehar egozten saiatu diren Chessani, Catalast eta gainontzekoak garaile garbi bezala erakustean, eraikuntza eta bestelako negozio mamitsuak publikoki hitzartu eta adierazpenak ematen. Eurak dira benetako dominatzaileak, baina eurak eta istorioko lau detektibeen dominatzaile nagusia gaizkia da, gizaki ororengan dagoen gaizkia. Ontasuna bilatu duten protagonistek ere metodo ankerren bitartez bilatu dute, bizi duten munduan sustraitua dagoen logika delako. Zentzu horretan, guztiz inspiratua da telesailak “we get the world we deserve” erabiltzea denboraldiko esaldi nagusi gisa. Amaiera Venezuelako eszenarekin lotzea adimentsua izan da, non Bezzeridesek kazetari bati iraganeko bizipenak kontatzen dizkion, Semyonen Jordan emaztearekin ihes egin aurretik. Festa jainkotiarra ospatzen dute kaleetan bertako biztanleek, zoriontasun eta ezjakintasunez; istorioko protagonistek bizitu dituzten zorigaitzetatik urrun. Txalotzekoa da plano eta musikaren konbinaketaren bitartez lorturiko muntaia, non Lera Lynnen “Lately” kantako esaldi bakoitzak irudi zehatzekin lotuta denboraldiko gai nagusia borobiltzen duen.

venezuela

Akats handiena ez da sortzaileena izan, baizik eta prentsa estatubatuarrarena, zeinak istorio berria joan den denboraldiko betaurrekoekin epaitu duen. Hasieratik amaierara arte kontakizuna modu linealean jorratu eta aurreikusten erraza zen norabide bat ez izateagatik duela urtebete telesailen olinpora goratu zuten obra lurperatzen saiatu dira oraingoan. Iritzi sortzaile masibo gisa duten ahalmena kontuan hartuta, tamalgarria da euren ekarpena hausnarketa eskasez osaturiko azaleko kritikara mugatzea. Akatsak akats, ondo dakite okerra dela testuinguru, pertsonaia eta orokorrean tonu ezberdina izan dituen kontakizuna Rust eta Martyren istorio goratuarekin alderatzea. Batzuk HBOren onespenez lanketa prozesuan dagoen hirugarren denboraldiak zentzurik ba ote duen ere planteatu dute, arrakasta izateko estreinako istorioaren estruktura berreskuratu beharko lukeela defendatuz. Non dago sorkuntza? eta originaltasuna? Bigarren denboraldiak gora beherak izan ditu, lehen denboraldiak bezala, baina positiboa izan da errealitatea prisma ezberdin baten bitartez begiratu duelako. Akatsa litzateke funtsean antologia izaera duen telesaila istorio ezberdinak kontatzeagatik bertan behera geratzea. Hirugarrena izango da ezinbestean Pizzolattorentzat erronka nagusia, telesailaren hondamendia edo arrakasta definituko dituena. Espero dugu hurrengoan ikusleen eta prentsaren postura ulerkorragoa izatea eta Pizzolattok berak, bi denboraldietan bereganaturiko esperientziaren bitartez, publiko eta kritika asebeteko dituen emaitza osatzea, bere buruarekiko fideltasuna mantentzearekin batera. Ez da erronka erraza izango.