apirila, 2015 -en artxiboa

Beste urte batez, iritsi da ikusmin eta hedapen mediatiko izugarria izan ohi duen Game of Thrones telesailaren itzulera. Laugarren denboraldiaren amaiera bikainaren ostean, hainbat pertsonaien patua betiko aldatu zen eta itzulerako atalean gertaera horiek zer nolako jarraipena izango zuten jakiteko nahiak aurreikuspen handiak sortu ditu.

Jaime eta CerseiHorregatik nabarmentzekoa da telesailaren historiako lehen flashbacka atal honen hasierako eszena izatea. Baso hotz eta ilunean, Cersei Lannister gazteak bere etorkizunaren inguruan galdetzen dio igarle misteriotsuari, zeinak jada ezagutzen ditugun hainbat gertaera iragartzen dituen, erregea ezkonduko duela eta hiru seme izango dituela, esaterako. Zirraragarrienak, ordea, oraindik gertatzeke daudenak dira; erregina postutik kendu eta bere boterea murriztu dezakeen Margarey Tyrellen mamua eta urrezko koroak bezala urrezko hil-jantziak izango dituzten semeen aurreikuspena, Cerseik hiruak erregetzara igotzen ikusteaz gain hiltzen ere ikusiko dituela iradokitzen duena.

Halako eszena boteretsua Tywin Lannisteren doluarekin elkartzea bikaina izan da, anai arreba eta maitaleak izan arren geroz eta ikuspuntu urrunagoak dituzten Cersei eta Jamieren arteko erabaki orok dakartzan ondorioen inguruko elkarrizketa bezala. Tywinen heriotzak Lannister familia erdigune zuen sistemaren gainbehera definitiboa ere islatzen du eta orain, inoiz baino gehiago, ezagutza eta esperientzia pertsonalak modu adimentsuan erabiltzen dituztenak izango dira aurrera jarraituko dutenak.

Iragana eta etorkizunaren inguruan biraka aritu dira atal osoan zehar, batak zein besteak berdin diola esaten duen Tyrion, iragana alde batera utzi eta etorkizuna landu behar dela defendatzen duen Littlefinger, iraganean zehar eraikitako erreputazioaren ondorioz, etorkizunera moldatu ezinik, ezinbesteko patua onartzen duen Mance Ryder, bere burua ezjakintasuna nagusi den etorkizunera gidatzen duen Stannis

John Snow eta Mance RyderZiurgabetasuna nagusi da denengan, bakoitzak hartzen dituen erabakien arabera ahalmena izango du norbere egoera zein ingurukoena aldatzeko, eta etengabeko birmoldaketa ezinbestekoa izango da lehian aurrera jarraitu ahal izateko, joko politikoan bezala. Zentzu honetan, boterearen inguruan telesailak elkarrizketa mamitsuak eraiki ditu hasieratik, Tyrion eta Varysen arteko gobernatzearen inguruko hausnarketak esaterako, baina aipagarriena da eskuratutako boterea kudeatu ezin duen Daenerysen dilema. Zapalduen askatzaile izan nahi duen arren, bere boterea legitimatzen duten dragoiak preso mantendu behar ditu eta, aldi berean, gobernatzen dituen biztanleen ohiturei uko egitean, kritikatzen duen zapaltzaile eredutik geroz eta hurbilago dago. John Snowk atal honetan azalduriko botere handitzea ere esanguratsua izan da. Stannis zein Night’s Watcheko anaiengandik bereizi eta Mance Ryderen heriotza bere kabuz erabakitzean ausardia eta ohorea erakutsi ditu, azken honengandik eta aurrez Ned Stark aitarengandik urteetan zehar ikasitako nortasuna, etorkizunean zeresana izango duena.

Pertsonaiek bizi duten mundua ulertzeko garaturiko abileziak ere paper giltzarria jokatuko du etorkizunean. Wildlingsak harresiaren okerreko aldean bizitzea tokatu zaien pertsona bezala ikusten dituen Snowren ikuspuntua, boterea lortzeko hiltzaile huts bezala ikusten dituen Stannisenaren oso ezberdina da, traumak gainditu eta pixkanaka boterea eskuratzen doan Sansarena edo hainbat egoera lazgarri igarotzean betiko aldatu diren Cersei eta Jamierena bezala. Telesaileko istorioen eta errealitateko politika zein botere mekanismoen artean egin daitezkeen paralelismoak amaigabeak dira; horixe da kontakizuna fantasiazko mundu batean igaro arren hain erreala eta gertukoa egiten duena.

DaenerysArya Stark edo Theon Greyjoy bezalako pertsonaia nagusiek oraindik ez dute euren agerpena egin eta, aurreko denboraldian bezala, atalen arabera istorio ezberdinak txandakatuko dituztela suposatzen dugu, ordubete ez delako nahikoa telesailaren unibertsoko pertsonaia guztiei tartea egiteko. Ildo honetan pena da Brann Starken istorioa seigarren emanaldira arte berriz ere ikusiko ez dugula jakitea, are gehiago laugarrenean bere bisioen bitartezko abenturak izan zuen amaiera zirraragarria oroitzen badugu. Denboraldi honen abiapuntua, ordea, orain arteko interesgarriena da, mundu guztiz kontrajarrietatik datozen hainbat pertsonaia elkartu eta aliantza berriak eraikitzeko aukera zabaldu duelako.

Oraindik bizirik jarraitzen duten pertsonaien bitartez hildakoek duten oihartzunari erreparatzea ere interesgarria da. Brienne eta Littlefingeren bitartez Catelyn Starken izpirituak oraindik ere bizirik dirau, John Snow eta Stannisen elkartzeak Ned Stark gogorarazten digun bezala. Oraindik memorian fresko ditugun galerek ere hainbat pertsonaiengan izugarrizko eragina izan dute, Cerseik esaterako semea eta aita galdu berri ditu denbora tarte laburrean. Hildako horiek pertsonaiek lau denboraldiko jardunean zehar igaro dituzten gatazken oroigarri eraginkorrak dira.

TyrionHainbat dira erritmo makala izanagatik estreinako atala kritikatzen dutenak; akaso oraindik ez dira ohartu Game of Thronesen odola eta akzioa aurrez luzaroan eraikitako egoera dramatiko sakonen osagarriak besterik ez direla. Zaila da zale guztiak asebetetzea, are gehiago denboraldiko lehen lau atalak sarean hedatu direnean. Gure gomendioa asteroko erritmoan ikusten joatea da, urtebete une hau itxaroten egon ostean gozagarriagoa delako segundo bakoitza dastatu eta hurrengo atala iritsi arte hausnarketa sakonak eraikitzea, baina, bereziki, sortzaileek errespetua merezi dutelako. Denboraldiari koherentzia eta osotasun bat emateko atalak forma zehatzean eraikitzen dituzte, hasieratik amaieraraino, ikusleengan erreakzio ezberdinak eragiteko asmoz. Hurrena zer gertatuko den jakitearen grinagatik sortzaileen lanari bizkarra ematea okerra litzateke.

Breaking Badek ikusle, kritikari eta saritzaileak elkartu zituen azken denboraldi gogoangarrian merezitako onarpena jasotzeko. Walter White eta Jesse Pinkman erdigune zituen istorioak etengabeko hobekuntza izan zuen eta hainbeste gatazka jasandako pertsonaiak muturreraino eramaten lan bikaina osatu zuten sortzaileek. Telesail goratuenen antzera dimentsio ugarizko unibertsoa eraiki ez arren, kontakizunaren oinarrizko pertsonaiei izugarrizko zukua ateratzea lortu zuten, bakoitzaren inguruan telesail indibidual bat egitea posible izatearen ideia hedatzeraino. Horixe da, hain zuzen ere, urte eta erdi beranduago iritsitako Better Call Saulek landu duena. Hainbat dira Gus Fring bezalako kriminal batengan sakontzea interesgarriagoa izan zitekeela defendatzen dutenak, baina Bob Odenkirkek bikain antzezturiko Saul Goodmanen bizitza abiapuntutzat hartzeak ona eta txarraren arteko dilema horri dimentsio zabalago bat ematen dio, zintzotasunetik ankerkeriarako bilakaera, Heisenbergekin ikusi genuen bezala.

TucoVince Gilliganek gidaturiko sortzaile taldeak eskainiko zigun altxor berriarekiko ikusmina izugarria zen, baita mito bihurturiko Breaking Baden itzala ere, eta zentzu horretan esan liteke aurreikuspenak soberan bete dituztela. Bi telesailak ezberdinak izanik, oraingoan umorea dramaren aurretik gailendu da, baina bere baitan zabalagoa den unibertsoaren oinarrizko hainbat ezaugarri mantendu dituzte, Albuquerqueko zabalgune lehorrak kutxen barnetik grabaturiko planoekin nahasten dituen argazkigintza estilo bereizgarria, gaua eta eguna elkartzen dituzten sekuentziak, musikaren erabilera dramatiko eraginkorra eta ezagutzen ditugun kokaleku zein pertsonaien arteko loturak, esaterako. Lehen atalean bertan Mike eta Tuco bezalako bi pertsonaia esanguratsu agertzeak bizitasuna eskaintzen dio istorioari eta baita ikuslearengan zirrara eragin ere.

Enpresa propioa sortu aurretik, jatorrizko izena ere mantentzen duen Jimmy McGillen istorioa funtsean Walter Whitenaren antzekoa izan arren, abokatu bizkorra drogen negozioko buruzagitik ezberdintzen duena gizatasuna da. Walter, diruak itsututa, kriminal gupidagabea bihurtu zen bitartean, McGillen ekimena nabarmen umilagoa da. Diruaren inperioan aurrera jarraitzeko ahaleginetan gezurrez beteriko munduan nahastean, lankideei iruzur egin, legez kanpoko tratuak kudeatu eta jendaurrean bere irudia hobetzeko antzezpenak eraikitzen ditu, baita kriminalak lagundu ere, ustelkeria bere berezko izaeraren ezaugarri bilakatzeraino. Diruaren zehaztapena giltzarria da telesaila behar bezala ulertzeko, AEBtako pentsamolde kapitalista istorioaren muinean dagoelako. Estatus soziala diruaren bitartez ulertzen dute biztanle iparramerikarrek, beste inork baino gehiago, ataletan zehar hainbat adibideren bitartez ikus dezakeguna; “Nacho” amaieran basora billetez beteriko poltsarekin ihes egiten duen familia, “Hero” hasierako erloju trukea, “Alpine Sheperd Boy” atalean agureei emandako zerbitzuez aprobetxatu eta behin eta berriz eskudirutan kobratzeko eskaria… legea ezartzen dutenek kriminalekiko harturiko neurrien zentzugabekeria ere azpimarratu dute. Halako egoren bitartez sortzaileek lortu dutena da sistema horri barre egitea, umorea baliatu dute hainbeste pertsonentzat sakratua izaten jarraitzen duen eredu amerikarra kritikatzeko.

MikeTelesailaren lorpen nagusietakoa da ataletan zehar garapen dramatiko zehatzak lantzeko egoera bakoitzaren erritmoa eta iraupenaren inguruan izandako kontrola. Shock gertaeretara jotzeko beharrik gabe, atalak izugarrizko erraztasunez ikusi ahal izatea lortu dute, urteetan zehar bikainduriko 45 minutuko formularen erabateko ezagutza izatearen erakusle argia. Miken iraganean zentraturiko “Five-O” atalaren bitartez dinamika ezberdinak lantzearen aldeko apustua egin dutenean ere abilezia gorena erakutsi dute.  Jonathan Banks aktore beteranoaren talentua eztabaidaezina da eta denboraldiko atal sakon zein gozagarriena osatu du istorioaren zama bere besoen gainean hartu eta era askotariko emozioz beteriko antzezpen bikaina eskaintzean. Pertsonaien iragana, oraina eta etorkizuna konbinatzeko modu oso adimentsua erakutsi dute sortzaileek behin eta berriz.

Funtzionatzen duten kontakizun mekanismoetara mugatu ordez, istorioaren freskotasuna bermatzeko planteamenduak eraberritzea izan da telesailaren beste merituetako bat. “Bingo” atalean, esaterako, Mikek diru zorroa ezkutuan HHMko jabe den Kettleman senar-emaztearen etxera itzuli eta hauek euren semeei egoera azaltzen dieteneko sekuentziak musika du aurrera egiteko garraiobide bakarra. Elkarrizketen beharrik gabe egoerei jarraipena emateko maisutasuna frogatu dute, McGillen apartamentu berrian gustuko duen Kim lankideari bere bulegoa izan litekeena aurkezten dioneko unean bezala. Bakardadea eta desioa bezalako sentsazioak hitzen beharrik gabe, planoen bitartez bikaintasunez transmititzea lortu dute. Erabili dituztenean, ordea, elkarrizketak bikainak izan dira, bereziki Breaking Badekin lotura duten pertsonaien testuinguruak osatzeko eta legea, justizia edo kapitalaren inguruko hausnarketak plazaratzeko.

Saul Chuck (2)Telesailak adimenez landu duen beste alderdietako bat atal bakoitzaren sarreraren bitartez Jimmy McGillen iragana eraikitzearena izan da, orainaldiarekin alderatu eta McGillen jokaera nola aldatu den nabarmentzeko, baina bereziki bere izaeran sakondu eta lana zein familiarekin dituen loturak esploratzeko. “Rico” atalaren hasiera da bereziena, McGillek abokatu titulua eskuratu berritan inprimagailu batek isilduriko Howard nagusiaren sermoi nekeza ilustratzen duena. Beste hainbaten artean, McGillentzat eguna okerrerantz doanean autoarekin gainditu beharreko putzu sakona edo sentsazio berbera areagotzen duen zabor bidoiaren presentziaren bitartez Breaking Baden landuriko sinbologiei jarraipena eman diete, baina esanguratsuena abokatu protagonistak bere anaia den konpainiako presidente ohiarekin denboraldi osoan zehar garaturiko erlazioa da.

Gailu elektronikoekiko fobia duen Chucken pertsonaia eta bizi duen argirik gabeko etxea bera Saulen beldurren sinboloa da, sustraiak lurrean barreneraino sartuta dituen zuhaitzaren egongelako koadroa bezala. Denbora luzez ezintasuna bereizgarri nagusi izan duen anaiak bat-batean arazoak gainditu eta abokatu lanetan laguntzen hastea izan da argumentuaren ezusteko nagusietako bat, azken ataletan etengabean handitu den haustura nabarmentzeko balio izan duena. Hasieratik eraikitako gezurraren saminak anaien arteko zatiketari izugarrizko dramatismoa eman ez arren, anaia zaharrenak gaztea bere helburu pertsonalak lortzeko nola manipulatu duen erakusteak amerikar ereduaren kritika gazi berri bat egiteko balio izan du.

Ikuspuntuen arteko talka lantzeko beste modu interesgarri bat aldaketaren kontzeptua izan da. Anaien arteko desadostasuneko une gorenean, Chuckek Jimmyri jendea ez dela aldatzen esaten dio, etxe ilunetik mundu normalera itzuli arren aspalditik pentsaturiko estrategiaren bitartez bere izaeran nabarmentzen den ezaugarria. Anaia gazteari errieta egin eta bizitzako arazoei aurre egin ordez beti ihesean ibiliko dela aurpegiratzen dio, eta ikusleok Breaking Baden ondorioz etorkizunean Saul Goodmanen papera zein izango den neurri batean ezagutzen dugun arren, bere kontura lanean hasi ahala datorren denboraldian areagotuko diren dilema moralak esploratzea zinez interesgarria izango da.

saul erlojuaModu batean, azken atalek umorea alde batera utzi eta egoera dramatikoetan sakondu dute, Jimmyren frustrazioa azpimarratzen duen zaharren egoitzako bingoko hitzalditik aurrez umore klabean eskainitako eszenen errepikapen itogarriraino, non hainbestetan txantxa bezala erabilitako jokoak huts egiteak lagun kuttunaren heriotza dakarren. Denboraldian zehar garaturiko gertaerak eta pertsonaien arteko lotura dramatikoak borobiltzeko balio izan dute. Zentzu honetan, atal bakoitzeko kredituetan azaltzen diren irudiak ere esanguratsuak dira, istorioaren garapenaren sinbolo bezala funtzionatzen dutelako. Azken atalean, bi anaien arteko erlazioa bezala, lurrera erori eta hausten den edalontzia adierazgarriena.

Ezin ahaztu, ordea, denboraldi osoan zehar nagusitu den ikuspuntu bromazalea, Jimmy eta Mikek aparkalekuko txartelekin izandako lehiak, Tucok justizia pertsonala ezartzeko duen dilema, Jimmy lege paper batzuen bila edukiontzi batera erortzen deneko unea, Mikek droga elkartruke baten aurretik bere bi lankideak uxatzen dituenekoa, dirua eta iruzurraren inguruan eraikitako hainbat muntaia surrealista… Gilliganen taldeak hainbat une gogoangarri eskaini dizkigu.

Hau guztia amaieran borobildu dute, berriz ere aldaketaren kontzeptura itzuli eta datorren denboraldian garatuko den izaera transformazioari bidea irekiz, arazoa edozein dela ere aurrera jarraitzeko mezua zabaltzen duen Deep Purplen “Smoke on the Water” klasikoaren bitartez. Ikusteko dago Jimmy McGill zein norabidetan eraldatuko den zehazki, baina telesailak halako maila mantentzen badu, oso gustura jarraituko dugu bere ibilbidea Walter Whitekin elkartu arte.

Irregularra. Halakoa zen orain arte The Walking Deadek izandako ibilbidea. Rick Grimesen taldeak, bizirauteko ahaleginetan, bidean topaturiko etsai zikoitzen aurkako lehia zuen oinarri istorioak, denboraldi hasieran zein amaieran atal indartsuak eskainiz, baina baita ezerezean geratzen ziren hainbat pasarte etsigarri ere. Dinamika honen aldaketa hasieratik nabarmendu da emanaldi berri honetan. Estreinako atal itogarrian aurkezturiko Terminuseko biztanle kanibalek hiru atal besterik ez dituzte iraun eta segidan erdigune bilakatu ziren Grady Memorial ospitaleko pertsonaiak ere denboraldiaren zati txiki bat besterik ez dira bilakatu.

Terminus elizaEpe luzeko etsaiak eraiki ordez igarokorrak sortzean, inoiz baino gehiago lortu dute istorioaren fokua protagonisten taldean jarri eta euren jokamoldeetan sakontzea. Lehenik pertsonaiak zatikatu zituzten; Glenn, Maggie, Eugene, Carol, Beth… egoera ezberdinetan aurkeztu zituzten euren iraganeko zein orainaldiko kezkei dimentsio zabalago bat emateko. Carolengan zentraturiko “Consumed” atala izan da, zentzu honetan, indartsuena, telesail osoan zehar bilakaera nabarmenena izan duen emakumeak Karen eta Daviden hilketa, kartzelaren sutea edo Terminuseko sarraskia bezalako iraganeko egoera giltzarriak bizi izan zituen moduaren ikuspegi osatuago bat eskaintzen duelako.

Giza harremanei erreparatuz gero, denboraldiko azken zortzi atalak indartsuagoak izan dira, baina Terminus eta Grady Memorialeko pertsonak ia ezagutu ere egin gabe eurekin garatu zitzaketen erlazioei amaiera eman izanak azpimarratzen du Ricken taldeak elkarlanean eraikitako oskol sendoaren ondorioz ezezagunekin erlazionatzeko duen zailtasuna. Bethen heriotzak zeresan handia du puntu honetan, ospitalearen bitartez bere izaeran sakondu eta dinamikak eraiki izanagatik baina, bereziki, agur honek etengabe handituz doan itxaropen ororen galera sinbolizatzen duelako. Norabide argirik gabe, bizirautera kondenatuta dagoen taldearen dekadentzia.

TyresseNoraezean ibiltzearen sentsazio hori otsaileko itzulerako “What Happened and What’s Going On” atalaren bitartez maisutasunez indartu dute. The Walking Deaden inguruan hitz egitean inoiz aipatuko ez genuela zirudien arren, estetikoki miresgarria eta elkarrizketetan izugarri metaforikoa den atala eratu dute. Tyresse hilzorian dagoen bitartean telesailean zehar berarekin erlazio esanguratsuak izandako hildakoen haluzinazioek Gobernaria, Lizzie eta Mika neska gazteak, Bob edo Beth bezalako hurbileko pertsonaiak berpizteko eta egoeraren sakontasuna handitzeko balio izan dute, baita irratia eta errepidearen arteko metaforak ere, bizitzea merezi ez duen hondamendi gorenera bideraturiko munduarekin paralelismoa eraikitzen duena. Zentzu teknikoan ere denboraldiko une gogoangarrienak eskaini ditu atal honek, Tyressek aurrez aurre zombia kosk egiteko prest duenean eta gerora lurrean odolusten ari deneko unearen izua ezinhobe islatu dute plano subjektiboen erabileraren bitartez.

Protagonista taldea zonbiak hiltzeko beldurra eta antolakuntza falta izatetik, mundu suntsitzaile batean bizitzearen zentzua geroz eta gehiago zalantzan jartzera igaro da eta, bizi berri bat eraikitzea posible izango duen babeslekua aurkitu ezinik, eguneroko jarrera basatien bitartez aurrera jarraitzea du aukera bakarra. Zentzu honetan, zinez inspiratua izan da Tyressek flashbacken bitartez bere taldekideak eliza barnean Terminuseko buruzagiak akabatzen zituzteneko unea oroitzea eta, aldi berean, ondorengo ataletan Maggie eta Sasha bezalako pertsonaien saminean sakontzea alaitasuna, hutsunea eta egunerokotasunaren monotonia bezalako sentsazioak zehaztasunez harrapatzen dituzten planoen bitartez.

Alexandriako komunitatearen izenean aurkezturiko gizona preso hartzen dutenean talde barnean garaturiko erlazioak ere aberasgarriak dira; bakoitzaren iraganari, izaera pertsonalari eta etorkizuneko nahiei tartea zabaldu diete, inoiz baino gehiago. Ordura arte bizi izandakoaren ondorioz ezezaguna onartzearen beldurra eta nolabaiteko azpijokoren baten mehatxua konstantea bihurtu da une horretatik aurrera.

Rick videoBasakeriak betiko aldatu duen taldea denbora guzti honetan zehar normaltasuna mantendu duen komunitatearekin parekatzea erabaki berritzaile zein inspiratua da sortzaileen aldetik eta bi ereduen arteko talka ahalik eta gehien nabarmentzea bilatu dute hasieratik, harrerako bideo konfesioen bitartez. Muturreko egoeretan ikusi ditugun pertsonaiak bizitza arrunteko ekintzetara ohitzen ahalegintzen diren bitartean, hainbatek, euren sendotasuna mantentzeko asmoz, komunitatetik kanpo zuhurtziazko segurtasun neurriak hartzen jarraitzeak azken atalen tentsioa areagotu du.

Zombien mehatxu konstanteak indarrean jarraitu du, telesailean inoiz ikusitako eraso ikaragarrienak ikusteraino (“Spend” ataleko bi heriotzak nazkagarrienak), baina telesailaren meritu nagusia nabarmen arriskutsuagoak diren gizakien bizirauteko draman bilakatu izana da. Beti egongo dira egunerokotasuneko ekintza arruntek erritmoa gehiegi mantsotzen dutela argudiatuko duten ikusleak, baina oraingoan, inoiz baino gehiago, sortzaileek asmatu dute pertsonaien sentimenduetara jotzean. Modu batean, kartzela eta Gobernariaren mamua gainditzean abiatu zuten bide sakonagoari osotasun bat ematearen sentsazioa transmititu dute azken atalek, lehen denboraldien gabezia nabarmenetako bat gainditzearen sentsazioa.

gabrielHalaber, bosgarren denboraldiaren lorpen nagusietako bat 16 atalei esanahi zabalago bat eman izana da. Hasieratik Terminuseko pertsonaien bitartez “either you’re the butcher or the cattle” eta “you could be one of us”, bezalako ideiak plazaratzean komunitate orok ezezagunen aurka babesteko erabiltzen duen instintu basatia azpimarratu dute, Ricken taldearen jokamoldean nabarmen islatu dena, baina baita Darwinen hautespen naturalaren ideia jarraitzen duten Grady Memorialeko kideengan eta Alexandriako herritarrengan ere. Norbere segurtasuna edozein modutan arriskuan ikusten duenak egoeraren kontrola bereganatzeko berehalako instintua nabari du erraietan. Bidean ezagutzen edo akabatzen duten ororen egoera berean egon zitezkeela oroitzeak mantendu du, zentzu honetan, Ricken taldearen gizatasuna. Talde berriekin eginiko etengabeko konparaketak iraganean protagonistek borrokatu behar izan dituzten aurkarien oroigarri ere badira, euren izaeren transformazioaren inguruan hausnartzea eragiten dietenak.

The Walking Dead AEBetako telebistako saio ospetsuenetakoa izan eta munduko beste hainbat herrialdeetako milioika biztanlek ere ikusten dutela kontuan hartuz gero, hausnartzea merezi du zenbateraino fikziozko ideia hauek ez diren egungo gizartearen isla, non menperatzaile eta menperatuak argi eta garbi ezberdindu ditzakegun. Zentzu honetan, zinez esanguratsua da entretenimendu hutsagatik ikusten duten zaleengan telesaileko pertsonaien jokaerek zein egoeren planteamenduek izan dezakeen eragin sozial eta ideologikoa.

Rick odolezArgumentura itzuliz, aipatzekoa da denboraldi amaiera telesailak inoiz izan duen sendoena dela, bereziki, gertaera deigarri batean oinarritu ordez, pixkanaka hazten joan den tentsioaren eztanda suposatu duelako. Ildo horretan, atalen izenburuen bitartez eraikitako esanahi kodetuen jokoa argumentuaren garapenarekin adimenez konbinatu dute. Pertsonaiak muturreraino iritsi ahala, Ricken ontasuna iraganeko ankerkeriarekin nahasi da eta komunitateko kideak lehia gordina libratu dute hain subjektiboa den justiziari loturiko neurriak ezartzeko. Pertsonaien kezka eta ezintasunak esploratzeko balio izan du honek beste behin ere, eta horregatik euren artean eraikitako erlazioak zein gatazkak inoiz baino sinesgarriagoak bilakatu dira. Elkarrizketek beti izan dute pisu handia telesailean, are gehiago euren benetako nortasuna behar bezala ezagutzen ez duen komunitatea elkarbizitzaren alde konbentzitzerako orduan, baina oraingoan beldur eta frustrazio pertsonal sakonak espresio eta gorputz keinuen bitartez transmititzea ere lortu dute.

Zentzu honetan, hurrengo denboraldiari begira bi indar giltzarri ezberdindu ditzakegu. Alde batetik, Deannak komunitatea gobernatzeko orduan izango duen autoritatea, Ricken hilketa eredua onartzean betiko eraldatu litekeena, eta bestetik Morganen itzulera, telesail hasieratik Ricken oinarri morala izan dena; bien arteko erlazioa etorkizuneko interesgarriena bilakatu liteke. Michonnen azken eszena ere esanguratsua da, beste modu batera bizitzeko itxaropenez alde batera utzi zuen katana berreskuratzen duelako, etorriko diren mehatxu eta gatazkak borrokatzeko. Misterio eta sinbolismo esanguratsua duen Wolves taldea ere seigarren denboraldiaren oinarri nagusietakoa izango da; Alexandriako ardiek otsoen munduan bizitzen ikasi beharko dute.

Do itLaburbilduz, esan liteke The Walking Deadek orain arteko denboraldirik sendoena osatu duela shock gertaerak alboratu eta pertsonaiei sakontasuna ematean. Basakeria monotonia bilakatu ahala, protagonistek etorkizuna eta patuaren inguruko kezkak azaleratu dituzte, euren iraganeko borroken etengabeko erreferentzien bitartez borobildu dutena. Sortzaileek ausardia erakutsi dute orain arte telesailean ezohikoak ziren muntaia eta egoera dramatikoak lantzean, aurreko denboraldian abiaturiko bidea gorpuztuz. Noiz arte luzatuko den oraindik jakin ez arren, ezinbestean amaierara bideratzen den telesailari bukaera duina ematea eskertzekoa izango litzateke eta horretarako dilema moraletan sakontzea erabaki inspiratua bilakatu daiteke.

Telesailak aspalditik izan duen gabezia nagusia, ordea, irregulartasuna da. Atalak zuzentzeko estiloan hainbatetan nabaritu da eta honek ez luke ezaugarri negatiboa izan beharko, are gehiago, emozionalki guztiz ezberdinak diren egoerak islatzeko kamera lana inoiz baino zehatzagoa izan da; oinarrizko erronkak kontakizunaren konstantzia dramatikoa lortzea izaten jarraitzen du. Denboraldiko lehen zatiak hainbat gorabehera jasan zituen arren, Alexandriako istorioak alderdi hau bikaintasunez garatu du. Urteen poderioz hobetzen joan den telesaila izanik, espero dugu etorkizunean The Walking Dead azken zortzi atal hauek bezain beste gozatzea.

Alien, Star Wars, Indiana Jones, Spiderman, Final Destination, Pirates of the Caribbean, The Avengers… sorkuntza berri eta originalak lurperatzen dituzten enegarrenezko birmoldaketen zerrenda amaigabea da. Deigarria da, ordea, industrian aurrera egiteko arazorik ez duten zuzendari eta aktore sonatu zein beteranoak izatea maiz halako proiektu errepikakorren alde egiten dutenak. Fama eta glamourraren lorratza jarraitzen dute zinemaren hedabide generalistek, ikusleen gehiengoari estandar horien bazka hedatuz. Hollywoodeko fokuetatik urrun, jaialdiak aukera aparta izan ohi dira zinemaren esentzia dastatzeko; sorkuntza originalaren alde egiten dute eta baita zirkulu komertzialetatik at geratzen diren hainbat obra interesgarri ikusteko aukera eskaini ere. Gurean Donostiakoa dugu, baina astebetez besterik ez. Non gertatzen da zinema hori urtean zehar?

Blockbusters

Telebistaren urrezko aroa izendatzen dugun hau ere iraganaren ilusioa besterik ez da. 1950eko hamarkadan sorkuntza eta programazioaren oinarriak ezarri zituen korrontea urruna da, baina jada badira hamar urte HBOren The Sopranos, The Wire, Six Feet Under eta Oz bezalako telesail izarrak amaitu zirenetik. Breaking Bad, Mad Men, Treme, Carnivàle eta Deadwood bezalakoek jarraipena eman zioten inspirazioari, eta egun ere maila altuko obrez gozatzen jarraitzen dugu.

Baina harrigarriena da esanguratsuenak birmoldaketak izatea. The Walking Dead, Game of Thrones, Fargo, Hannibal, Better Call Saul… kalitate goreneko telesailak dira, eta batzuek, beste batzuek baino gehiago, euren sorkuntza propioak eraiki dituzte oinarrizko obrak abiapuntutzat hartuta, gozagarria den Hannibalen kasua nabarmenena. Tamalez, ordea, aurrez sorturiko film, nobela, komiki edo telesailen birmoldaketak dira funtsean. Hutsetik abiatu eta ideia originaletan oinarrituriko istorioen gabezia kezkagarria da.

Askotan gaitz hauek sortzaileei egozten dizkiegu, baita etekina artearen gainetik jartzen duen ikus-entzunezko industriari ere, baina ikusleak ere bagara, zentzu handi batean, egoera honen erantzule. Gustuko dugu iraganean arrakasta izandako obrak behin eta berriz ikustea eta horien jarraipena zein moldaketak kontsumitzea, kalitatea makala izanda ere. Nahiago dugu ezagutzen dugunari heldu gure segurtasunezko egoera zalantzan jarri dezaketen horizonte eta ideia berritzaileak esploratu baino. Jarrera guztiz kontserbadorea da askorena. Hau ikusleen kontsumoan zuzenean eragiten duen industriaren erabakietan nabari da, baina baita ikusleen ohituretan ere, zeinak, modu alienatu batean, gehiengoak ikusten dituen Ocho Apellidos Vascos edo 50 Shades of Grey bezalako obra konbentzionalak kontsumitzera mugatzen den, gizartearen korronteak behartuko balu bezala.

50 shades of grey ocho apellidos vascos

Zinemak entretenimendu hutsa izaten jarraitzen du askorentzat, egunerokotasunaren monotonia ahazteko ihesbidea, eta zentzu horretan ulergarria da obra estandarrak kontsumitzeko ohitura eta bulkada soziala, baina ahaztu ezin duguna da ikus-entzunezko kontakizunek sinpletasun horren atzean helburu eta ahalmen hezitzaile izugarri boteretsua dutela. Produkzio handiko filmek gizartearen ikuspegien oinarria ezartzen dute istorioetako pertsonaien kultura, arraza eta sexua modu zehatzetan tratatzean eta hori inoiz ahaztu ezin dugun zerbait da, pantailatik jasotzen dugunak iritzia inposatu ordez gure propioa eraikitzeko balio dezan.