uztaila, 2015 -en artxiboa

AMC kateko telesail ezkutu gisa izendatu genezakeen Hell on Wheelsek egin du udarako itzulera, bosgarrena eta azkena izango den denboraldiaren estreinako atalaren bitartez. Aurreko emanaldi amaierako gertaeraren ildotik eta kokaleku berean abiatu da Cullen Bohannonengan zentraturiko istorioa. Trenbide-gizonak Cheyennen bizitza eta itxaropen oro galdu eta Railroad Pacificera egin zuen ihes, bizitza berri baten eta galdutako familiaren bila. Zentzu horretan, esanguratsua da ataleko lehen eszenak Bohannon etorkizun itxaropentsua sinbolizatzen duten emakume eta semearekin kostako etxe baketsuan itsasoari begira erakustea. Hurrengo ataletan ikusiko dugun gertaera bat ote, ala Bohannonen irudipena besterik ez? Modu batean edo bestean, erabaki inspiratua izan da sortzaileen aldetik, istorioa borobiltzeko balio beharko lukeen azken denboraldiak telesailaren abiapuntu originala ezarri zuen gertaera berari egin diolako erreferentzia, familiaren galera.

railroadAmetsezko une zoriontsua, ordea, modu bortitzean eteten da trenbide berriko lur izoztu eta errealitate gordinera itzultzeko. Trenbidearen eraikuntza izan da telesailaren beste euskarri nagusia; denbora luzez Thomas Duranten gidaritza gorabeheratsuaren menpe eta azken denboraldian bidea eraikitzen lehiatu nahi duen Railroad Pacificeko ingurune hotzetan, biek trenbidea dute oinarri ostera eraikuntzaren parte diren pertsonaien gatazketan sakontzeko. Aurrerapena sinbolizatzen du trenak, baina bizitzako bidea bera ere irudikatu dezake, ankerkeria eta miseria gailendu diren gerraosteko munduan aurrerabidea topatzen duena, ibilbidearen amaieran salbazioa eta bakea erdietsiko dutela sinetsi nahi duten pertsonaiei esker, onbera bezain maltzurrak diren pertsonaiak.

Dramatikoki lehen atalak ondo funtzionatu du, plano bereizgarri eta elkarrizketa inspiratuen bitartez aurreko denboraldietako gertaerei erreferentzia egiteaz gain, istorio berriaren oinarriak ezarri dituelako. Telesail osoan zehar transformazio izugarria jasan arren pertsona gupidagabe eta beldurgarriena izaten jarraitzen duen Thor Gundersenen agerpena bikaina izan da, Bohannonen etxeko atera bertaratzean izugarrizko tentsio eta itogarritasun sentsazioa sortzearekin batera telesaileko protagonista kuttunari deabrua bere barnean dagoela esaten diolako; honek istorioari existentzialismoarekin loturiko dimentsio berri bat eman diezaioke, zirraragarria elkarren artean libratuko duten azken lehian sakontzeko.

Bestalde, trenbidea eraikitzen duten langile txinatarren Mr. Chang buruzagi ustela ere ezagutarazi du “Chinatown” atalak. Bohannonekin talka hasieratik markatu dute eta bien arteko dinamikak aukera dramatikoak eta paralelismoak asko zabalduko ditu, biak ala biak egoera lazgarrietatik igaro direlako. Txinatar buruzagia behin ere esklabo izan zela  iradokitzen duten bizkarreko orbainak erakustearen bitartez nabari da sortzaileek egungo telesailak konplexutasun eta interes maila handiago batera goratu dituzten kontzeptuari eutsi diotela: ez dago heroi eta gaizkilerik, ongia eta gaizkia pertsona ororen barnean daude. Iragan gatazkatsuak gailendu eta esklabotza eta lanaren kontzepzio kontrajarrien bitartez aurrera egin duten nortasun indartsuko bi pertsonaien arteko talkaren eboluzioa gozagarria izango da.

mr changDurantek zuzenduriko Union Pacificen istorioa nekez dastatu dugu atal honetan, baina Railroad Pacificeko infiltratuaren bitartez mezuak telegrafoz jasotzen dituela ikustea nahikoa izan da aldi berean helmugara bideratzen diren bi trenbideen arteko talkaz gozatzeko aukera izango dugula jakiteko. Argumentua nabarmen aberasten du honek, antzekoak diren bi munduren arteko paralelismoak egiteko balioko duelako baina, bereziki, lehen aldiz istorioa bi trenbidetara hedatu duelako. Errealitateko gertaeretan txinatar etorkinek trenbidearen sorkuntzan izan zuten protagonismoa aldarrikatzeko balio du erabaki honek eta baita denbora luzez ezagutu ditugun Durant, Eva, Mickey eta abarren istorioak inoiz baino dinamikoagoa den plano bikoitzean batzeko.

Ezaugarri bereizgarriak mantendu eta planteamendu berri zein freskoak eskainiz, abiapuntu sendoa izan du Hell on Wheelsen azken denboraldiak, telesailaren anbizio handienekoa ziurrenik. Eskertzekoa da AMCk berak, berandu izanda ere, obraren alde apustu ausartago bat egin izana, aurrez Breaking BadMad Men edo The Walking Dead bezalako saio izarrekin egin bezala, zazpi ataleko bi txandako formatura eramanaz, western telesaila 2016raino luzatzeko balioko duena. Espero dugu sortzaileek urteetan zehar garatu duten maila narratibo zein artistiko bikaina mantendu eta istorioari merezi duen amaiera ematea.

Bosgarren denboraldiaren trailerra:

Beste urte batez, HBOren saio entzutetsuena izateaz gain mundu mailako fenomeno bilakatu den Game of Thrones telesailak hamar ataleko emanaldi berria eskaini du, fantasiazko mundu batean kokatu arren, pertsonaien motibazio gizatiarretan oinarritua egotearen ondorioz egungo errealitatearekin hurbiltasun izugarria sortzea lortzen duena, boterea, nortasuna, leialtasuna, maitasuna edo traizioa bezalako giza gatazken bitartez. Paraleloan garatu zein elkarren artean nahasten diren pertsonaiak eta argumentuak hainbeste izanik, iruditu zaigu zentzudunena istorioa kokalekuz kokaleku aztertzen joatea dela.

Boterea eta sistemaren egonkortasunaren sinbolo izan den Kingslandingen sumatu da beste inon baino gehiago autoritate falta. Tywin Lannisterren heriotzarekin familiako buruak orkestratzen zuen eredu hegemonikoaren gainbehera nabarmena izan da; Tommen gazte inuzenteak erregetza bereganatu arren, eskuhartze hutsala izan du erabakitzeko unean, ama eta emazte manipulatzaileek baldintzatua, behin bere mesedetan jarduten zuen kontseiluan ere bakarrik aurkitu da Cersei, familiaren ahulezia usaintzen duten putrez inguratuta. Etsaitasuna, ordea, ez da erregetzako zirkuluetara mugatu eta herritar behartsuenen artean ere hedatu da, denboraldiko “The Sons of the Harpy” laugarren atalean euren erregea sasikume gaitzesgarri gisa iraintzen duteneko eszena bikainean islatu dena.

Lannister

Baina familiaren haustura ilustratzeko gehien landuriko dinamika Cersei eta Jaimeren arteko zatiketa izan da. Urteetan zehar jasandako sufrimendua modu ezberdinean kanalizatu dute, behin maitale izandakoen artean inoiz baino erlazio urrun eta hotzagoa eraikitzeraino. Denboraldi osoan zehar bien arteko patuak banandu baina, aldi berean, eszenen segiden bitartez geroz eta ezberdinagoak diren euren ekintzen arteko paralelismoak egitea erabaki inspiratua izan da sortzaileen aldetik. Tradizionalki eurentzat familiak instituzio gisa duen garrantzia kapitala kontuan hartuta, elkarren artean sorturiko seme-alabak zaintzean biek porrot egin izanak erlazioa orain arteko une konplikatuenera eraman dezake, are gehiago azken ataleko gertaera lazgarrien ostean, non lehen aldiz Jaimek aitatasuna gozatu eta segundo gutxitara alaba pozoitua besoetan galtzen duen, eta urteetan zehar areagoturiko gezur eta ankerkerien zigorra ordaintzen duen Cerseik High Sparrowk aginduriko “Walk of Atonement”en ondorioz, non hiri guztia biluzik igaro behar duen irain gupidagabeak oihukatzen dituzten herritar-andanaren artean; umilazioa gorena.

Euren kalterako indartu direnen rola aztertzea ere interesgarria da. Alde batetik, behin Cerseik berak miseriatik ateratzen lagundu zuen High Sparrowren papera dago, zeinak jainkotasunaren bitartez estamentu zaharren boterean ezkutatzen direnak epaitzeko autoritatea bereganatu duen. “You are the few, we are the many” esaten dio Tywin Lannisterren emakumezko papera ispilatu lezakeen Olenna Tyrelli “The Gift” zazpigarren atalean, herritarren batasunak eliteetako gutxiengoa gailentzeko izan dezakeen boterearen oharpen gisa. Deigarria da, ordea, iraultza hori erlijiotasunak dakarren fanatismoan oinarritzea, errealitatea bizi dutenen gainetik dagoen izaki mistiko baten esanetara gobernatzea.

Zentzu horretan, Dorneko argumentua guztiz ezberdina izan da. Jainkotasunetik urrun, diplomazia eta mendeku pertsonalaren arteko talkan sakontzeko balio izan du. Oberynen maitale Ellaria Sandek Lannister familiarekiko gorrotoa lau haizeetara zabaldu duen bitartean Doran Martell printzeak joko politikoa lehenetsi du, erlazio instituzionalak babestuz bi familien arteko epe luzerako akordio baten alde, baina beti ere Tywinen inperioari erreferentzia eginez, betiko joan den erregimena eta hegemonia. Bi familien arteko gaitzesturiko maitasun erlazioetan paralelismoak egin eta Cerseiren lehen ataleko flashbacka borobiltzen duen Myrcellaren heriotzarekin amaiera dramatiko zinez boteretsua osatu arren, Dorneko istorioa erdibidean geratu izanaren sentsazioa nagusitu da. Denboraldiaren koadro orokorrean funtzionatzeko zailtasunaz gain, sakontasun falta nabarmena izan da, beharbada bertakoen izaera eta tradizioak esploratu izan balituzte dimentsio berri bat bereganatuko zuena.

Modu batean edo bestean, joan den denboraldiko hainbat gertaera nagusi Kingslandingen elkarturik zeuden familien arteko talkaren ondorio izan ziren bezala, oraingoan kapitaleko gertaerek behin menderatzaile izandako Lannister familiaren desgrazia eta botere galera azpimarratzeko balio izan dute nagusiki. Sakabanaketa hainbestekoa izan da erregetza inguratzen zuten bi putre nagusiek ere kapitaletik urrun jokatu dituztela bere kartak. Varysek Tyrioni ihes egin eta aliantza berriak eraikitzen lagundu dion bitartean, Littlefingerrek joan den denboraldian abiaturiko azpijokoa borobildu du. Joffreyren hilketaren eragile nagusietako bat izan ostean, Sansa The Eyrieko jabetza bereganatzeko baliatu eta ondoren Stark familiako neska gaztea Winterfellera itzularazi du, bere anaia Robb eta ama Catelyn erail zituzten Boltondarrengana. Botere lehian maisutasunez jokatu du, eskualde baten kontrola eskuratzeaz gain erregetzako eragileekin ere harremana mantenduz, Sansaren aurka mendeku gosez itsuturik dagoen Cerseirengan manipulazio gorena eragiteraino. Puntu honetan interesgarria da Varysek Tyrioni “The House of Black and White” bigarren atalean gobernatzearen inguruan adierazten dion ikuspegi bati erreferentzia egitea; bere ustetan tronuan esertzeagatik jendarteak erabakien erantzule gisa irudikatzen duen erregea izan gabe, itzalean aholkuak eman eta euren kabuz estrategia ezkutuak garatzen dituztenak dira funtsean gobernatu eta boterearekiko gose aseezina garatzen dutenak. Horixe da Tywinek bere familiaren egitura eta rolak antolatzen egiten zuena, eta baita Varys edo Littlefingerrek lehen denboralditik egiten dihardutena ere, telesaileko botere erlazioak ulertzeko balio izateaz gain egungo mundura modu berean aplikagarria dena. Hala ere, influentzia postuetan igoera nabarmena izan duen Littlefingerren kasuan, azpimarratzekoa da bere botere guztia zein hari fin eta hauskorrean oinarritzen den, Olenna Tyrellekin elkarbanatzen duen sekretu izugarrian; batak zein besteak, elkarren arteko eragin suntsitzailea dute.

littlefinger-varys

Winterfellera itzuliz, behin eta berriz zapaldua izan arren Stark familiaren nortasuna beregan mantendu duen Sansa dilema izugarriaren aurrean aurkitu da. Alde batetik, Littlefingerrek berarekin nola jokatu duen ohartzean, traizio sentsazioak gogor kolpatu du, “High Sparrow” hirugarren atalean hoztasun eta samin sakonez beteriko eszenaren bitartez bikaintasunez islaturiko sentsazioa. Aldi berean, ordea, eraldaketa definitiborako atea ireki du aspaldian inozentziaz utzi zuen jatorrira itzultzean, behingoz ihes egiteari utzi eta bere patuaren kontrola hartzeko aukera. Sortzaileek maisutasunez harrapatu dute itzuleraren hunkiberatasuna, telesailaren lehen ataleko gertaeren oroimena berpizteraino.

Baina, botere handitzetik urrun, Sansak etsaiez beteriko ingurune zikoitzean sufrimendu gehiago besterik ez du topatu. Ramsay Bolton maltzurrarekin ezkondu ondorengo bortxaketak Stark gaztearen duintasun ororen galera irudikatzen du, are gehiago behin senidetzat izan zuen Theonen menpekotasun absolutuaz ohartu edo arbasoei esker duen botere itxaropen oro ezerezean geratzean. Boltondarrek Stannisen armada erailtzen duten bitartean Sansa eta Theonen arteko ihesak telesail osoan gehien sufritu duten bi pertsonaien arteko etsipen lazgarria ilustratzen du. Ramsayren zikoizkeria komunean izateagatik euren bizitzeko azken aukera elkarrekin batera hartu arren, behin etxe bereko parte sentitu ziren Sansa eta Theonen arteko izaeren ezberdintasun markatuak pentsarazten digu bost denboraldietako ankerkeria multzoak telesaileko beste pertsonaiak zenbateraino aldatu dituen. Hain bizitza eredu kontrajarriak hartu dituzten Arya edo Brannek noizbait topo egiten badute, elkarrekiko sentituko duten distantzia eta enpatia falta konponezinak dira. Hala ere, bada Sansa bere amarengandik bereizten duen elementu giltzarri bat, badaki bere senideak oraindik bizirik daudela, hain zuzen ere, Catelyn bere bizitzako azken uneetan etsipenera eraman zuen ezjakintasuna. Theonen konfesio giltzarri honek eman diezaioke Sansari elkarren artean aurrera egin eta bizitzeko indarra.

Ihes egitearen guztiz kontrakoa irudikatzen duena da Stannis Baratheon, istorioaren hasieratik tronuaren legitimotasuna argudiotzat hartuta etengabean botere handitzearen bilaketan porrot egin duena. Modu batean, ezintasun horrek gailurra jo du denboraldi honetan, non bere patuaz guztiz konbentziturik, arrazoitzeko gaitasuna galdu eta Melisandreren fanatismoaren garretan jausi den itsu-itsuan, izugarrizko eszena boteretsuetan bere alaba sutan sakrifikatu eta familia zein armada galtzeraino. Telesail osoan zehar zeresana izan duen errege odolaren boterea frogatzeko unea iritsi denean, ordea, Winterfelleko inbasio epikoaren ordez, porrot sonatua pairatu du Stannisek, emaztearen suizidio lazgarria eta Boltondarren armadaren garaipen nabarmena jasan ostean heriotza besarkatuz. Hain justu, pertsonaiaren alderdi gizatiarrenean sakontzeko balio izan duen denboraldi honetan azken agurra eman behar izatea are lazgarriagoa den arren, dramatikoki adimenez borobildu dute sortzaileek Stannisen istorioa, Briennen sententziaren bitartez bere bekatu originala suposatu zuen Renly anaiaren hilketagatik ordaindu duelako.

jonsnow-stannis

Are iparralderago, Castle Blackeko lurretan, Jon Snowren botere areagotzea inoiz baino handiagoa izan da. Night’s Watcheko buruzagi bilakatzean, erabakiak hartzeko gaitasuna nabarmen hedatu du, baina maldan gora egitean baita lur hauskorragoa zapaldu ere. Telesaileko beste istorio guztietan bezala, gailurrera hurbiltzen direnek zailtasun gehiago topatu ohi dituzte bizkar gainean duten erantzukizunen zamaren ondorioz, baina Jon Snowren kasua apartekoa da, bere komunitatea antolatzetik haratago joan eta buruzagi gisa onarpen eskasekoak diren erabakiak hartzeko ausardia erakutsi duelako, mendeetan zehar kontrajarriak egon direnen arteko elkartasuna bilatzean. Honek ulertezintasuna eragin du bai Night’s Watcheko anaien zein Wildlingsen artean, tradizionalki etsaiak izan direnekin ulertu eta elkarrekin bizitzeko gaitasuna ez delako egun batetik bestera garatu daitekeen zerbait. “Hardhome” atal lazgarriak zuzenean jarri du dilema hau istorioaren erdigunean, denak batera baino boteretsuagoa den White Walkers hildakoen armada bistaratu eta, ezinbestean, elkarlanean euren aurka lehiatu behar dutenean. Baina borroka odoltsuan heroitasuna gailentzetik urrun, porrot masiboa jasaten dute bizidunek, muga eta defentsa oro izugarrizko erraztasunez suntsitzeko gaitasuna duten hildakoen aurrean. Akzio sekuentzia ikusgarri zein itogarria garatu izanaz gain, euren erabateko gailentzea txalotzekoa da telesailak lehen aldiz erakusten duelako gordintasun osoz harresitik haratago dagoen arriskua, familien arteko borroka berehalakoa den neguko lehiaren aldean ezerezean utzi eta argumentuaren argazkia bere osotasunean plazaratzeko balio duena. Zentzu honetan, luzaroan harresia babestu eta bertako buruzagientzat ezagutza iturri amaigabea izan den Aemon Targaryenen agurrak jakituria eta zentzutasunaren heriotza sinbolizatzen du, denboraldiko gai nagusietakoa izan den arrazionalismoa eta tradizioen arteko talkaren erakusle berri bat, Night’s Watcheko kide gehienek jakin ez arren, zulo beltzenera are gehiago amilduko dituena.

Jon Snowren heriotza ere istorioa iluntasun absolutura bideratzeko erabaki logiko zein deigarria da. Onartzekoa da bost denboraldiren ostean, George R.R. Martinen estiloa ezagututa, errealismo gutxi zuela hasieratik heroi estatusa garatzeaz gain denen aldeko ongizatea bilatu nahian luzaroan etsai izandakoak elkartzen saiatu eta, “gau iluna” deiturikoa inoiz baino hurbilagoa denean, pertsonaia kuttunena izate hutsagatik edozeren gainetik aurrera jarraitzea. Baina, aldi berean, hainbat dira pertsonaiari azken agurra eman ez izanaren susmoa pizten duten arrazoiak. Alde batetik, halako amaiera deigarriaren ostean, Jon Snowren arku-dramatikoa guztiz osatua ez egotearen sentsazioa gailendu da; orain arte hil diren pertsonaia nagusiek dramatikoki bide propioa osatzeaz gain, euren agurrak beste batzuen istorioei jarraipena emateko balio izan du; euren jarraipena gehiago luzatu zitekeen arren, Ned Stark, Robb Stark edo Joffrey Baratheonen heriotzek gerora istorio aberatsagoei bidea ireki diete. Jon Snowren agurrak, ordea, galdera gehiegi utzi ditu erantzunik gabe. Bere gurasoen misterioak argitu gabe dirau, Castle Black utzi berri duen Samwell Tarlyrekin batera hildakoen erasoari aurre egiteko ezagutza duen pertsonaia bakarra da eta, honez gain, berpizkunde gaitasunengatik aski ezaguna den Melisandre ere harresira itzuli da sutako irudietan aurreikusi zuela interpreta litekeen Stannisen porrotaren ostean. Are gehiago, bost denboralditan zehar, Jon Snow harresiko arku-dramatikoaren erdigunea izan da eta bere hutsunearekin Castle Black hildakoen sarraski etengabean bilakatuko litzateke, lazgarria izan arren, istorio aldetik joko nabarmen eskasagoa eskaintzen duena. Hau guztiagatik, eta telesail osoan zehar inguratu duten pertsonaia entzutetsuenek beregan ikusi dituzten aparteko dohainei esker, uste dugu seigarren denboraldian ez bada ere, istorioaren une batean Jon Snowren pertsonaia, nola edo hala, itzuliko dela, Night’s Watcheko juramentutik aske, nahieran jokatu eta bere izaera osotasunean garatzeko.

Istorioaren muinera itzuliz, esan liteke Daenerysek Jon Snowren gatazka berbera jasan duela, sentimendurik gabeko hildakoen aurrean babesgabe egon ordez Targaryen familiako neska gazteak bere boterea legitimatzeko hiru dragoi izatearen ezberdintasunarekin, noski. Justizia egin eta aurrerakuntza sustatzen saiatu arren kontzeptu hori bera modu kontrajarrian ulertu eta bestelako nahiak dituen herri batekin talka egin du Khaleesik, gizatasunaren suntsiketan oinarritzen diren tradizioak berreskuratu nahi dituen herriarekin. Halako egoeraren aurrean, aldatu nahi duena bihurtzearen arriskua nabarmentzea erabaki dramatiko inspiratua izan da sortzaileen aldetik, herritarren nahia egin ezean eurengandik geroz eta gehiago aldendu eta deuseztatu nahi duen elitean bihurtzeko arriskua. Dinamika honi denboraldi osoan zehar eman diote jarraipena, bere erabakiak uneoro ezbaian jarriz tentsio une gorenak sorrarazi dituen Sons of the Harpy hiltzaile taldearen arrisku konstantearen bitartez. Horregatik, plano orokorrean telesailak Daenerysen istorio lerroan aurrerapauso nabarmena eman du lehen aldiz konkista eta salbazioaren erritmoa eten eta dragoien ama hiri bat gobernatzearen erronkaren aurrean jartzean.

Gobernatze hori gauzatzeko aholkularien gabeziak, aldiz, bidea ilundu du. Aitaren ondarea inoiz ez bezala ezagutu eta ontasunaren bidea argitzeko lagungarri zen Sr. Barristanen heriotza eta Jorahren erbesteratzeak ezegonkortasuna sortu du beregan. Horregatik, Mereengo istorio lerroan Tyrion barneratzea izugarri aberasgarria izan da. Azken atalek dinamikaren abiapuntua finkatzeko balio izan dute, eta datorren denboraldian elkarren arteko erlazioak gobernatzerako orduan eta arlo dialektikoan ere jarraipen zinez interesgarria izango duen arren, eszena gutxitan argi geratu da euren arteko konbinaketa zein mamitsua bilakatu daitekeen, bereziki denbora luzez miretsi baina mundu kontrajarrietatik datozen bi pertsonaiaren elkartzeak telesailarentzat orain arte esploratu gabeko horizonte berrien irekiera suposatu dezakeelako.

daenerys

Tyrioni irekitzen zaizkion ate amaigabeek zuzenean egin dute talka geroz eta mugatuagoa bistaratu den Jorahren patuarekin. “Unbowed, Unbent, Unbroken”, atal hasieran ezagutu ere egiten ez duen gizon txikiak Westeroseko munduarekin elkartzen zuen aitaren heriotza komunikatzea kolpe lazgarria da beretzat, aurpegiko keinu sinesgarriez gain plano zabaletan maisutasunez erretrataturiko paisaia bakarti eta isilen bitartez indarturiko sentsazioa eta Daenerysen alde borrokatzeko bere determinazioa are gehiago handitzen duena, bizitzan geratzen zaion motibazioa bakarra izanik. Zentzu horretan, koliseoko borrokan hil ala biziko egoeran dagoen Jorah eta Daenerysen arteko emozio talka denboraldiko eszena boteretsuenetakoa izan da, Sons of the Harpyko kideen jazarpena eta Drogonen ondorengo agerpena bezala. Dragoien botere suntsitzailea lehen aldiz ikusgarritasun osoz gozatzeko aukera gisa balio izan duen arren, Daenerysen eurekiko menpekotasuna zenbaterainokoa den azpimarratzeko ere balio izan du, are gehiago azken ataleko eszenan, non mendi zabalean bakardadean Dothraki talde jendetsuak inguratzen duenean ezin duen modu batean ere defendatu. Seigarren denboraldirako Nafarroako Bardeetan grabatuko diren eszenek behin Khal Drogoren gidaritzapean jardun zutenekin eta, ondorioz, Daenerysen jatorriarekin lotura egiteko balioko dute, dramatikoki oso interesgarria izan daitekeena; ikustekoa izango da dinamika berri horretan Mereengo hiriak eta Khaleesiren aholkulariek zein rol jokatuko duten.

Orain arte gurutzatu ez ziren pertsonaien arteko dinamikak esploratzeko gehien balio izan duen  denboraldian, Aryarena izan da gainontzeko istorioetatik aparte geratu dena. Braavoseko House of Black and White eraikuntza misteriotsuan topatu du Stark familiako neska gazteenak behin Harrenhallen ezagutu zuen Jaqen H’ghar, nortasuna eta mistizismoaren mundu misteriotsuan murgildu duena. Aryak denboraldian zehar jasandako dilema miresten duen gizon ahaltsuaren bidea jarraitzeko hain markatuak dituen izaera eta motibazio pertsonalak alboratzearena da. Hau hainbat modutan ilustratu da ataletan zehar, arropekin batera iragana urperatzearen zama, heriotz-zerrendako parte zen Meryn Trant Braavosen agertzean mendeku pertsonalaren berpizte sutsua eta arrain saltzailearen identitate faltsuaren bitartez harengana hurbiltzen saiatzean sentitzen duen muturreko babesgabetasuna… mistizismoan geroz eta gehiago barneratu ahala bide horretan boterea handitzeaz gain, mila aurpegien ganbera erraldoia bezalako kokaleku zirraragarriak ezagutu eta izatearen inguruko hausnarketa existentzial sakonetan barneratu arren, luzaroan erraietan eraman duen gorrotoa kanporatzeko beharrak indar handiagoa izaten jarraitu du. Aryak Braavosen garatu dezakeen arku-dramatikoa hain berria izatean, esan liteke denboraldi honek abiapuntu gisa balio izan duela, gerora garapen izugarri mamitsua izan dezakeena, bereziki errealitatea etengabean zalantzan jartzen duten ilusiozko irudien eta istorioen dinamikaren bitartez; gotorlekuak ere oraindik misterio handia mantentzen du. Gore film zaleak gozarazi dituen Meryn Tranten hilketa odoltsuaren ondorioz ordaindu beharreko zigorrak itsutu ostean, orain, inoiz baino gehiago, badirudi Aryak nortasun orori uko egingo diola.

arya

Denboraldiak amaiera bikaina izan du, ziurrenik telesail osoko atalik katartikoena denaren bitartez, non pertsonaia gehienak euren patua betiko aldatuko duten gertaerekin talka egin duten. Hainbati azken agurra eman arren, izugarri fronte pila airean geratu dira, argumentuak erritmo pausatuan gorpuzten inoiz baino denbora gehiago igaro duen denboraldiari egotzi dakiokeen traba bakarra. Baina hori da, hain zuzen ere, telesailak eta nobelak bat egin eta irakurleak zein ikusleak seigarren emanaldira ezjakintasun osoz bideratzen dituen urtean zehar ikusmina handitzeko sortzaileek har zezaketen erabakirik adimentsuena. Ikustekoa izango da Martin, Benioff eta Weissen arteko elkarlanak zein fruitu emango dituen hemendik aurrera.