maiatza, 2015 -en artxiboa

Errituak, munstroak, sorginkeriak, deabruaren indar iluna… XIX. mende amaierako Ingalaterra viktoriarrean girotutako Penny Dreadfulek lehen denboraldi boteretsua osatzea lortu zuen argumentu biziaren, pertsonaia dinamikoen eta kokalekuen diseinu dotorearen bitartez, bigarren denboraldi hasieratik jarraipena eman dioten dinamika. Bere buruaren kontrola aspaldian galdua duen Vanessa Ives segurtasun galera azpimarratzen duen parke elurtuan topatu dugu, jendez inguratuta egon arren unibertso bakarti eta hauskorrean itotzen ari den gorputzaren menpe.

Frankenstein eta CalibanEtsai nagusiak identifikatzeko balio izan du lehen atalak, euren gorputza munstroetan transformatzeko abilezia duten sorginak hain zuzen ere, joan den denboraldiko mehatxari nagusien aldean euren boterearen kontrola dutenak. Abiapuntu hau zinez interesgarria da, pertsonaia nagusi guztietara aplikatu daitekeen itxuraren joko bikoitza plazaratu duelako. Vanessa eta Ethanek barneko munstroak dominatzeko borrokatzen duten bitartean, Frankenstein doktoreak bere sorkuntza propioei aurre egiteko erronka du, beldur eta amesgaiztoetatik ihes egin nahi izan arren, bere izaera definitzen dutena sorkuntza horiek direlako.

Caliban pertsonaiari emandako jarraipena ere bikaina da, joan den denboraldian errealitatearen errepresentazio bat eskaintzen zuen antzerkian itzalean lan egiten zuen bitartean, oraingoan argizarizko eskulturen denda batean barneratu da, erlazioak are pertsonaia gehiagorekin eraikitzeko balio izateaz gain, errealitatea eta desioen arteko borroka areagotzen duena, nortasunaren borroka. Egoera honen bitartez, gainera, fronte berri bat zabaldu du istorioak, munstroak direnen kontakizunak egiten dituen gizonarena, geroz eta ankerragoak diren pertsonaia protagonisten ekintzaekin erlazio estua izan dezakeena.

madame kaliAzken finean, telesailak funtzionatzen du munstroak eta botere magikoak nagusi diren fantasiazko unibertso batean kokatu arren pertsonaiak oinarrian gizatiarrak diren iragana, nortasuna eta desioekin loturiko kezka eta gatazken aurrean jartzen dituelako, ikusleekiko konexioa are indartsuagoa bilakatzen duena. Zentzu honetan, sortzaileen trebetasunetako bat izan da istorioa pertsonaia kopuru murritz baten bitartez garatzea, lehen denboraldian euren arteko erlazioen eta beldur zein fobia pertsonalen oinarria ezartzeak orain loturak eta paralelismoak are aberasgarriagoak bihurtzen dituelako.

Oraindik agerpena egin ez duen Dorian Grayk eta protagonista taldearen barnean Ethanen maitale berpiztuak eragin dezakeen hausturaz gain, denboraldiko antagonista nagusiak izango diren sorginak Vanessa Ivesekin parekatzean bete-betean asmatu dute sortzaileek, botere talka horretan limurtzea, manipulatzea eta barneko munstroak hoberen kontrolatzea lortzen duena gailenduko da. Atalaren azken eszena zirraragarria bezalako gehiago izanez gero, ez dago zalantzarik bigarren denboraldia izugarri gozatuko dugula.

Hurrengo atalaren aurrerapena:

kartela

Iraileko Zinemaldi sonatua eta azaroko ganberroaz gain bada Donostian beste zinema jaialdi bat ere, gatazka sozialak erdigunean jarri eta mundu osoko izaera ezberdineko injustiziak laburmetrai, dokumental zein fikziozko filmen bitartez salatzen dituena. Gai sonatuak batzuk, ez hain ezagunak eta luzaroan isilduak besteak, deserosoak diren dilemak plazaratzen dituzte ikuslearengan, hausnarketa eta eztabaida sustatzen dutenak.

Filmek trataturiko gaien inguruan egiten duten berezko ekarpenaz gain, solasaldiek esperientzia are gehiago aberasten dute, proiekzio bakoitzaren amaieran gaian adituak diren hainbat hizlarik jarraipena ematen diotelako pantailan jorraturiko edukiei, gatazka hurbilago sentitzea posible egin eta gaiarekiko sentsibilizazioa handitzeko balio duena. Umilena izan arren, gizartean zuzeneko eragina duten gaien inguruan ekarpen ausartena egiten duena dela kontuan hartuta, Giza Eskubideen Zinemaldia zinezale zein gizarte gaietan interesa duen pertsona orok ezinbestean ezagutu beharreko jaialdia da.

– COMING HOME

Zuzendaria: Zhang Yimou

Herrialdea: Txina

Puntuazioa: 8

Jaialdia Zhang Yimou zuzendari txinatarraren film berriarekin abiatu genuen, 70ko hamarkadako Mao Zedongen Iraultza Kulturala abiapuntutzat hartzen duena. Garaiko egoera politiko eta soziala behar bezainbeste esploratu ez arren, testuinguru horretaz baliatzen da iraultzaren biktima izandako familia bateko kideen arteko harremanetan sakontzeko.

coming homeFilmaren bereizgarri nagusia sakontasun emozionala da, alzheimerrak familiako kideen harremanetan eragindako inpaktua hartzen duelako erdigune, halako egoera konplikatuan iraganeko zoriontasunera itzultzeko egiten duten ahalegina. Emozioz beteriko eszena indartsuak dira gogoangarrienak, bereziki senar emazteen artekoak. Bi dira esanguratsuenak, alde batetik gizonak pianoarekin pieza malenkoniatsua jo eta une batez emaztearekin bat egingo duenaren itxura eman, baina azkenean honek uko egiten dionekoa; gozotasuna eta garraztasuna nahasten dira aldi berean, argitasuna eta irudiaren lanketaren bitartez bikaintasunez harrapaturiko sentsazioak. Bestalde, inoiz jaso gabeko gizonaren gutunak senarrak berak irakurtzen dizkioneko uneak, zeinak bikote protagonistak film osoan zehar garaturiko sentsibilitatez beteriko antzezpen sinesgarriak goratzeko balio duten.

Hasiera batean, gatazka sozio-politikotik aldentzean, trataturiko gaiak konplexotasuna murriztu zezakeela zirudien arren, zuzendariak asmatu du pertsonaien bitartez Iraultza Kulturalaren aurpegi ezberdinenak islatzerako orduan; horren adibide alabarengan adoktrinamendua eta aitaren disidentzia. Pertsonaia guztiak berdintzen dituena, ordea, pelikularen izenburuak euren bizitzen eta itzultzearen ekintzaren artean egiten duen analogia da. Zoriontsuagoa zen iraganera itzuli nahi baina ezin duten aita eta alaba bezala, inoiz iristen ez den hilabeteko bosgarren egunaren esperoan bizi da ama. Azken finean, familiaren oroitzeko beharraren bitartez, gerrako sufrimendua inoiz errepikatu ez dadin gizarteak izan beharreko memoria kolektiboa azpimarratzen du filmak.

Trailerra:

– WE COME AS FRIENDS

Zuzendaria: Hubert Sauper

Herrialdea: Frantzia

Puntuazioa: 8

XXI. mendeko jarrerekin baino iraganeko inperio kolonialekin antzekotasun gehiago dituen Sudango egoeraren berri ezagutzeko balio izan zuen “We Come as Friends” dokumentalak. Mendebaldea eta hirugarren mundu izendatzen dugunaren arteko talka hedabide konbentzionalek transmititzen duten errealitatearen azaleko erretratutik nabarmen haratago doa eta zuzendariaren aldetik erabaki adimentsua izan da gatazkaren konplexutasuna ahalik eta modu zabalenean biltzen saiatu izana.

we come as friendsAurrerapena eta hazkundearen izenean mugarik gabeko lurren ustiaketa, pentsamoldearen inposaketa eta ekonomiaren onurarako naturaren suntsipena dakartzan mendebaldeko ereduaren aurrean herrialde afrikarrek bizi duten gatazkaz beteriko egoeraren berri ematen du dokumentalak. Erlijioaren kasua da harrigarriena, kristautasunaren oinarrizko ontasun printzipioetatik abiatuta zibilizazio oso bat euren doktrinari men egitera behartzen dutelako. Antzeko zerbait islatzen du arropa eta oinetakoak janztearen bitartez mendebaldeko zibilizazioaren ohiturak onartzera behartzen dituzten eszenaren bitartez, gizakia eta naturaren arteko loturaren haustura hoberen sinbolizatzen duen adibidea. Zentzu honetan, zuzendariak lan sendoa osatu du, hitzen beharrik gabe, belaze zabal eta baketsu edo munduko bolaren irudien bitartez Europa eta Afrikaren arteko desoreka geografiko, demografiko eta ekonomikoa azpimarratzean.

Nazio eta mugen inguruko hausnarketa boteretsuak ere plazaratzen ditu, ustelkeria estrukturala dela azpimarratzearekin batera. Afrikako eliteek gutxiengoen interesak herritar arrunten gainetik gailentzeko munduko gainontzeko botere organoekin elkarlanean nola jarduten duten erakustean. Egia da beste errealitaterik ez ezagutu izanagatik mendebaldekoen promesak itsu-itsuan sinesten dituzten afrikarrak erakustean, modu batean, Afrika biktima huts gisa erakusten duela dokumentalak; ez ditu bertakoen balio, borroka eta zoriontasun partikularra esploratzen, baina zeharka iradokitzen ditu eta ziurrenik hobe horrela, zuzendariak errealitatearen erretratu hain gogorra egin izan ez balu akaso ikusle asko bere konfort egoeran berretsiko zirelako, lazgarritasunak hainbeste kolpatu gabe.

Dokumentalak plazaratzen duen hausnarketa interesgarriena, ordea, begi bistako injustizietatik haratago doana da, munduko beste hainbat dominazio gatazketara aplikatu daitekeelako. Kooperazio eta laguntzaz mozorroturik ideia inbasore eta zapaltzaileak hedatzen dituen amerikarrak erakustean, benetako pobrezia afrikarrek eskaini dezakeen aberastasun oro alboratu eta etekin ekonomikoa beste edozeren gainetik jartzen duen mendebaldeko gizartearena dela iradokitzen du, pobrezia intelektual eta kulturala, inguruan dugun aberastasunaz ikasten saiatu ordez entretenimendua eta sentsazionalismoa hobesten dituen gizartearena. Argi dago pentsamolde kapitalistatik urrun dauden lurraren lanketaren eta komunitateko bizikidetzaren inguruan asko dugula ikasteko hedabideek azaleko topikoen bitartez pobrezia gorenean bizi direla besterik azpimarratzen ez duten gizarteengandik.

Trailerra:

– THE CUT

Zuzendaria: Fatih Akin

Herrialdea: Turkia, Alemania

Puntuazioa: 6

XX. mendeko genozidioen artean isilduenetarikoa, armeniarrek Otomandar inperioarengandik jasan zuten sufrimendua egunerokotasunera itzuli da azken asteetan ehungarren urteurrena dela eta. Mende bat igaro arren, Turkiak oraindik ez du genozidioaren erruduntasuna onartu eta, zentzu horretan Fatih Akin zuzendari alemaniar-turkiarraren “The Cut” armeniarren aldeko aldarrikapen ausarta da. Baina hedabideek eta historiako liburuek alboratutako gatazka sakonean ezagutarazi ordez, erdibidean geratu zen obra bat ikusi izanaren sentsazioa gailendu zen bertaratutakoengan proiekzioaren amaieran.

the cutNazaret Manoogia pertsonaia erdigune hartuta, filmak ondo islatzen du gatazkaren ondorioz armeniarrek jasan behar izan zuten sufrimendua. Irainak, bortxaketak, torturak, familiari agur esan eta lurraldetik ihes egiteko beharra… filmaren lehen zatiak eszena lazgarrien bitartez azpimarratzen ditu. Zuzendariak, ordea, ez du gatazkaren arrazoietan sakontzen, filma testuinguruan kokatu eta ulergarritasun dimentsio zabalago bat izateko balio zezakeena. Filmaren gainbehera are nabarmenagoa bilakatzen da gatazka baztertu eta istorioaren fokua alaben bilaketan jartzen duenean, odisean zehar topatzen dituen pertsonaien bitartez ontasun eta ankerkeriaren inguruan hainbat ideia iradoki arren, ez duelako une batean ere behar bezainbesteko bizitasuna eta intentsitatea izatea lortzen.

Nabari da produkzio handiko filma dela, munduko txoko ezberdinak estetika, janzkera eta argazkigintzaren bitartez maisutasunez garatzea errazten duena. Irudien bitartez sentimenduak transmititzeko gaitasuna ere nabarmentzekoa da; basamortu zabaleko bakardade eta noraezeko sentsazioa, mututasunaren bitartez gerrak pertsonengan sorturiko beldurra eta frustrazioaren marka, eta bereziki desertu erdian hilzorian dagoen tribuko emakume batek Nazareti bere sufrimendua amaitzeko erregutzen dionekoa, une guzti hauek badute indar berezia.

“The Cut”ek baditu hainbat zentzutan hausnarketak iradokitzeko intentzioak, baina funtsezko arazoaren zergatien inguruan hain azalean geratzeak eragiten du giza eskubideen alorrean halako zeresana izan zuen gatazkaren inguruan inpaktua hain handia ez izatea.

Trailerra:

– DRILL BABY DRILL

Zuzendaria: Lech Kowalski

Herrialdea: Frantzia

Puntuazioa: 7

Gasa eta petrolioaren afera jaialdian hurbilen sentitu genuena izan zen. Bere herrialdean habian jartzear zeuden indusketa praktiken inguruan gehiago jakiteko AEBetara aurrekarien bila jo zuen dokumentalgile poloniarra bezala, gurean Araban harturiko neurriek izan ditzaketen epe labur zein luzeko ondorioen inguruan gehiago jakiteko aukera aparta izan zen “Drill Baby Drill” dokumentala.

drill baby drillNekazarien ezjakintasunak komunitatean eragindako zatiketaren harira, lurrean egindako indusketa sakonek atmosferan dituzten ondorio lazgarriak ezagutarazteko interesik ez zuten izan une batean ere instituzio poloniarrek, errealitatea lanpostuen sorrera eta aurrerapenaren eragin onuragarriekin mozorrotuz. Euren protesten areagotzearekin batera, geroz eta argiagoa bilakatzen da interes ekonomikoen alde indusketen eredua bultzatzen zutenen ustelkeria, bai alderdi politikoek enpresekin elkarlanean gauzaturiko indusketen aurkako eskarien bazterketa sistematikoaren ondorioz, baita indusketa guneetan argazkiak, grabaketak edo informazioa transmititzeko beste moduak debekatzean, indusketen praktikan jartzeko neurriak legalki onartu gabe zeudela jakiteraino.

Gasa eta petrolioaren inguruko iruzurrak biztanle arrunten egunerokotasunean dituen ondorio lazgarriak ere nabarmentzen dira, indusketetan aritutako amerikar langile ohi batek ura, lurra eta airearen kontrolaren bitartez instituzioek kutsadura sustatu eta osasuna zein elikaduraren negozioa zein muturretaraino eramaten duten azaltzen duenean. Meritu nagusiak, ordea, hausnarketa zabalagoak plazaratzean datza, gizarteko parte bezala biztanle orok ingurumena eta kontsumoa zaintzeko dugun arduraren inguruko kezkara. Gure esku dago etekin ekonomikoa lehenetsi eta biztanleriari bizkarra emanez jarduten duten eragile instituzionalei aurre egitea eguneroko ekintzetan energia zein hondakinekiko jarrera ekologista bat hartzearen bitartez, etorkizuneko mundua eraikitzen jarraitzearekin batera, errealitatea ahal den heinean aldatzeko.

Trailerra:

 

– IO STO CON LA SPOSA

Zuzendaria: Antonio Augugliario, Gabriele Del Grande, Khaled Soliman Al Nassiry

Herrialdea: Italia

Puntuazioa: 5

Crowdfunding bidez finantzatutako eta 2013ko azaroan lau egunetan grabatutako “Io Sto Con La Sposa” dokumentalak egunerokotasunean zeresana duen gaia plazaratzen du: etorkin eta errefuxiatuek Europan zehar etorkizun hobe baten bila egiten duten hil ala biziko bidaia. 15 urteko kartzela zigorraren mehatxuari aurre eginez, bost protagonista eta grabaketa taldeak Italia, Frantzia, Luxenburgo eta Danimarka igarotzen ditu, Suediara iritsi eta siriar eta palestinar etorkinentzat errefuxiatu estatusa lortzeko asmotan.

io sto con la sposaDokumentalak migrazio legeak gogor kritikatzearekin batera, etorkizunaren ikuspuntu itxaropentsu bat ematen du, baina oinarrian dagoen gatazka lazgarriaren trataera oso makala da. Dokumental eta fikziozko kontakizunaren arteko uren artean jokatu nahian, istorioak kale egiten du gehiegizko linealtasuna izatean, ez du etorkinen eta polizia edo beste aurkako eragileen artean gatazka dramatikorik sortzen. Pertsonaiek hainbat elkarrizketetan nazionalitateen sistemaren injustiziaren inguruan dituzten kezka eta hausnarketa esanguratsuak plazaratzen dituzte, arrazismoa sustatzen duten mugek suntsituriko bizitzen inguruan gehiago ezagutzeko balio dutenak, baina funtsean istorioak ez du funtzionatzen, hankamotz geratzen da eta ez du aparteko inpakturik eragiten, istorioaren garapena astunegia bilakatzen da.

Dokumentalak klandestinitateak etorkinen egunerokotasunean sorturiko beldurrak erakusten asmatzen du, baita oraindik ere migrazioaren gai polemikoan lan asko egiteke dagoela azpimarratzean ere, Suediara iritsi arren beti deportatuak izatearen beldurrez biziko direla iradokitzean. Gaiarekiko kritika egokia egin arren, dokumentala motz geratzen da zinemagintzaren arloan zein giza eskubideen sentsibilizazioan.

Trailerra:

 

– DRONE

Zuzendaria: Tonje Hessen Schei

Herrialdea: Norbegia

Puntuazioa: 9

AMNISTÍA INTERNACIONAL SARIA

Ordura arte jaialdiko proiekzioek gatazka ezberdinetako biktimen ikuspuntuetan sakondu zuten bitartean, “Drone” dokumentala gainontzekoengandik bereizi zen fokua ankerkerien erantzuleengan jartzean. XX. mendeko batailoiko gerra odoltsu eta sonatuen aldean, droneek kontinenteetako distantzietan eraso isilak antolatu eta exekutatzeko aukera errazten dute, gerraren kontzeptuaren ezinbesteko birformulapena suposatu duena.

droneJendaurrean segurtasuna eta demokraziaren izenean hitzaldiak eman baina ondoren itzalean, Europako eragile nagusien onarpenarekin, hilketa masiboak ordenatu eta zuzenean ikusten dituzten boteretsuen ustelkeria eta zikoizkeria azpimarratzen ditu dokumentalak. Zinez interesgarria da entretenimenduaren bitartez gizarte iparramerikarrean eta ondorioz munduko beste hainbat herrialdeetan ere ideia hauek hartzen duten indarra Call of Duty bezalako gerra bideojokoen bitartez, non jokalariak beti gaizkile eta terroristez osaturiko herrialdeen aurka aritu beharreko amerikar salbatzailearen rola betetzen duen, errealitateko gatazkei erreparatzean gizartean halako jarreren normalizazioa errazten dutenak.

Distantziaren bitartez eragindako basakeriekiko sentimenduen galerari erreferentzia egitean bete-betean asmatzen du dokumentalak, bideojokoetan arituko balira bezala, osotasunean ikusi ere ezin dituzten pertsonen siluetei kezkatu gabe tiro egitearen lazgarritasuna azpimarratzeko. Zentzu honetan, etorkizunean droneek har dezaketen paperaren inguruan hainbat adituk egiten dituzten aipamenek beldurgarriak dira. Droneek pertsonen interbentziorik gabe funtzionatzearen aukera dute eztabaidagai, arrazionalismoan oinarrituriko sistema guztiz mekaniko batean, sarritan erabakiak hartzea zailtzen duten beldurra, mendekua edo gupida bezalako sentimenduak baztertzea eragingo lukeena, baina, aldi berean, baita anbiguotasun gorena sorrarazi ere. Funtsean hain suntsitzailea den hiltzeko ekintzaren inguruan gizakiok dugun kontzientzia eta hausnartzeko gaitasuna baztertuz gero, gizarte geroz eta robotikoago baterantz bideratuko ginateke, baita inoiz baino hilketa makinen osaera perfektuagoetara ere.

Dokumentalak gainera hainbat hamarkadetan zehar eztabaidagai izan arren aparailu teknologikoak kolektibizatu direnetik inoiz baino gehiago pil-pilean dagoen pribatutasunaren dilema zabaltzen du, droneak informazioa eta komunikazioak espiatzeko baliabide boteretsuak direlako. Segurtasuna eta askatasuna bereizten dituen muga fina planteatzen du beste behin ere, aparailu hauek onuragarriak izan arren, norbere intimitatea betiko suntsitu dezaketelako.

Trailerra:

 

– CARICATURISTES: FANTASSINS DE LA DÉMOCRATIE

Zuzendaria: Stéphaine Valloatto

Herrialdea: Frantzia

Puntuazioa: 7

Botereari eta injustiziei aurre egiteko, tresna txikiak ere baliogarriak dira. Armak edota hitzak baino gehiago esateko ahalmena dute sarritan marrazkiek. Egunkari zein aldizkarietan agertu ohi dira, eta haien lana boterea eta politikariak kritikatzea da. Ideia honetatik abiatzen da “Caricaturistes, fantassins de la démocratie” dokumentala, munduko hamabi marrazkilariren lana sakonean ezagutu eta herrialdea edozein dela ere, karikaturagileek boterea desafiatzeko duten betebeharraren inguruan hausnartzeko.

caricaturistes-fantassinsDokumentalak karikaturagileen eguneroko arriskuak erakusten ditu, Obama edo Chavez bezalako pertsonaia publiko ezagunak kritikatzeak dakarren zentsura, edota beraien bizia arriskuan jartzeko beldurra, Frantzian Charlie Hebdo aldizkariarekin gertatu zen bezala. Guzti honen gainetik, hamabi protagonistek marrazkien bitartez kritika eta hausnarketa soziala sorrarazteko beharra azpimarratzen dute. Irudi eta marrazkien bitartez hitzekin esan ezin dena argiago erakusteak abantaila ematen die. Kulturak indarrean dauden instituzio eta gobernuei aurre egiteko duen boterearen inguruan ados egon arren, karikaturagileek kultura, erlijio eta pentsamoldeak errespetatu eta erasotzearen arteko muga fin horren arriskua planteatzen dute, jakinda ezinezkoa dela denak haien lan eta kritikarekin pozik izatea. Etika borroka horrek dakartzan ondorioak onartzeak askatasun adierazpenarekin talka egiten du.

Presio sozial eta politikoez beterik egon arren, argi geratzen da marrazkilariek euren lanean sinisten dutela eta injustiziak salatzen jarraitzeko asmoa dutela. Dokumentalak karikaturagileen lana goraipatu eta demokrazian duten eginkizuna babesten du, herritarren izpiritu kritikoa lantzeko aktore garrantzitsu gisa erakustean. Dokumentalean dioten bezala: “gure benetako ama hizkuntza irudia da”.

Trailerra: