otsaila, 2015 -en artxiboa

1992an Abkhazia eta Georgiaren arteko gerrak estoniar asko euren sorterrira itzultzera behartu zituen. Ivo gizon adindua, ordea, bere etxe eta bizimodu bakartia uzteko asmorik gabe, Margus bizilaguna mandarina bilketan laguntzen hasten da. Baina euren bizimodu baketsua militarren arteko borrokak eteten du, zaurituriko georgiar eta abkhaziar etsaiak bere etxean hartuz.

Mandariinid Ivo eta MargusZaza Usushadze zuzendariaren lan berriak bete-betean asmatzen du gerra abiapuntutzat hartuta, mendian, naturarekin harreman zuzenean, frontetik urruneko gatazkan sakontzen. Aurkako taldekoak izate hutsagatik batak bestea hiltzeko betebeharraren dilema plazaratzen du filmak, soldaduek, itsututa, euren herrialdea babestu behar dutela pentsatzen dute eta etxeko gizonak efektu gizatiar bikaina eragiten du biengan. Pixkanaka euren arteko ikuspuntuak toleranteagoak bilakatzea lortzen du, batak bestea errespetatu eta hiltzeak zentzurik ez duela ulertarazi arte. Transformazioa halakoa da, filmaren amaieran, militarren praktika injustuez ohartuta, batak bestea defendatzen duela, bizia galtzeraino.

Zinemagintza nordikoa hasieratik nabaritzen da pelikularen estiloan, obra osoko musika pieza bakarra den gitarra doinu malenkoniatsuak eta plano luzeen bitartezko istorioaren garapen pausatuak pertsonaiek zein ikusleek egoera bakoitzean dituzten hausnarketak sakonagoak bihurtzen ditu. Bertako kultura ere islatzen du herrialdea bezain hotzak diren sentimenduak ez azaleratzearekin, baina, aldi berean, filmak potentzia handiz lortzen du emozio indartsuak plazaratzea, gehiegizko dramatismora jo gabe, ikuslea hunkitzen du hainbeste denboran zehar zaindutako etxearen sutea edo amaierako tiroketaren bitartez, gerraren laztasuna gogorarazten duten uneak.

abkhazia vs estonia

Hala ere, inpaktu horren indar nagusia Ivok gerraren inguruan egiten dituen hausnarketen bitartezkoa da. Soldadu etsaiak konbentzitu nahian, une batean esaten du ez dakiela zertarako saiatzen den, gero gerrako lehen lerrora itzuli eta bertan elkar hilko dutelako. Zentzu honetan, amaiera tragikoa da, agurea eraikitzen saiatu den bizitza horren zati handi bat suntsitzen delako, bere aspaldiko laguna barne, baina baita itxaropentsua ere, hasiera batean gerrak itsuturiko gizon estoniarraren pentsamoldea betiko aldatu duelako. Zentzu honetan, filmaren meritu nagusia da gerra salatu baina ikuspuntu bat ez inposatzea, ez du demagogiaren diskurtso errazera jotzen.

“Mandariinid”en mezua indartsua da gizakiaren alde suntsitzaileena azaleratzen duen gerra garaian, gerrak berak gogor kolpaturiko gizon batek besteengan izan dezakeen eragin gizatiarra erakusten duelako. Azken finean, bi etsai aurrez aurre egon eta euren arma bakarra hitza denean, ulertzera kondenatuta daude. Mandarina bera da filmaren metafora adierazgarriena, kanpotik gozoa kolorea eta itxurarengatik, baina garratza barnetik.

Trailerra:

Cannesen gidoi onena eta Golden Globetan “Atzerriko Hizkuntza” saileko film onenaren sariak irabazi arren, obra finantziatu duten errusiar instituzio berberak izan dira Leviathan jatorrizko herrialdean zentsuratzen saiatu direnak. Andrei Zvyagintseven azken lana Errusia iparraldeko herri txiki eta hotz batean kokatzen da, SESBeko industrializazioaren ondorioz biztanleriak abandonaturikoa eta bertan geraturiko arrantzaleek apaltasunez aurrera daramatena, eliteetako politikariak nahi dutena egiten duten bitartean.

Haizeak eta itsasoaren olatuek hausten duten isiltasun goibela, urik iristen ez den lurrean etzanda dagoen hildako balearen hezurdura… paraje eta gizartearen gordintasuna adierazten duen maisutasunezko argazkigintza, planoen erritmo geldoa eta musika epikoaren bitartez, hasieratik murgiltzen gara giro dekadente horretan.

Madianov_LeviathanFilmak sakontzen duen gai nagusietako bat boterea da. Bere buruan besterik pentsatzen ez duen Vadim Shelevyat alkate ustelaren zigorgabetasunak talka egiten du herriko langile umilek bizi dituzten zailtasunekin. Honen metafora dira alkatearen bulegoan urteetan zehar hainbat ustelkeria salaketa izan dituen Vladimir Putinen koadroa egotea, edo mafia filmak gogorarazten dituen eszena batean Moskutik etorritako abokatua mehatxatzea, Errusiako sistema politikoak mafia baten moduan funzionatzen duela iradokitzen du. Istorioko protagonista dugun Kolyaren etxean, ordea, familia egitura ere boterezko erlazioetan oinarritzen da, non Lilya emaztea eta Roma semearekiko paper autoritarioa duen. Berdina gertatzen da inguruan dituzten lagunen familietan, patriarkatua euren komunitatean guztiz barneratuta dagoen ideia izatearen seinale.

Zentzu honetan, eliza eta erlijioaren presentzia kontzeptu giltzarriak dira filma ulertzeko. Denak sinesleak diren herrian, sinesten ez duen Kolya ez dute begi onez ikusten, trabak jarri eta baztertu egiten dute. Eliza da boterean oinarrituriko estamentu gorena, biztanleak jokamolde zehatzak izatera behartzen dituena ongia eta gaizkiaren inguruko sermoi alienatzaileen bitartez.

leviathan etxeaFilmak bete-betean asmatzen du istorioa patxadaz kontatzen, egoera eta sentsazio orori ahalik eta zuku gehien ateratzen plano luzeen bitartez eta, aldi berean, baita kontrakoa egiten ere; hainbat egoera osotasunean erakutsi ordez iradoki eta ikuslearen irudimenarentzat osagarri gisa uztea baliabide eraginkor eta indartsua da. Planoen segida guztia erakutsi gabe, hainbat irudi tartekatzea nahikoa da Moskutik etorritako abokatua eta Kolyaren emaztearen arteko erakarpena ulertzeko. Kontu berbera mendira eguna pasatzera joan eta haurretako batek bikotea harrapatzean, Kolya, sutan, eurengana joan eta hainbat tiro entzuten direneko unean. Ez dugu gertatu dena ikusten eta ezjakintasun horrekin maisutasunez jokatzen dute hurrengo eszenaren tentsioa handitzeko. Gauza bera gertatzen da emazteak, etxeko muturreko egoeraren ondorioz lur jota, itsasoari begiratu eta animalia misteriotsu bat ikusten duenean. Filma izendatzen duen Bibliako itsas munstroa ote?

Egoera hobetzeko itxaropenez deituriko lagun abokatuaren traizioak, emaztearen galerak eta eliza eta alkatearen arteko geroz eta handiagoa den elkarlanak Kolyaren bizitza guztiz hondoratzen du. Alkohola bilakatzen da bere lagun bakarra, zaindu beharreko semea ere alde batera utziz.

Amaierako pasarte hauek dira film osoan zehar landuriko Jainkoaren hutsunea gehien nabarmentzen dutenak. Ama hilda, aita kartzelan eta umea bakardadean geratu ostean, alkateak bere semeari, suntsitu dituen bizitzen gainean eraikitako elizan, Jainkoak dena ikusten duela esaten dioneko unea filmaren lazgarrienetakoa da. Pelikulak, ordea, laguntza eskaini edo justiziarik egiten ez duen Jainko hori salatzetik haratago, gizakiaren kritika gordina egiten du. Ustezko Jainko salbatzaileak justizia pertsonal eta erabaki ankerrak gailentzen diren munduan bakardadean utzi duen animalia basatia.

Vadim Shelevyat: Gizakia da munduko animaliarik arriskutsuena.

Trailerra:

Obra guztiak zirkulu britainiarrean landu dituen Pawel Pawlikowski zuzendariak gazte zenean utzi zuen gerra osteko Poloniara itzuliz lortu du bere orain arteko film osatuena. 2013an estreinatu zenetik sariak jaso ditu etengabe eta, merezimendu osoz, Atzerriko Hizkuntza saileko film onenaren saria jasotzeko faboritoa da.

Ida otoiIdak, izen bera duen neskak, botoak hartu aurretik, mojen komentua utzi eta ezagutzen ez duen izebarekin elkartzen deneko istorioa kontatzen du. Hasieratik Jainkoaren nagusitasuna azpimarratzen da, planoek izugarrizko aire pila dute goialdean, protagonistaren burua besterik ez dugu ikusten hutsune zuriaren behekaldean, bere gainetik dagoen sinismenaren guztiz menpe izatearen seinale. Une bakoitzean dituen pentsamenduetan edo egindako ekintzetan Jainkoak duen pisu morala nabarmena da. Gurutze eta koadro kristauak etxe eta tabernetan agertzeak, zentzu guztietan erlijioan oinarritzen den gizartearen ideia plazaratzen du.

Komentuko lehen eszenak ere esanguratsuak dira, film osoan zehar presente dagoen inkomunikazioaren kontzeptua aurkezten duelako. Moja beterano eta gazteak bananduta daude otorduetan, ez diote elkarri begiratu ezta hitz egiten ere. Zuri beltzak, komentuko mojen bizitasunik gabeko munduan Jainkoa besterik ez egotearen sentsazioa plazaratzaeaz gain, gerrak gogor kolpatu duen gizartearen hoztasuna ere indartzen du.

Filmaren dinamika interesgarriena, ordea, neska gaztea eta izebaren artekoa da. Hasieratik nabaritzen da euren arteko haustura, talka egiten duten izaera kontrajarrien bitartez. Jainkoaren segurtasunezko gunetik at, izebak Idari bere jatorri judutarra azaldu eta amaren argazkia erakusten dionean, ordura arte izandako bizitza finkoa hautsi eta elizaren mundutik at esplora ditzakeen aukera guztiak azaltzen dizkio: musika, maitasuna, alkohola, sexua… sarritan jartzen du zalantzan Jainkoaren figura, neska gazteak komentua utz dezan konbentzitu nahian. Ezberdintasun horiek behin eta berriz azpimarratzen ditu Pawlikowskik, azkar hitz egin eta pentsatzen duen sentimendu sakonik gabeko izebak tabernan edan edo jazz kontzertuan dantzatzen duen bitartean, une bakoitza arnasten duen Ida, pasioaren mundutik urrun, elizan otoitz egiten edo bere gelan Biblia irakurtzen erakustean. Euren arteko ezberdintasunak, ordea, heriotzararekiko ezjakintasunean parekatzen dira, berriz ere irudiaren goialdean aire pila duten planoen bitartez.

Pelikularen estiloa plano iraunkorrek markatzen dute, akziozko etengabeko egoera dramatikoetatik urrun, bizitza eta denboraren linealtasuna islatzen dutenak. Zentzu honetan, elipsien lanketa bikaina da, gertatzen ari den guztia planoan ez erakustean, beste ezer baino beldurgarriagoa bilakatu daitekeen ikuslearen irudimena pizten duelako; musika klasikoak goraturiko izebaren suizidio eszena da teknika honi zuku gehien ateratzen diona.

ida dantzaIdaren gurasoen gorpuak baso erdian suntsituriko hilobitik ateratzean, errudunak zigortzeak maite zituen senideak bueltan ekartzeko balio ez duela onartu eta beherakada nabarmena jasaten du izebak. Jainkoaren ondarea gizakiek zenbateraino deformatu duten modu poetikoan erakusten du inoren oinazea sufrimendu gehiagorekin konpondu ezin dela iradokitzen duen eszenak. Hortik aurrera, Ida hasten da egoeraren kontrola hartzen, bere izeba zaintzen eta pertsona helduekin adostasunetara iristen. Aldi berean, plazerraren mundura geroz eta gehiago hurbiltzen da, botoak hartzeko eguna gerturatzen doan heinean, benetan zer izan nahi duen argitu nahian. Azken finean, senideen gorpuen bila abiaturiko ibilbidea euren burua aurkitzeko ibilbidean bilakatzen da moja gaztea eta izebarentzat.

Baina biek salbamena ulertzeko moduan talka egiten jarraitzen dute. Izebak, erlijoa edo beste inolako euskarririk gabe eta gerrako zamak izututa, bere buruaz beste egitea erabakitzen du. Idak, komentura itzultzean, emakumeen gorputz bustiak erreparatzen ditu eta otoitz egitea inoiz baino gehiago kostatzen zaio; bertakoek berdin jarraitu arren bera aldatu dela ohartzen da. Hortaz, hirira bueltatu eta izeba imitatuz, dantza, alkohola eta sexua probatzen ditu, baina plazerrarekin batera, hutsunea, babesgabetasuna eta dekadentzia sentitzean, bere segurtasunezko mundura behin betiko itzultzea erabakitzen du. Film osoan zehar garaturiko banaketaren une gorena.

Bizitzaren zentzuaren metafora den errepidean, Ida komentura erabakitasunez hurbiltzen ikusten dugu, bere ondoan igarotzen diren autoen kontrako norabidean. Filma borobiltzen duen azken plano poetikoa.

Trailerra:

Filmaren inguruan iritzi guztiz kontrajarriak ditugunez, bi testu ezberdin argitaratzea erabaki dugu.

2014ko Sundance jaialdiko bi sari nagusiak irabazi ostean, Damien Chazellen Whiplashek sorpresa eman eta Oscar sarietarako hautagai izendatu zuten. Nahiz eta jaialdi askotan arrakasta izan, gutxik espero zuten Oscarretarako hautagaien artean izango zela, film independentea izateagatik. Bere estreineko Guy and Madeline on a Park Benchen, eta gidoilari lanetan aritu zen Grand Pianon hainbeste maite duen musika mundua izan du beste behin filmaren erdigune, oraingoan ordea, tentsioa oinarri duten egoera gehiagorekin.

Manhattango Shaffer musika eskolan sartu berri den Andrew Neyman (Milles Teller) da pelikula honen protagonista. Bere ametsa jazz historiako baterijole onenetakoa bihurtzea izanik, pozarren onartzen du eskolako irakaslerik ezagunena den Terence Fletcherek (J.K. Simmons) bere bandan jotzeko egiten dion gonbidapena. Neymanek gozatzeko eta ikasteko klaseak izango zirela pentsatu arren, segituan ohartzen da asko sufrituko duela. Fletcherrek baterijolea muturreraino bultzatzen du metodo krudelen bitartez.

Whiplash-7121.cr2Zuzendariak berak izandako irakasle batean oinarritua, Fletcherren pertsonaia era ezinhobean antzezten du Simmonsek. Oldarkortasun handia erakusten du aktoreak, zuzendariak nahi zuena era onenean interpretatzen du eta musika eskolako klaseetan duen jarrera autoritario eta militarraz hainbat aldiz gozatzeko aukera du ikusleak. Filmaren izenak dioen bezala, irakasleak oihu zartadak botatzen dizkio bateria joleari, bere mugaraino iristeko. Stanley Kubricken Full Metall Jacket filmeko sarjentuarekin konparatzea saihestezina da. Aktoreak rolarengatik hainbat sari jaso ondoren, horien artean BAFTA eta Golden Globe Award, bigarren mailako aktore onenaren Oscarra lortzeko aukera handiak ditu.

Filmaren erakargarritasun nagusietakoa, jakina, musika da, bateria soloak batez ere. Pelikularen lehen segundoak gidatzen dituen erritmoak ikuslea filmean bete-betean sartzea lortzen du, eta hortik aurrera gozamen musikalak etengabe hobera egiten du Overture, Caravan edo Whiplash bezalako kantuen bitartez. Entseguetatik kontzertuetara igarotzean ere Chazellek maisutasunez harrapatzen du emanaldien esentzia, instrumentuen plano zehatzak eskainiz, ikuslea aretoan bertan egotearen sentsazioa areagotzen du.

Chazellen hitzetan, filma ez du soilik musika zaleentzat egin, anbizio handia duen edonorentzako baizik. Azken finean, hori da filmaren funtsa, protagonista bikaintasunaren bila noraino iristeko prest dagoen. Transmititzen duen indarragatik, Whiplash urteko sorpresa handiena izan da. Bi protagonisten arteko harremanari zuku guztia aterata, musikari buruzko apustuak emaitza ezin hobea eman dio zuzendariari, etorkizunean jarraipena izatea espero dugun dinamika.

Ander Perez

——————————————————————————————————————————————————————————

Musikaria den Damien Chazellek bere bigarren filma, estreineko obra bezala, jazzaren inguruan oinarritu arren, oraingoan muturrera eraman du. Whiplash gorenera iritsi nahi duen baterijole gaztea eta bere maisu autoritarioaren arteko istorioa da. Pelikulak egoera gogorren aurrean gure burua hobetu eta horrek dakarren asebetetzea erakutsi ordez, perfekzioaren bilaketaren eragin suntsitzaile eta nazkagarrian sakontzen du. Nazka lehiakortasunarekiko, nazka autoritatearekiko, nazka askatasun ezarekiko, nazka filmak musikaren esentziaren aurka egiten duelako. Egia da edozein diziplinatan bikaintasuna lortzeko lan gogorra ezinbestekoa dela, baina musika ez da lehiaketa bat, beste edozeren gainetik, pasioa da, gozamena.

Lehiaketaren bitartez nekez erdietsiko du inork musikak eskaintzen duen zoriontasuna, are gutxiago jazza bezalako estilo organiko batean. Jazza, hain zuzen ere, musika estilorik zorrotzenen artean dago, maila oso altua izan behar delako interpretatzeko, baina inprobisazioaren izaera magikoa ere badu. Noten pasioak gidatuta, musikariek euren artean bat egin eta senaren bitartez gozatzeko duten gaitasuna ez da istorioko une batean ere ageri.

whiplash autoritateaFilma aurpegian zaplasteko lazgarri batekin aldera daiteke, gustatu edo ez, izugarrizko energia transmititzen duelako, ikuslearen barreneraino iristea lortzen du eta hori oso esanguratsua da. Antzezpenak bikainak dira, bigarren mailako aktore onenaren saria irabaziko duen J.K. Simmonsena bereziki, zeinak izaera militarreko maisuaren azalean jarriz bere ibilbide profesionaleko interpretazio osatuena landu duen. Soinu banda zein kontzertu eszenak ere, kamera geldoa zein musikarekin bat doazen plano erritmodunen bitartez, zuzenekoen dinamika bikain harrapatzen dute. Filmeko eszenen segidak gainera, etengabeko jarraipen eraginkorra ematen diote istorioari. Halaber, irakasle eta ikasleak tabernan duten elkarrizketaren bitartez ikusleak maisu autoritarioaren postura jendeak uler dezan saiatzen da filma, baina muinean dagoen mezua tamalgarria da. Ezin zaio gizarteari musikaren halako irudi etsigarri eta zapaltzailea eman, arrakasta sakrifizio eta umilazioak gainditzearen bitartez lortzen denaren ideia. Onena izatea ez den beste edozer porrota izatearen mezua hedatzea negargarria da.

Pelikula salba dezakeen bakarra, tamalez, bizi dugun gizartearen isla hurbila egiten duela da. Egungo munduan beti onena izan, lehiakortasuna hobetsi eta etengabe produzitzearen pentsamoldea gailentzen delako eta errealitate hori gordintasunez erakusten du, amets amerikarraren diskurtsotik urrun. Tamalez, guztiz etsigarria da, bakoitzak bere ametsen alde borrokatzearen mezu itxaropentsurik ez da ageri une batean ere, eta horregatik, filmak ez dauka aukerarik sari nagusia irabazteko, ezin da konparaketarik ere egin, esaterako, hainbeste kapa eta hausnarketa gizatiar plazaratzen dituen Boyhoodekin.

Mikel Yarza

Trailerra:

SELMACrash, Gran Torino, 12 Years a Slave… arrazakeriaren inguruko pelikulak behin eta berriz ikusi ditugu Hollywooden. Zinemagintza kontuan hartuz gero aipaturiko filmen maila berean ez egon arren, Ava DuVernayren Selmak funtzionatzen du lantzen dituen gaiei emandako bizitasunarengatik. Biztanle afroamerikarren eskubideen alde borrokatu zutenen indarra nabaria da antzezpen indartsuen bitartez, Martin Luther Kingen azalean jartzen den David Oyelowo adibiderik esanguratsuena, duintasunaren aldeko misioak eskatzen zuen ziurtasuna eta jasan beharreko zama ezinhobe adierazi ditu. Zentzu honetan, eskubideen alde borrokatzen duten aktoreak afroamerikarrak izatea da giltza eta ez, beste hainbat filmetan egin ohi den bezala, sufrimendua errealitatean pairatu ez duten antezleen bitartez islatzea zeluloidean.

Honek filmaren alde emozionala nabarmen indartzen du, musika aproposa eta hainbat eszena lazgarriren bitartez azpimarratzen dena. Kaleetan gauez protesta egin ostean tabernan poliziak gazte bat akabatzen dueneko slow motion irudiak edo Kingen hitzaldiak, bereziki gaztea hil ondorengoa eta film amaierakoa, inpaktu emozional handiko uneak dira. Ez da garai batean izandako gertaeren isla hutsa, baizik eta erabaki esanguratsuak hartu beharreko unearen sentimenduz beteriko erretratoa.

Garaiko gizartearen etika eta morala ere adimenez zehaztu ditu DuVernayk. Biztanleen zati handi batek, boterean zeuden politikariek bultzatuta, beltzak euren maila berean ez zeudela pentsatzea edo AEB, demokraziaren izenean, Vietnamgo gerran zentratzen zen bitartean herrialdeko biztanle ororekiko berdintasun eta errespetuzko tratua lortzearen ezintasuna eta hipokresiaren kontzeptuak nabari dira.

Selma bridge2014ko udan Missouriko estatua gogor kolpatu zuten Fergusoneko gertaeretatik haratago, ordea, interesgarria da filmak egungo garaiarekin ezartzen duen paralelismoa, mundu osora aplikatu daitekeena. Kingek film osoan zehar kritikatzen du biztanle afroamerikarren oinarrizko eskubideak zapaltzen dituela gutxi batzuen interesen alde gobernatzen duten gizon zurien eliteak. Egun, demokraziaren bitartez, itxurazko askatasuna eta berdintasuna plazaratu diete gobernariek gizarteari, baina errealitatean lokartuak gaude informazio eta entretenimendu konbentzionalen bitartez, gure askatasuna geroz eta gehiago mugatzen duten boterezko estrukturen menpe. Ironikoa. Garai horretan biztanle afroamerikarren duintasunaren alde aurrerapen nabarmena egin zen eta filma lorpen horien aldeko omenaldia da, baina egun arrazakeriak eta hierarkia zapaltzaileak indarrean jarraitzen dute, arazoa ez delako afroamerikarrena bakarrik, baizik eta gizartea eliteen menpe alienatzen duen boterearena. Interesgarria da, zentzu honetan, filmak hedatzen duen mezu itxaropentsua, egungo praktikan jarriz gero hainbat gauza aldatzeko aukera errealak indartuko lituzkeena. Arraza, pentsamolde edo kultura ezberdina izan arren, oinarrian dagoen injustizian denak ados jarri eta elkartasunean borrokatzea da giltzarria. Antolakuntzaren bitartez gauzak aldatzea posible denaren mezua zabaltzen du.

Bestalde, ezin da ahaztu obra osoan jainkoaren paperaren garrantzia. Kingek sinesle sutsua zen eta sinesmen hori zen halako errealitate lazgarrian aurrera jarraitzen laguntzen zion euskarri morala. Hau, erlijio eta fedean oinarrituriko sinismenetik haratago, Kingek gainontzeko biztanleengan izan zuen zeresanarekin aldera daiteke. Eurentzat King bera zen Jainkoaren ordezkaria, beldurrak gainditu eta aldaketa posible zela sinistuz aurrera egitearen pizgarria. Beregatik izan ez balitz, ziurrenik, halako iraultza ez litzateke gauzatuko.

Argazkigintzaren lanketa txukuna eta istorioaren unibertsoa osatzen duten pertsonaia ezberdinen emozioak ondo jasotzea lortu duen arren, hedatu nahi duen mezu gizatiarrean dago Selmaren indarra.

Trailerra:

Gutxi dira hasieratik euren obrei nortasun bereizgarria ematea lortzen duten zinegileak. Wes Anderson horietako bat da. Zuzendari estatubatuarrak, Hollywoodeko konbentzioetatik urrun, estetika preziosista eta errealitatea zein fantasia konbinatzen dituzten kontakizunak landu ditu, film bakoitzean aurrera pauso nabarmena emanez. 2012ko Moonrise Kingdomen biribilduriko estiloa gorenera eraman du drama, umorea eta thrillera freskotasunez konbinatzen dituen azken lan honetan.

grand budapest darkIpuin baten sinpletasunetik abiatu arren, The Grand Budapest Hotel ikusteko ederra eta entretenigarria da, gidoi eta dinamika biziari esker. Andersonek istorioa bi mundu gerren artean kokatu eta lau ataletan banatzen du, bertan hainbat gai eta egoera jorratuz. Monsieur Gustave eta Zero Mustafaren abenturan hilketak, misterioa, amodioa, kartzelatik egiten duten ihesa… denetik ikus dezakegu. Nahiz eta hainbat egoera dramatikoak izan, komedia da edozeren gainetik gailentzen den erregistroa. Gogoangarria aktore sonatuek interpretaturiko hotel ezberdinetako jabeek telefonoz dei katea egiten dutenekoa, euren zerbitzariei agindu berbera emanez, edo baita santutegira bidean apaizak jarraitzen dituzteneko unea ere. Istorioaren pasarte ezberdinak indartzeko Alexandre Desplateren konposaketa musikalak ere bikaina da, egoera bakoitzari dramatismoa edo umorea, une bakoitzean behar duena ematen dio.

Komedia erregistroan lehen filma duen honetan bikain aritu den Ralph Fiennesen pertsonaia izan arren istorioaren erdigunea, ibilbide luzeko aktoreen zerrenda izugarria da filmari ikusgarritasuna gehitu diona. Edward Norton, Willem Dafoe, Bill Murray, Adrien Brody, Harvey Keitel, Tilda Swinton… aurpegi berri bakoitzak ikuslearengan zirrara eragiten du. Euren artean eraikitako dinamikek filmaren bizitasuna handitu eta oso azkar igarotzea eragiten dute.

Baina Anderson gainontzeko zuzendariengandik bereizten dutena argazkigintza eta estetika paregabeak dira. Koloreen konbinazio izugarri partikularra, plano bakoitza osatzen duten elementuen simetrikotasuna eta enkuadreen zehaztasuna, sinboloen ugaritasuna eta garai zein lurralde historiko konkretuak adierazteko janzkera eta eraikinen lanketa sakona txalotzekoak dira. Herentziaren tentsiozko eztabaida indartzen duen etxearen estilo iluna, Willem Dafoek gupidabage hiltzen duen kale hotzak, pertsonen etengabeko joan-etorriak bezain bizia den hotel koloretsua… istorio osoa maisutasunez girotzea lortu dute. Aparteko aipamena merezi du, XX. mende erdialdeko Europa ekialdeko jauregietan inspiratu ostean, Alemaniako eraikin zahar baten gainean euren jauregi partikularra eraiki izana.

budapest familyHainbeste denboran zehar filmaren partikulartasunen inguruan hitz egin ordez, zuzendariaren partikulartasunaz hitz egiteak Andersonena autorezko zinea izatearen ideia indartzen du. The Grand Budapest Hotelek gainera meritu handia du, bere filmen artean publiko konbentzionalera iristeko ahalmen handiena duena izan eta, aldi berean, estilo pertsonala perfekzionatu duen obra delako. Interesgarria da gerra eta iraganeko istorio bortitzak umorearen bitartez garatu izana, lazgarritasunetik ihes egin nahian baino gehiago, gure buruaz eta egoera batzuen zentzugabekeriaz barre egiteko. Baina pelikulak badu komediatik haratago mezu sakonago bat ere. Azken finean, istorioa flashback luze bat da, iraganeko oroitzapenen ospakizun sentimentala. Hazi eta bizitzan aurrera egin ahala, iragana, memoria eta oroitzapenak gogoan izatea azpimarratzen du filmak.

Bere ibilbidean orain arteko kontakizunik liluragarriena eskaini digu Wes Andersonek, edozeren gainetik, gozatzea merezi duena. Mugarik ez duela dirudien bere mundu magikora bidaiatzeko gonbidapena zabaltzen dio ikusleari. Hurrengo ipuina lehenbailehen iristea espero dugu.

Trailerra:

Gizateriaren historiako lorpen zientifiko esanguratsuenetako batzuk gauzatu baina, aldi berean, gorputzeko mugikortasuna etengabean galdu izanagatik denon artean ezaguna da Stephen Hawking. Bere emazteak idatzitako liburuan oinarrituta, The Theory of Everythingek fisikari ingeles goratuaren bizitza eta gaixotasunaren aurkako borroka esploratzen ditu.

TTOE_D02_01131.NEFZentzu batean, hain garrantzitsu izandako teorien zehaztapen zientifikoak azaletik tratatzea akatsa da baina, era berean, filmak zientzian oinarritu eta sentimenduak baztertu izan balitu, ez luke ikuslearengan halako zirrara sortuko. Gaixotasunarekin batera bikote erlazioa nola garatzen den bikain islatu du James Marsh zuzendariak, inpaktu emozional handiko eszenen bitartez sinesgarritasun zein dramatismo gorena lortzeraino. Felicity Jonesek antzezturiko emazteak Hawking zenbat maite duen nabaritzen da bere alde egiten dituen sakrifizioen bitartez; familia eta lagunak inguruan izan arren, azken batean, bera da zientzialariaren sentimenduak ulertu eta aurrera egiten laguntzeko ahalmena duen bakarra. Gaixotasunaren atzean ezkutatzen zen pertsona liluragarriak merezi zuen duintasunaren aldeko oihua da filma. Baina hain da indartsua Jonesen antzezpena, hainbat eszenatan bera bihurtzen dela protagonista; pelikula emazteak idatzitako liburuan oinarritu izanaren ondorio negatiboetako bat.

Gaixotasunarekin batera ingurukoek bikotearekiko ikuspegia garatzen duten moduaren erretrato zehatza egitea lortu du filmak. Batzuek eurekiko eraikitzen duten distantziaren bitartez eta beste batzuen Hawkingen eguneroko ekintza arruntak errazteko alferrikako saiakeren bitartez, geroz eta bakardade handiagoan sentitzen den zientzialariaren ezintasuna eta inpotentzia nabari ditu ikusleak. Hala ere, bere burmuin paregabeari esker traba oro gainditu eta mundu osoko jendearen mirespena lortzera iritsi izana azpimarratzen du filmak gehien. Azken finean, norberak bere burua gainditzearen inguruko istorioa da.

Filmaren bi orduetan zehar fase ezberdin hauek modu eraginkorrean garatu dituzte, gidoi inspiratuak kontakizunaren garapen naturala eta organikoa errazten du eta egoera dramatikoak behin eta berriz landu ordez, une zehatzetan indartzen dituzte, emozioen sorrera are enpatikoagoa izateko. Zentzu honetan lehen planoen erabileran asmatu dute, ikusleak pertsonaien sentimenduak hurbiletik hauteman ditzan. Argazkigintzarekin ere jokatu dute helburu beraren bila, lehenik gorputzaren mugikortasuna nabarmentzen duten irudien bitartez eta ostera samina eta bakardadea indartzen dituzten hutsunez beteriko planoen bitartez.

Hawkingen istorioa zirragarria da, munduaren zergatia bilatu nahi zuen pertsona izatetik, bere ezintasunak modu psikologikoan gainditu eta bizitzeko zergatia estimatzera iristen delako, gorputzak mugak ezarri arren, garunaren bitartez lorpen zientifiko zein gizatiar gogoangarriak lortzeraino.

theory of everything abcFilmak ikuslearengan halako indarra transmititzearen arrazoi nagusietakoa antzezpenen bikaintasuna da. Eddie Redmaynek maisutasun eta sinesgarritasun osoz azaleratu ditu Hawkingen sentsazioak eta, beharrezkoa zenean, baita azaleratzen utzi ere; gaixotasunak fisikoki geroz eta gehiago mugatu ahala bere aurpegitik zetorren keinu bakoitzak pisu emozional izugarria izatea lortu du. Bere ibilbide profesionaleko rolik konplikatuena izan den honetan, pertsonaia osotasunean bereganatu eta ikuslearengan afektibotasun sakona garatzea lortu du, aktore onenaren Oscarra irabazteko nahikoa meritu egin ditu. Felicity Jones ere txukun aritu da emazte paperean, hainbat eszenatan Hawkingen sentimenduak osatzeko modu ezinhobean funzionatzen du bien arteko dinamikak. Zientzialaria bigarren mailara igarotzean, lehen aipatu bezala, pantaila gehiegi bereganatzen duen arren, une gogorrenetan harturiko erabakien atzean dagoen ausardia eta leialtasuna bikain azaleratzen ditu.

Amaieran biak berriz elkartu eta Hawkingek hiru seme-alabei begira “Look what we achieved” esaten dioneko unea zirraragarria da, baita segidan agertzen den alderantzizko irudien muntaia ere, musika epikoaren bitartez are emozionalagoa bihurtzen dena. Zuzendarien sorkuntza pertsonalean oinarrituriko obrak gehiago estimatzen ditugun arren, The Theory of Everythingek, film onenaren sarira hautagai diren beste askok lortu ez dutena erdietsi du, emozionatzea. Biopic estiloko lau film izendatuen artean onena, zalantzarik gabe.

Trailerra:

Urteko film sonatuenetakoa Richard Linklaterrek hamabi urtetan zehar osatu duen anbizio izugarrizko obra izan da. Hainbeste denboran zehar talde tekniko eta artistiko berdinarekin lan egitearen aldeko apostua egin duen zuzendariarenaz gain, meritu gorena proiektuan sinetsi eta errealite bilakatzea posible egin duten pertsona guztien parte ere bada. Ellar Coltranek antzezturiko Masonen haurtzarotik abiatuta, gaztaroaren fase ezberdinetan eta inguruan dituen pertsonen esperientzia eta kezketan sakontzen du.

boyhood father and sonArmak eta graduazio festak bezalako kultura amerikarreko hainbat ohitura nabarmendu arren, filmaren meritu nagusietakoa da sakonean dagoen mezuak muga oro gainditzeko gaitasuna izatea.  Pertsonen barne aurkikuntza, bizitzan zer bilatzen dugun edo denbora aprobetxatzearen inguruko hausnarketak indartuz, gizartearen konbentzioek markaturiko gertaera deigarrienak alde batera utzi eta hauen artean garatzen den egunerokotasunaren isla ederra eraiki du Linklaterrek. Egoera izugarri dramatikoen segida bat izatetik urrun, une arruntak kontsideratzen ditugun horiek gogoangarriak bilakatzea lortu du. Istorioaren beste alderdi indartsuetako bat da, ikuslearengan emozio zeharo ezberdinak eragiteko duen gaitasuna. Bakoitzak bere bizitzan izan dituen esperientzien arabera, filmeko une ezberdinek guztiz pertsonalak diren sentsazio eta prozesu enpatikoak indartzen dituzte. Honek guztiak sinesgarritasuna gehitzen dio kontakizunari, gure bizitzak ere halakoak direla gogorarazten digulako, normaltasunean oinarrituak.

Musikaren aukeraketan ere lan txukuna egin dute, Coldplayren “Yellow”, Family of the Yearren “Hero” edo  filmerako Ethan Hawke berak konposatu eta Masonen urtemugan interpretaturiko abestien bitartez eszenen alde emozionala sakontzen dutelako; inozentzia, desioak, izatearen kezka edo agur esatea bezalako uneak gorenera altxatzea lortzen du filmak. Irudi eta jarreren bitartezko metaforak txikiak baina konstanteak eta eraginkorrak dira; askatasunaren sinbolo den aitaren gerrikorik gabe autoa, amak ugazaita alkoholikotik ihesean haurrei, segurtasun bila, gerrikoak lotzeko agintzen dien unearekin egiten du talka. Ingurugiro berrietara gidatzen dituzten aldaketetan ispilatzen da garaturiko bizitzaren fase bakoitza.

boyhood garapenaGizartearen garapen soziopolitikoak istorioaren norabidea baldintzatzetik urrun, Linklaterrek egoeraren probetxu handiena ateratzea lortu du. Irailaren 11, Obamaren kanpaina eta sare sozialek egungo giza jokamoldeetan eta komunikatzeko moduan eragin duten transformazioaren esentzia harrapatzen ditu pantailan ikusten ditugun irudietan. Zentzu honetan, filmak amaieran plazaratzen duen mezua zinez interesgarria da, hainbestetan errepikaturiko Carpe diemetik haratago, bizitzaren une oro, iristen den modua edozein izanda ere, ahalik eta gehien gozatzea sustatzen duelako.

Boyhood azken urteetan zinemagintzak eman duen proposamenik ausart eta osatuenetakoa da, zalantzarik gabe. Gidoia eta antzezpenen atzean aurrez prestakuntza bat egon arren, pertsona horietako hainbat, gazteenak bereziki, pelikularekin batera hazi eta hezi dira, hain zuzen ere, tratatzen dituen gaiekin kontaktu zuzenean. Ziurrenik sorkuntza eta grabaketa prozesuak euren bizitza betiko eraldatu du. Halako horizonteak sakontasunez esploratzera iritsi izanagatik, filmak sari gorena merezi du.

Trailerra:

Bigarren Mundu Gerran nazien Enigma komunikazio kodea deszifratu eta egun ordenagailu bezala ezagutzen ditugun makinen mekanismoen oinarria ezarri zuen Alan Turing, gizateriaren historian garrantzia nabarmena izan baina itzalean geratu den pertsona horietakoa da. The Imitation Game film britainiarrak, kode argitze horretan oinarrituta, matematikari paregabearen bizitzan sakontzen du.

Istorioa kontatzeko flashbacketan oinarrituriko dinamika hirukoitza filmak modu eraginkorrean landu duen alderdietako bat izan da. Inork ulertzen ez zuen nerabe bakartia zenetik, Enigma deszifratzen saiatu eta, gerra ostean, poliziari konfesioa eskaintzen dioneko unera arte, garai ezberdinetako gertaeren txandakatzearen bitartez, Benedict Cumberbatchek bikain antzezturiko Turingen izaera eta bizitza pixkanaka ezagutzen ditugu. Dena bat-batean jakin ordez, istorioak aurrera egin ahala sekretu gehiago argitzen dizkigu eta honek pelikulari freskotasuna ematen dio.

THE IMITATION GAMEZentzu honetan, istorioaren bigarren zatia aberatsagoa da. Enigma deszifratu arteko kontakizunaren garapen arrunta alde batera utzi eta, matematikariek gerra aurrez aurre sufritu zuten pertsonen bizitzengan erabakitzeko zenbaterainoko ahalmena izan zuten erakustean, giza etika eta moralaren oinarriak zalantzan jartzen ditu Morten Tyldum zuzendariak. Gerra amaitzean soldaduak heroi gisa erakutsi eta politikariek demokrazia tiraniaren gainetik gailendu izana bezalako hitzaldiak munduari zabaltzen zizkioten bitartean, misioen garaipenen erantzuleak ezkutuan frontetik urrun lan egin zutenak izateak egungo gizartearekin paralelismoa ezarri dezake. Modu batean, guda kontzeptuak XXI. mendean izan duen bilakaeraren isla da, oraindik ere tamalez hainbat herrialdetan sarraski armatuek jarraitu arren, egun nagusi den lehia zibernetikoaren metafora plazaratzen duelako, bulegoetatik, informazioan oinarriturik, ezkutuko baliabideen bitartez helburu politikoak lortzea inoiz baino posibleagoa egiten duena.

Filmak gerra irabazteko larritasuna azpimarratzea interesgarria da, Turingen bizitzan sentsazio horrek zentzu bikoitza hartzen duelako. Azken finean, matematikariak uste zuen bere buruarekin bat sentitzen zen diziplinaren bitartez lortuko zuela herrialdearen patua betiko aldatzea, eta baita berea ere, halako lorpenaren bitartez denek errespetatu eta zoriontasuna lortuko zuela. Baina zenbakizko kodeen bitartez gerra irabazteko gai izan arren, ezin izan zuen pertsonen burmuineko kodea aldatu eta horren biktima gisa hil zen. Hala ere, filma ez da tragedia bat, baizik eta Turingen bizitza eta ondarearen ospakizuna, omenaldi bat.

Turing devastatedPelikulak, ordea, baditu alde ahulak ere. Gerra amaieratik bere bizitzako azken egunetara salto egitean, ez dio tarterik egiten bitarte horretan pairatu zuen sufrimenduari eta ondorioz filmak sakontasun emozional eskasa du. Gainera, “You know why people like violence” eta bereziki Sometimes it is the people whom no one imagines anything of who do the things that no one can imagine esaldi errepikakorren bitartez ideia estandarrak ikuslearengan sendotzea besterik ez du bilatzen, une batean ere ez du protagonistaren bizitza lazgarrian oinarrituz gai gatazkatsuetan sakondu eta ikuslea deseroso sentitzeko helbururik.

Hala ere, filmaren akats nagusia errealitatetik gehiegi aldendu izana da. Moldaketa biografikoetan hainbat lizentzia hartu ohi dituzte zinegileek, argumentuaren garapenaren mesedetan, baina kasu honetan zeresan nabarmena duten gertaerak deformatu eta istorioaren funtsa aldatu dute. Askoz esanguratsuagoa izandako lankideen parte hartzea, Turingek makina filmean aipatu ere egiten ez den Gordon Welchman matematikariarekin elkarlanean eraiki izana edo homosexuala izateagatik jasandako jazarpen gogorra azaletik tratatzea dira benetako gertaeren transformazioaren adibide batzuk. Istorioa nahi bezala eraldatu dute, publiko estandarra beste helbururik ez duen drama eraikitzeko.

Trailerra:

Aurrez sorturiko obren moldaketa zinematografikoak nagusi diren garaian, berrikuntza eta originaltasuna estimatzekoak dira. Horixe jorratu du maisutasunez Alejandro González Iñárrituk bere lan berrian. Orain arte Guillermo Arriagarekin batera pisu dramatiko handia zuten istorioetan landuriko gidoi zehatz baina zurrunak alde batera uztean, bere inspirazioa oztopatzen zuten kateak hautsi eta mugarik gabeko sormena besarkatu du.

keaton-vs-nortonHondoa jo duen Riggan Thomson aktoreak bere ibilbide profesionala suspertzeko Broadwayrako antzerki baten prestaketa abiapuntu gisa hartzen duen Birdman ideien karrusel bizia da, etengabe taupadaka ari den bihotz baten antzekoa. Joan den urtean Gravityren bitartez mundu mailako onarpena lortu zuen Emmanuel Lubezkiren kamera lan apartari esker filma itxurazko plano-sekuentzia bakarrean garatzeak antzokiko txoko bakoitzean zerbait gertatzen ari denaren sentsazioa handitzen du. Modu honetan grabatu izanak aktoreen antzezpenak are gehiago nabarmentzeko balio du, euren espresibitatea goreneraino eraman eta sentitzen dituzten beldur eta kezkak sinesgarritasun osoz transmititzea lortzen dute. Michael Keaton, Edward Norton, Emma Stone, Naomi Watts… bakoitzaren ekarpen indibiduala eta euren artean eraikitako dinamikek lortzen duten bizitasuna txalotzekoak dira. Hainbat pertsonaia antzezten dituzten aktoreen errealitateko izaeraren metafora direla esan liteke, Keatonen kasua aipagarriena, behin arrakasta lortu zuen pertsonaia fantastiko hegalariaren mamuak beldurtuta, noraezean dabilena, bere bizitzari zentzu bat eman ezinik. Halako karakterizazioa izanik, saihestezina da 80ko hamarkadaren amaieran famatu bilakatu zuen Tim Burtonen Batman eta gerora izan duen beherakadarekin konparaketa egitea.

Baina bereziki txalotzekoa dena da filma komedia huts batetik askoz haratago joan eta gizaki orok barne-barnean dituen sentsazioak azaleratu izana. Besteek gutaz esango dutenaz kezkatuta jendaurrean eman nahi dugun itxura, bakoitzaren barneko beldurrak, benetan zer garen eta zer izan nahi dugun, norberak bere burua estimatzen jakitea, iragana eta etorkizunaren arteko borrokan oraina bizitzeko ezintasuna… bezalako gai unibertsaletara jotzean bete-betean asmatzen du filmak. Aktore izatearen inguruan egiten duen introspekzioa ere bikaina da, oholtza gainean interpretaturiko obraren bitartez benetako bizitzan lortu ezin dutena eskuratzearen saiakera eta bizimodu honek dakarren errealitate bikoitzean nabigatzeko aktoreek egiten duten ahalegina gizatasun handiz islatzen du pelikulak.

Lan horren atzean dagoen borroka konstantea erakustearekin batera, Hollywoodek azken urteetan nabarmen indartu duen superheroien zinemari kritika garratza ere egiten dio Iñárrituk. Zinema industriak tiroak, odola eta eztandak nagusi diren mamirik gabeko filmen alde eginiko apustua ironikoki kritikatzen du zuzendari mexikarrak, hain azalean geratzen diren obra horiek direlako gizartearen metafora bera, hausnarketa sakonak egiteko tarterik gabe, giza sentimenduei erreparatzen ez dien gizartea.

emma stoneHasiera batean Keaton superheroia izango balitz bezala New Yorkeko zeruan zehar hegan doaneko pasartea soberan dagoela dirudien arren, askok fantastikotzat jo duten filmaren amaiera ulertzeko une giltzarria da. Pelikula osoan zehar bere pertsonaiak naturaz gaindiko abileziak erakusten ditu, behin antzeztu zuen Birdmanekin komunikatzeko ahalmena edo objektuak ukitu gabe suntsitzekoa, besteak beste. Honen ondorioz, interpretatu daiteke Riggan Thomson eskizofrenikoa dela eta, gaixotasuna jaraunspenezkoa izanik, baita bere alaba ere; batak zein besteak errealitatea gainontzekoek ez bezala ikusten dute. Ondorioz, film amaieran, Thomson bere buruaz beste egiten saiatzen denean, benetan hiltzen dela eta gerora ikusten dugun guztia alabaren irudimenean gertatzen dela interpretatu daiteke. Hipotesi hau are gehiago indartzen du plano sekuentzia une horretan amaitzeak eta ospitaleko eszenara igaro aurretik ikusten ditugun irudi onirikoek, zerutik hegan, zoramena aitaren burutik alabarenera garraiatzen duen argi izpiaren metafora hauen artean aipagarriena. Ospitaleko eszenaren izaera fantastikoa are gehiago indartzen du aita eta alabaren arteko pake sentsazioak; film osoan zehar lortu ezin izandakoa, orain alabak imajinazioaren bitartez lortzen du. Thomsonen agenteak telebista piztean ikusten ditugun irudiak ere honen adierazgarri dira, aktorearen jarraitzaileak ospitale parean azaltzen direlako, azken agur bezala ilara batean kandelak eta loreak jartzen. Filmaren amaierak beste hainbat interpretazio izan ditzakeen arren, honek dirudi fantasiaren barnean koherente eta errealistena.

Trailerra: