azaroa, 2014 -en artxiboa

2011ko udazkenean ETAk jarduera armatua betiko utzi zuenetik, gatazkaren alor ezberdinetan sakontzen duten hainbat obra argitaratu dira. Joan den urteko Asier ETA Biokek, ordea, badu gainontzekoengandik bereizten duen originaltasun puntua; dokumentalaren sortzailea istorioaren erdigunea da, bere lagun Asierrekin batera. Honen bitartez Euskal Herriko historian esanahi nabarmena izan duten gertaeren inguruko ikuspegi berritzaile bat lortu du, laguntasunean oinarritua eta pertsonak aurreiritzien bitartez bakarrik epaitzea gatazkaren akats nagusietako bat dela azpimarratzen duena.

AEB3Hasiera batean, dokumentalaren helburua da Madrilgo lagunei bere lagun mina ETAn sartzera zerk eraman duen azaltzea. Horretarako, hain serioa den gai bat umorearen bitartez azaltzea deigarria da. Behin baino gehiagotan baliatzen da honetaz, esaterako, Euskal Herriaren lurraldetasuna azaltzerakoan, bera Madrilen bizitzean bi errealitateren artean, erdibidean, dagoela banderen bitartez islatzen duenekoa edo poliziak indarrean etxera sartu eta atxilotu zituzteneko unea. Egun hedabideek halako gertaerei ematen dieten ikuspegi distortsionatua nabarmentzen du adibide hauen bitartez.

Dokumentalaren puntu indartsuenetako bat horixe da, bi munduen arteko lotura egin izana. Indarkeria defendatzen duen ETAko kidea eta halakoak terrorista gupidagabe bezala ikusten dituzten pertsonen arteko iritzi talkaren artean zubia eraikitzen du. Baina muturreko ikuspegiez gain bi pentsamoldeen artean kokatzen diren iritziak ere jasotzen ditu dokumentalak, urte zaharreko afarian Asierrek bere jokaera ulertu baina onartzen ez duen amarekin duen eztabaidan igartzen dena: “no veo a mi país libre con una gota de sangre”.

Iruñea alde zaharraKaleetan zehar filmaturiko pasarteen artean Aitor Merino beraren azalpenak tartekatzea dokumentalari jarraipena emateko modu eraginkorra da. Batzuetan hausnarketa sakonak plazaratzen ditu, beste batzuetan sinpletasuna bilatzen du azalpen laburren bitartez… isiltasun itogarria ere erabiltzen du une korapilatsuetan, bakoitzak bere hausnarketak egin ditzan.

Funtsean, bere lagun mina zenbateraino aldatu den adierazten du zuzendariak. Giro berdinean hezi eta erlazio estua izan zuten bi lagunen bideak bakoitzaren erabakien arabera zenbateraino bereizi daitezkeen azaltzen du, eta zein konplikatua den halako egoeran erlazio pertsonala ideien gainetik jarri eta lagunak izaten jarraitzea.

Dokumentalaren amaierara iristen garenerako, non hasierako eskolako eta mendiko eszenak errepikatzen diren, egoera berdinak Asier eta Aitorren inguruko informazio osatua jaso ostean zein ezberdin hauteman daitezkeen nabarmentzen da. Mendiko eszenetan dokumentaleko elkarrizketa delikatuenen entzule bihurtzen gara: Asier ETAko kide zela jakin ondorengo bi protagonisten aurrez aurrekoa. Zentzu honetan, dokumentala ikustea ez da hain erraza, ez duelako ildo honetako beste dokumentaletan ikusi dugun “Asier ere biktima bat da, estatuaren krudelkeriaren biktima” mezua nabarmentzen; arazoa bere gordintasunean azaltzen du eta, ontasunezko euskarririk gabe, ikuslea posizio konprometigarrian uzten du.

In loveAzkenean dokumentala Madrilgo lagunei erakusteko bideo bat baino askoz gehiago bihurtzen da. Gatazkarekin loturiko espainiar zein euskal politikak zalantzan jartzen ditu eta bi aldeen hausnarketarako beharra azpimarratzen du, sufritu duen pertsona ororen elkar ulertzea interes politikoen aurretik jarriko duen eredua sustatzeko beharra. Asier eta bere arteko laguntasuna ere gatazkaren ondorioz suntsituriko zerbait dela azpimarratzen du, eta indarkeriarik gabeko garai berria pertsonen arteko erlazioetan oinarritu behar dela, bestearekiko errespetuan.

Ildo honetan, azken hausnarketa gisa, deigarria da Euskal Herria Espainiaren osotasunean hain lur zati txikia izanik errealitate soziopolitikoan izan duen zeresana. Sekulako arazoa bihurtu da Espainiar gobernuarentzat, edo Espainiako gobernuak berak bihurtu du arazo, instrumentu politiko gisa erabili ahal izateko? Asier ETA Biok ikusteak merezi du, galdera hauek guztien inguruan beste ikuspuntu bat eskaintzen duelako.

Duela gutxi Channel 4 kate britainiarrak mundu mailako konspirazioen inguruko Utopia telesaila bertan behera uztea erabaki zuen. Dennis Kellyk sorturiko istorioak beherakada nabarmena izan zuen joan den udaran estreinaturiko bigarren denboraldiko audientzietan, baina planteaturiko gaiek eta estetika zein musika bereizgarriek beti bezain originalak izaten jarraitu zuten.

Ezeztapena are deigarriagoa bihurtu zen azken aldian guztion ahotan egon den ebola gaixotasuna aipatu zutelako hainbat ataletan. Telesailean Erresuma Batuko zientzialari batzuek gaixotasunak munduan zehar hedatzea zuten helburu, biztanleriaren zati bat akabatu, bizirauten zutenen artean pandemiatik babesteko txertoak merkaturatu eta negozio handi bat egiteko.

Utopia-Ebola2

Fikzioa izan arren, baliteke errealitatetik hain urrun ez egotea. Kasualitatea ote da, bestela, Espainiako kasuaren bitartez ebola mundu osoan zehar ezagun egin zen astean bertan, telesaila bertan behera geratu izana? Izurritea munduko biztanleriaren kopurua murrizteko sortu ote dute? Eta txertoa industria farmazeutikoak sekulako negozioa egiteko? Zer, ordea, The Network bezalako antolakuntza ezkutu batek kontrolatzen badu hau guztia? Gogora dezagun, esaterako, gerra garaian arerioa gainditzearren edozer egiteko prest, Sobietar Batasunak garatu zuen arma biologikoa, ebolarekin lotura estua zuena, edo 80ko hamarkadan, apartheid garaian, Wouter Basson estatubatuarrak hegoafrikar biztanleak antzutu eta hiltzeko diseinatu zuen ildo bereko plana.

Utopia-Ebola

Deigarria da istorio eta estetika bikaina izateaz gain halako hausnarketak plazaratzen dituen telesaila bertan behera utzi izana eta, aldi berean, Gran Hermano bezalako “telezaborra” estiloko programak mantentzea, ikusleak ergeltzeko besterik balio ez dutenak.

Telebistaren bitartez ere gobernariek askatasuna mugatu nahi duten arren, hamabi atalek besterik osatzen ez duten Utopiaren lehen bi denboraldiak betiko geratuko dira gure oroimenean. Era berean, ikustekoa izango da ezeztapenak are polemikoagoa bihurtu duen telesailaren inguruan David Fincherrek datorren urtean egingo duen moldaketa estatubatuarra.

Segidan lehen bi denboraldien trailerrak:

 

cartel-cine-terror-donostia-2014

Donostiako zinemaldirik sonatuena irailean ospatu ohi dena izan arren, bada beste bat 25 urtez ikusleei gozamena eskaini diena, beldurrezkoa.

Pelikuletan zentratu aurretik, aipatzekoa da jaialdiko aretoek aste osoan zehar izaten duten itxura. Ekitaldiak girotzeko, sarreran bertan, hanka anputatuak, mamuak, argi eta apaingarri maltzurrak, rock eta metal musika ozena… hainbat ikusle beldurrezko generoaren ikono bihurtu diren pertsonaien antzera mozorrotuta ikustea ere pozgarria da. Umoreak presentzia handia izan ohi du, Victoria Eugenian esaterako, Begoña del Tesok mozorrotuta aurkeztu zituen hainbat film eta zuzendari batzuek ere gauza bera egin zuten.

Hainbat konpromisoren ondorioz nahi bezainbeste pelikula ikusteko aukera ez izan arren, ona hemen Donostiako XXV. Beldurrezko Astetik igaro diren hainbat filmen aipamena.

– JOXEAN’S HIL EBEN

Zuzendariak: Beñat Iturrioz, Xabier Padin

Herrialdea: Euskal Herria

Joxean's Hil EbenBerriatua eta Hernaniko bi arkeologo zinemazaleen 2011eko “Ataun Of The Dead” esperimentuak jarraipena izan du trilogia osatzeko bidean bigarren lekua betetzen duen “Joxean’s Hil Eben” filmarekin. Beste behin ere izenburu inspiratu eta dibertigarria medio, zombiek setiaturiko herri batean zentratzen dute istorioa. Parodia politikoa aldi berean, Zumalakarregi karlista zombien buruzagi gisa edo Partido Nacional Vampiro (PNV) bezalakoak aipatzen dituzte, euskal kulturaren bereizgarri diren festak eta mendizaletasuna umorez azaltzearekin batera.

Aurrekontu urriarekin eginiko filma dela nabari da, odoluste eta borroka barregarriak horren erakusgarri, eta musika epikoaren erabilpenak egoerak are xelebreago bihurtzen ditu. Zuzendarien asmoa, ordea, horixe izan da, istorio entretenigarri bat sortzea sinpletasunaren bitartez, eta oso pozik azaldu ziren euren lana Euskal Herri osoan zehar proiektatu ostean Beldurrezko Astearen mailako ekitaldi batek halako aukera eman izanagatik.

Trailerra:


– WHAT WE DO IN THE SHADOWS

Zuzendariak: Taika Cohen, Jermaine Clement

Herrialdea: Zeelanda Berria

IKUSLEEN SARIA

What We Do In The ShadowsDokumental faltsuaren formatuan, bi kamera gizon Zeelanda Berriko banpiroen etxe batean barneratzen dira euren bizimodua ezagutzeko. Kamerari begira eginiko kontaketak eguneroko bizitzako ekintzekin nahasten dituzte umorezko klabean. Muntaia oso inspiratua da, txantxen freskotasuna, gizotso, zonbi eta bestelako espezieekin duten bizikidetza, egoera serioak umorearekin konbinatzeko duten abilezia… etengabeko barre algarek argi utzi zuten ikusleek filmarekin berehala konektatu zutela.

Klasikoei erreferentzia ere egiten diete, Nosferaturen antza eduki eta etxeko kide beteranoena den pertsonaiaren bitartez, baina filmaren bertute nagusia banpiroak mundu normaleko pertsonekin kontaktuan jartzea da. Poliziaren hipnosia, banpiroa izan nahi duen emakumea, diskoteketako festak, banpiro hasiberriak tratatzeko duten modua, munstroen urteroko zeremonia… hainbat une gogoangarri eskaintzen dizkigute eta kamerarekin grabatzen ari direnak sarritan aipatuz, egoerak are komikoago bihurtzen dira. Sitges eta Torontoko jaialdietan Ikusleen Saria irabaztetik zetorren filma eta Donostian ere horixe bera jaso zuen merezimendu osoz.

Trailerra:


– THE MAN IN THE ORANGE JACKET

Zuzendaria: Aik Karapetian

Herrialdea: Armenia

The Man In The Orange JacketSarritan perbertsio gisa ikusten ditugun heldu eta haurren arteko erlazio sexualetan egon litekeen sakoneko maitasun loturaren inguruko hausnarketen bitartez Europear Film Labur Onenaren saria irabazi zuen “My Past Life” laburmetrai suediarra ikusi ostean, “The Man In The Orange Jacket” filmari ekin genion.

Erritmo makalak, tentsiozko uneak indartzeko musika faltak eta hainbat zati nahaskorrek pelikularen garapena zaildu zuten arren, kritikagarriena ikusleen jarrera negargarria da. Plano bakoitzeko tokiz kanpoko komentario patetikoek, filma ikusi nahi zuen ororen gozamena zapuztu zuten. Hauxe izan ohi da urtero Antzoki Zaharrean bizi den giroa, eta akaso slasher estiloko filmetan, non hilketak eta odol jarioak nagusi diren, halako zalaparta onargarria liteke, baina isiltasunez beterikoetan… txorakeriak esateko ordaintzen al du jendeak zineko sarrera? Ez al daude ikusle horiek hobeto zirkuan edo kalean bertan? Istorioaren inguruko hausnarketak egitea zaila da halako egoeran, eta pelikula osotasunean ulertzea ezinezkoa.

Trailerra:


– OCURRIÓ CERCA DE SU CASA

Zuzendariak: Rémy Belvaux, André Bonzel, Benoît Poelvoorde

Herrialdea: Belgika

Ocurrió Cerca de su CasaAntzoki Zaharrean “Monsterchef” ikusteko aukera izan arren, aipaturiko arrazoiengatik Victoria Eugeniara joatea erabaki genuen. Bertan 1992ko “Ocurrió Cerca de su Casa” klasiko belgikarra proiektatzen zuten eta halako filmak pantaila handian ikusteko aukerak gutxitan izaten direnez, aukera oso interesgarria zen.

Zoritxarrez, lehen hamabost minutuen ostean soinu deseroso bat ateratzen hasi zen bozgorailuetatik. Teknikariak hainbat modutan konpontzen saiatu ziren, baina soinua jasangaitza bihurtu zen eta aretotik alde egin genuen. Gerora filmean zehar arazoa konpondu zutela jakiteak, gure frustrazioa are gehiago areagotu zuen, baina ziur gaude bertan geraturikoek ederki gozatuko zutela umore beltza eta muturreko indarkeria zein gizatasunez beteriko egoerak nahastuz hausnarketa sakonak plazaratzen dituen harri bitxiarekin.

Modu xelebre honetan amaitu zen gure Beldurrezko Astea, espero dugu 2015ean pelikula gehiago eta baldintza hobeetan ikustea!

Filma osorik: